Astebetez, Europa osoko hamabost kazetari, amantal zuria jantzita, laborategian sartu eta zientzialari bihurtu gara. Aitzakia, bioteknologia, eta, eszenatokia, Hungariako G d ll herriko BioTalentum laborategia. Zelula amekin egiten dute lan, animaliak klonatzen dituzte... eztabaida sor dezakeen eszenatokia, eta, beraz, erakargarria kazetariontzat.
Baita herrialdea ere. Hungariak 2004an egin zuen bat Europako Batasunarekin; eta, 2005ean, Hungariako gobernuak zientzia-estrategia definitu zuen; izan ere, Hungariako gobernuak Europako liderra izan nahi du bioteknologiaren alorrean, Asiarekin eta Estatu Batuekin lehiatzeko. Alorra ez da berria herrialde honetan; bioteknologia terminoa hungariar batek erabili zuen lehen aldiz 1919an, Karoly Ereki izeneko ingeniariak. Eta hark irekitako bideari darraizkio BioTalentum laborategian, Hungarian dauden bioteknologiaren alorreko 70 enpresetako batean.
Gero zer etorriko den jakin gabe eta zero azpitik 10etik beherako tenperaturei aurre egiteko prestatuta elkartu gara goizeko 9.00etan Ingalaterra, Holanda, Italia, Bulgaria, Lituania, Txekia, Polonia eta beste zenbait herrialdetatik iritsitako 15 lagun. EURAC erakundeak hautatu gaitu, My Science programan parte hartzeko. Helburua, bakarra: Europako herritarren zientziaren ulermena areagotzeko lanean bitartekari izango diren profesionalak trebatzea eta euren jardunerako baliabideak ematea. Hautatuek bi ezaugarri komunean: kazetariak eta gazteak.
Andras Dinneys zientzialariak egin digu harrera. BioTalentum enpresaren sortzailea da bera, eta bere lehen hitzekin ulertu dut zergatik gauden laborategi honetan. Hemen jaio zen Klonilla sagua, Hungarian klonatutako lehen animalia. Ondoren untxia etorri zen, Tapsilla. Ez da kasualitatea. Dinneysek Dolly klonatu zuten institutuan egin zuen lan, eta baldintza egokiak zeudela iruditu zitzaionean itzuli zen bere herrira.
Amantal zuria jantzi aurretik, etikaz, kazetaritza egiteko moduaz eta zientziaren komunikazioaz aritu gara. Sintonia erabatekoa da: ezagutza konpartitu egin behar da. Zailtasunak izango dira. Zientzialariak beti nahiko du albistea baikorra izatea; kazetariak, ez derrigorrez. Eta, kazetariaren muga sarri epemuga izango da, prentsa-ohar bidez jaso duen 20 urteko ikerketaren emaitza 24 orduan kontrastatu beharra. Arazoak, ordea, ez du irtenbide errazik.
Atzetik etorri dira ikertzaileen aurkezpenak. Etxetik bertatik, Zientzia eta Teknologiaren entziklopedian kontsulta errazak, batzuk; eta, joko gehiago eman duen besteren bat, tartean. Titular kutsuko esaldiren bat ere bota dute: "Segur aski klonatutako animaliak ari gara jaten", edo "gizartean erabat onartuak ez diren teknikekin ari gara. Baina, Asia eta AEB ere horretan ari dira eta lehia hor dago. Zer egin behar dugu, guztiaz ahaztu eta gero handik inportatu?"
Ondoren, prozedurak. Tamalez, zuzenean beharrean, pisu bat gorago dagoen laborategian grabatutako bideo baten bidez ezagutu ditugu animaliak. Eta animalien etxea ezagutzeko gogoz geratu naiz ni neu. Kuxkuxeroegia? Baliteke. Gizakiongan egin aurretik sagu batean egindako ebakuntza entseatzen ikusi ditugu pantailan. Anestesia, bisturia... Teknopolis telebista-saiorako erabili dezakedala pentsatuta, bideoa eskatu dut. Eskatzea libre da... ez ematea ere bai. "Hau ez da show bat" erantzun dit Ana Claudia Carstea doktoreak. Beldur da, aktibisten beldur. Ez du uste gizartea animaliekin egiten den lana ikusteko prest dagoenik. Bada, horrek behar luke gure lana, edozein kazetariren lana.
Bi egun, informazio asko, apunte pila eta beste horrenbeste kaferen ostean, laborategira sartzeko prest gaude. Amantal eta eskularru zuriak jantzita, oinarri-oinarrizko lanetan aritu gara. Mikroskopiotik begiratu, eta "hara, espermatozoideak abiada bizian". Beste edozer ere izan zitekeen... baina sexuak beti funtzionatzen du titularretan. Pipetak, zentrifugagailuak, esterilizazioaren garrantzia, DNA moztea... lan mekanikoetan aritu gara. Itxuraz txikiak baina dirutan garestiak diren tresnekin gauza handiak egiten dira laborategietan.
Jolasean aritu gara. Eta guk ukitutako guztia zakarrontzira joan da. Badaezpada! Astebete eman dugu laborategi barruan; baina kanpoan, garagardo bat eskuan --zergatik ez--, luze eta zabal hitz egiteko beta hartu dugu. Hungariako zientzialariek euren ezagutza eta lana erakutsi digute. Konplexu barik kontatu digute guztia, kamerarik aurrean ez zegoenean. Kamera aurrean, hitz egiteko prest dago Szilard Bodo doktorea; bere bizitza pribatuaz hitz egiteko, ordea, ez lanaz. Ez ei du horretarako baimenik, lasterketa irabazteko estrategia beharrezkoa da.
Informazioa baliotsua da. Eta arerioari --edo lehiakideari kasu honetan-- indar guztiak erakustea sekula ez da irabazteko estrategia ona izan. Arrazoi. Baina, estrategia errespetatu arren, guk nola kontatuko diogu jendeari ez ikusi ez zuzenean eman ezin izan dugun lasterketa? Kontatu digutena kontatu dezakegu, amantal zuria jantzi dezakegu, Europako programetan parte hartu dezakegu, baina lasterketa dagoeneko amaitutakoan emango diogu jendeari lasterketaren berri. Egingo zenik ere ez zekiten.
Ikertzaileak ez dira lasterketetan aritzen diren bakarrak, dena den. Erredakzioetan ere lehenak izan nahi ohi dugu, noski. Ikertzaileekin, gai zail eta korapilatsuekin lan egiten duten ikertzaileekin, bizitzea esperientzia ona izan da. Esperientzia ona litzateke amantala kendu eta astebetez zientzialariak erredakzioan sartzea? Desafioa botata dago. Nahi duenak har dezala.