Katedral zaharraren mintzoari adi

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Dirudienez, ondare historikoa modan dago, eta udaletxe askotan dago altxor horiek gordetzeko egitasmoren bat. Hortaz, zenbait eraikuntza historiko zaharberritzen ari dira, ahanzturaren lozorrotik aterata berpizteko asmoz. Horien artean, Gasteizko Santa Maria katedralaren zaharberritze-lanak eredugarriak izaten ari dira, erabiltzen ari diren ikuspuntuak eta metodoak emaitza paregabeak ematen ari baitira.

Santa Maria katedrala Gasteizko historiaren gordailu da, eta zaharberritze-lanak agerian utzi ditu gordeta zeuden sekretu asko.
L Y C ARQUITECTOS

Santa Maria katedrala, Gasteizko eraikuntza historiko garrantzitsuena izanagatik, utzita egon da azken urteotan. Mendetan eder eta dotore azaldu da Gasteizko muinoaren gainean, baina bere baitan hedatzen zihoakion gaitzak mendean hartu du. Azkenean, erortzeko arriskuan zegoela ikusita, 1993an itxi egin behar izan zuten. Hala, katedralak bere balio sinbolikoa eta funtzionala galdu zituen.

Nahiz eta ixteko erabakia zorrotza izan, ez zen beste irtenbiderik ikusten. Gainera, neurri batean, iragarritako itxiera izan da. Izan ere, katedralak ia hasieratik azaldu zituen gaixotasunaren sintomak. Esaterako, XVI. mendean bertan, fabrikaren eta etxezaintzaren liburuetan, azaltzen dira orekaren inguruko kezkak. Geroztik egitura sendotzeko egin diren ahaleginek ez dute emaitza onik eman; alderantziz, gehienetan okerrerako besterik ez dira izan. Azkeneko saiakera XX. mendeko 60. hamarkadakoa da, baina gaur egungo hiru milioi euro inguru kostatako lanek ez zuten ezer konpondu; 30 urte geroago begi-bistakoa da hondamena.

Arkitekturaren arkeologiak katedralaren estilo gotikotik harantzago begiratzen du, eta eraikuntzaren bilakaera eta altxatu zuen gizartea hartzen ditu kontuan.
Santa Maria Katedrala Fundazioa

Hiritarrek, ordea, ez dute ‘katedral zaharra’ ahaztu, eta 1996an eraikuntza zaharberritzeko egitasmoari ekin zitzaion. Hurrengo bi urteetan, Agustin Azkarate arkeologoak eta Leandro Camara, Juan Ignacio Lasagabaster eta Pablo Latorre arkitektoek gidatutako lan-taldeak katedrala zaharberritzeko plan osoa egin zuen. Plan gidatzaile horrek eraikuntzaren egoeraren diagnosia, sendatzeko bidean eman beharreko pausoak, lanek zenbat iraungo duten eta aurrekontua biltzen ditu. Aurkeztutako lanak nazioarteko adituen interesa piztu du, baita haien onespena jaso ere.

Hain zuzen ere, plan gidatzailean azaltzen diren ikuspegia eta metodologia guztiz berritzaileak dira neurri horretako eraikuntza batean. Planaren egileek argi zuten gaitzaren sustraiak benetan sakonak zirela, eta lur azpian bilatu behar zirela azalean ikusten ziren oker batzuen arrazoiak. Katedrala erabat sendatzeko, ezinbestekotzat jotzen zuten gaixoa osotasunean, gorputz eta arima, tratatzea. Hori guztia betetzeko, bere egin dute arkitekturaren arkeologiak proposatutako bidea.

Fotogrametriak, altxaera osoari aplikatuta, indusketetan desagertzen denaren erregistroa gordetzea ahalbidetzen du.
Santa Maria Katedrala Fundazioa

Bestalde, hiritarrek ere begi onez ikusi dute katedrala berreskuratzeko egitasmoa, eta lanak iraun bitartean irekita egongo denez, bisitari franko izango dituela aurreikusten da. Gasteizko biztanleak nolabait egitasmoan nahastea lortu da horrela. Azken finean, zaharberritzeak gutxienez bi legealdi iraungo duenez, burutuko dela bermatzeko beharrezkoa da jendearen babesa. Alderdi horretatik ere berritzailea da katedralaren proiektua, gizartearen parte-hartzea gutxitan izaten delako kontuan.

Arkitekturaren arkeologia

Orain arte, eraikuntza historiko gehienak arkitekturaren ikuspuntu klasikotik abiatuta zaharberritu dira. Hau da, normalean estiloari eman ohi zaio garrantzi gehien, eta eraikuntza estilo jakin baten barruan sailkatuta badago, estilo horren ezaugarrietara egokitu nahi izatea ez da batere arraroa. Adibidez, halako ermita erromanikotzat hartzen bada, zaharberritzean ermita ‘erromanikotzen’ saiatzen da arkitektoa, eta agian erdi-puntuko arkuak jarriko ditu lehen beste era batekoak zeuden tokian.

Katedrala erortzeko arriskuan zegoela ikusita, kontrahorma hori jarri zuten 1856an Saracibar arkitektuaren aginduz. Arazoa, ordea, ez zen konpondu. (Argazkia: Udal Artxiboa. S. Arina. Ref. LFM-336-3(6)).

Gasteizko katedrala gotikoa da arkitekto gehienentzat. Baina zaharberritzeko planaren arduradunek estiloaz harantzago begiratzen dute. Adibidez, lehendik ere jakina zen gotiko garaiari ez zegokion oinplanoa zuela, antzinagokoa zela. Horrek ondorengo egituran eragina zuela susmatzen zuten eta, lanak aurrera egitean, zuzen zeudela ikusi dute.

Adibide horrek ondo azaltzen du katedralaren sustrai eta hormetan gordetako historia argitaratzeak duen garrantzia. Ez bakarrik eraikuntzaren historian sakontzeko, baita zaharberritzeko plan egokia diseinatzeko ere, horri esker jakin baitaiteke zerk eragin dituen geroago azaldu diren gaitzak. Diagnosi zehatza egiteko eta sendabidea bilatzeko ezinbestekoa da aurreko mendeetan egin denaren berri izatea.

Arkitekturaren arkeologiak horixe aldarrikatzen du. Joan den mendearen 70-80. hamarkadetatik aurrera, eraikuntzek urteetan zehar izandako bilakaerari arreta jartzen hasi ziren hainbat arkitekto italiar. Eraikuntzaren balio estetikoaz gain, hura altxatu eta moldatu zuen gizartea hartu zuten kontuan. Arkitekto horien iritziz, lehen harriak jarri zirenetik izandako aldaketen bidez, garai bakoitzean aldaketetan parte hartu zuen gizarteari buruzko hainbat gauza jakin zitezkeen: adibidez, zein maila teknologiko zuen edota zein eraikuntza-metodo erabiltzen zituen.

XV. eta XVI. mendeetan, egurrezko gangen ordez harrizkoak jarri ziren. Hain zuzen horixe da katedralak dituen ezegonkortasun- eta deformazio-arazo askoren jatorria, lehenago altxatutako hormak eta zutabeak ez baitira pisu horri eusteko gai izan.
L Y C ARQUITECTOS

Azterketa horiek egiteko, berriz, arkeologian erabiltzen den metodo estratigrafikoa oso baliagarria dela ikusi zuten. Normalean arkeologoek lur azpikoa aztertzen dute, baina metodo hori eraikuntza osoari aplikatuz gero, eraikuntzaren historia geruzaz geruza azaleratzeko balio duela frogatu zuten. Horrela jaio zen arkitektura eta arkeologiaren arteko uztarketa. Mugimendua Italian sortu bazen ere, kontuan hartzekoa da metodologiaren aldetik britainiarrek egindako ekarpena.

Hori da, beraz, Gasteizko katedrala zaharberritzeko aukeratu den bidea. Ikuspuntu horretatik, gotikoaren erakusle soila izateari utzi eta dokumentu historiko, aztarnategi eta estratigrafikoki aztertu beharreko eraikuntza bilakatu da katedrala.

Dokumentu historiko den aldetik, denboran zehar gehitu eta kendutakoaren emaitza da katedrala. Hortaz, katedralak eraikuntza-sistema ezberdinak biltzen ditu, sasoi bakoitzaren adierazgarri. Horrek guztiak garaian garaiko gizartearen ahalmen teknikoari eta ekonomikoari buruzko informazioa ematen du. Gainera, eraikitako egitura eta lur azpikoa batera aztertu eta analisi-sistema berean bilduz gero, askoz ere ezagupen sakonagoa lortzen da. Horretarako, behar-beharrezkoa da arkeologoen eta arkitektoen arteko elkarlana, eta, arkitekturaren arkeologiak proposatzen duenari jarraituz, metodo estratigrafikoa hartu da oinarritzat azterketa hori egiteko.

Ildo horretatik, ez da harritzekoa diziplinen arteko elkarlana izatea plan gidatzailearen ezaugarri nagusia. Parte hartu duten hogei taldeen artean, arkitektoak, arkeologoak, kimikariak, fisikariak, geologoak, biologoak, topografoak, matematikariak eta ingeniariak aritu dira, besteak beste.

Sendatzeko, aurrena gaitza diagnostikatu behar

Argazkian argi eta garbi ikusten dira eraikuntzaren deformazioak. Zalantzarik gabe, zaharberritzea ez da erraza izango, baina behintzat oraingoan lanek oinarri sendoa izango dute.
Santa Maria Katedrala Fundazioa

Katedralaren historia zein izan den jakiteko, lehenengo pausoa dokumentuak hustea izan da. Milaka orrialde irakurri dira eta, horri esker, azken 500 urteotan egin diren eraldaketen berri jaso da. Interesgarrienak fabrika-liburuak izan dira, katedralean egindako lanetan erabilitako materialen eta eskulanaren gastuak gordetzen baitira bertan. Hiriari buruzko bibliografia eta fotografia-artxiboak ere baliagarriak izan dira, eta bestela azalduko ez ziren zenbait datu katedralari oso lotuta egon diren adindu batzuen oroitzapenei esker jakin dira.

Beste informazio-iturria lur azpikoa da. Itzal handiko hainbat adituk Santa Maria katedralak gotikoaren aurretiko ezer ez zuela gordetzen esan bazuten ere, lan-taldeak interes berezia zuen katedralaren sustraiak azaleratzeko. Lehen aipatu bezala, egungo katedralaren gaitzak aspaldi errotu zirela uste zuten, eta zaharberritze-plan eraginkorra egiteko alderdi hori argitzea nahitaezkoa zela iruditzen zitzaienez, indusketak egin ziren toki esanguratsuenetan. Hori bai, kontuan izan zuten zenbait leku ezin zirela mugitu, bestela eraikuntzaren egonkortasuna kolokan jarriko bailitzateke.

Indusketen bidez, historiari eta egiturari buruzko datu oso garrantzitsuak jaso dira. Adibidez, hiria sortu aurretiko egiturak atera dira argitara, erromatarren garaiko aztarnak, Goiz Erdi Aroko nekropolia... Baina, batez ere, katedralaren geroa baldintzatu duen antzinako arkitektura-egitasmoa azaleratu da. Bide batez, frogatu da Gasteiz uste zena baino lehenagotik egon dela populatua etenik gabe.

Bestetik, aipatzekoa da hiru dimentsioko fotogrametria informatizatua eta geografia informazioko sistemak (GIS) erabili dituztela katedralaren erregistroa egiteko. Fotogrametria normalean lurrazaleko mapak egiteko erabiltzen bada ere, indusketa arkeologikoetan oso tresna baliagarria dela ikusi da. Sistema horrekin, indusketan desagertzen diren geruzak hiru dimentsioko irudietan gelditzen dira gordeta. Horrela, berriro aztertu nahi dituen edonork eskura ditzake xehetasun guztiak.

Katedralaren plazan egindako indusketei esker, Goiz Erdi Aroan bertan etxebizitzak zeudela jakin da. Horren adierazle dira etxeen egurrezko zutoinak sartzeko zuloak.
C. San Millán

Katedralaren kasuan, altxaera osoari aplikatu zaio fotogrametria, eta hiru dimentsioko irudi horiek benetako geometriaren eta denboraren erregistroa gordetzen dute. Halaber, ikaragarrizko datu-basea osatzeko oinarritzat hartu dira. Plan gidatzailea egiteko era askotako azterketak egin dira: zein material erabili diren, haien jatorria ikusi, konposizioa zehaztu, harria zizelkatzeko zein tresna erabili zuten argitu... Alderdi teknikoaz gain, estiloari edo itxurari dagozkionak ere aztertu dira. Datu horiek denak hiru dimentsioko irudietan txertatu dira; horrela, sekulako datu-basea eratu da.

Zalantzarik gabe, lan gogorra izan da. Ordaina, baina, ez da nolanahikoa: horri esker, katedralaren sustraietan eta hormetan gordetako historia irakur daiteke, geruzaz geruza. Aurrekariak ezagututa, katedrala zaharberritzeko egitasmoak oinarri sendoak ditu oraingoan.

Harriek esana

Katedralaren sustraiak eta harriak arakatuta, zaharberritzeko plan egokia egiteko behar-beharrezkoak diren zenbait datu jaso dira.

Beharbada, zeren gainean eraiki zen jakitea izan da garrantzitsuena eta erabakigarriena. Izan ere, katedral gotikoa Alfontso X. erregearen agindupean hasi zen eraikitzen (1251-1284). Baina, horretarako, 1200. urtean hiria menderatu zuen Alfontso VIII.ak hasitako egitasmoa aprobetxatu zen. Horrek argitzen du gotikotzat jotzen den katedralak hain oinplano arkaikoa izatea.

Hasierako eraikin horrek babes-funtzioa betetzeko asmoa zuen, eta orduan altxatutako harresiak 20 m-ko garaierara iristen dira egungo katedralaren zenbait tokitan.

Unean uneko esku-hartzeek zenbateko eragina duten azaltzen duen beste adibide bat, lur azpian beharrean, goialdean aurkitu dute: XIV. mendean, egungo katedrala parrokia-eliza zen, eta garai hartako arkitekturari eta baliabideei zegokienez, zurezko gangak zituen.

Hurrengo mendearen bukaeran, berriz, kolegio-eliza izendatu zuten, eta izenari ohore egiteko, edertzeko eta handitzeko lanak egin ziren. Beste aldaketa askoren artean, harrizko gangak egin zituzten zurezkoen lekuan. Alabaina, zutabeak eta hormak ez ziren pisu horri eusteko gai, eta horrek eragin ditu katedralak geroztik izan dituen ezegonkortasun-arazoetako asko. Hori gutxi balitz, behin baino gehiagotan egin dira konponketak, baina zatikako erremedioak izan direnez, ia beti okerrerako izan dira, alde batean konpondutakoak beste aldekoa kaltetu duelako.


Igortzen duten energia infragorrian oinarrituta, termografia bidez materialen izaera eta egitura bereizten dira. (Argazkiak: Santa Maria Katedrala Fundazioa). ( Oharra: Argazki hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra).

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.