Kakalardoak, basoko berriemaileak

Hildako egurra oinarrizkoa da baso egituratuaren funtzionamendu egokirako. Orain arte, basoan ’oztopo’ ziren eroritako enborrak edota hilda edo gaixorik zeuden zuhaitzak ’garbitzeko’ politika izan da nagusi, ’zikinkeria’ eta gaixotasunen iturri zirela argudiatuz. Baina gauzak, pixkanaka, aldatzen doaz, ustiapen jasangarria delako joerak hildako egurraren menpe bizi diren kakalardoen inguruan ikerketa berriak bultzatu dituen heinean.

Basoek eginkizun onuragarri ugari betetzen dituzte: aniztasun biologikoa zaindu, egurra eta basoko produktuak eman, higadura eragotzi, ziklo hidrologikoa arautu, karbonoa atxiki, klima-aldaketa geldoarazi, eta guk guztiok gozatzeko moduko lekuak eskaini. Gainera, basoak gure gizartearen kultur paisaiaren zati garrantzitsua dira, eta, beraz, kontserbatu beharreko ondarea.

Bestalde, betidanik izan dira dirubide garrantzitsua, hala nola, landa-lurrak, erregaiak, eraikuntzarako materialak eta lanabesak eta zenbait baso-produktu (fruitu eta onddo) lortzeko. Egungo basoak orain arteko populazioaren ekoizpen- eta kontsumo-ohituren ondorio dira, eta, horien kudeaketaren helburu bakarra ahalik eta etekin ekonomiko handiena lortzea izan denez, ekosistema horien aberastasuna murrizten ari da.

Hildako enborrek basoaren garapenerako funtsezko zeregina dute hainbat alorretan.
David

Europako basoen egoera kezkagarriari aurre egiteko, kudeaketa jasangarriaren kontzeptua indartzen joan da azkenaldi honetan. Hori definitzeko orduan, Europako basoak babesteko ministerio arteko konferentzian emandakoa aproposa izan daiteke (Helsinkiko Hitzarmena, 1993): “biodibertsitatea emankortasuna, birsorkuntza-ahalmena, bizitasuna eta orain eta etorkizunean funtzio ekologiko, sozial eta ekonomikoak tokian-tokian hornitzeko ahalmena dituen baso-lurren erabilera eta zaintza da, eta hori, noski, inguruko ekosistemei kalterik egin gabe”.

Arestian aipatutakoaren arabera, kudeaketa jasangarriaren helburuetako bat baso-ekosistemen biodibertsitatea, ahal den neurrian, mantendu, kontserbatu eta emendatzea da.

Baso egituratua, baso osasuntsua

Lucanus cervus arkanbelea koleoptero saproxiliko ezagunenetakoa da.
Argazkiak: B. H.P. Berglund

Basoen egiturak itzelezko garrantzia dauka bere baitan bizi diren bizidunengan, horientzako bizileku aproposa aurkitzeko jolasaren joko-taula baita basoa. Zuhaitzari dagokionez, helduagoa den heinean txoko ekologiko gehiago eskaintzen ditu, zuloak direla, azalaren tolesak direla... Ekosistema hori ondo egituratua dagoela esaten da hainbat adin zein garapen-mailatako zuhaitzak dituenean eta hildako egur nahikoa mantentzen duenean.

Baso batean dagoen biomasaren % 90 egurra da. Hilda edota gaixorik dauden enborrek funtsezko zeregina dute basoaren garapenerako hainbat alorretan. Jadanik ehun bizirik ez duen egurra, hau da, xilema edo floema bideragarri gabekoa, hildakotzat hartzen da eta haren garrantzia batez ere hiru funtzio nagusitan oinarritzen da. Batetik, lurzorua aberasten du, hark behar duen materia organikoaz hornituz. Bestetik, hainbat biziduni habitat aproposa eskeintzen die, habia bertan ezarri edo klimaren kondizio desegokietatik babestu ahal izateko, besteak beste. Azkenik, organismo asko hildako egurraz elikatzen direnez (zuzenean hura jaten –xilofagoak– edo haren gainean hazten diren onddo edo bakterioak jaten), bazka-katearen osagai ezinbestekoa da.

Osmoderma eremita.
C. Creek

Horrenbestez, modu batera edo bestera, animalia asko bizi dira hildako egurraren menpe; horien artean ugarienak intsektu saproxilikoak dira, kakalardoak eta euliak batez ere.

Bizi-zikloaren zati batean behintzat hildako egurraren, hilzorian edo hilda dauden zuhaitzen (zutik zein lurrean erorita), zuran dauden onddoen edo beste organismo saproxilikoen menpe dauden espezieak dira saproxilikoak.

Koleoptero saproxilikoen taldea horren zabal eta anitza izanik, basoaren baitan betetzen dituen funtzioek berebiziko garrantzia dute. Kakalardo horien funtzioa lau ardatzetan bana daiteke baso-ekosistemaren dinamikan: espezie batzuen polinizazioa erraztea, beste organismo batzuentzako habitat egokiak sortzea (kakalardoek eraikitako habia eta zuloak zenbait hegaztik eta tamaina txikiko ugaztunek erabiltzen baitituzte), hainbat espezieren bazka-katearen funtsa izatea eta egurraren deskonposaketa-prozesuaren abiadura emendatzea.

Koleopteroek ez ezik, beste bizidun batzuek ere ateratzen diote probetxua hildako egurrari.
R. Philips

Egurraren deskonposaketa-prozesua jarraia den arren, oro har hiru fase bereiz daitezke. Horietako bakoitzaren iraupena oso aldakorra da zuhaitz-espeziearen, klima edo mikroklimaren, zuraren ezarpenaren eta saproxilikoen eraginaren arabera, besteak beste. Lehenengo fasean, kolonizazioan, egurraren hasierako digestioa egiteko gaitasuna duten kakalardoak agertzen dira. Bigarren fasean, deskonposaketan, kolonizazioan egon diren kakalardoen jarduerari etekina ateratzen dioten beste kakalardo-espezie batzuk agertzen dira.

Oro har, bigarren fase horretan agertzen diren organismo saproxiliko guztiak kolonizazioaz arduratzen diren kakalardo saproxilikoen menpekoak dira, haiek baitira zuraren lehenengo digestioa egiteko entzima bereziak dituzten animalia bakarrak. Azkenik, humifikazioa deritzon hirugarren fasean, bakterio eta mikroonddoek aurreko bi faseetan garrantzi handia izan duten kakalardo saproxilikoak ordezkatzen dituzte.

Koleoptero saproxilikoak: baso-egituraren adierazleak

Espezie bat bioindikatzailea izateko, ekosistema bati estuki lotuta egoteaz gain, ekosistemaren beraren kalitate ekologikoaren neurria eman behar digu. Hala, unean uneko egoera ezagutu eta ekosistemaren nondik norakoen jarraipena egin daiteke.

Hildako enborrak gaixotasun-iturritzat hartzen ziren orain arte.
J. Longino

Betidanik, ugaztunen gisako animaliak erabili izan dira bioindikatzaile gisa haien ‘gertutasunagatik’, baina azken urteotan ornogabeak, batez ere intsektuak, oinarritzat hartuz lan-ildo berriak sustatzen ari dira. Horiek, gainera, abantaila ugari dituzte ornodunen aldean:

    Kopuru aldetik ugariagoak dira.
    Populazioen egoera isla dezaketen laginak jasotzea errazagoa da.
    Intsektu-espezie gutxik egiten dituzte maila handiko migrazioak; hala, populazioaren gorabeherak tokian tokiko aldaketei zor zaizkie.
    Bizi-zikloa gehienez ere urtebetekoa izanik, populazioak oso sentikorrak dira emankortasun gutxiko urteekiko zein habitat-galerarekiko. Hala ere, espezie batzuk luzaro egon daitezke larba-egoeran bazka-gabeziari aurre egiteko.
    Espezie batek bere bizi-zikloan hainbat fase izan ditzakeenez, askotan gertatzen da hainbat premia (habitat, bazka...) edukitzea fase horietako bakoitzean.
    Zenbait espeziek oso espezializazio-maila altua dute (espezie estenoikoak).
Rosalia alpina eta gainerako koleoptero saproxilikoen funtzioa garrantzitsua da basoaren garapenerako. Horregatik da hain larria desagertzeko arriskuan egotea.
Hecho Araneko Udala

Koleoptero saproxilikoak, ezaugarri horiek guztiak betetzeaz gain, hildako egurraren erabilgarritasunaren indikatzaileak dira haren deskonposaketa-faseetan. Era berean, hildako egurra ondo egituratutako basoen adierazle ezin hobea denez, kakalardo horien bioindikatzaile-ahalmena begi-bistakoa da.

Hala, azken urteotan Europako hainbat herrialdetan koleoptero saproxilikoak oinarritzat harturik ikerketa ugari egin dira. Suedian, Italian, Erresuma Batuan, Letonian eta Frantzian, esaterako, ikerketa horietatik guztietatik ateratako emaitzek basoen egoeraren jarraipena egiteko aukera eman dute.

Lan horiek agerian utzi dute espezie askoren egoera larria. Ondorioz, 92/43/EEE Arteztaraua, habitat naturalen eta basa faunaren eta floraren kontserbazioari buruzkoa, 1992ko maiatzaren 21ean sinatu zen Bruselan. Han, mehatxaturiko koleoptero saproxilikoen sei espezie aipatzen dira: Rosalia alpina (Linnaeus, 1758), Cerambyx cerdo ssp. mirbecki (Lucas, 1842), Lucanus cervus (L., 1767), Limoniscus violaceus (Müller, 1821), Osmoderma eremita (Scopoli, 1763) eta Cucujus cinnaberinus (Scopoli, 1774). Eskakizun berak dituzten beste espezie saproxiliko batzuen egoera ezezaguna den arren, pentsatzekoa da antzeko mehatxupean egongo direla.

Limoniscus violaceus .
DELATINA

Euskal Herrian, beste arlo batzuetan bezala, Europako herrialde aurreratuenen atzetik gabiltza honetan ere. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparru-Programan (2002-2006) azaltzen duen moduan, ornogabeak inbentariatu eta katalogatzeko beharra ikusten da. Egindako ikerketen artean, aipatzekoak dira Aranzadi Zientzi Elkarteko Entomologia Sailarenak.

Hildako egurra: beldur zentzu gabea

Hildako egurra basoetatik kentzeko arrazoi nagusien oinarriak ez dira guztiz errealitatearen erakusle. Esaterako, egurra suteak hedatzeko erregaia izan arren, suteak saihesteko benetako eragileak kontrolatu beharko lirateke, hau da, interes ekonomiko eta sozialen atzetik dauden gaizkileak. Bestetik, zuhaitz zaharrak edo zintzilik dauden adarrak norbaiten gainean erortzeko arriskuari aurre egiteko, maiz egitura horiek moztu eta garbitu egiten dira. Britainia Handiko baso helduetan gertatutakoa da horren adibide garbia; horren ondorioz, hango fauna saproxilikoaren egoera oso larria da.

Horrelako baso ‘garbiak’ nahi ditugu?
IKT S.A.

Europako Kontseiluak, gai honi buruz, fauna saproxilikoan aberatsak diren basoetarako sarrera mugatzea aholkatzen du.

Oso organismo saproxiliko gutxi dira zuhaitz osasuntsuei eraso egiteko gai; alde horretatik, izurrien kaltea ez da horren kezkagarria.

Europako Kontseiluak, kasu honetan, baso-kudeatzaileak hildako egurraren garrantzi ekologikoaz jabetzea nahi du, eta gaixotasun- zein izurrien iturritzat ez dezatela hartu gomendatzen die.

Azkenik, estetika-arrazoiak argudiatuz ere egiten da basoen ‘garbiketa’. Noiz ez dugu entzun, lurreko enbor eta adarrez aritzean, ‘zikinkeria’ baino ez direla? Finean, estetikaren argudioa norberaren ikuspuntuaren araberakoa da eta hezkuntzak zeresan handia dauka gizarteko ideiak finkatzeko orduan.

Koleoptero saproxilikoak lagintzeko teknikak

Teknika zuzenena

Hildako enbor, adar, sustrai eta abarren zatiak zoriz jaso eta parametro batzuk apuntatu ondoren, kokapena eta orientazioa esaterako, laborategira eramaten dira. Behin laborategian, laginak guztiz zuritzen dira kolore argiko mahai baten gainean, eroritako banakoak ikusteko. Organismoen tamainaren arabera zuzenean edo hainbat tresna baliatuz biltzen dira.

Ondoren, egurra txikitu egiten da intsektuak biltzen jarraitzeko. Oso deskonposatuta eta humifikazio-fasean dagoen egurra esku hutsez birrindu daiteke, eta begi-bistakoak diren aleak batu. Jarraian, egur-apurrak bildu eta Berlesse inbututan sartzen dira. Azkeneko hautaketa 2 mm-ko zuloak dituen sarearen bidez egiten da.

Malaise tranpak

Azaldutako metodoak ikergai diren espezieen mikrohabitata suntsitu egiten duenez, azken hamarkadan beste mota bateko laginketa-metodoak garatu dira, hala nola Malaise tranpak. Tranpa horiek batez ere argiak erakarritako intsektu hegalariak jasotzen dituzte. Metodo horrek bi desabantaila nagusi ditu: batetik, intsektu helduen jarraipena egiteko bakarrik balio du, eta ez larbena. Bestetik, mota guztietako intsektu hegalariak hartzen dituenez (diptero eta himenoptero asko, besteak beste), ondorioztatu daiteke tranpa ez dela batere hautakorra.



BIBLIOGRAFIA
    Azkarate, A.
    Gipuzkoako flora eta faunaren kontserbazioa.
    Gipuzkoako Foru Aldundia, Nekazaritza eta Naturgune Departamentua. 1995.
    Collins, N. M. and Wells, S. M.
    “Invertebrated in need of special protection in Europe”
    Nature and Environment Ser., n† 35, Council of Europe, Strasburg. 1987.
    Garner, W. Y. and Harvey, J.
    Chemical and biological control in forestry.
    American Chemical Society, Washington. Jr. (ed.). 1984.
    Speight, M. C. D.
    Les invertébrés saproxyliques et leur protection.
    Council of Europe. 1989.
    Swift, M. J.
    “The ecology of wood descomposition”
    Sci. Prog. Oxf. 64, 175-99. 1977.