1999/12/01
149. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Juan Jose Elhuyar espioi-lanetan
Lehen ere Fausto eta Juan Jose Elhuyar anaiez eta Bergarako Erret Mintegiaz zenbait lan argitaratu izan da Elhuyar aldizkarian (ikus, besteak beste, 1983. urteko 3. alea eta Elhuyar. Zientzia eta Teknikaren 1992. urteko azarokoa, 65. zenbakia, eta urte bereko abendukoa, 66. zenbakia), baina oraindik orain “Euskalerriaren Adiskideen Elkartea”k liburu interesgarria argitaratu du eta horren berri eman nahi dugu, batez ere Juan Jose Elhuyarri buruz datu interesgarriak dituelako.
Aipatutako liburuaren egileak Inés Pellón González eta Pascual Román Polo dira eta honako izenburua du: La Bascongada y el Ministerio de Marina. Espionaje, Ciencia y Tecnología en Bergara (1777-1783). Funtsean Peñafloridako kondeak eta Narrosko markesak Espainiako Itsas Armadako Idazkariarekin izandako gutun-trukea argitaratzen du.
1774. urtean Espainiako Itsas Armadako Idazkari Pedro González de Castejón jaun tuterarra zen eta kezkaturik zebilen gerra-ontzietako kanoi onenak Eskoziako Carron-en egiten zirelako eta Kantabriako Liérganes eta La Cavada-ko fabriketan kaskarragoak ateratzen zituztelako. González de Castejónek Jose Domingo Mazarredo bilbotarrari 1777. urtearen hasieran isilpeko gutuna helarazi zion Eskoziako Carron-era bi espioi bidali eta han kanoiak egiteko teknikak ikas zitzaten.
Mazarredo Peñafloridako kondearekin eta Narrosko markesarekin harremanetan hasi zen 1777ko maiatzean edo ekainean, eta harrezkero Peñafloridakoak (Xabier Maria Munibek) eta Narroskoak posta-truke ugaria izan zuten González de Castejónekin, hau da, Itsas Armadako ministroarekin.
Gipuzkoako bi “zalduntxoek” Inazio Montalbo nafarra eta Juan Jose Elhuyar aukeratu zituzten espioitzarako. Juan Jose Elhuyar orduan Parisen bere ikasketak egiten ari zen eta Bergarara etorri zen. (Fausto Fermin anaia ere Parisen ari zen ikasten, eta Peñaflorida eta Narrosekin tratua eginda medikuntzako ikasketak utzi eta mineralogiakoak egin zituen, gero Bergarako Erret Mintegian katedradun izateko).
Dena den, 1778ko otsailean bi espioiak (Inazio Montalbo eta J. J. Elhuyar) prest zeuden Bergaran beren lanari ekiteko. Juan Jose Elhuyarri bi gutun eman zizkioten aginduekin: isilpekoa bata eta agerikoa bestea. Isilpeko edo sekretuak hamahiru artikulu zituen eta agerikoak zortzi.
Hauek dira, laburbilduta, isilpeko hamahiru aginduak:
- Bidaiaren benetako helburua beti isilpean mantentzeko egindako zina gogoratuko zuen.
- Lehenbailehen Saxoniara joango zen Metalurgia eta Galdaketa ikastera.
- Parisen Juan Bautista Porcel, Antonio Maria Munibe eta Xabier Egia euskaldunekin elkarrizketatuko zen eta haiei ageriko gutuna erakutsiko zien (isilpekoa ez).
- Parisen ahalik eta denbora gutxiena egonda, bere helburua betetzeko berriak eta liburu interesgarriak bilduko zituen.
- Liburu horien kopiak eta laburpenak aterako zituen.
- Paristik zuzenean Saxoniara joango zen eta Dresden Espainiako ministroarekin egon ondoren Freiberg-era joan eta hango Institutuan ikasiko zuen.
- Freiberg-en Metalurgia eta burdina urtzeko artea ikasiko zituen. Beti ere artillero eta kanoi-urtzaile izaten saiatuko zen.
- Alemaniako fabrikak aztertuko zituen eta burdinazko kanoiek lehentasuna izango zuten.
- Gero Suediako Stakelberg-era joan eta hango kanoi-fabrika aztertuko zuen.
- Suediatik Eskoziako Carron-era joaten saiatuko zen eta han alemanez hitz egingo zuen, susmorik har ez zezaten.
- Eskoziara joandakoan Parisko konfiantzazko pertsonaren batekin izango zuen harremana. Gutunak alemanez idatziko zituen gauza arruntak esanez, baina tarteka euskarazko esaldiak sartuko zituen eta haiek bilduz jakingo zuten benetan adierazi nahiziena.
- Gastuak Parisen bidez ordainduko zizkioten.
- Espainiara itzultzeko prest zegoenean Parisko korrespontsalari abisua emango zion.
Espioi bakoitzak bere lanari ekin zion. Inazio Montalbo Eskoziako Carron-en ibili zen. Juan Jose Elhuyar berriz, Europako hainbat hiritan ikasten aritu ondoren Suediara heldu zen, baina handik Eskoziara ez zen iritsi. Bergarara itzuli zen (dirudienez, Itsas Armadako idazkariaren laguntza ekonomikoa bertan behera geratu zelako) eta 1782. urtean Fausto Fermin anaiarekin batera wolframio deitu zioten elementu kimikoa lehen aldiz isolatu zuten Zabala jauregiko laborategian.
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.