Javier Madrazo: "Bizi-kalitatean eragin nahi dugu"

Eraikuntza gogor ari da lanean. Etxebizitza ugari egin dira azken urte hauetan. Horietako asko babes ofizialekoak; hau da, administrazioaren baitan sortutakoak. Etxebizitzak egiteaz gain, luzera begirako proiektuak ere baditu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, Javier Madrazo kontseilariaren hitzak horren lekuko.

Hirietako planifikazioez hitz egiten denean, Eusko Jaurlaritzak izaten du nolabaiteko eraginik?

Gure hirien eta lurraren planifikazioan administrazio guztiek hartzen dute parte. Udaletan udalerrietako lurrari emango zaion erabilera definitzen da, diputazioek erabaki horiek gainbegiratzen dituzte eta guk lurralde-ordenazioaren planifikazioa egiten dugu.
2002-2005 Etxebizitza Plan Zuzentzailearen arabera, hiri-eredu berrietarantz joan nahi dugu. Hau da, bultzatzen diren ekimenetan, hirien garapen-planteamenduetan irizpide berriak ere kontuan hartzea bilatzen dugu: bizi-kalitatea, eraginkortasun energetikoa, jasangarritasuna, arlo soziala…

Eusko Jaurlaritza

Autorik gabeko hiriak, oinezkoentzako herriak eta hiriak, auzo garbiak… modan dauden kontzeptuak dira. Zer egiten ari da Eusko Jaurlaritza kontzeptu horiek errealitate bihur daitezen?

Eusko Jaurlaritzak Euskadiren Jasangarritasunaren aldeko Konpromisoa sinatu zuen iaz. Hitzarmen hartan gure bizi-kalitatea jasangarritasunean oinarritzeko beharra nabarmendu genuen. Era berean, 2020. urterako ingurumena hobetzeko helburua jasotzen duen Ingurumenaren Esparru Programa diseinatu zen. Etxebizitza Plan Zuzentzaile berriak helburu eta konpromiso horiek bere egin ditu, eta irizpide hauek onartu ditu: eraikitako hiriari ahalik eta probetxurik handiena ateratzea, alokairuak bultzatzea, eta gure sustapen guztietan energia-eraginkortasun osoa lortzea.

Eraikuntza eta ingurumena nekez ezkondu ohi dira. Eremu degradatuen proiektuak biak biltzeko ahalegina egin nahi du?

Auzo degradatuak birgaitzeko Aginduak 30,5 milioi euroko aurrekontua du. Hirietako auzorik hondatuenak berreskuratu eta eraldatu nahi ditugu, herritar guztiek inguru duin batean etxebizitza duina izateko duten eskubideari erantzuteko. Ekimen horrek desindustrializazio-prozesuek zigortutako eremuen zein hiri handietan poliki-poliki hondatu diren guneen arazoei erantzun nahi die.

Babes ofizialeko etxeak. Merkeak bai, baina diotenez kalitate gutxiko materiala erabiltzen da eta bukaera ez da oso fina izaten.

Oinarririk gabeko salaketa da. Gure etxebizitzen eta sustapen pribatuko etxeen kalitatean ez dago alderik. Kalitatez eraikitzeari eta ingurumena errespetatzeari lehentasuna ematen diogu; horregatik, Eraikal programak jarraipena izango du. Eraikitze-enpresa guztiek kalitatearen kudeaketa, lan-segurtasunaren printzipioak, eta ingurumena errespetatzea bermatu nahi dugu.

Etxebizitza Sailak eta bere erakundeek ahalegin handia egin dute hainbat kalitate-agiri lortzeko.

Birgaitze-planek ere helburu hori dute?

Plan berrian Euskal Autonomia Erkidegoko hiri-ondarearen probetxua optimizatu nahi dugu; batetik, eraikinak eta etxebizitzak birgaituta, eta, bestetik, hiri-eremuak berreskuratuta. 29.000 etxebizitza ukitzea espero dugu.

Eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko, elementu pribatuak zein publikoak konpontzeko subentzioak emango ditugu. Etxebizitza hutsei dagokienez, birgaitzeko eta gero alokatzeko bideak bultzatuko ditugu.

Teknologia berriak, domotika… baduzue gai horien inguruko proiekturik?

Gaur egun dauzkagun proiektuen artean, nabarmentzekoa da Materialen Portaera Akustikoaren datu-basea. Etorkizuneko etxebizitzen kalitate akustikoa ziurtatzeko diseinatu dugu.

Lehentasuna populazioaren bizi-kalitatea hobetzeko etxebizitzetan egin daitezkeen hobekuntzak egitea da. Estrategia horri begira hiru ardatz ditugu: nahikotasun energetikoa, ingurumen-nahikotasuna eta eraginkortasun akustikoa. Eguzki-energia baliatzeko sistemak bultzatuko ditugu, baita arkitektura bioklimatikoa garatzeko planak ere. Domotikak estrategia horietan laguntza eskain dezake, hori gabe etxebizitzen automatizazioaren sistemek ez bailukete zentzurik izango.

Babes ofizialeko etxebizitzak Visesaren eskutik

Visesa Euskal Autonomia Erkidegoan babes ofizialeko etxebizitzen gaia jorratzen duen erakundea da. 1992an sortu zen, babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko ardurarekin. Erakundearen helburua merkatu librean etxebizitzarik erosi ezin duten familiei kalitatezko etxebizitza merkeak eskuratzeko aukera ematea da. Dagoeneko 3.000 etxebizitza banatu ditu, eta epe laburrean 9.800 etxebizitza eraikita edukitzeko moduan egongo da. Guztira, Visesak 760 milioi euroko inbertsioa egingo du. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza-sustatzaile nagusia izango da. Etxebizitza berriak erosteko aukera eskaintzeaz gain, une honetan gero merke alokatuko diren etxebizitzak eraikitzen ari dira.

Etxebizitzak eraikitzen dituen tokietan Visesak bulegoak jartzen ditu, jendeak behar besteko informazioa izan dezan. Interesatuei etxebizitzek dituzten ezaugarrien inguruko informazioa ematen zaie, eta, eraiki aurretik, etxebizitza —barrutik zein kanpotik— nolakoa den ikusteko aukera dute bezeroek. Horretarako Visesak propio garatutako 3Dko sistema erabiltzen du. Bulegoetara joaterik ez dutenek, berriz, erakundearen web gunean aurki dezakete informazioa, helbide honetan: www.visesa.com

Visesak bultzatutako etxebizitzaren bat erosi nahi duen orok lehendabizi Etxebiden eman behar du izena, etxebizitzaren euskal zerbitzuan alegia. 012 telefonora deituta jaso daiteke behar beste informazio.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila