XX. mendera arte gizakiak ez ditu ekosistemak agor daitezkeen ondaretzat hartu. Oraindik ere itsasoak agortezina dirudi, baina alarma piztu da. Koral-kolonien % 25 baino gehiago hondatuta dago eta arrantza-erreserben % 70 gehiegi edo gaizki ustiatu da. Uraren poluzioa ere arazo larria da eta horrekiko sentikorrak diren espezie asko desagertzeko zorian daude. Arriskuan dauden espezieen harrapaketa ez da eten. Ondorioa argia da: itsasoa babestea ezinbestekoa da.
Dagoeneko 1.300 itsas gune babestu baino gehiago sortu dira. Handienak Groenlandiako Parke Nazionala eta Australiako Koralezko Hesi Handia dira. Lehenengoak itsaso tropikal edo subtropikaletan eta lehorretik gertu izendatu ziren. 1935ean Floridan eta 1936an Australian izendatu ziren eta handik aurrera Filipinetan, Bahametan, Mexikon eta abar. Gaur egun ere, arreta handiena eremu horiek hartzen dute, baina mundu osoan ari dira proiektu berriak abian jartzen.
Itsasoa babestea ez da erraza hainbat arrazoigatik. Lehen traba handia herrialdeetako administrazioak dira, ekosistema babesteko legediak oso poliki egokitzen ari direlako eta gehienetan lehorrekoentzat soilik diseinatu direlako. Kostaldearen ingurua babestea ez da nahikoa izaten, ozeanoen tamainak beste planteamendu zabalago bat eskatzen du.
Biologiaren ikuspuntutik ere arazoak sortzen dira. Onartuta dago gune babestuak eraginkorrak izateko, ekosistema osoak hartu behar dituztela barnean. Baina itsasoaren muga ekologikoak finkatzea ez da erraza, faktoreen arteko eragina lehorrean baino konplexuagoa baita. Adibidez, izakiak nahiz poluitzaileak erraz garraiatzen dira korronteen bitartez eta horregatik ezinbestekoa da distantzia handiko efektuak kontuan hartzea. Itsasoko espezie asko migratzaileak dira eta korronteekin higitzen dira tenperatura egokien bila. Askotan larbak toki batean jaio eta beste batzuetan hazi eta bizi dira. Espezie horiek babesteak eremu batean baino gehiagotan lan egitea eskatzen du, beraz.
Itsasoko gune babestuak kudeatzean gure jakinduriaren mugarekin egiten dugu topo. Kontuan hartu behar da, ekosistema konplexuak direnez, okerreko erabaki batek ondorio larriak izan ditzakeela. Bestalde, oro har, sarbide irekiko guneak dira eta ezin zaie hesirik jarri. Naturak ez du erraztasunik ematen, baina onartu behar da trabarik handienak beste jatorri bat dutela. Zenbait kasutan, administrazioen zentzugabekeriak ere arazoa areagotu egin du.
Galapagoetan, esate baterako, hala gertatu da Ekuadorko Parke Nazionalen Zerbitzuaren eta Arrantza Sailaren artean. Bien arteko lehia lotsagarria zen eta, azkenik, 1998ko lege batek ardura Parke Nazionalen Zerbitzuari eman zion.
NKNB (Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasuna) erakundeak gune babestuak sei mailatan banatzea proposatu du (ikus 26. or.). Banaketa horrek lehorreko zein itsasoko gune babestuak sailkatzeko balio du eta ustiapenaren helburuen araberakoa da. Dena dela, sailkapena ez da orokorra. Erakundeak ‘itsasoko gune babestu’ esan nahi duten 140 termino baino gehiago jaso ditu.
Gune babestuak izateko bete beharreko baldintzak nazio bakoitzaren legedian zehaztuta daude eta nazioarteko araudi adosturik ez dago. Kanadan, adibidez, arrantzarako espezifikoki esleitutako guneak izendatzen dira. Europako Batasunean, aldiz, ez. Beraz, herri guztietan baliagarria den gune babestuen helburu orokorrik ez da zehaztu. Gainera, zientzialariek egoera gehiago nahasi zuten, ikerketarako guneak ere babestea eskatu zutelako.
Tradizionalki, arrantza galarazita dagoen guneen ideia tropikokoarrantzaleek landu izan dute. Oso hausnarketa sinple eta argia da; eremu batzuetan arrantzarik ez egiteak harrapakina ez dela agortuko ziurta dezake. Izan ere, eremu horietan hazten diren espezieak pixkanaka ingurura hedatu ohi dira.
Bertakoek eremu batzuk errespetatzen zituzten, urte osoan ez bazen ere, ugalketa oparoa izateko egokiak diren urtaroetan.
Ideia berberarekin arrantzarako debekatutako esparruak asmatu dira. Eremu horiek bereziak dira gune babestuen esparruan, indigenen kudeaketaren kasuan ez bezala, arrantzale askorengandik babestu beharreko guneak baitira, itsas zabalean eta urte osoan zehar. Gune horiek, NKNBaren sailkapenean, nahitaez Erreserba Integralen taldearen barruan egon behar dute
Arrantzarako debekatutako esparruak izendatzea ez da lan erraza. Arrantzaren beraren jarduerarako onuragarria dela frogatu den tokietan oztoporik gabe sortu izan dira, baina, oro har, arrantzaleen interesak izaten ditu aurrez aurre. Abantailak epe luzekoak izaten dira eta arrantzaleen beharrak, aldiz, egunerokoak.
Baina ez da hori arazo bakarra. Horrelako eremuei buruzko ikerketa gehiena koral-hesietan egin da, baina emaitzak ezin dira itsaso osoaren adierazgarritzat jo, bertako espezieak oso sedentarioak direlako. Ozeanoetako ekosistema gehienak beste mota batekoak dira, askoz ere dinamikoagoak, alegia. Oraindik ikerketa asko egin behar da ekosistema horien antolamendua eta ezaugarriak ulertzeko. Behin eta berriz, jakinduria falta gune babestuen ideiaren aurka agertzen zaigu.
Itsasoko berezko beste gune-mota bat ontzien erregaien hondakinetatik babestu nahi diren eremuak dira. Eremu horiek poluitzaileekiko oso sentikorrak direlako aukeratu ohi dira. Australiako Koralezko Hesi Handia talde horretan ere sartzen da, baina beste proposamen batzuk ere kaleratzen ari dira. Esate baterako, Kubako eremu batzuk mota horren barruan babestu nahi dira. Duela urte batzuk Galapagoetarako proposamena ere plazaratu zen, baina ez zen inoiz talde horren barruan onartu.
Azkenik, itsasoko gune babestuek duten berezko zailtasun administratibo batek herri bakoitzari dagozkion 200 miliako izendapenarekin du zerikusia. Izendapen horren arabera, muga horretatik at dagoen itsas zatia sarbide askeko definitu zen. Herrietako administrazioek ez dute eremu horiek kudeatzeko baimenik.
Ezaugarri hori oso baliagarria da nazioen arteko araudiak zehazteko, baina oztopo bilakatzen da guneak babesteko garaian. Izan ere, hainbat espezie babesteko bide bakarra itsas zabaleko guneak babestea da.
Esate baterako, planktonaren populazioak kontrolatzeko, ezinbestekoa da toki horietako batzuk ofizialki babestea. Krillaren mugimenduak eta ugaritasuna hainbat faktoreren menpekoa da eta, beraz, itsas zabalaren egoeraren markatzaile ona da.
Horretaz gain, planktonak eragin zuzena du kate trofikoan gainetik dituen espezie guztiengan, elikagai unibertsala delako eta inguruaren propietate kimikoak aldatzen dituelako. Hainbat konposatu isurtzen ditu uretara nahiz atmosferara. Gainera, fitoplanktonak fotosintesia egiteko ahalmena duenez, oxigeno-mailaren gorabeheretan zerikusi handia du.
Itsasoko guneak babesteko, beraz, kontuan hartu behar dira lehorrean azaltzen ez diren ezaugarri asko. Ahalegin horrek nazioarteko legedi aproposaren beharra du eta hori lortzea oso zaila da. Baina gune handi batzuetan nolabaiteko saioak egiten ari dira, ipar ekialdeko Atlantikoaren ipar-ekialdean, adibidez. Etorkizuna argia ala latza du itsasoak? Itxaron egin behar erantzun ahal izateko.