Gugandik 50 metrora, uretatik beste dortoka bat ateratzen ari da. Ordubetean ikusi dugun hamazazpigarrena da hau.
Bi metro luze eta 500 kilo inguru dituen itsas dortoka hau zinez baldar ibiltzen da lehorrean!
Aurreko zangoak arraunak bezala erabiliz lortzen du aurreratzea. Arraunkada batzuk eman eta momentu batez atsedena hartzen egon ohi da, berriz mugitzen hasi baino lehen.
Zerk bultzatzen ote du itsas bizimodura hain ederki moldatuta dagoen narrasti hau horrela lehorreratzera?
Arrautzak errutea da honen helburu bakarra... Eboluzioaren beste bitxikeria bat da hau: uretatik atera eta 70 milioi urtez lehorrean egon ondoren, itsas dortokak berriz itsasoratu egin ziren... baina lehorrean erruten segitzen dute!
Hamarren bat minutuz hondartzan arrastaka igo eta arrautzak erruteko tokia aukeratu du gure dortokak. Uretatik 10 metrora dago; hurrengo mareak urperatzeko arriskurik gabeko gune batean hain zuzen (beheregi ezarritako arrautzak urak suntsitzen ditu). Tokia aukeratu eta erruteko programaturik dauden gauza guztiak egin ditu:
Lehenik, aurreko zangoez bere inguruak indarrez ordulaurden batez astinduz preparatu du bere errutokia. Atzeko zangoak palak bezala erabiliz hasi da gero hondartza zulatzen: 15 minututan, 80 zentimetroko botaren forma duen zuloa egin du. Zango-puntaz zulo azpian ezer sentitu ez duenean utzi dio zulatzeari. Erruteko momentua iritsi zaio orain. Zango batez zuloaren sarrera estali eta, hiru edo launaka, arrautzak erruten hasi da.
Hauek 7 zentimetro diametrokoak eta zuriak dira. Bigunak direnez (ez dute hegazti-arrautzek bezalako oskolik), zulo barnera erortzeak ez die kalterik egiten. Errutaldi guzietan, arrautza bitxi eta txiki batzuk ere izaten dira. Hauek gorringorik gabeak direnez, ez dute sekulan enbrioirik ematen. Horiek zereginik (zuloko isolamenduan edo haize-poltsa formatzeko agian) badutenez ez dakigu.
Batezbeste 80ren bat arrautza izaten dira errutaldi bakoitzean (hauetatik 20ren bat bitxiak). Erruteari utzi eta atzeko zangoez hamar minututan zuloa hondarrez estali du. Gero, hasieran bezala, aurrekoez berriz ere bere inguruak 20 minutuz astindu ditu. Halako hondar-harroketaren ondorioz zuloa non dagoen aurkitzea ezinezkoa da benetan!
Goizeko bost t’erdiak dira, marea guztiz goian dago eta egunsentiaren lehen izpiek argitzen dute hondartza.
Gure dortokak uretaraino dauden metroak berriz arrastaka egin eta azkenean, ordu t’erdiz utzia zuen bere elementura sartu da. Hau uztea neketsua gertatu bazaio ere, berriz ere hor murgilduta indarberritu egiten dela dirudi eta laster desagertu zaigu ur lohitsuetan... Bapatean, 200 metrora, bere burua eta gorputzaren parte bat agertu dira. Han bere birikak airez bete eta berriz desagertu da... hurrengo errutaldirarte.
Narrastiek ez dituzte hegaztiek bezala beren arrautzak berotzen. Eguzkia da horretaz arduratzen dena.
Bi hilabete inguru behar dira arrautzetatik larruzko dortokakumeak atera eta itsasoratzeko. Inkubazioa, tenperaturaren eraginez aurrera edo atzera daiteke. Nahiz Guyanako klima ekuatoriala izan (beroa eta oso hezea), urtean zehar aldaketa batzuk badira: azarotik uztaila arte urtaro euritsua izan ohi da (martxo eta apirilean lehorrago egiten du) eta abuztutik irailera aldiz, urtaro lehorra.
Urtaro euritsuan, tenperaturak freskoagoak direnez, 2 hilabete baino luzeagoa da inkubazioa. Aldiz, urtaro lehorrean laburragoa da.
Kumeak arrautz oskoletik atera eta gorantz tunel bat zulatuz ateratzen dira hondartzara. Hori gauez gertatzen da eta urak ematen duen argitasunak gidatzen ditu itsasorantz.
Bertako Galibi indiarrak (Karib taldeko Tileuyu hizkuntzakoak) izan ziren 1960.eko hamarkadan zientzilari batzuei lehen aldiz hondartza hauek erakutsi zizkietenak. Indiarrek eta larruzko dortokek betidanik erabili dituzte hondartza berak. Galibien kulturan itsas dortokak garrantzi handikoak dira; mito eta sinesmen askoren oinarri bait dira.
1970.eko hamarkadan hasi eta geroztik urtero egiten dira ikertzeko eta babesteko KAWANA kanpainak. (Kawana: larruzko dortoka Tileuyu mintzairan).
Garai hartan, ehiztariek 500 kiloko dortokak Cayenne-ko merkatuan 4 edo 5 kilo haragi saltzeko hiltzen bazituzten ere, orain horrelakorik ez da gertatzen; itsas dortokak babesturik bait daude. Era berean, jateko edo saltzeko (Cayenne edo Paramaribo herrietan) egiten ziren arrautzbilketak ere ia guztiz desagertu dira orain.
Hauek izan dira babes-arloan kanpainen emaitza nagusiak.
Era berean, ikerketek oso emaitza garrantzitsuak eman dituzte; babes-mailan jakin beharrekoak, alegia. Ikerketa eta babeslanen arteko derrigorrezko loturak azpimarraturik gelditzen dira.
Lehen helburua Guyana eta Surinameko hondartzetara zenbat dortoka etortzen diren jakitea izan zen. Horretarako, zein hondartza erabiltzen dituzten ikustea izan zen lehen pausoa.
Guyanako kostak oso aldakorrak dira. Amazonas ibaiak dituen lur eta lohiak itsas korronte batek iparralderantz Venezuelaraino eramaten ditu. Horren eraginez, Guyanako kostetan hondartza, higadura, mangladi (kostako oihana) eta lohien arteko ziklo batzuk agertzen dira. Atlantiar ozeanoko hondartzak ez dute beraz luzaro hondartza gisa irauten. Aldiz, Maroni (Suriman eta Guyana arteko muga egiten duen ibaia) ertzeko hondartzak iraunkorragoak dira; itsas korrontetik urrun bait daude.
Maroniren bokale inguruko hondartzak dira larruzko dortokentzat garrantzitsuenak.
Hemen errutera biltzen diren eme-multzoak oso handiak direla segituan ohartu ziren zientzilariak.
Hondartza horietara dortokak martxotik iraila arte etortzen dira errutera; gehienak maiatz eta ekainean (beraz, urtaro euritsuan). Hilabete hauetako gau batez ehundaka eme ikus daitezke hondartzetan. 1988ko ekainaren 27ko gauean, 957 dortoka igo ziren Ya:lima:poko hondartzara!
Hauen populazio-dinamika ikertzeko eta kontaketak serioski egiteko, banaka markatzea derrigorrezkoa zen (Ale bera bi edo hiru aldiz kontatzeko arriskua baztertzeko).
Dortoka bakoitzari atzeko zango batean metalezko marka jartzen zaio. Marka horrek zenbaki eta helbide bat dakartza, inork aurkituko balu abisua eman lezan. Markatzeaz gain beste datu batzuk ere hartzen dira bakoitzetik: luzera, zabalera, zaurien kokapena, eta abar... Itsasoan gertatzen diren borroken lekuko, erdi jandako zangoak edo buruan horzkada-aztarnak ikusten dira maiz. Larruzko dortoka hauen harrapakari bakarrak orkak eta marrazo handiak dira.
Markatze-lan horiei esker inork ez zekizkien gauza garrantzitsuak ikasi dira:
Emeak ez dira urtero hondartza hauetara arrautzak errutera etortzen. Bi edo hiru urteko zikloa dute. Tarte horretan zer egiten duten ez dakigu. Urte batean Guyanan markatutako eme bat hurrengo urtean Ganan, Atlantiar ozeanoaz beste aldera, erruten ikusi zuten. Baina hau kasu bakan bat dela dirudi. Seguru asko urtebetez edo bi urtez ez dira lehorreratzen (eta beraz ugaltzen) dortoka hauek.
1973. urtean, hona etortzen zen eme-kopurua 15.000koa zela uste zen. Bi edo hiru urteko ziklo hori kontutan hartuz, 1988.ean hamabost bat mila eme kontatzeak kopurua hau baino askoz altuagoa dela adierazten du!
Dortokek beste ziklo bati ere segitzen diote. Eme bakoitza, errutaldian, 7 edo 8 aldiz lehorreratzen da arrautzak errutera: bakoitza bi edo hiru hilabetez egon ohi da kostaldean eta hamar egunetik behin lurreratzen da. Urtaro batean eme bakoitzak 600 bat arrautza erruten ditu beraz.
Errutaldi guziak burutu ondoren, markei esker emeak ipar alderantz doazela jakin da, batzuk Estatu Batuetaraino iristen direlarik. Migrazio hauen berri jakitea zaila bada ere, dudarik gabe itsasoan bidaia luzeak egin ditzakete.
Helduen elikagai inportanteena marmokak direla badakigu. Udazkenero, larruzko dortokak Europa aldean ikus daitezke hauetaz elikatzen. Aldiz, kumeek (6 urte arte) zer jaten duten ez dakigu. Non eta nola bizi diren ere inork ez dezake adieraz. Hauek ikertzea askoz zailagoa da, txikiei marka jartzerik ez dagoenez eta tamaina ertainekorik ia inoiz ikusi edo harrapatzen ez denez.
Garrantzi handiko beste ikerketa-arlo bat, hondartzan 2 hilabetez lurperaturik dauden arrautzek osatzen dute. Espeziearen geroa ikertzeko, ugalketa-tasa eta sexu-banaketa bezalako datuak biltzea beharrezkoa da.
Guyanako hondartzak oso hezeak dira eta barne aldeko zingiren urek arrautza asko usteltzen dute. Hondartzak laburrak eta estuak direnez, errutera lehorreratutako emeen kontzentrazioak oso handiak izan ohi dira. Zulatzean, hor bertan lehendik zegoen beste habia bat suntsitzeko arriskua handia da. Dirudienez maiatz eta ekainean habi suntsitzaile handienak larruzko dortokak berak dira!
Mareak eta higadurak ere errutaldi batzuk azaleratu eta suntsitzen dituzte.
Kumeak arrisku bizian daude zulotik atera eta itsasoratze bidean. Harrapakari handienak dudarik gabe indiar herrietako zakurrak dira. Egunsentian, bertako saiak ( Coragyps atratus ) ere dortokatxoez elikatzen dira. Karramarro batzuek ere jaten dituzte hauek, baina hemen izan zitekeen beste ugaztun harrapakaririk ez da, gizakiaren eraginez.
Uretara iritsi ondoren arrain batzuk (siluru handi batzuk eta marrazoak) dira hurrengo dortokatxo-harrapakariak.
Horiek denak kontutan harturik, batezbeste, hondartzan 100 arrautzetatik 4ek emango dute uretara iritsiko den kume bat. Hau gutxi gorabeherako batezbestekoa da, eta ikerketa gehiago beharko dira zehazteko eta faktore bakoitzaren eraginak neurtzeko.
1980.ean, espeziearentzat hondartza hauek duten garrantzia ikusita, ugalketa-tasak hobetzeko arrautzak artifizialki berotu eta kumeak askatzeko programa bat pentsatu zen. Horretarako Ya:lima:po herrian bertan arrautzategi batzuk eraiki eta sorkuntz tasa altuagoak lortzeko lehen lanak egin ziren.
Gauez, errute-garaian biltzen dira arrautzak. Arrautza bitxiak kendu eta besteak urez eta antiseptikoz garbitu ondoren ontzi batean arrautzategira sartzen dira. Bi hilabetez astero kontrolatzen dira, usteltzen direnak kenduz eta hilik daudenak aztertuz.
Jaiotza baino egun batzuk lehenago hondarrez betetako ontzi batean lurperatzen dira, ingurune naturalean sor daitezen. Hondar gainera agertu ondoren, egiazko hondartzan askatu eta zaindu egiten dira, trabarik gabe itsasora daitezen.
Saio askoren ondorioz aurkitu zen teknika honekin 100 arrautzetatik 60 edo 70 kume iristen dira itsasora.
Lan honek oso emaitza interesgarriak eskaini ditu: beste narrasti batzuengan bezala, enbrioiaren hazkuntz garaian kanpoko faktore batek (tenperaturak) sexua alda dezake.
Hori enbrioiak 20tik 30 egun arte dituenean gerta daiteke. Tarte horretan, batezbeste tenperatura 29,5° baino altuagoa bada, emeak aterako dira; bestela, arrak.
Beraz, hondartza honetara errutera etortzen diren eme batzuk genetikoki arrak dira! Horrek genetikan eta biologian ikerketa-mailan buruhauste latzak sortzen ditu!
Honen ondorioz, bi arrautzategi egin dira: bata (berotua) emeak ateratzeko eta bestea arrak ateratzeko.
Inkubazio-garaian heriotz tasa handiko bi momentu agertzen dira.
Alde batetik, arrautza asko usteltzen dira. Seguru asko kanpoko faktoreen eraginez; tenperatura eta hezetasunaren eraginez, hain zuzen. Errutaldian handiagotuz doa, eta abuztuan oso tasa altuetara iristen da.
Bestalde, enbrioiak 60-70 egun dituela (beraz jaiota edo jaiotzeke dagoela) fase kritiko bat gainditu behar du bizirik segitzeko. Heriotz tasa hau oso altua da apirilean eta gero jaitsiz doa. Ez zaio oraindik horri esplikaziorik aurkitu.
Fenomeno hauek garrantzi handia dute espezie honen geroari buruz erabakiak hartzeko.
Zenbat eme egin behar dira? Zenbat ar? Zenbat arrautza bildu eta zenbat kume askatu behar dira?
Oso zaila da galdera hauei erantzutea.
Bide zuzena hondartzetan zer gertatzen den ikertu eta emaitza horietan oinarritzea litzateke.
Puntu hauek azpimarra daitezke:
Puntu hauek argi erakusten dute gai honen zailtasuna.
Gaur egun arrautzategietatik urtean 5.000 kume inguru ateratzen dira. 1988an hondartzetako errutaldiak 4 milioi arrautzek osatzen zituzten. Arrautzategien emaitzek ez dute, diru faltagatik, honen aurrean garrantzi handirik, baina gauza bat ederki azpimarratzen dute: babesak eta ikerketak elkar lotuta joan behar dutela, edo hobeto esan, ezagutzen ez den ezer egiazki ez daitekeela babestu.