Iragazkiak

Nogeras, Itziar

Elhuyar Fundazioa

Argi-izpien sortatik zenbait erradiazio zurgatu edo kendu eta argiaren kalitatea aldarazten duen pantaila da iragazkia. Beirazkoak, plastikozkoak zein gelatinazkoak izan daitezke eta, eskuarki, objektiboaren aurrealdean jartzen dira, hari hariztatuta edota iragazki etxearen bidez. (Angeluhandi oso zabalez kontuz ibili behar da, argazkian markoa ikus daiteke eta; aho zabaleko objektiboetan eta katadioptrikoetan kamera eta objektiboaren artean jartzen da iragazkia.

Iragazki koloredunak

Argazkia iragazki hori ertainez aterata dago eta zeruko hodeiak zertxobait nabariarazi ditu; bestela, zerua zuri-zuri azalduko zen. Iragazki laranjaz, urdina (zerua) are ilunago azalduko zen (baita berdea edo belarra ere), eta gorriak (halakorik egon bazen) argitu egingo zuen. Iragazki gorriak guztia areagotu egingo zuen. (I. Nogeras).

Emultsioak koloreekiko duen erantzuna aldatu egiten dute iragazki koloredunek.

Zuri-beltzeko pelikula pankromatikoa kolore guztiekiko sentikorra da eta hauek, duten argitasunaren arabera, gris bihurtuz erreproduzitzen ditu. Baina zenbait kolore ez da espero bezala ateratzen: urdinak nahi baino argiago eta hori eta berdeak espero baino ilunago erreproduzitzen ditu. Horiek horrela, kolore urdina iluntzen duen iragazki horia erabiliz gero, hodeiak, adibidez, zeruan nabarmenaraztea lortuko dugu.

Iragazki laranja eta gorriek efektu hori areagotu egiten dute eta dramatismo handiago ematen diote argazkiari. Iragazki bakoitzak bere antzeko kolorea argitu eta osagarriak, zurgatuz, ilundu egiten ditu, zuri, gris eta beltzean eragiten ez dutelarik. Iragazki horia da erabiliena eta hasteko egokiena izan daiteke; berori baita errealitatera gehien hurbiltzen dena. Koloretako argazkilaritzan, iragazki koloredunak argiaren kalitatea zuzentzeko erabiltzen dira eta zuri-beltzerakoak baino dentsitate baxuagokoak izan ohi dira.

Koloretarako bi pelikula-mota nagusi ditugu, bakoitza kolore-tenperatura bati egokituta: egun argiari edo 5.500 K-ko kolore-tenperaturari egokitutako pelikula (flasharen argiari ere badagokiona) eta wolframio-argiari edo argi artifizialari (3.200 K-ko kolore tenperaturari) egokitutakoa.

Pelikula bakoitzari dagokion argi-iturria aldatuz gero, iragazki zuzentzaileak behar dira, bestela kolore-desbideratzeak gertatzen dira eta. Arazoa, batez ere, diapositibetan izaten da; koloretako negatiboetan agertzen diren desbideratzeak positibatzean konpon baitaitezke.

Egun argirako pelikula eguerdiko argira egokituta dago eta egunean zehar izaten diren aldaketak ere nabaritu egiten dira emaitzetan. Horiek horrela, egunsentian eta ilunabarrean nagusitzen den argi gorrizta leundu nahi denean iragazki urdinak erabiltzen dira.

Ikus iragazki degradatu urdinak. Badira bi erdialdetan banatuta egon beharrean erdigunea argi eta ingurua koloretuta daukaten beste degradatu batzuk.
I. Nogeras

Zerua urdin dagoenean argazkiak itzaletan ateratzean, aldiz, kolore urdina nagusitzen da eta hori leuntzeko iragazki gorriztak erabiltzen dira. Hori guztiaz gain, koloretarako iragazki koloredunak irudi fotografikoa kolore batez ala besteaz girotzeko erabili ohi dira.

Badira erdialde bat koloreduna eta bestea koloregabea daukaten beste iragazki batzuk, degradatuak deritzenak (mailakaturik galtzen baitute kolorea). Horien helburua zenbait iruditako bi alderdiren arteko kontrastea (paisajeetako zeru eta lurraren artekoa, esaterako) murriztea izaten da. Degradatuak badira ere, zenbat eta diafragma irekiagoz lan egin, hainbat eta gutxiago nabarituko da emaitzan bi alderdien arteko kolore aldaketa.

Bestalde, kontuan izatekoa da iragazki koloredunek pelikulara iristen den argi-kantitatea murriztu egiten dutela eta, objektiboan zeharreko esposimetroa eduki ezean, argi-galera hori esposizioa handiagotuz konpentsatu egin beharko dela. Horretarako iragazki bakoitzak bere iragazki-faktorea dauka eta horrek adierazten duen zenbakia biderkatu egin beharko zaio esposizioari. Degradatuetan, aitzitik, hori egitea ez zaigu komeni, kolore gabeko zatia gainesposatuta geratuko litzatekeelako.

Beirazko eta plastikozko iragazkiak hariztatuta jartzen dira. Gelatinazkoak, berriz, “irekiak” dira eta itsatsita jar daitezke. Objektiboek beren diametro bereko haridun iragazkiak besterik ez dituzte onartzen, baina irudian ikusten den tresna erabiltzea ere badago: iragazkiak (biribil zein koadratuak) iragazki-etxean kokatzen dira; objektiboa aldatuz gero, adaptatzailea aldatzea besterik ez dago.

Iragazki kolorgeak: polarizatzailea, ultramorea eta dentsitate neutroduna

Hirurak zuri-beltzean zein koloretan erabil daitezke eta, aurrekoek ez bezala, esposizioan eraginik ez dute.

Ikus iragazki tabako-kolorekoak irudiari ematen dioten tankera. Badira bi erdialdetan banatuta egon beharrean erdigunea argi eta ingurua koloretuta daukaten beste degradatu batzuk.
I. Nogeras

Polarizatzailea, gainazal laun eta ez-metalikoetan argi polarizatuak sortzen dituen isladak kentzeko erabiltzen da. Koloretako argazkietan, argi horrek bizitasuna kentzen die koloreei eta iragazkiaren bidez hauek biziago ateratzea lortzen da, era horretara, zerua urdinago, belardiak berdeago,... geratzea lor dezakegu. Iragazki hori, objektiboan jarrita daukagula, biratu egin behar dugu, bere polarizazio-planoak argi polarizatuarenarekin angelu zuzena osatu arte. Era horretara, argi polarizatuaren intentsitatea minimora murriztu ahal izango dugu.

Bai zuri-beltzeko, bai koloretako pelikula, giza begiarentzat ikusezin diren erradiazio ultramoreekiko sentikor dira. Erradiazio ultramoreek laino-antzeko efektua sortzen dute eta urrundik hartutako paisajeetan, altuera handitan, itsasoan eta egun lainotsuetan nabaritzen dira batez ere. Zuri-beltzean irudia argitu eta koloretan urdindu egiten dute. Horrelakorik nahi ez bada, erradiazio horiek zurgatzen dituen iragazki ultramorea erabili behar da.

Difusio-iragazkirik erabili gabe ere, horrek sortzen duen antzeko efektua lor daiteke. Beheko argazkia iragazki ultramoreari hats egin eta lausotuz aterata dago. Era asko dago iragazki bereziak erabili gabe efektu bitxiak sortzeko (baselina edo antzekoa igurtzitzea, galtzerdi edo gasa bat jartzea, hats eginez lausotzea, eta abar), baina, nolanahi ere, ez da komeni objektiboari zuzenean ezer egitea; horretarako kameran finko erabili ohi den ultramorea edo horrelakoetarako propio dagoen oinarrizko iragazkia erabili behar dira. (I. Nogeras).

Iragazki hori, gainera, objektiboa babesteko finko erabiltzea ere gomendatzen dute adituek. Skylight izenekoa da horretarako erabili ohi dena.

Dentsitate neutroko edo griseko iragazkiak argi-intentsitatea murriztu egiten du, tonu erreprodukzioa aldatu gabe. Argi indartsua dagoenean ere, irekidura handiak erabiltzeko aukera eskaintzen du. Dentsitate neutroduneko degradatuak ere badaude.

Bi multzoko horiez gain, efektu bereziak sortarazten dituzten beste iragazki-zerrenda luzea ere badago. Esaterako: argi-puntuak eta isladak izar bihurtzen dituzten izar iragazkiak, irudia anizkoizten duten iragazkiak, difrakzioa sortzen duten iragazkiak, irudia bigundu eta giro erromantikoa isladatzen duten difusio-iragazkiak, eta abar.

Esanak esan, edozein iragazki erabili dugula ere, komeni da argazki-dendakoei horren berri ematea, laborategian kontutan har dezaten eta, zerbait oker dagoelakoan, zuzentzen saia ez daitezen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila