Hiesaren birusaren kontrako tratamenduei esker, azken urteetan gaixoen egoera hobetu egin da herrialde industrializatuetan. Gaixoen bizi-itxaropena handitu egin da, hilkortasunak behera egin du eta amarengandik umearenganako transmisioa asko murriztu da. Beraz, gaixoek bizi-kalitate hobea dute. Etxean jasotzen dute tratamendua eta ospitaleratzeak asko murriztu dira.
Tratamenduei esker, urte gutxitan beldurra konfiantza bilakatu da, hiesa ez baita dagoeneko nahita nahiez hilgarria, eta gizartea lasaitu egin da. Horretaz ohartzeko, nahikoa da komunikabideei arreta jartzea. Prebentzio-kanpainak, adibidez, asko murriztu dira eta garai bateko bonbardaketa mediatikoa desagertu egin da. Lasaitasunak, ordea, neurri gutxiago hartzea eragin du. Babesik gabeko sexu-harremanen kopuruak berriz ere gora egin du, batez ere gizonezkoen artean; Ingalaterran eta Galesen, xiringak trukatzen dituzten drogazaleak 1997an baino % 30 gehiago dira orain. Adituen arabera, kezkatzeko moduko datuak dira.
Aldi berean, hiesa behartsuengan eta gutxiengo etnikoengan finkatzen ari dela ikusi da, (askotan berdinak). Poliki-poliki baina etengabe, izurritea populazio zaurgarrienen artean ari da zabaltzen. Estatu Batuetan, esaterako, eskualde landatarretako beltzek dute kutsatzeko arrisku handiena, baita tratamenduak eskuratzeko aukera gutxien ere. Herrialde industrializatuetan ere tratamendua ez dago guztientzako ziurtatuta.
Egoera kritikoa da. Saharaz hegoaldeko Afrikan populazioaren % 8,8 dago GIBarekin kutsatuta. Baina larrien, dudarik gabe, hegoaldean daude: han, kutsatutakoen batezbestekoa % 20koa da. Batezbesteko altuena Botswanak du, populazioaren % 36; zerrendan hurrenak Swazilandia, Zinbabwe eta Lesotho dira, % 24-25. Eskualde batzuetan kutsatutakoen kopurua oraindik gora egiten ari da; beste batzuetan, aldiz, egonkortu egin da, jende gutxi gelditzen baita oraindik kutsatzeke. Afrika beltzean izurritea orokorra da, populazio-talde guztiei eragiten die, hirian bizi ala eskualde landatarretan bizi.
Eta hiesak maila guztietan eragiten du. Orainaldian eta etorkizunean eragiten du, kapital soziala higatzen baitu. Alde batetik, gazteei eragiten dielako eta, bestetik, izurritea mugikortasun handiena dutenen, osasuntsuen daudenen eta heziketa-maila altuena dutenen artean zabaltzen delako hasieran. GIBaren eta behartsuenen arteko erlazioa izurritea heltzen denean sortu eta betikotzen da. Afrikan eta latinoamerikan behintzat halaxe gertatu da.
Adituen arabera, inpaktu soziala hasi besterik ez da egin, hiesak eragindako heriotzak ugaritu egingo baitira hurrengo urteetan. 20 urte barru, egoera txarrenean dauden Afrikako herrialdeetan populazio piramide estandarra hankaz gora egongo da: jende gehiagok izango ditu 60-70 urte 40-50 baino. Datu bat: Afrikaren hegoaldean bizi itxaropena 44 urtetik 59ra igo zen 1950etik 1990era bitartean, baina hiesa dela eta, berriz ere 45era jaitsi da.
Garapen bidean dauden herrialdeetan, lotura zuzena dago GIBaren prebalentziaren (kutsatutako populazioaren ehunekoa) eta barne produktu gordinaren (BPG) hazkundearen artean. Zenbat eta GIB-kasu gehiago, orduan eta hazkunde txikiagoa. Hegoafrikan, adibidez, hiesik izango ez balute, BPGa % 17 handiagoa izango litzateke. Botswanak Afrika hegoaldeko per capita BPG handiena du. 1986-96 artean, behartsuen proportzioa populazioaren % 49tik % 38ra jaitsi zen, baina beste hamar urtean % 45era igoko da berriz ere. Izan ere, hiesak txirotasuna areagotzen du.
Nekazaritza nagusi den eskualdeetan, berriz, kalkulu horiek azalean gelditzen dira, ez baitira aintzat hartzen hiesak epe luzean nekazaritza-ekoizpenean izan ditzakeen eraginak. Adibidez, hileta-elizkizunak ordaintzeko ganadua saltzen delako, edo umezurtz gelditu diren umeek etxaldearekin jarraitzeko gaitasunik ez dutelako, nekazaritza ekoizpena eten egiten da. 13,3 milioi umezurtz utzi ditu hiesak Afrikan.
20 urte barru Afrikaren hegoaldean orain baino 24 milioi lagun gutxiago egongo da lanerako prest hiesaren erruz, eta daudenen produktibitatea txikiagoa izango da, asko kutsatuta egongo baitira. Hezkuntzari begira, egoera samingarria da: 1999. urtean 860.000 ume irakaslerik gabe utzi zituen hiesak, eta zenbait herrialdetan gehiago dira hiltzen diren irakasleak erretiratzen direnak baino.
Hies-izurritea gizarte-egitura osoari eragiten ari zaio, baita segurtasunaren arloari ere. Pentsa, Nazio Batuen segurtasun-batzordean joan den urtean birritan hitz egin zen hiesa eta segurtasunaz.
Neurri egokiak hartuz gero, izurritea areagotzea ez da eragotzi ezinezkoa. Neurri horiek globalak eta lokalak izan behar dute. Globalak, gizarte mailan eta mundu guztian ezarri behar direlako eta, lokalak, tokian tokiko errealitatera egokitu behar direlako. Oro har, hiru dira hiesaren kontra ezarri beharreko printzipio unibertsalak: bat, hiesarekin bizi diren pertsonak erantzunean inplikatzea; bi, prebentzioa eta zainketa, eta haien arteko sinergia; hiru, hiesaren estigma gainditzea, ekintzak aurrera eramateko muga handienetakoa baita.
Dudarik gabe, generikoen auzia dabil une hauetan hitzetik hortzera. Estatubatuar bati, adibidez, hiesaren kontrako tratamendua 13.500-22.500 euro kostatzen zaio urteko. Farmazia-industriaren eta generikoak ekoizten dituzten konpainien arteko lehiakortasunari esker, botiken prezioak behera egin du nabarmen, baina, hala ere, Afrikako gaixo bakoitza tratatzeko 2.000 euro behar dira urteko. Indiako Cipla eta Hetero generikoen konpainiak botikak prezio laurdenean eskaini dizkio Mugarik Gabeko Medikuei eta prezio erdian gobernu eta bestelako erakundeei. Ez dira bakarrak izan. Hegoaldeko Afrika, Tailandia, eta Brasil ere generikoen bidetik abiatu dira.
Farmazia-industriak ez du inoiz abegi onez ikusi botikak merke saltzearen auzia. Alde batetik, euren lepotik negozioa egingo ote duten beldur direlako, botikak merke jasoko dituzten herrialdeek botikak esportatzen has daitezkeela ikusten dutelako. Beste aldetik, hiesarekin hasi eta eskakizunak beste gaixotasunetara ere zabalduko direlakoan dira. Eta ziur aski ez daude oker. Baina iritzi publikoa kontra jarri zaie eta hainbat konpainia botikak merke saltzeko prest agertu dira. Adibidez, Abbott, Boehringer-Ingelheim, Bristol Myers Squibb, GlaxoSmithKline, F. Hoffmann-La Roche, Merck eta Co Inc, eta Pfizer konpainiak Nazio Batuekin elkarlanean hasi dira.
Botikak merkeago jarrita ere, gaixo gehienek ezingo diete tratamenduaren kostuei aurre egin. Hitz horiek AIDSETI erakundeko presidente Binswanger-ek idatzi zituen Science aldizkarian. Bere ustez, auzia ezin da soil-soilik farmazia-industrietara mugatu, herrialde garatuetatik programa bereziak egitea nahitaezkoa da, merke garestiegi izan baitaiteke askorentzat.
Garesti, hiesaren kontrako tratamendua ez delako botika hartzera mugatzen. Gaixoen segimendua egin behar da eta horrek, medikuak, laborategiak, materiala, eta abar, eskatzen du. “Tamalgarria da, baina behar adina botika emango baligukete ere, gaixo askorengana ezingo genuke iritsi, ez baitago azpiegiturarik” ohartarazi zuen UNAIDS erakundeko buruetako batek. Gune landatarretan lan handia dago egiteko. Botikak garraiatzeko errepideak egin behar dira; odol-analisiak egiteko laborategiak eraiki; horiek mediku eta erizainez hornitu. Askok ez dauka botikak digeritzen laguntzeko adina janari edota pilularekin batera hartzeko baso bete ur garbi. Baina ez hori bakarrik, lehenik jendea masiboki hiesaren froga egitera erakarri behar da.
Tragedia Saharaz hegoaldeko Afrikaz jabetu da, baina Nazio Batuen azken txostenak ohartarazi duenez, Afrika etorkizunean beste lekuetan gerta daitekeenaren adibidea izan daiteke, batez ere Asian. Hamarkada bat baino gehiagoz hiesaren eragina baxu samar mantendu da arrisku-talde guztietan, baina azkenaldian azkar ari da handitzen. Txina, Indonesia eta Vietnam, adibidez, aparteko izurriteak sufritzen ari dira. Txinan 1995. urtean ez zen xiringa bidezko drogak hartzen zituztenen artean GIB-kasurik detektatu (8 toki aztertu ziren). 1999. urtean, berriz, aztertutako 19 tokietatik 17tan atzeman ziren (Yining hirian, drogazaleen % 80 zegoen kutsatuta).
Hain urrutira joan gabe, Ekialdeko Europak izan du azken urteetako hazkunderik handiena. 1999. urteko urtarrilean 10.000 GIB-kasu zeuden Errusiako Federazioan. 2000. urtean, berriz, 70.000. Hau da, 2000. urtean bakarrik, aurreko zazpi urteetan baino kasu gehiago atzeman ziren.
Afrika beltzeko bi estatu horiek munduan larrien daudenak dira. Hegoafrikan 4,7 milioi lagun dago hiesaren birusarekin kutsatuta, populazioaren % 11. Botwsanan, berriz, populazioaren % 35ek du birusa, baina askoz gutxiago dira, milioi eta erdi. Hegoafrikan Thabo Mbeki da presidentea eta oso iritzi pertsonala du hiesaren inguruan.Zalantzan jartzen du GIBak hiesa sortzen duela, eta ez du bere herrialdearen egoera larria ikusi nahi. Urrian, ahaleginak eta bi egin zituen hiesari buruzko txosten bat kaleratu ez zedin.
Baina, aldi berean, botika generikoak ekoizten hasteko pausoak ematen ari da. Botswanan, berriz, hezkuntza- eta prebentzio-kanpaina handi bat abiarazi zuen Festus Mogake presidenteak orain bi urte gobernura iritsi zenean. Azpiegiturak prest dituzte, ospitaleak, urruneko herrixketara bi hilez behin joango diren unitate mugikorrak eta mediku eta erizainak formatzeko programak. Urte amaierarako 300.000 gaixo tratamendua jasotzen hasiko direla ere iragarri dute.