Intsektuen eztenkaden arriskuak

Tropikoko lekuetan ezezik, gure artean ere badira heriotza eragin dezaketen intsektuak. Lasai egon zaitezte, hori ez baita salbuespen-kasuetan baino gertatzen. Edonola ere, era guztietako intsektuen bisitarako sasoi egokia oraintxe da Euskal Herrian. Ezusterik gerta ez dadin, adi egotea komeni da.

Zenbait intsekturen eztenkadek alergiarik eragin dezaketela gauza jakina da. Alabaina, alergien intzidentzia jendeak uste baino txikiagoa da, eztenkaden % 0,3 eta % 3 bitartekoa, hain zuzen. Proportzio txikian gertatzeagatik, ordea, intsektuek eragindako alergiak ez dira txantxetan hartu behar. Alergiarako edo erreakzio larrietarako joera dutenek babes-sistema berezia atondu behar izaten dute udako “izurriteari” aurre egin ahal izateko.

Etsai txikiak, baino etsaiak

Intsektu guztiek ez dute ziztatzeko ahalmenik eta ziztatzen duten guzti-guztiek ez dute erreakzio alergikorik sortzen. Horregatik, arriskutsuak izan daitezkeen intsektuak ezagutzea beharrezkoa da.

Zenbait intsekturen eztenkadek alergiarik eragin dezaketela gauza jakina da. Alabaina, alergien intzidentzia jendeak uste baino txikiagoa da, eztenkaden % 0,3 eta % 3 bitartekoa, hain zuzen.

Erasoa noiz gauzatzen duten irizpidetzat hartuta, arratsean edo egun argiz ziztatu ohi duten intsektuak bereiz daitezke. Argia maite dutenen artean ezagunenak erlea eta erlastarrak dira. Horiek babeserako erabiltzen dute eztena: erlauntza arriskuan dagoenean ziztatzen dute, une horretan erasokor bilakatzen direlarik. Gauez ziztatzen duten intsektuen artean liztorra eta kurubioa ditugu. Liztorra zoluan, paretetan edo belarrean bizi da eta ondotik pasatzean ernega daiteke. Gozo-zalea da oso, azukrea duten substantziak gogoko ditu eta ondorioz, jakiek edo kondarrek erakarri egiten dute.

Hauez gain, kosk egiten duten intsektuak daude. Eltxoak dira ezagunenak. Listu gurinetako likidoa jariatzen dute, baina ez dute substantzia alergenikorik transmititzen eta gehienetan hozkadaren inguruko erreakzioa baino ez dute sortzen.

Abdomenean hasten da intsektuen ezten-aparatua. Erasotzeko nahiz babesteko, pozoi zakuaren muturrean dagoen eztena erabiltzen dute. Zaku hori uzkurtu egiten da eta eztenaren bidez, etsaiaren ehunetara pasarazten dute pozoia. Dakigunez, intsektu guztiek ez dute ziztada-ahalmen berbera izaten. Erleak eztenkadaren ondoren hil egiten badira ere, liztorrak ezten-kolpe asko egiteko gai dira hil baino lehen.

Pozoiak dituen alergeno nagusiak nahikoa ezagunak dira. Erleen pozoia, adibidez, A 2 fosfolipasa, hialuronidasa, fosfatasa azidoaren aktibitatea daukan pisu molekular altuko substantzia eta melitina. Arratserako joera duten intsektuen kasuan, berriz, pozoiaren konposizioa desberdina da: fosfolipasa, hialuronidasa eta 5 Antigenoa deituriko proteina atzeman dira intsektu horien pozoiean.

Gorputzaren erantzunak

Intsektuen ziztadaren ondorioz, ezten-kolpearen inguruan mina, hantura eta eritema gertatu ohi dira. Normalean, eztenkada gertatu eta ordu gutxitara desagertzen dira erreakzio horiek. Edonola ere, badira arriskutsuagoak eta iraunkorragoak izan daitezkeen erreakzioak.

Lekuko erreakzio hedatuak ezten-kolpearen inguruan ezezik, gorputzean zehar ere hedatzen diren erreakzioak dira. Eztenkada gertatu eta bi egunera garatzen dira eta zazpi egun behar izaten dira desagertarazteko. Erreakzio horiek zerk eragiten dituen ezagutzen ez bada ere, E Ig taldeko antigorputzek eragin zuzena dutela uste da. Sendabideei dagokienez, azido azetilsalizilikoa (650 mg ahoz eta lau ordutik behin) eta antihistaminikoak (difenhidramina 50 mg ahoz sei ordutik behin) erabil daitezke. Hala ere, hanturak eta egonezak zabaltzen segituz gero, prednisona ere har daiteke, 40 mg ahoz eta eguneko 2 edo 3 aldiz.

Eltxoek ez dute substantzia alergenikorik transmititzen eta gehienetan hozkadaren inguruko erreakzioa baino ez dute sortzen.

Zenbaitzuk erreakzio horiek behin eta berriro azaltzeko joera dute. Luze jota, kasu horien % 5ean baino ez da anafilaxia garatzen. Erreakzio horiek gertatzen direnean ez dira larruazaleko testak egiten, ezin baitira inmunoterapiaz tratatu.

Ezten-kolpe asko batera pairatzean erreakzio toxikoak gerta daitezke. E Ig antigorputzen ondorioz, anafilaxiaren sintoma berberak azaltzen dira.

Intsektuen eztenkadaren ondorioz gertatzen diren ezohiko erreakzio ei buruz datu asko argitaratu izan da. Horien artean, baskulitisa, nefrosia, neuritisa, entzefalitisa eta seraren eritasuna dira ezagunenak. Oro har, sintomak eztenkada izan eta ondorengo egunetan edo asteetan agertzen dira eta luze jotzen du horiek desagertarazteak.

Anafilaxia eta bere tratamendua

Edonola ere, erreakziorik bortitzena eta arriskutsuena anafilaxia da. Lehenengo aldiz gorputzean sartzean, erreakziorik ez edo erantzun pobrea sortu zuen substantziak bigarren aldi batean hipersentikortasun-egoera sortzeari deritzo anafilaxia eta intsektuen ezten-kolpearen ondorioz ere sor daiteke. Sintoma usuenak larruazalean eta dermisean agertzen diren urtikaria barreiatua, gorritasuna eta angiodedema dira. Horiez gain, bizia arriskuan jar dezaketen erreakzioak gerta daitezke, hala nola, arnasbideetako edema, zirkulazioaren kolapsoa hipotentsioz eta shock-az eta bronkoespasmoa. Sintoma horiek eztenkada jaso eta 10 edo 20 minutura azaltzen dira.

Intsektuen ziztadaren ondorioz, ezten-kolpearen inguruan mina, hantura eta eritema gertatu ohi dira. Normalean, eztenkada gertatu eta ordu gutxitara desagertzen dira.

Oraingoz erreakzio horien eraginez ez dago datu asko. Dakiguna zera da: tratamendurik gabe aurretik anafilaxia izan eta larruazaleko frogak positiboak izan dituzten gaixoen % 50 edo % 60 anafilaxia berriro garatzeko arriskua dute. Uste denez, ez dago inolako loturarik erreakzioaren larritasuna eta E Ig-ren maila serikoaren artean, ezta larruazaleko froga positiboekin eta pozoiaren kontzentrazioarekin.

Haurrek baino, helduek dute anafilaxiaren erreakzioak berriro gauzatzeko arrisku handiagoa. Larruazaleko edo dermiseko sintomak agertu dituzten haurrek nekez pairatuko dituzte sintoma horiek eztenkada berri baten ostean eta pairatzekotan, neurri txikiagoan izango da. Edonola ere, anafilaxiaren sintomak inoiz garatu dituztenak dira horiek berriro garatzeko arrisku handien dutenak.

Anafilaxiaren diagnostikoa egiteko larruazalaren test alergikoak dira biderik eraginkorrenak. Purifikatutako eta liofilizatutako pozoien laginak erabiltzen dira horretarako. 0.1 eta 1 mikrogramo/mililitro arteko dosi batekin agertzen den erreakzioak agerian uzten du pertsona horrek pozoiaren aurkako E Ig antigorputz espezifikoa duen ala ez.

Anafilaxiaren ohiko tratamendua erabiliko da intsektuen ezten-kolpearen ondorioz sortutako sintomen aurka. Ahal bezain agudo adrenalina subkutaneoa jarriko da 0.2 - 0.5 ml (1:1000 diluzioa) dosia erabiliz eta behar izanez gero, orduerdiro errepikatuko da. Difenhidramina bezalako antihistaminikoak ere erabil daitezke, urtikaria eta hazkura arindu egiten baitute. Sintomen arabera, beste neurri batzuk ere har daitezke, hala nola, benabarneko sueroak, oxigenoa edo bronkodilatadoreak jartzea. Sintomak 15 edo 30 minututan desagertuko dira eta horrela gertatzen ez bada, esteroideak erabiliko dira.

Anafilexia agertu duten pertsonek neurri profilaktikoak hartzea da tratamendurik onena. Intsektuetatik urruntzea, botika egokiak eskura edukitzea eta pozoi-inmunoterapia egokia ote den aztertzea funtsezkoa da horientzat.

Edonola ere, anafilexia agertu duten pertsonek neurri profilaktikoak hartzea da tratamendurik onena. Intsektuetatik urruntzea, botika egokiak eskura edukitzea eta pozoi-inmunoterapia egokia ote den aztertzea funtsezkoa da horientzat.

Pozoi-inmunoterapia pozoiaren dosi txikiak ziztatuz hasi eta aurrikusitako mantenimendu dosira ailegatu arte luzatzen da. Funtsean, horrek pozoiaren aurkako G Ig antigorputzak sortzen laguntzen du, E Ig antigorputzen maila gutxiagotuz. 3 edo 5 urtez eta larruazaleko testak negatiboak izan arte jarraitu behar da tratamendua. Inmunoterapia egin duten gaixoen % 2k baino ez du anafilaxiaren sintomak berriro jasango.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila