Elhuyar Fundazioa
Behin batean bazen informatikari prestu bat, artean Informatika jaio berria zela (Informatika bart gauean jaioa da, gazte askok aspaldiko kontua dela uste badute ere), byte-kopuru handiak idatzi behar zituela eta, burutazio ustez burutsua otu zitzaiona: informazio elektronikoa kode bitarrean idazten da, bi digitu baino erabiltzen ez direla: zeroak eta batak. Baina informatikariak ez garen gainerakook -eta informatikariek ere bai ordenagailua itzali ondoren- 10 digituko sistema metriko hamartarra erabiltzen dugu. Baina goazen harira: informatikari prestu hura ohartu zen 2 10 = 1024 zela, hau da, gutxi gorabehera 1000 zela, eta halaxe esan zuen: "unitateen Sistema Internazionalean 'kilo' aurrizkia erabiltzen dute 1000 adierazteko (1 kilogramo = 1000 gramo). Hortaz, nik ere 'kilo' aurrizkia erabil nezake 1024 adierazteko, 1000tik 1024ra alde txikia dago eta. Bekatu txikia egiten dut hor eta ondo ematen du, poliki:
2 10 byte = 1024 byte = 1 kilobyte".
Eta, hala, ideia beste informatikari askori jakinarazi zien. Guztiek "Ederki!" esan eta kilobytea erabiltzen hasi ziren. Baina fisikariek, hori jakin zutelarik, mutur beltza jarri zuten: "Informatikari txoropito horiek anarko hutsak dira gero! Makina bat urte eman dugu 'kilo' aurrizkia 1000 adierazteko erabiltzen eta, orain, mukitsu horiek ez dira ba hasi 'kilo' aurrizkia 1024 adierazteko erabiltzen! Ezta pentsatu ere!"
Informatikariek, honez gero asmatuko zenutenez, ez zieten jaramonik egin fisikari erretxinei eta kilobytea erabiltzen segitu zuten 1024 byte adierazteko. Hasiera hartan, lehenengo 10 edo 20 urteetan, dena ongi joan zen, kilobyteei buruz mintzatzen ziren guztiek bai baitzekiten 1024 bytekoei buruz ari zirela. Baina ordenagailuen eta Informatikaren mundu hasieran txiki eta itxi hura ziztuan zabaldu zen eta ordenagailuak saltzen zituztenek fisikariekin, injineruekin eta kaleko jendearekin ere komunikatzen hasi behar izan zuten. Eta fisikariek, injineruek eta kaleko jende normalak badaki kilometroak 1000 metro eta kilogramoak 1000 gramo dituela.
Informazioa metatzeko sistemak biziki azkar garatu dira eta megabyteak eta gigabyteak -eta, azkenaldion, terabyteak ere bai- guztiz unitate arruntak dira gaur egun. Baina informazioa metatzeko gailuak ez ziren sistema bitarraren arabera eraiki eta, zenbait ondorio praktikori begira, aritmetika bitarra baino egokiagoa da aritmetika hamartarra. Ondorioz, gaur egun, gezurra badirudi ere, ez dakigu zenbat byte dituen megabyteak. Adibidez, ordenagailuen memoriari buruz ari direla, fabrikatzaile gehienek megabyte unitatea 2 20 = 1 048 576 byte adierazteko erabiltzen dute; informazioa metatzeko gailuen (diskoen) fabrikatzaile gehienek, ordea, megabytea 1 000 000 byte adierazteko baliatzen dute. Bazterrak gehiago nahasteko, sare lokalen diseinatzaile batzuek 'megabit zati segundo' unitatea erabili dute 1 048 576 bit/s adierazteko, baina telekomunikazio-injineru guztiek 'megabit zati segundo' unitatea 1 000 000 bit/s adierazteko erabiltzen dute. Ez hori bakarrik, megabytearen bi definizio gutxi izaki, hirugarren bat agertu da; hirugarren megabyte horrek 1 024 000 byte ditu eta bera da 3 1/2 hazbeteko (90 mm-ko) disketea -guztiok erabiltzen dugun 1,44 MB-ko disketea- formateatzeko erabiltzen dena*.
Nahaspila, edo "bytepila" nahi bada, ez da txantxetakoa eta benetako oztopo bihurtu da normalizaziorako eta sistemen estandarizaziorako. Hori dela eta, fisikari erretxinek, informatikari anarkoek eta injineruek, elkar harturik, nahaspila deuseztatu nahi izan dute eta konponbidea ezarri dute. 1998ko abenduan Nazioarteko Batzorde Elektroteknikoak (frantsesez eta gaztelaniaz CEI, ingelesez IEC, mundu osoan elektroteknologiaren estandarizazioaz arduratzen den nazioarteko erakunde gorena), Injineru Elektriko eta Elektronikoen Institutuaren eta Pisu eta Neurrien Nazioarteko Batzordearen laguntzaz (erakunde hori da SI Unitate Sistema Internazionalaz arduratzen dena), informazioaren prozesamenduan eta transmisioan erabiltzeko biren multiploen -multiplo bitarren- aurrizkien izenak eta ikurrak erabaki ditu.
Biren multiploentzako aurrizki berriok ez daude SI Unitate Sistema Internazionalaren barnean, baina SI sisteman 10en berreturak adierazteko erabiltzen diren aurrizkietan oinarrituta daude. Laukian ikus daitekeenez, aurrizki berriaren izena dagokion SI aurrizkiaren izenetik eratorri da: SI aurrizkiaren lehen bi letrak hartu dira eta 'bi' letra-parea erantsi zaio ondoren, horiek 'bitar' ('binary' ingelesez) hitzetik harturik. Orobat, aurrizki berri bakoitzaren ikurra dagokion SI aurrizkiaren ikurretik eratorri da eta 'i' letra erantsi zaio, berriro ere 'bitar' hitzetik harturik (Biren multiploen beste aurrizkien ikurrekin batera etorrarazteko, 'Ki' ikurra onartu da 2 10 adierazteko, maiuskuladuna alegia, SI sistemakoan oinarriturik zegokion 'ki' ikurraren ordez).
Hona hemen aurrezki berrien eta SI aurrizkien hainbat adibide argigarri:
Erabakiak berri samarrak dira -iaz kaleratu ziren- eta pasako dira urte batzuk edonon eta edonoiz erabat erabili arte, unitate berri guztiekin gertatzen den bezala. Informatikariek fisikariei duela urte batzuk egindako txandrioa onbidera doala esan daiteke, beraz. Baina ez dira hor bukatzen informatikarien eta fisikarien arteko ika-mikak. Adibidez, fisikarientzat bel unitatearen ikurra B da (gehienetan haren azpimultiploa erabiltzen da: dB, dezibela); informatikarientzat, ordea, B letra byte unitatearen ikurra da. Hor dute beste liskarbide bat, oraindik konponbiderik ez duena.