Iñaki Peña CAF-Elhuyar II. Bekaren irabazlea da. Euskal mikroenpresen demografia eta erregimen teknologiak XXI. mendearen atarian da liburu egitasmoaren izenburua.
Ezer baino lehen, zorionak lortu duzun bekagatik. Zure lana zeri buruz den hobeto jakiteko, azal iezaguzu zer den enpresen demografia.
Enpresen demografiak enpresen portaera aztertzen du, jaiotzen direnetik hil edo jarduera amaitzen duten arte. Horrekin enpresen bizitzak oro har zenbat irauten duen ikusten da. Gainera, hori enpresek duten erregimen teknologikoarekin lotu nahi dut, eta teknologikoki aktiboak direnen eta ez direnen artean alderik badagoen aztertu.
Zerk bultzatu zaitu liburua idaztera? Hau da, zer da azaldu nahi duzuna eta nori dago zuzenduta?
Azterketa gehienen arabera, sortzen diren enpresa gehienak lehenengo hiruzpalau urteetan porrot egiten dute; fenomeno hori hemen bertan aztertu nahi dut, izan ere, Euskal Herrian sortutako enpresen % 80 inguru hain denbora gutxian desagertzea arazo larria da. Horregatik, hilkortasun horren arrazoiak ikertzeko asmoa dut, eta hori guztia era ulerterrazean azaltzeko, edonork irakurri ahal izateko. Liburua ez zaie adituei zuzenduko, baizik eta enpresen sorreran interesa duen edozeini.
Zergatik jarri duzu arreta mikroenpresetan eta ez beste neurri batekoetan?
Sortzen diren enpresa gehienak familiarrak eta oso neurri txikikoak izaten dira; asko jota hamar langile izaten dituzte. Baina, txikiak izan arren, garrantzi handia dute gure ekonomian. Gainera, tamaina handiagoko enpresekin aldera ditzaket, beren artean dituzten ezberdintasunak ikusteko.
Enpresa horiek ba al dute ezaugarri komunik, adibidez jardueraren edota adinaren aldetik?
Denetarik dago. Askotan enpresa bat ez du ikasketak amaitu berri dituen gazteak sortzen, baizik eta lehendik negozio bat martxan zuenak eta, hainbat arrazoi direla medio, beste ildo bat zabaltzea erabaki duenak, edo aurrekoa utzi eta beste jarduera bati heltzen dionak. Zalantzarik gabe, nolabait enpresa-munduan eskarmentua izateak enpresaren biziraupenean garrantzi handia du, besteak beste, aurretik merkatua, hornitzaileak, lehiakideak ezagutzen direlako, eta arazoei aurre egiteko hobeto prestatuta dagoelako. Aldiz, hasiberriak ausardia eta kemen handiagoarekin hel diezaioke egitasmoari, baina aurreikusi ez zituen arazo asko azalduko zaizkio bidean, eta lehen hiru edo lau urte kritikoak gainditzea oso zaila izango zaio.
Arazo honen aurrean, zein da ekonomia-arduradunen edo politikoen jarrera?
Nire ustez, agintariak egoeraren jakitun dira; are gehiago, zenbait politika sustatzen hasi dira, esate baterako, garapen-agentziak eta inkubadoreak sortu dituzte. Inkubadoreak enpresa berriei tokia eskaintzen dieten egoitzak dira, eta faxa, telefonoa eta beste hainbat zerbitzu ematen dizkiete. Horretaz gain, batzuei klaseak ematen zaizkie, negozio plana egiten laguntzen zaie, eta abar.
Hori guztia azaltzeko, nola antolatuko duzu liburua? Liburu deskriptiboa izango da, ala ondorio batzuetara iristeko asmoa duzu?
Hain juxtu, liburuari orientazio jakina emateko asmoa dut. Oraindik ez dakit zer-nolako datuak bildu ahal izango ditudan, baina bai, datu horietatik abiatu eta baliagarriak izatea nahiko nukeen ondorioak ateratzeko xedea dut. Hasteko diagnosi bat egin nahi dut, enpresa horien egoera eta gure ekonomian duten pisua ikusi. Hain zuzen ere, ekonomikoki garrantzi handia dutela frogatu nahi dut. Hori horrela izanik, zein eratako arazoak dituzten ikusi eta, ziurrenik, duten arazo nagusia hilkortasun izugarri handia dela azalduko da.
Sustapen-politiken eraginkortasunari ere eskainiko diot atal bat, inkubadoreen moduko egitasmoek bere asmoa betetzen duten ala ez ikusteko; alegia, hasierako urte kritiko horiek gainditzen laguntzea lortzen duten jakin nahi dut. Batez ere, enpresen bilakaerari jarraituz, hilkortasun-indizeak lortu eta, ahal bada, kausalitate-erlazioak atera nahi ditut. Hala ere, ez dut enpresen heriotzen zergatiak aztertzeko asmorik, orotarikoak baitira eta dagoeneko egituratua dut liburuaren nondik norakoa.
Bukatzeko, gaur egiten den zientzia-dibulgazioaren inguruan duzun iritzia jakin nahi genuke.
Nire ustean, zientzia-dibulgazioa handitzen ari den fenomenoa da. Gaur egun oso garrantzitsua da ikerketen emaitzen berri ematea, ez bakarrik arlo berean ari diren ikertzaileentzat, baizik eta beste arloetan ari direnentzat ere bai: arlo ekonomikoarentzat, politikoarentzat... gizarte osoarentzat. Oso nabaria da geroz eta aldizkari espezifiko gehiago dagoela, beraz, nolabait esparrua txikitzen ari dela dirudi, baina, bestetik, aldizkari gehiago daude.
Bestalde, ikerketaren munduan hizkuntza nagusi bat dago, ingelesa hain zuzen. Zientzian aurreratzeko ingelesez konpontzeko gai izan behar dugu. Hala ere, euskaraz egitea ere garrantzitsua da, baina bakoitzak gure hizkuntzan jartzen badugu arreta guztia, kanpoan uzten dugu ezagutza eremu zabal bat, eta hori ez da ona aurrera egiteko. Euskaraz ikerketak kaleratzeko gaitasuna badugu, eta egin beharrekoa da, nahiz eta, behar bada, beste publiko-mota batentzat izan. Garrantzitsua da ikerketen emaitzak gure hizkuntzan ere jakitera ematea, maila ezberdinean izan arren.