Hurrengo geltokia: Ilargia

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Jules Vernek 1865. urtean Lurretik Ilargira idatzi zuenean, gutxik uste zuten ehun urte geroago eleberriko hitzak egia bilakatuko zirela. Orain ere, Ilargiaren ustiapen industriala askorentzat amets ero bat besterik ez izan arren, hainbat egitasmok ametsa betetzeko bidea ireki dute.
Agian egunen batean, Ilargitik Lurra ateratzen ikusteak ez gaitu harrituko.
NASA

Asmo hori betetzea ez da erraza, baina pausoz pauso aurrera egin nahi dute. Dagoeneko zenbait egitasmo jarri dira martxan eta, ikerketa horiek oso garestiak direnez, Ilargia aztertzeko ardura ez dago estatu bakar baten eskuetan; Estatu Batuekin batera, besteak beste, Europako eta Japoniako erakunde publiko eta pribatuak ari dira elkarlanean.

60ko hamarkadan, Ilargira joateko zioa munduko bi nazio boteretsuenen arteko lehia irabaztea zen; horrela, irabazlearen nagusitasuna denen aurrean agerian geldituko zen. Baina, behin Ilargia zapaltzea lortu zutela, egitasmo berriekin jarraitzeko gizartearen babesa galdu zuten. Ez gobernua, ezta jendea ere, ez zegoen Ilargira bidaiak ordaintzeko prest arrazoi zientifiko hutsengatik.

1969ko uztailaren 20an Estatu Batuetako astronautek Ilargia lehen aldiz zapaltzea lortu zuten.
NASA

Orain, ordea, gero eta urrunagoko datuak ezagutzen direnean, hain hurbil dagoen satelitea ezagutzeko ideia akuilagarri bihurtu da. Adibidez, astronomoentzat Ilargiaren alde ezkutuan behatoki bat izatea benetan da interesgarria. Handik, Lurrak igortzen duen poluzio elektromagnetikorik gabe, Unibertsoa maiztasun guztietan beha daiteke; beraz, batzuen ustez, behatoki horrek bere garaian Hubble teleskopioak adinako datu-uholdea emango luke.

Baina interes gehien pizten duen ideia base iraunkorra ezartzea da. Dagoeneko, NASAren Clementine eta Lunar Prospector zundek bildutako datuei esker, Estatu Batuetako Espazioko Teknologia Ikerketarako Laborategiak kokaleku egokia aukeratu du. Laborategiko arduradunen arabera, aukera onena Ilargiko Hego Poloan dagoen Shackleton kraterra izan daiteke; batetik, Lunar Prospector zundak hidrogenoa dagoela frogatu zuelako eta, ondorioz, ura (izoztua) egon daitekeela uste delako; bestetik, 30 km luze den kraterraren ondoko eremu batean, Eguzkiak aldika argitzen dituen hiru puntu daudelako 15 kilometroko tartean. Horrela, eremu horretan eguzki-panelak ezarriz, eguzki-energia etengabe lortu ahal izango litzateke.

Koheteek behar duten erregaia Ilargian ekoizteak asko merkatuko lituzke espazio-bidaiak.
NASA

Alabaina, Unibertsoari, Lurrari eta gizakiari buruzko ezagutzan sakontzeak, hau da, zientzia hutsak, ezta ameslarien nahiak betetzeko gogoak ere, ez dute Ilargira joateko egitasmoa gauzatzeko behar adina dirurik erakartzen. Irabazi ekonomikoak ekarriko balitu, ordea, aurrera egiteko bultzada jasotzeko aukera gehiago izango lituzke.

Zer eskaintzen du Ilargiak?

Egia esan, ez dago oso argi, ez delako ongi ezagutzen. Dena dela, Lurrean jasotako Ilargiaren lehen irudiak eremu antzua eta goibela erakusten bazuten ere, erregolitoak aberastasun asko gorde ditzake. Erregolitoa hautsez estalitako Ilargiaren azalari ematen zaion izena da eta, dagoeneko, Kataluniako Eskola Politeknikoko Eraikuntza Ingeniaritza departamentuan ilargi-hautsa, sufrea eta zementua nahasiz hormigoia lortu dutela adierazi dute.

Kolonia iraunkorra ezartzeko toki aproposa aukeratu omen dute.
NASA

Hala ere, helburua ez da Ilargira Lurrera ekartzeko ondasunen bila joatea, baizik eta han sor daitezkeen beharrak bertan asetzeko modua bilatzea. Ilargira joateko behar diren koheteak garestiegiak dira, eta teknologiaren aurrerapenek bidaiak izugarri merkatzea lortzen ez duten arte, Ilargian base iraunkor bat mantentzeko era bakarra bertako baliabideak erabiltzeko gaitasuna izatea da. Bide batez, Lurretik ahal den hornidura gutxiena eraman behar izango da.

Erregolitotik eta Ilargiko harkaitzetatik oxigenoa ateratzea da kostuak merkatzeko irtenbide bat. Hala, koheteen erregaiaren osagaietako bat lortuko litzateke, gaur egungo kohete kimikoetan hidrogeno eta oxigeno likidoak erretzen baitira eta bi propultsatzaileen nahastearen pisuaren % 85 oxigenoari baitagokio. Orain, Ilargira doan kohete batek joan-etorrirako adina oxigeno eraman behar du; horregatik dira hain handiak eta astunak. Aldiz, Ilargiko oxigenoa erabiliz gero, koheteak 3 aldiz txikiagoak izango lirateke eta, ondorioz, askoz merkeagoak.

Horretaz aparte, espazioan dauden astronautek Lurrean ontziratutako oxigenoa arnasten dutenez, ikuspuntu horretatik ere guztiz interesgarria da erregolitotik oxigenoa lortzea. Litekeena al da baina? Ikertzaileek baietz diote. Erregolitoaren % 45 oxigenoa bada ere, ez dago gas-egoeran. Beraz, oxigeno hori ateratzeko hainbat metodo erabili behar dira, adibidez, pirolisia, elektrolisi magmatikoa eta hidrogeno bidezko erredukzioa. Metodo kimiko horiek ondo ezagutzen dira; zailtasun bakarrak Ilargiko ingurugirora egokitzea eta ekintzaren tamaina handia dira.

Clementine zundak bildutako datuei esker, Hego Poloko mapa osatu zen.
NASA

Horregatik, Apolo misioetan ekarritako laginetatik oxigenoa ateratzea lortu bazuten ere, aurrera egitea posible dela ziurtatzeko, NASAk Ilargiaren azalean oxigenoa ekoizteko mekanismo robotiko txiki bat ezartzeko asmoa du. Teknikari errusiarrek eta estatubatuarrek elkarlanean, Lurrean egindako proba batean, arrakasta lortu dute.

Bestalde, hidrogenoa eguzki-haizetik dator eta erregolitoan geratzen da harrapatuta. Oxigenoa baino kantitate txikiagoan egon arren, antzeko metodoak erabiliz lor daiteke. Hidrogeno hori erregai moduan erabiliko litzateke, baita oxigenoa ateratzeko erreduktore bezala edo, oxigenoarekin batera, ura sintetizatzeko ere. Izan ere, oxigenoa eta hidrogenoa bezain beharrezkoa da ura.

Ba al da urik Ilargian?

Ura egon zitekeela jakitean, NASAkoak kolonia iraunkorrarekin amesten hasi ziren.
NASA/P. RAWLIN

Apolo misioetan ekarritako laginek, ordea, Ilargiaren barnealdea idorra dela erakutsi zuten. Aldiz, ura duten objektuek ia etengabe jotzen dute Ilargiaren azalaren aurka, adibidez, kometek. Ondorioz, litekeena da itzalean dauden eremuetan, hala nola Ilargiko poloetan, ura metatu izana, bertako tenperatura –233 ºC-koa delako. NASAren 1994ko Clementine eta 1998-99ko Lunar Prospector misioen helburuetako bat Ilargian uraren arrasto garbiak frogatzea zen. Lunar Prospector zundak hidrogeno-kantitateari buruz bildutako datuen arabera, bi poloetan 6 mila milioi tona izotz egon daitezke eta Ipar Poloan ugariagoa izango litzateke. Gainera, izotz horren zati bat, mineralekin nahasita, harkaitzen azpian 40 cm-tara badago ere, beste zati bat ia purua da.

Datu horiek egiaztatzen badira, Ilargian kolonia bat ezartzeko ideiak bultzada izugarria jasoko du, urak bizileku iraunkor baten beharrak beteko lituzketelako. Izotzetik ura lortzea erraza da, eta eguzki-energia erabiliz eta elektrolisi bidez, koheteentzako erregaiak (hidrogenoa eta oxigenoa) eta arnasteko oxigenoa atera daitezke.

Helburua Lurretik ahal den hornidura gutxiena eraman behar izatea da.
NASA

Koheteentzako erregaia Ilargian ekoitzi ahal izateak garrantzi handia du, Lurraren orbitatik ateratzeko erregai asko behar baita eta horregatik dira, batez ere, hain garestiak bidaia espazialak. Aldiz, Ilargitik abiatuz gero, Eguzki-sistemaren barnealdea eskura gelditzen da eta misioak asko merkatuko lirateke.

Energia-ekoizpena

Ikertzaile eta ingeniari batzuen ustez, energia ekoizteko leku paregabea da Ilargia. Adibidez, bai azalean bai bere orbitan kokatutako eguzki-panelek ez lukete inongo oztoporik izango eguzki-izpiak jasotzeko, ez baitago ez hodeirik ezta eguna-gaua ziklorik ere. Gero, energia hori, mikrouhin bihurtuta edo laser-izpien bidez, Lurrera bidaliko litzateke.

Apolo 17 misioko ibilgailu robotikoek datu interesgarri asko bildu zituzten.
NASA

Bestalde, helio-3 isotopoa oso ugaria da Ilargian. Etorkizunean egin nahi diren fusiozko zentral nuklearretan deuterio-atomoak eta helio-3 atomoak batuz, gaur egungo fisiozko erreaktoreekin baino energia gehiago lortzeaz gain, poluzio erradioaktiboa asko gutxitzen da. Fusio bidezko erreaktoreek beste elementu batzuk ere erabil ditzakete, baina hori da erradiazio hilgarriak saihesten dituen aukera bakarra. Eta deuterioa itsasoan ugaria bada ere, helio-3a Ilargian bakarrik dago erabiltzeko moduan. Erregolitotik atera beharko litzatekeen arren, kontuan izan beharreko aukera da, Lurrean gero eta hondakin nuklear gehiago pilatzen ari direlako. Horretaz aparte, zentral nuklearrek sortzen dituzten hondakinen arriskua urrutiratzeko, Ilargia zabortegi nukleartzat erabiltzea proposatzen duenik ere bada.

Egitasmoek aurrera egin dezaten bete beharreko beste baldintza bat eraikin eta egitura guztiak Ilargian dauden materialez egin ahal izatea da. Erregolitozko blokeak eraikinen unitate bilaka daitezke eta nahasian dituen elementuekin beharrezko diren materialak egiteko bideak ikertu beharko dira, hala nola, plastikoak, zuntzak, zeramikak, beirak eta abar.

Behar adina diru izanez gero, edozeinek joaterik izango al du Ilargira?
NASA

Hala ere, ametsa betetzen saiatzeko egin behar diren ikerketentzat diru-kopuru izugarria lortzea da oztopo nagusia. Horregatik, dagoeneko abian diren egitasmoek, hainbat estatuen babesa izateaz gain, enpresen laguntza dute. Beraz, ikuspegi komertzialak gero eta indar gehiago duenez, Ilargira joan-etorriak edo egonaldiak eskainiko dituzten bidaia-agentziak antolatzea ontzat hartzen dute. Hori bai, azken helburua zientziaren aurrerapena bultzatzeko dirua lortzea izango dela diote. Dagoeneko enpresa batek baino gehiagok azaldu du bidaiak antolatzeko asmoa, esate baterako, ‘Artemis project’ misioa. Estatu Batuetako elkarte pribatu batek iragartzen duenez, misio horri esker, hamabost urte pasatu arretik, 2-3 asteko bidaia egin ahal izango da Ilargira, Europako hiriburuak ezagutzeko luxuzko itzuli batengatik adina ordainduz! Ez da, ez, batere garestia. Posible ote da, ordea?

Nazioarteko indarrak asmo beraren inguruan

1994. urtean, Europako Espazio Agentziak (ESA) eta Suitzak antolatutako nazioarteko bilera egin zen Beatenberg hirian. Nola gizakien bidez hala roboten laguntzaz, Ilargia aztertzeko egitasmoak sustatzea eta koordinatzea zen bileraren helburua. Bileraren antolatzaileen ustean, Ilargiaren esplorazioak eta ustiapenak aukera ugari eskaintzen ditu. Adibidez, sortu beharreko aurrerapen teknologikoek Lurrean ere erabilera zientifikoa eta industriala izan dezakete. Horrela, nazioarteko estrategiaren lehen faseak ezarri zituzten eta, plan horien egoera aztertzeko, bi urtetik behin biltzea erabaki zuten.

NASA

Bestalde, 1979an nazioarteko adierazpena egitea proposatu zen, Ilargian eta beste astroetan jarduerak arautzeko, nazioarteko arazoen iturri izatea saihesteko eta herrialde guztiei bidezko erabilera bermatzeko asmoz. Politikoki, ordea, porrot egin zuen, bederatzi estatuk besterik ez baitzuten onartu. Horien artean ez zeuden ez Estatu Batuak ezta Errusia ere, idatzian Ilargia eta zeruko astroak gizadiaren ondare direla adierazten delako eta, beren ustean, ideia horren esanahia ez da batere argia. Hala ere, UNESCOk salatzen duenez, herrialde batzuk, eta batez ere Estatu Batuak, zehaztasun gehiagorekin definitzearen aurka daude.

Dena dela, Ilargia aztertzeko planak aurrera doaz. Horien artean ESAren Leda egitasmoa dago eta 2002an jarriko dute martxan, Frantziako eta Italiako espazio-agentzien laguntzarekin. Japoniarrek, bere aldetik, bi jaurtiketa egin nahi dituzte, Loom izenekoa 2002an eta Lunar -A 2003an. Bi egitasmo horien helburua datuak biltzea da, ingurugiroa, topografia, mineralogia, uhin sismikoak eta Ilargiaren egitura ezagutzeko. Bestalde, 2002rako prest izatea espero duten Smart -1 misio europarraren barnean, espazio-ontziak Ilargia sei hilabetez orbitatuko du eta, bide batez, teknologia berriak probatuko ditu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila