Hortz-inplanteen garapen zientifikoa

Orive Arroyo, Gorka

Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzailea

Farmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz

Anitua, Eduardo

Medikuntzan eta Kirurgian doktorea, aho-kirurgialaria eta BTIko zuzendaria

Hortz bat edo bat baino gehiago galtzeak, gaixotasun baten, ezbehar baten edo adinaren ondorioz, eragozpen funtzionalak, estetikoak eta psikologikoak eragin ditzake. Azken batean, hortzek gure ahoari eta gure aurpegiari itxura ematen diote. Beraz, hortzak osasuntsu edukitzea funtsezkoa da estetika egoki bat izateko eta asaldurak saihesteko.

Hortz-inplanteen garapen zientifikoa
2007/05/01 | Anitua, Eduardo; Andia, Isabel; Orive Arroyo, Gorka | Medikuntzan eta Kirurgian doktorea, aho-kirurgialaria eta BTIko zuzendaria; Zientzietan doktorea eta BTI I+Dko ikerketa-zuzendaria; Farmazian doktorea eta Farmaziako irakasle lankidea.

Inplanteen garrantzi funtzionala eta estetikoa. A) eta D) hasierako itxurak; B) eta E) hortz-inplanteak ezarri ondoren.
E. Anitua
Ikuspuntu funtzional batetik, hortzen gabeziak gure ohiko murtxikatzeko ahalmena murriztu edo guztiz ezezta dezake. Gainera, galdutako hortzek utzitako hutsuneak ez badira hortz-inplanteen bidez azkar ordezkatzen, hezur-galerak sor daitezke ingurune anatomiko horietan, eta alboko hortzetan ondorio latzak sortarazi.

Horrez gain, gaurko gizartean ondo ikusita ez dagoenez, hortz-gabeziak ondorio psikologiko negatiboak eragin ditzake; asaldura psikologikoak, depresioak edo traumak sor ditzake zenbaitetan. Egoera horietan, hitz-egiteak, jateak edo soilik irribarre egiteak lotsa eragin dezake, eta arriskua dago bizitza guztian iraun dezaketen konplexuak sortzeko.

Egoera horiei aurre egiteko, lehenengo erabakia dentistarengana joatea izaten da, hortz-inplante berri bat edo bat baino gehiago jartzeko. Hortz-inplanteekin batera, protesiak (hortz artifizialak) ezarriko dira, hasierako funtzionaltasuna eta estetika berreskuratzeko. Hala ere, irakurleek agian ez dakitena da hortz-inplante guztien funtzionaltasuna, ezarpen-protokoloak eta, azken batean, epe luzeko eraginkortasuna ez direla inolaz ere berdinak, ezta antzekoak ere batzuetan. Zenbaitetan, inplanteak ezartzeak infekzioak, mina, gaixotasunak eta hanturak sortarazten ditu. Beste batzuetan, inplanteak jartzeko protokoloak desegokiak direnez, inplanteen bizitza eta denboran zeharreko funtzionamendua asko mugatzen dira, eta, ondorioz, horiek galtzeko arriskua oso handia izan daiteke.

Protokolo zorrotzak

Hortz-inplantearen eta protesiaren egiturak.
E. Anitua

Protokoloak eta teknikak hobetzeko, Gasteizko Biotechnology Institute (BTI) enpresak ikerketa-lan eta ahalegin handia egin du azken 15 urteetan, eta egundoko iraultza eragin du hortz-inplanteen munduan. Izan ere, haren baitan garatu diren teknikak, hortz-inplanteak eta protokoloak punta-puntakoak bilakatu dira. Eta Euskal Autonomia Erkidegoak ospea hartu du mundu osoko dentisten artean.

Hortz-inplanteen garapen zientifikoa asmo handiko helburu bat da, eta hain asmo handiko helburu batek zientzia-arlo ezberdinetan adituak diren profesionalak behar ditu. Besteak beste, esperientzia handiko dentistak eta inplantologoak; horiek eguneroko harremana dute gaixoekin, eta haien eskakizun eta arazoak ezagutzen dituzte. Hezurretan adituak diren biologoak ere behar dira; kontuan izan behar da hortz-inplanteak jartzeko hezur-egitura egoki bat behar dugula, etxe bat egitean lur finko bat behar den bezala. Bestalde, ingeniariak, fisikariak eta kimikariak behar dira, hortz-inplanteen gainazala eta itxura ondo diseinatzeko eta egiteko. Azkenik, animalietan eta gizakietan hortz-inplanteen azterketak egiten dituzten adituak behar dira. Horien guztien sinergiak kalitate eta eraginkortasun handiko hortz-inplanteak lortzea ahalbidetuko du.

Integrazioa, ezinbestekoa

Hortz-inplanteen titaniozko gainazala (A), eta egitura zilindrikoa eta espira-itxura (B eta D). Azken horiei esker, hezur-ehunean sartzeko eta ainguratzeko ahalmena lortzen dute.
(Argazkia: E. Anitua)

Lehenengo erabakia da hortz-inplanteen konposizio kimikoa, egitura eta itxura zein izango diren aukeratzea. Inplanteak ekoizteko erresistentzia handiko materialak erabiltzen dira, batez ere titanioa edo haren deribaturen bat. Eta hortz-inplateei egitura zilindrikoa eta espira-itxura ematen zaie, hezur-ehunean hobeto sartzeko eta ainguratzeko.

Hala eta guztiz ere, hezurrean inplante bat ondo finkaturik gera dadin, premiazkoa da hezurraren eta inplantearen gainazalaren artean elkarrekintza egoki bat lortzea. Elkarrekintza berezi horri inplante-hezur integrazioa deritzo. Integrazio txarra duten inplanteek egonkortasun eskasa izaten dute, eta, murtxikatzeko prozesuan eta mingainaren mugimenduekin sortzen diren presioen ondorioz, galtzeko probabilitatea oso handia izaten da. Hori dela eta, lehentasunezko helburua da inplante-hezur integrazio onena lortzea.

Gasteizko Biotechnology Institute-k garatutako lanetan, jomuga horri erantzun egoki bat ematea ez da erraza izan. Urte askotako lanaren ondoren, hazkuntza-faktoreen ahalmen biologikoak laguntzaile gisa erabiltzea bururatu zitzaigun, eta bide horretatik etorri da arrakasta.

Ezarri baino lehen hortz-inplanteak hazkuntza-faktorez kontzentratutako likido biologikoan bustitzen badira, inplanteen hezur-integrazioa azkartu eta hobetu egiten da.
E. Anitua

Horretan, bi aurrerakuntza izan dira funtsezkoak. Batetik, hazkuntza-faktoreak merke lortu ahal izateko urratsak ematea; izan ere, hazkuntza-faktoreen propietateak eta hezurren birsorkuntzan dituzten funtzioak lehendik ezagunak baziren ere, kostuak asko mugatzen zuen haien erabilera. Bestetik, hezurraren garapen egokia lortzeko beharrezkoak diren beste faktoreak --hezur-zelulen (osteoblastoen) hazkuntza sustatzen duten faktore mitogenikoak, zelula amak bereizi eta hezur-zelulak sortuko dituzten faktoreak, faktore angiogenikoak eta abar-- iturri bakarretik erauzi ahal izatea, zehazki, odoleko plaketetatik.

Faktore horiek guztiak odoleko plaketetatik lor daitezkeela aurkitzeak une horretaraino ezin gaindituzkoak ziruditen mugak gainditzeko bidea eman du. Norberaren odoletik lortzen den likido kontzentratu horrek, hazkuntza-faktoreez gain, osteoblastoak itsasteko funtsezkoak diren bitronektina eta fibronektina proteina itsasgarriak biltzen ditu. Hain zuzen ere, ikusi dugu gaixoari ezarri baino lehen hortz-inplanteak likido horretan bustitzen badira proteina eta hazkuntza-faktoreak inplanteen gainazalean itsatsita gelditzen direla, eta inplante-hezur integrazioa azkartu eta hobetzen dutela.

Hazkuntza-faktoretan bustitako inplanteen efektuak oso adierazgarriak dira. Bustitako inplanteak guztiz inguratu ziren hezurrez (A eta D); kontrolekoek, aldiz, inplantearen erdia bakarrik zuten hezurrez estalita (B eta E).
(Argazkia: E. Anitua)

Estrategia horren eraginkortasuna frogatzeko saioak egin genituen animalietan, animalietan egindako saiakuntzek aukera terapeutiko baten segurtasuna eta eraginkortasuna neurtzeko aukera ematen baitute. Kasu hartan, likido biologikoan bustitako hainbat inplante ahuntzetan ezarri genituen, eta likidorik gabe jarritako beste batzuekin konparatu genituen. Ahuntzekin egindako entseguek duda gabeko emaitzak eman zituzten: bustitako inplante-hezur integrazioa besteena baino % 85 handiagoa zen. Inplanteak jarri eta bi hilabetera egindako histologia- eta histomorfometria-entseguetan, argi eta garbi ikus zitekeen bustitako inplanteak hezurrez guztiz inguratura zeudela, eta besteek, aldiz, inplantearen erdia bakarrik zutela hezurrez estalita.

Nolako inplantea?

Hala ere, hortz-inplanteen integrazio bikaina lortzea ez da dentisten buruhauste bakarra. Egoera bakoitzaren arabera, zehaztasunez erabaki behar da zein motatako inplanteak ezartzea den egokiena. Hau da, beharrezkoa da erabakitzea inplante luzeagoak, motzagoak, zabalagoak edo estuagoak ezarriko diren, eta inplanteak protesiekin batera ezarriko diren edo bakarrik. Aukera bat edo bestea egiteak ondorio ezberdinak eragin ditzake, eta horren araberakoa da eraginkortasuna.

Hezur-maila neurtzeko garatutako teknologiaren adibidea. Sistema berri honi esker, hezur-dentsitate altuko (A) eta baxuko (B) guneak zehatz-mehatz detektatzen dira.
(Argazkia: E. Anitua)

Erabaki horiek hartu ahal izateko, hezur-dentsitatea neurtzeko baliagarria den teknologia bat garatu du BTIko ingeniari-taldeak. Lehen aurreratutako metaforari jarraituz, gure etxearen zutabeak (inplanteak) jarriko diren lurraren (hezur-maila) egoera aztertzeko bide ematen du teknologia berriak. Horri esker, gune bakoitzean gaixoen hezur-dentsitatea zenbatekoa den adierazten duen eskala bat erabili ahalko dute dentistek. Eskala horrek hankaz gora jarri ditu dentisten lan egiteko eta erabakiak hartzeko moduak, eta aldera batera utzi dituzte aspaldiko ohiturak eta ezagutza subjektiboa. Izan ere, lan egiteko era berri horrek informazio neurgarria, kuantitatiboa eta objektiboa izateko aukera ematen du, eta egoera bakoitzean egokiena den erabaki klinikoa hartzeko bidea ematen die dentistei.

Munduan aitzindari diren sistema informatikoak eta teknologikoak aplikatuz, posible da hortz-inplanteen eta alboko hezurren tentsioak ezagutzea. Kolore gorriak tentsio handiko puntuak irudikatzen ditu, eta zuriak, aldiz, tentsio txikikoak.
E. Anitua

Bestalde, BTI enpresa bioteknologikoak munduan aitzindari diren sistema informatikoak eta teknologikoak aplikatzen ditu inplanteek sor ditzaketen hezur-tentsioak balioztatzeko. Mingainaren bultzadak, murtxikatzeko era desegokiak, tentsioak eta beste zenbait faktorek presioa eragin dute hortz-inplanteetan. Presio horrek, lurrikara txikiak izango balira bezala, tentsioa sortzen du inplanteen alboko hezurretan. Poliki-poliki, mugimendu txiki horiek inplanteen integrazioa eta egonkortasuna murriztu dezakete, eta, ondorioz, inplanteak galtzeko arriskua areagotu egiten da. BTI enpresak garatutako hiru dimentsioko elementu finituzko sistemak egoera bakoitzean tentsio txikienak eragiten dituzten inplanteak aukeratzen laguntzen du. Teknologia berri horri esker, dentistek ikasi dute diametro handiagoko inplanteak hezurrean jartzean tentsioa nola murrizten den, eta horrek inplanteak denbora luzez egonkor eta funtzional mantentzen laguntzen duela.

Biziraupen luzea

Hala ere, urte askotako lan eta ahalegin horiek inplanteen epe luzeko funtzionaltasunean islatu diren ala ez jakitea funtsezkoa da. Zorionez, BTIk aurkeztutako emaitza positiboak ez daude askoren eskura: azken datuen arabera, hortz-inplanteen eraginkortasuna eta iraupena % 99,2koa da bost urtera; hau da, jartzen diren 1.000 inplantetik 9tan bakarrik sortzen dira arazoak. Gainera, gaixoek aitortzen dutenez, ez dute ez minik, ez infekziorik, ez beste albo-ondoriorik izan epe horretan. Horrenbestez, emaitza horiek gaixoek eta profesionalek hortz-inplanteetan duten konfiantza handitzea ekarri du, eta baita segurtasuna handitzea ere.

Orain dela gutxi arte dentistentzako ezezaguna zena estandar bihurtzea lortu dugu: hortz-inplanteen diseinua, ezartzeko arauak eta protokoloak zehatz-mehatz definitzea lortu dugu, jakintza-arlo anitzeko prozedura eta profesionalen bitartez. Gure azken emaitzen arabera, bi interpretazio eta ondorio atera daitezke: alde batetik, hortz-inplanteen balioa, segurtasuna eta eraginkortasuna zeharo frogatu dela, eta, bestetik, etorkizunari begira, oraindik hobetzeko aukera dugula.

Gasteizko BTI Biotechonology Institute-k Berrikuntza Teknologikoaren Felipe Printzearen Saria jaso du apirilean, enpresa txiki eta ertainen alorrean.

Bibliografia
Anitua, E., Sánchez, M., Nurden, A.T., Nurden, P., Orive, G. eta Andía, I.
"New insights into and novel applications for platelet-rich fibrin therapies"
Trends Biotechnol 5:227-234. 2006.
Marx, R.E., Carlson, E.R., Eichstaedt, R.N., Schimmele, S.R., Strauss, J.E. eta Georgeff, K.R.
"Platelet-rich plasma: growth factor enhancement for bone grafts"
Oral Surg Oral Med Oral Pathol Oral Radiol Endodon
85:638-646. 1998.
Anitua, E.
"Enhancement of osseointegration by generating a dynamic implant surface"
J Oral Impl 32:72-76. 2006.
Griffin, T.J. eta Cheung, W.S.
"The use of short implants in posterior areas with reduced bone height: a retrospective investigation"
Journal of Prosthetic Dentistry 92, 139-144. 2004.
Anitua, E.
Un nuevo enfoque en la regeneración ósea.
Vitoria-Gasteiz 2000.
Anitua, Eduardo; Andia, Isabel; Orive Arroyo, Gorka
3
231
2007
5
030
Medikuntza; Ikerketa-zentroak
Artikulua
23

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.