Xabier Sevillano Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileak doktore-tesia aurkeztu du uretako hondakin organikoak ezabatzeko prozesu berri bati buruz. Azterketa sakona egin du fenolak, substantzia benetan kaltegarriak, ezabatzeko bideak aurkitzeko. Eta, zergatik fenolak? Erraz biodegradatzen diren arren, poluitzaile ohikoenak dira, eta hainbat eta hainbat industriak isurtzen dituzte. Gainera, fenol-kontzentrazio handiak dituzten isurietan, esaterako, oso zaila da fenolak uretatik ezabatzea. Europako eta Espainiako legeriak produktu horien isurketak mugatzen ditu, baina, hala ere, hainbat enpresak
sortzen dituzte, eta, horrexegatik, oso ohikoa da urak fenolez poluituta egotea. Gainera, laborategiko azterketetan maiz erabiltzen dira konposatu horiek. Izan ere, fenolei buruzko informazio eta bibliografia asko dago.
Substantzia horiei aurre egiteko, biorreaktore bat diseinatu du Xabier Sevillanok. Erreaktore biologikoa ohantze fluidizatuko erreaktore arrunt bat da, baina euskarri berezia du, beta ziklodestrina polimeroa, hain zuzen ere. Oro har, konposatu aromatikoak, --besteak beste, fenolak-- atxikitzeko gai da polimero hori. Betiere kondizioen arabera, afinitate handiagoarekin edo txikiagoarekin atxikitzen ditu konposatuak. Ohantze fluidizatua, berriz, aireak esekiduran egonarazten dituen zatiki solido txikiz osatutako sistema da. Horren bidez, hobetu egiten da prozesuan parte hartzen duten zatikien arteko nahastea.
Egitura horrek fenolak bezain toxikoak diren bestelako konposatu organiko batzuk (konposatu aromatiko poliziklikoak eta abar) ere atxikitzen eta askatzen ditu. Hala, sistema biologikoa ez bada hondakin poluitzaile guztiak degradatzeko gai, horietako batzuk euskarri horretan atxikitzen dira. Eta litekeena da ingurumenean eragiten diren kalteak txikiagoak izatea; izan ere, isuriak murriztuko dira. Alderantziz, sistema biologikoa bera desegonkortzen den unean, elikagaiak falta dituelako, aurretiaz atxikitako poluitzaileak askatzeko gai da polimeroa, eta sistema egonkortu egiten da.
Xabier Sevillanok garatutako metodoak ez du sortzen azpiproduktu kaltegarririk, eta, gainera, biorreaktoreak bi abantaila nagusi ditu: nahiko merkea da eta ez du toki handirik behar. Bestalde, hainbat kondiziotan (ur-emari, poluitzaile-kontzentrazio edo tratamendu-denbora ezberdinetan) egin dute proba, eta ikusi dute biorreaktorea baliogarria dela egoera horietarako guztietarako. Gainera, euskarriak hidrogelaren ezaugarriak ditu, eta, hortaz, gai da ur-kantitate handiak xurgatzeko.
Dena den, biorreaktoreak hainbat desabantaila ere baditu: batetik, euskarria hauskorra da; biorreaktoreak egonkortasun txikia du pH azidoekiko, beta ziklodestrinaren egitura hondatzen baitute. Bestetik, ohantze fluidizatuen desabantailarik ohikoena da biomasa etengabe eratzen dela euskarrian. Azken desabantaila hori nabarmenagoa da euskarri gisa beta ziklodestrina polimeroa erabiltzen denean.
Laborategian hainbat saiakera egin dituzte, eta emaitzak onak izan dira, baina erreaktorea oraindik ez da probatu benetako hondakin-urekin. Litekeena da arazo gehiago sortzea, edo ez. Hala ere, etorkizun handiko erreaktorea izango dela uste dute adituek.
Biorreaktorea hondakin-uretako beste hainbat konposatu ezabatzeko ere erabil daiteke. Eta, biorreaktorearen ezaugarriak kontuan hartzen badira, oso aplikazio egokia da urak arazteko instalazioak ezartzeko leku gutxi duten industrientzat edota poluitzaile organiko ugari dituztenentzat.
Uraren arazketa garbia, merkea eta eraginkorra egiteko prozesuen ezarpena bultzatuko dute tesi honen emaitzek.