Hirietako fauna

Yuppie-ak, langile autonomoak, punkie-ak, kirolariak, igeltseroak, eskaleak, apaizak, umeak, prostitutak, taxistak, poliziak, artistak, erretiratuak, drogazaleak, solidarioak... denetarik ikusten da hiri handietan. Guztien artean gizartea osatzen dute, eta hiria dute bilgune, bakoitzak bere eremua izaten badu ere. Baina horiek ez dira hirietako bizidun bakarrak. Gizaki izeneko bi hankako animaliez gain, asko dira hirian bizitzera ohitu diren bestelako animaliak. Hirietan bizitzen ikasi duten animaliak dira, hirietako fauna.

Gizaki, eraikin, ibilgailu, argi eta kable artean bizi izatera ohitu diren arren, hirietako fauna osatzen duten animalien berezko tokia ez da hiria. Janaria erraz aurkitzen dutelako hiritartu dira gehienak; horregatik, eta arrisku berezi-berezirik jasan behar ez dutelako.

Hor daudela konturatzea ere zaila gertatzen da askotan. Eta hori da, hain zuzen, egoerarik onena hirietan bizi diren animalientzat, oharkabean pasatzea. Nabarmenegi direnean hasten dira arazoak, bai eurentzat eta baita hiritarrentzat ere.

Osasun-arazoen iturri

Sekula ez dago jakiterik nolakoa den aske bizi diren animalien osasun-egoera, eta hori, berez, egoera arriskutsutzat hartzen dute hiritarrek. Izan ere, hirietan bizi diren animaliak arazo-iturri izan daitezke.

Usoa eta txolarrea dira hirietara ondoen egokitu diren animalietakoak.
Zientzia eta Hezkuntza Ministerioa

Horietako batzuk hiriaren itxurari eta azpiegiturari dagozkie, ekononomiari ere bai, sarritan dirua gastatu behar baita haiek kontrolatu edo desagerrarazteko edo haiek egindako kalteak konpontzeko. Begibistakoak izaten dira gehienak: horma eta eskultura zikinak, argiteria-kable karraskatuak, herdoila, kalteak hodietan eta teilatuetan...

Dena den, osasunarekin zerikusia duten arazoak izaten dira kezkagarrienak hiritarrentzat, animaliak gaixotasunen edo bizkarroien eramaile izan daitezke eta. Haietako batzuk, gainera, gizakiari transmititzeko modukoak izaten dira. Hortik sortzen da kezka, eta, kezka horri nolabait erantzuteko, kontrolak egiten dira.

Populazioa mugatzea

Katagorria oraindik ez da animalia urbano-urbanoa, baina gero eta hiri gehiagotan ikusten da.

Kontrol hitza aipatzen dute garbiketa, desinfekzio eta abarretan diharduten adituek, baina gauza bakoitzari bere izenaz deitu behar zaio, eta kasu honetan hitzaren esanahia kontrolatzetik haratagokoa da, helburua populazioa mugatzea izaten baita.

Harrapatzen diren usoekin, adibidez, eutanasia egiten da gehienetan; gasa erabilita hiltzen dituzte, baina, batzuetan, beste herri batzuetara edo usategietara ere bidaltzen dira. Txakurrekin eta katuekin gauza bera egiten da; txakurtegietara eramaten dira, eta, han denbora batez eduki ondoren, inork hartzen ez baditu, akabatu egiten dira.

Arratoiekin, berriz, helburua populazioa kontrolatzea izaten da, ez dadila populazioa ikaragarri haz. Horretarako, odola ez gatzatzeko pozoiak erabiltzen dira, barneko odoljarioak eraginda pozoia jan duten arratoiak odolustuta hil daitezen. Noizean behin aldatu egiten da pozoi-mota, arratoiek ez dezaten erresistentziarik gara.

Izurriteak

Janaria erraz aurkitzen den tokietan pilatzen da hirietako fauna.

Hiri edo herri batean uso, arratoi, txakur edo katu —horiek izaten baitira arruntenak— gehiegi dagoela entzuten denean, izurrite hitza entzuten hasten denean eta jendea udalak zerbait egin beharko lukeela esaten ari denean hasten dira benetako arazoak hirietako animalientzat. Izan ere, hirietako fauna aipatzean, ikuspegi zientifiko edo objektibo batetik zaila da adieraztea izurritea dagoela, izurritea biztanleek egindako deiek markatzen dute. Denbora-tarte jakin batean udaletxean jasotzen den kexa-kopurua areagotzen bada, udalak kexuei kasu egin eta neurriak hartu behar ditu.

Horrelakoetan uste izaten da animalien populazioa ugaritu egin dela, baina ez du zertan horrela izan. Baliteke, adibidez, populazioa hazi gabe, animalien jarduerak gora egitea, jarduera bera areagotzea. Hiritarrak izurritearen irudipena izango luke, nahiz eta izurriterik egon ez.

Han eta hemen zenbakiak agertzen dira, baina, adituen arabera, ia ezinezkoa da hirietako faunaren errolda fidagarriak egitea. Pertsona bakoitzeko hamar arratoi daudela esan ohi da, edo Europako hegoaldeko hiri handietan kilometro karratuko 1.500 uso inguru egon daitezkeela, baina kopuru horiek asko alda daitezke. Janaria gutxitzen edo areagotzen bada, urtaroa ez bada egokiena, gaixotasunen batek populazioari eragiten badio... gorabehera handiak izaten dira.

Arratoiak osasun-arazo ugariren iturri izan daitezke.
T. Wong

Berriro usoak adibiderako. Jarri irudimena edozein hiritako edozein plazatan. Han 500 usoko kolonia egonkorra bizi da, eta hori gutxi gorabehera zenbatzea badago. Hura da haien etxea, plazan bertan habiak jar ditzaketelako eta talde osoarentzako nahikoa janari lor dezaketelako. Guztiak harrapatzea ezinezkoa da, baina, gehienak harrapatuz gero, plazan uso gehiagorentzako tokia geratuko da. Plazara inguruetako uso-kolonia txikiagoak hurbilduko dira, tokia atsegina delako eta libre geratu delako. Beste animalia batzuekin are eta zailagoa da populazioari buruzko kalkuluak egitea. Nola jakin zenbat arratoi, enara, katagorri, katu... dagoen hiri batean? Ez dago modurik.

Kontrol-sistemak

Kale-katuen kopurua zenbatekoa den jakiteko sistemarik ez dago.
E. Carton

Berdin dio, hala ere, zenbat animalia dauden. Hau edo hori, hura edo bestea ugaritu egin dela ematen badu, kontrolatzeko neurriak hartuko dituzte udalek.

Gaur egun, hirietako fauna kontrolatzeaz arduratzen diren hamaika enpresa daude. Haietako asko eraikinen barrualdean sortzen diren izurriteez arduratzen dira gehienbat. Termitak, sitsa, saguak... aurkitzen badira, kalteak konpontzeko neurriak eta tratamentuak ezartzen dituzte. Aipatutako horiek ere fauna dira, eta hirietan bizi dira, baina, nolabait esateko, arazo partikularra izan daitezke.

Gainerako animaliez arduratzen diren enpresak ere asko dira, eta gehienak antzerako sistemak erabiltzen dituzte. Uxatzaileek osatzen dute sistemen multzoetariko bat. Horietako batzuk elektronikoak dira, gizakiek ez baina animaliak jaso eta beldurtu ditzaketen soinu-seinaleak bidaltzen dituzte.

Eraikinetan kalte asko egiten badituzte ere, hainbat animalia betidanik izan dira paisaia urbanoaren parte.
Zientzia eta Hezkuntza Ministerioa

Ikusizko uxatzaileak ere erabiltzen dira —txorimaloak, adibidez—. Horrelakoak ikusita, animaliek ihesari ematen diote. Azkenik, uxagarri kimikoak daude, animalientzat desatsegina edo arriskutsua den usainen bat hedatzen duten sistemak. Uxatzaileez gain —edo uxatzaileekin batera— zeladak daude, substantzia likatsuak, mekanikoak, zepoak... Eta pozoiak ere multzo horretan sar daitezke. Pozoiak mota askotarikoak dira eta hainbat formatutan aurki daitezke: hautsa, likidoa, poltsetan... Arratoiekin erabiltzen dira, batez ere.

Hegaztiekin, berriz, prebentzio-neurriak hartzen dira, eraikin edo monumentuetan jartzen diren arantza metalikoak eta elektrikoak adibidez, edo sareak. Sareak, baina, hegaztiak harrapatzeko ere erabiltzen dira. Hegazti-multzoa aurkitu, nolabait erakarri eta sarea jaurtitzea izaten da teknika. Sareak makina bidez jaurtitzen dituzte, abiada handian, eta azpian harrapatzen dituzte hegaztiak.

Bestelako kontrol-sistemak ere badaude, txakurrak edo katuak harrapatzeko makila edo kutxa bereziak adibidez. Dena den, kontrol-sistema eraginkorrena animaliei janarira iristeko bideak ixtea da. Janaririk ez badute, nekez jarraituko dute hiria berez den inguru desatseginean.


Katua

E. Carton

Kale-katua hirietako faunaren parte da. Arreske dagoenean edo populazioa ugaritzen denean nabarmentzen da, batez ere. Bakarti-itxura izanda ere, kale-katua taldetan bizi da eta talde bakoitzak izaten du bere eremua. Janaria egonez gero, katuak ere egongo dira.

Hegaztien kasuan bezala, katuekin ere oso zaila da jakitea benetan zenbat dauden. Hala ere, zenbatespen batzuk badira. Madrilgo Udalaren Animaliak Babesteko Zentroan diotenez, estatu espainiarrean bi milioi kale-katu egon daitezke. Zentro horretan bertan urtero 1.000 katu inguru jasotzen dituzte. Garbitzeaz gain, parasitoak kentzen zaizkie katuei, eta identifikatu egiten dira. Amorruaren aurkako txertoa ere jartzen zaie eta, zenbaitetan, zikiratu eta antzutu egiten dira. Harrapatzen diren kale-katu gehienak, dena den, akabatu egiten dira, beren kabuz ibiltzera ohituta daudenez adopzioa ia ezinezkoa delako.

E. Carton

Estatu Batuetan egin berri duten ikerketa baten arabera, antzutzen ez diren etxe-katuen % 60 kale-katu bihurtzen dira. Dena den, kale-katu gehienak kalean jaiotakoak izaten dira. Horregatik, ia ezinezkoa da jakitea zenbat katu dauden hirietan, nongoak diren, zer gaixotasun izaten dituzten... Saguak eta arratoiak harrapatzen trebeak dira kale-katuak; horregatik, beste animalia batzuek baino kezka txikiagoa sortzen dute. Hala ere, badira arazo-iturri: zabor-poltsak puskatu eta zaborra barreiatu egiten dute; miauka aritzen dira taldean biltzen direnean, eta traba egiten dute; gainera, gorotzak uzten dituzte kalean —txakurrek bezala— , nahiz eta ez diren ikusten.



Enara

Joan Guillamat

Udaberriarekin etorri eta udazkena bukatu baino lehen alde egiten du, toki epelagoen bila. Belarra, lastoa, lumak eta lokatza erabilita egiten ditu habiak, gehienetan teilatupeetan. Hiru edo lau arrautza erruten ditu.

Jaio eta gero, enarak hilabete eta erdi inguru ematen du habian. Intsektuak jaten ditu bereziki eta nekazarientzat oso lagungarria gertatzen da.

Hala ere, gorotzak direla eta, hainbat tokitan jendeak suntsitu egiten ditu haien habiak. Enararentzat esandakoak sorbeltzarentzat ere balio du.


Txolarrea

Zientzia eta Hezkuntza Ministeritza

Lotsagabeen artean, lotsagabeenetarikoak da. Ondo baino hobeto egokitu da herri eta hirietako bizitzara. Pentsa, herri txikiak uzten direnean, txolarrea ere desagertzen da. Koloniatan bizi da, taldean. Haziak, intsektuak eta zaborra jaten ditu. Urtean hiru-lau umealdi izaten ditu eta eraikinetako zirrikituak aprobetxatzen ditu habiak egiteko.



Usoa

J.L. Pina

Udaberria aurreratua dagoela jaiotzen dira usokumeak, apiril aldera. 4-6 astez habian egongo dira, beren gurasoek zainduta. Hegaztiek jarduerarik handiena duten egunak izaten dira, baita, ondorioz, arazo gehien sortzen diren uneak ere, zikinkeria pilatzen hasten baita. Adituek diotenez, Europako hegoaldeko hiri handietan kilometro karratuko 1.500 uso inguru daude; Bartzelona ei da Europan usoen kontzentrazio handiena duen hiria: 3.000 kilometro karratuko.

Usoa, naturan, 15 urte betetzera iris daiteke; hirian, berriz, nekez gainditzen ditu 5 urte. Hirietako usoak zaborra jaten du gehienbat, gizakiek utzitako zaborra.

Kilo-erdi janari behar du astero, eta, digestioa errazteko, janaria hondar-aleekin edo harritxoekin batera hartzen du. Urzalea ere bada, jan barik egun batzuk bizirik irauteko gaitasuna du, baina ura egunero behar du.

Usoa eta txolarrea dira hirietara ondoen egokitu diren animalietakoak.
Zientzia eta Hezkuntza Ministerioa

Usoen gorotza oso korrosiboa da, eta lorategietako landare eta zuhaitz gazteak suntsitu egin ditzake. Arkakusoak, kaparrak, akaroak... izaten ditu maiz. Eraikinetan eta teilatuetako hodietan kalte ugari eragiten ditu, eta horregatik hartzen dira sarritan kontrol-neurriak.

Hala ere, sor dezakeen arazorik larriena beste bat da. Usoa histoplasmosia eragin dezakeen onddo baten eramaile da. Usoen gorotzek biriketako gaitz hori sor dezakete gizakietan. Ornitosia —pneumoniaren antzerako gaixotasuna— eta salmonelosia ere eragin ditzake.


Katagorria

Euskal Herriko herri eta hirietan ez da, orain arte, oso ohikoa izan, baina, apurka-apurka, ari da hedatzen. Katagorria isats iletsu eta luzeko animalia karraskaria da. Hemen dabiltzanak gorriztak badira ere, zenbat eta iparralderago jo, katagorriak ilunagoak izaten dira —batzuetan ia beltzak —, eta zenbat eta hegoalderago, gorriagoak.

Katagorriaren dietan haziak eta fruituak dira elikagai nagusiak: gaztainak, ezkurrak, pago-ezkurrak, pinu-haziak, onddoak... Edonola ere, katagorriak ez ditu elikagai horiek urte osoan aurkitzen ahal, eta, ondorioz, jakiak eskuratzeko urte-sasoirik egokienean elikagai-biltegiak osatzen ditu eskasia denerako. Biltegiak behar baino lehenago agortuz gero, udaberri aldean gehienetan, zuhaitz-kimuak, eta txorien arrautza eta txitoak ere jan ditzake.

Katagorria ugalmen handiko animalia da, eta udazkena hazitan oparoa den urteetan katagorri-populazioa nabarmen haz daiteke. Baina ugaltze-tasa handia duten animalia gehienetan gertatzen den legez, katagorriak hilkortasuna ere handia du, eta, kondizio naturaletan behintzat, egoera orekatu egiten da berehala; janari-eskasiarengatik edo negu gogorrengatik.

Udaberriarekin batera, jarduera handiko sasoia hasten da katagorriarentzat: batetik, janaria bilatzeko gehiago mugitu beharragatik, eta, bestetik, araldia ere sasoi horretantxe hasten delako. 30-35 eguneko ernaldiaren ondoren, 4-7 kume jaiotzen dira udaberri-amaieran edo uda-hasieran. Habia adartxo eta zotzez eginiko egitura biribil trinko eta sendoa izaten da, bi edo hiru adarren arteko loturaz baliatuta eusteko. Udazkena iristerako, katagorri gaztea bere kasara ibiltzen da.

Gehienetan adarretan ibiltzen da janari bila, baina, arriskurik sumatzen ez badu, lurrera ere jaisten da bazka bilatzera. Hirietan, parkeetan biltzen da, zuhaitz-espezie ugari dauden tokietan, berez pinudiak maite baditu ere.


Kaioa

A. González Hereza

Oso ugaria da kostaldean, baina —zabortegietako hondakinek erakarrita— barnealdean ere ibiltzen da. Taldean bizi da eta denetarik jaten du: arrain txikiak, krustazeoak, zaborra... Amildegietan egiten ditu habiak, lumak eta belarrak erabilita. Udaberrian izaten ditu kumeak, pare bat habiako.

Jaioberrientzat irautea ez da oso erraza izaten, janaria falta bada kaioak ez duelako kanibal bihurtzeko arazorik izaten. Horrelakoetan, kumeak ez ezik arrautzak ere jaten ditu. Gorotza da hegazti honek sortzen duen arazorik larrienetakoa, harri, landare edo zelaien gainean geruza zuri gogorra eratzen baitu. Geruza hori itogarria izan daiteke azpian harrapatzen dituen izaki bizidunentzat.



Arratoia

antomiomj@vodafone

Rattus generoko kideak ugaztunen ohiko ziklo biologikoa egiten du. Estali eta 21 egunera (estolda-arratoiak) edo 22ra (arratoi beltzak), 5 eta 15 sagu artean jaiotzen dira. Urtean arratoiak bost bat aldiz erditzen du. 2-3 urtera heldu bihurtzen da, eta 5-7 urterekin hil.

Rattus norvegicus —estolda-arratoia— eta Rattus rattus —arratoi beltza— espezieak dira gure artean bizi diren arratoiak. Estolda-arratoiak oso toki hezeetan bizi da, estolderian batez ere, edo lurpean. Igerilari bikaina da eta eskalatzaile ona. Omniboroa da, denetarik jaten du: intsektuak, haragia, belarra, egurra, plastikoa... Egunero beren pisuaren heren bat jateko gauza da. Gauez mugitzen da gehienbat, horma-ondoetan babestuta.

Arratoi beltzak toki lehorretan egiten ditu habiak. Eta mugitu ere, habiaren inguruan mugitzen da, ez zaio gustatzen urrunegi joatea.

Nolabaiteko elkarbitzitza badago animalien eta gizakien artean.

Omniboroa da hori ere. Espezie biak taldean bizi dira. Horregatik, haien portaera ere halakoa da, talde-portaera. Adibidez, janari berriren bat aurkitzen dutenean, erabat mesfidatiak dira. Taldeko partaide batek probatuko du lehenik, eta, hiltzen bada, gainerakoek ez dute horrelakorik jango. Pozoien aurkako erresistentzia garatzeko sekulako gaitasuna dute. Kanibalak ere badirenez, pozoitutako arratoi hilak jatean pozoi-apur bat irensten dute, eta hura ezabatu eta immunizazioa garatzeko gai dira.

Oso toki zikinetan bizi dira, hortaz, arratoiak hainbat gaixotasunen eramaile dira; hala ere, horzkadaren bat jasan ezean, zaila da gaixotasunak gizakiari transmititzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila