Izenburu honen bidez ez dugu uste beste munduko gauzarik esaten dugunik. Ondo baino hobeto dakigu Bilbora sartzea, Errenteriatik Donostiara joatea etab. zer izaten den. Euskal Herrian arazo hau jadanik larria bada, joan zaitezte Parisera edo Madrilera; bertan gertatzen dena deskribatzeko aurkitu dudan hitz bakarra “paralizazio” izan da.
Orain dela 30 urte, automobil-kopurua oso handia ez zenez, hiri handietara sartzeko ez zen arazo berezirik izaten. Automobil-kopurua handiagotu ahala eragozpenak ere areagotu egin ziren. Kaletan semaforoak ipintzearekin batera, hiri handitako inguruan autopista, autobide eta saihespide ugari egin zen hiri-barneko trafikoa arindu asmoz. Baina, lasaitasunak ez zuen gehiegi iraun; automobilen produkzioak eta salmentak hazkuntza geometrikoa izan bait dute.
Hori dela eta, erregulazio-sistema baten beharra guztiz justifikatuta zegoen. Ahalegin asko egin dira eta egiten ari dira arlo honetan. Erregulazio izeneko kontzeptuan izaera dinamikoa duten ekintzak hartzen dira kontutan bereziki. Hau da, errepideen egoera eta azpiegiturarena bere horretan uzten dira. Faktore estatiko hauek ez dira aztergai izango; hauen barnean eragina duten faktore dinamikoak baizik. Adibidez, goizeko 7etatik 9ak arte edo arratsaldeko 5etatik 8ak arte gertatzen diren butxadura edo ataskuak, edo bidagurutzetan semaforo batzuk berde jartzea eta beste batzuk gorri, etab. dira aipatutako faktore dinamikoak.
Baina “erregulazio” hitzak faktore asko biltzen ditu bere barnean; ez bait da berdin kale bat, auzo bat edo hiri bat erregulatzea. Hala ere, badaude urrats amankomun batzuk.
Lehenbizi, ikergai den sistemaren zirkulazio-eredu matematiko bat ezarri behar da. Trafikoaren adierazpen laburtu honek simulazioak egiteko bidea emango du. Eremu matematiko hau lortzea uste baino zailagoa da; ia-ia zientzia dela esan daiteke. Nahiz eta teoria desberdinak egon, denek hasiera amankomuna dute, hots, zirkulazioa enomeno fisikotzat hartzea. Konkretuki fluidoa dela kontsideratzean da. Beraz, fluido bati aplikatzen zaizkion legeak kasu honetan aplika daitezke. Baina fluido honek oso ezaugarri bereziak ditu; ia partikula guztiak independentetzat hartu beharko bait lirateke.
Trafikoa adierazteko ekuaziorik sinpleena, hauxe da:
U = U max (1–K/K max )non
U = fluxu-abiadura
U max = fluxu-abiadura maximoa
K = ibilgailuen kontzentrazioa
K max = ibilgailuen kontzentrazioa butxaduran
Funtzio honek errepideko puntu eta une konkretu batentzat bakarrik balio du. Errepide oso bat, bidagurutze bat, auzo bat edota hiri bat edozein denboratarako aztertu nahi bada, aldagai gehiago kontutan hartu behar da. Honela nahi bezain korapilotsua den ekuazio diferentziala lor daiteke.
Bide hau erabiliz trafikoaren eredu bat besterik ez da lortzen. Gainera eredu hau nahikoa partikularra izango litzateke; leku geografiko bakoitzak bere baldintza partikularrak bait ditu. Ez pentsa eredu hau lortzea batere erraza izaten denik, baldintza aldakor eta ez ustekoak egoten dira eta
.Hurrengo urratsa aurrekoa bezain zaila da, hau da, eredua ezagutu ondoren trafikoa nola hobetu?. Normalean, eredu matematikoa ordenadore batek prozesatzen du eta trafiko-kontrola sistema aditu baten ardurapean uzten da. Trafiko-kontrolaz gaur egun ezagutzen dena semaforo-kontrola dela esan dezakegu, hots, zona bateko semaforoen berde eta gorri jartzea. Baina, zenbait lekutan beste sistema batzuk jorratzen ari dira, hau da, automobilean jarritako mikroordenadore batez, kontrol-zentruren batetik bidalitako aginduak jasotzen dira eta horrela gidariari zenbait aholku ematen zaio. Adibidez, hiri erdian butxadurarik baldin badago bide alternatiboen berri eman daiteke, edo leku batetik bestera joateko une horretan egokien den ibilbidearen berri eman daiteke.
Baina trafiko-kontrola beste modu askotara ere burutu daiteke. Semaforoetako argien kolore-aldaketa, ziklikoa izaten da, normalean kolore bakoitzari denbora jakin bat ematen zaiolarik. Bidagurutze batean dauden semaforoak erlazionatuta egoten dira, baina, askotan, kolore bakoitzari ematen zaion denborak ez du zerikusirik dagoen trafiko-bolumenarekin. Gainera, trafiko-bolumena aldakorra izaten da ordutik ordura eta kontrola egoki egin nahi bada, faktore hau kontutan hartu beharrekoa izango da.
Laburbilduz eta etorkizunari begira, erabakiak denbora errealean hartu beharko direla aurrikusten da alde batetik, baina, aldi berean, egingo diren automobilek inguruarekin komunikatzeko ahalmena izan beharko dute. Horretarako zenbait proiektu martxan dago Europan une honetan. Adibidez, DRIVER eta Europolis proiektuen bidez zirkulazioa erregulatu nahi da eta Prometheus proiektuaren bidez, inguruarekin komunikatzeko gai den automobila diseinatu nahi da.
Hauek dira aurrikus daitezkeen soluzioak. Ez dira magikoak, baina zerbait lagunduko dutelakoan gaude. Eta guk geuk ere lagun dezakegu. Nola? ... ba garraio publikoak ahalik eta gehien erabiliz eta kotxea behar-beharrezkoetan hartuz, esate baterako.