Zenbait birus gure gorputzean sartu eta ez dira nabarmentzen denbora luzea pasatu arte; kasu batzuetan urteak ere egin ditzake birusak gure gorputzean inolako sintomarik eragin gabe, ‘isilean’. Eta hori gertatzen da hepatitis-kasu gehienetan. Valentziako Ospitale Nagusiko Hepatologia sailburu Moises Diago doktorearen hitzetan, “arrisku-taldeez eta jadanik diagnostikatuta dauden pertsonez gain, biztanleen % 2 hepatitisaren birusarekin harremanetan egon da, nahiz eta ez den horretaz konturatu. Eta, horregatik, azken urteotan gero eta gehiago dira orain urte asko hartutako hepatitis kronikoak diagnostikatzen zaizkien pazienteak”.
Kasu hauetan sintomarik ez da agertzen infekzioa gertatzen denean. Horregatik, hepatitis-arriskua baztertzeko komeni da, horren beldur izanez gero, noski, aldizkako mediku-azterketak egitea. Noiz dago justifikatua horretarako beldurra? Batez ere 1990. urtearen aurretik odol-transfusioak hartu dituzten pertsonen kasuan, ordura arte odola transfunditzea (hau da odola hartzea, ez ematea) baitzen kutsatzeko bide nagusia. Geroztik, odol infektatua detektatu eta baztertzeko beharrezko kontrolak jarri ziren martxan, eta arazoa konponbidean geratu zen.
Hepatitisa nabarmentzen denean, alegia, lehen sintomak hasten direnean, hasierako etapetan bederen, gripe baten moduan agertzen da: ondoeza, sukarra, muskuluetako mina, apetitu-galera, goragaleak, gorakoak eta beherakoak izaten dira. Gaitzak aurrera egiten badu, min horia agertzen da: alegia, azaleko eta begietako konjuntibaren kolore horixka (horri teknikoki ikterizia esaten zaio), aho-kiratsa eta halako etengabeko zapore mikatz bat ahoan. Horrekin batera pixa ilundu egiten da, tearen antzeko kolorea hartzen du, eta eginkariak, berriz, zuritu egiten dira; aldi berean, sabeleko mina ere agertzen da.
Gibeleko inflamazio edo hantura guztien % 90 (eta hepatitisa ez da hori besterik, gibeleko inflamazio bat) birusek sortuak dira. Eta gainerako arrazoiak bestelakoak dira. Gaitza iragankorra izatea edota arazo kroniko bilakatzea birus sortzailearen mende dago, baina badira faktore genetiko batzuk ere, ezezagunak oraindik, eta pertsonaren defentsa-sistemak ere zeresana du gaitzaren eboluzioan.
Birus honen transmisio-bidea fekala/orala da, hau da, gorozki edo eginkarien eta ur zikinen bidez kutsatzen da batez ere, edota ur honekin harremanetan egon den janariren bat jateagatik. Garai batean oso ugariak ziren haurtzaindegietan, umeek askotan elkar ukitu eta ondoren hatzak ahora eramaten dituztelako, baina gaur egun baldintza sanitarioak hobetu direnez, ez da hain usua. Mota horietako hepatitisak dira onaireenak eta beti bere kasa sendatzen dira. Baina, dena den, badira kontuan hartu beharreko gomendio orokor batzuk (ikus koadroa), gorputzak birusari gaina hartu eta gibelaren kaltea konponezina izan ez dadin.
Prebentzioa: lurralde exotikoetara bazoaz, eta bertan A hepatitisaren intzidentzia handia bada, txertatzea komeni da. Dena den, lurralde horietan kontu handia eduki behar da edateko urarekin.
Kasu honetan transmisio-bideak hainbat izan daitezke: amak jaioberria kutsa dezake (honi transmisio bertikala esaten zaio) erditzeko unean, babesik gabeko sexu harremanetan (preserbatiborik gabe) ere kutsa daiteke, edota odolaren bidez (transmisio horizontala osatzen dute bi bide horiek).
Diago doktorearen esanean, “helduen % 95 zeharo sendatzen da, baina ez da gauza bera gertatzen umeekin: zenbait iturriren arabera, haurren % 5 bakarrik sendatzen da guztiz”.
Azken urteotan haurrak txertatu egiten dira B hepatitisaren kontra, eta, beraz, intzidentzia asko jaitsi da umeetan. Baina pertsona helduek beharrezkoak diren arreta neurriak hartu behar dituzte (kondoia erabili, xiringarik ez konpartitu, etab.), gaixo horietako % 5-10 gaixo kronikoak direlako, eta gaitza behar bezala kontrolatzen ez bada, zirrosia edo gibeleko minbizia ekar dezakeelako luzarora.
Odolaren bidez kutsatzen da batik bat, eta kasuen % 70ean arazo kroniko bihurtzen da. Hau da hepatitis-motarik usuena, eta batzuetan kutsatu eta urte dezentera agertu edo nabarmentzen da, beste edozein arrazoirengatik pertsona horri analisiak egiten zaizkionean.
Prebentzioa (B hepatitisarentzat ere balio du): erabili preserbatiboak, ez konpartitu tresna zorrotzik, ezta garbiketakorik ere (hortzetako eskuilak, adibidez), eta B hepatitisaren kasuan, galdetu txertoaren berri.
Lehendik ere beste infekzio garrantzitsu batzuk dituzten pertsonetan agertzen da, betiere B birusarekin batera.
Alkohola denbora luzean kontsumitzeak, eta asko edateak, gibela kaltetu dezake, eta inflamazio edo hepatitis kronikoa sorrarazi.
Pertsona batzuk oso sentikorrak dira botika jakin batzuen aurrean. Ez ezazu inoiz zeure kabuz sendagairik hartu.
Hepatitis-mota batzuk autoimmuneak dira: usuago gertatzen dira emakumeetan, eta faktore genetikoei, tiroideko gaitzei eta gaixotasun erreumatikoei lotuta egoten dira normalean.
Gomendio orokorrak Hepatitisa diagnostikatu denean (dela kronikoa edo iragankorra), erabat kontrolatzeko kontuan hartu beharrekoak:
|
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Tel.: 96 3509 91 87
(Eskuliburua)
www.lahepatitis.com
(arrunta)
www.aeeb.org
(oso espezializatua)