Helioa unibertsoko hamar atomoetarik batean atzeman daitekeela jakin behar da, horrek oinarrizko elementu egiten baitu. Galdera berehala sortzen zaigu guztioi: nola liteke 1895. urterarte helioaren berririk ez izatea?
Galdera horren erantzuna helioak berak ematen digu: gas nobleen artean arinena, kolorgea eta usainik gabea da. Bestela esanda, ezkutuan mantentzeko behar diren baldintza guztiak betetzen ditu helioak, arina izatearen ondorioz, zaila baita beste elementuekin nahasturik atzematea.
Halabeharraren emaitza izan zen helioaren aurkikuntza. Lurrean helio-kantitate handiak badaude ere, Eguzkian atzeman zen lehen aldiz gerora helio izenaz bataiatu zen elementua. Nature aldizkariaren sortzaile eta zuzendaria izan zen Norman Lockeyer ikerlariari zor zaio helioaren lehen berria. Etxean bertan atondutako behatokian lanean ari zela, Eguzkiaren inguruan atzeman zitekeen argi horiskaz liluraturik geratu zen.
Espektroskopioaz aztertu zuen eta elementu horrekiko xarma harridura bihurtu zen. Laborategian ikusitakoa berritzen ahalegindu bazen ere, ezinezkoa gertatu zitzaion. Horrek eman zion bere hipotesia plazaratzeko behar zuen azken bultzada: Eguzkiaren inguruko argi horiska ordurarte ezagutzen ez zen elementuak sortua zen. Lau haizetara zabaldu zuen bere aurkikuntzaren berria, baina bere garaiko ikerlariek ez zuten aintzakotzat hartu eta urte askotan elementu berriaren testigantzak ezkutuan segitu behar izan zuen.
1885ean jaso zuen Lockeyerrek merezitako onespena. William Ramsay kimikari eskoziarra uranio mineralari buruzko ikerketak egiten ari zen. Bat-batean, Lockeyerrek Eguzkiaren inguruan atzemandako argi horiska bera azaldu zen bere begien aurrera. Ramsayek astebete behar izan zuen bere aurrekoari ukatu zitzaion onespena jasotzeko. Azken aurkikuntza horren urtemuga da, hain justu, aurten ospatzen dena.
Gaur egun, helioa arkuzko soldadurak egiteko eta laserrak edo erreaktore nuklearrak maneiatzeko erabiltzen da. Urpekariek ere helioa erabiltzen dute ur azpian eman behar duten denbora luzatu eta arnasketa-arazoak saihestu ahal izateko. Edonola ere, helioaren alderdirik ezagunena hozteko duen gaitasuna da. 269 ºC-ko tenperatura nahikoa zaio helioari edozein substantzia edo elementu hozteko. Bestalde, helioa da solidotzen ez den elementu bakarra. Ongi irabazita du, hortaz, elementu arraroaren ospea.
Helioaren bilaketa frenetikoa 1950ean hasi zen. Ordurarte, izan ere, industriak ez zuen helioa erabiltzeko joera handirik erakutsi. Urte horretatik aurrera, ordea, helioa gordetzeko biltegiak eraikitzea erabaki zen eta gasaren azterketa xehetuari ekin zitzaion. Lehen aldiz gas-bonbonatan isolatu zenean hasi zen helioaren arrakastarako bidea.
Besteak beste, NASA erakundeak egin dituen bidaia gehientsuenak helioari zor zaizkio. Espaziuntziek oxigenoa eta hidrogenoa nahasten dituzte espazioan denbora luzez egon ahal izatea ahalbideratzen duen erregaia lortzeko. Erregai berezia garraiatzea ez da batere erraza eta segurtasun-baldintzak betetzeko, tenperatura baxuan gorde behar da. Horixe da, hain zuzen, helioaren betekizuna.
Helio-kontsumoa etengabe handiagotu da azken urte hauetan. Erabilpen-eremua zabaldu izana eta helio-kantitate handiak erabiltzen dituzten sektoreak puntakoak izatea dira, beste zenbaitzurekin batera, helioaren kontsumoa urtero % 10 haztearen arrazoiak.