Abeltzaintza industrializatzearekin batera, abere-haztegiek ingurumenean eragiten dituzten arazoak areagotu egin dira. Duela hamarkada batzuk, baserritarrek lastoa edo garoa jartzen zuten ganaduaren azpian, eta horrek xurgatzen zituen pixa eta gorotzak. Gero, azpiak atera, simaurra egin, eta horrekin lurrak ongarritzen zituzten.
Orain, ordea, inguruko lurrek har dezaketen baino askoz ere minda gehiago sortzen da abere-haztegietan.
Adibidez, Herbehereetan dago abeltzaintza intentsiboaren errekorra; han, lurrak kalterik jasan gabe har dezakeen baino 15 milioi aldiz minda eta gorotz gehiago sortzen dute abere-haztegiek. Noski, ingurumena erabat suntsitzea galarazteko, neurri zorrotzak bete behar dituzte ekoizleek, eta hainbat sistema erabiltzen dituzte ingurumen-arazoei irtenbidea emateko.
Garatze-bidean dauden herrialdeetan, ordea, askotan ez dago gaiari buruzko araudirik, eta hondakinak tratatu gabe ingurura isurtzen dira edo putzuetan biltzen dira. Lehen haztegi intentsibo gutxi zeudenez, arazoa ez zen hain larria, baina azken urteetan ikaragarri ugaritu dira, batik bat hirien inguruetan, eta orain oso nabarmenak dira ingurumenean sortzen dituzten kalteak.
FAOk emandako datuen arabera, 1980tik 2004ra haragi-ekoizpena bikoiztu egin zen mundu osoan, baina ez zen leku guztietan neurri berean hazi: garatze-bidean dauden herrialdeetan, hirukoiztu egin zen. Hala ere, haragi-kontsumoa horietan baino 3-4 aldiz handiagoa da industrializatutako herrialdeetan.
Nolanahi ere, hazkundea zenbatekoa izan den bezain garrantzitsua da ikustea nola eta non hazi den. Izan ere, garatze-bidean dauden herrialdeetan, larreko ganaduaren ekoizpena bazterrean utzi dute, eta, horren ordez, txerri- eta hegazti-haztegiak ugaritu dira. Gainera, hirietan bertan edo hiri-inguruan jarri dituzte haztegiok; hartara, ez dute urrutira joan beharrik pentsuak erostera eta haragia edo arrautzak saltzera.
Ekoizpen tradizionalean, baserritarrak ondo baino hobeto daki zenbat hondakin sortzen den, zer eragin duen lurrean, eta nola erabili soroa edo larrea ongarritzeko. Ziklo osoa haren lurretan betetzen da, eta ez da hondarrik geratzen.
Aldiz, haztegi handietan, abereek pentsua jaten dute, eta, beraz, elikagai-kantitate handiak hartzen dituzte. Ondorioa: inguruko lurrek har dezaketen baino askoz ere hondakin gehiago sortzen dute. Normalean, hondakinak haztegian bertan metatzen dituzte, nekazaritzako lurretatik urrun. Horregatik, ez da erraza hondakinak tratatzea, edo horrekin simaurra egin eta lurrak ongarritzeko erabiltzea.
Metatutako hondakinak, baina, oso arriskutsuak dira ingurumenerako, eta hainbat aldetatik eragiten dute kaltea. Adibidez, azaleko uretan ohikoa da eutrofizazioa gertatzea, alegia, mantenugaitan gehiegi aberastea ura. Orduan, algak eta ur-landareak neurriz kanpo ugaritzen dira, eta uretako oxigenoa kontsumitzen dute. Ondorioz, arrainak eta uretako beste espezie batzuk hil egiten dira. Adibide izugarri bat Txinaren hegoaldeko eta Hong Kongo kostan dago: 1998an, arrainen % 80 hil zen 100 km 2 -ko eremuan.
Azaleko uretara ez ezik, lur azpikora ere iristen dira hondakinak, eta edateko urak kutsatzeko arriskua dago. Esaterako, AEBetan, arrain-haztegietatik gertu zeuden 1.600 putzu aztertu zituzten 1998an. Herenak nitratoak zituen, eta hamarretik batean nitrato-kontzentrazioa edateko uretan onartzen den baino handiagoa zen.
Eta lurzoruari ere eragiten dio mantenugai gehiegi izateak, emankortasuna galtzen baitu. Arazo hori benetan larria da hainbat lekutan; FAOren txostenean azaltzen denez, Asiako herrialde batzuetan, nekazaritzako lurren laurdenak fosforo gehiegi du.
Bestalde, hondakinetan dauden mikroorganismo patogeno batzuk erraz hedatzen dira inguruko lurzoruan eta uretan, eta gaitzak eragiten dituzte gizon-emakumeetan eta gainerako bizidunetan. Horretaz gain, haztegietako hondakinek gasak askatzen dituzte (metanoa, amoniakoa...). Osasunean sortzen dituzten kalteak ahaztu gabe, kontuan izan behar da berotegi efektuan eragiten dutela. Oxido nitrosoa da berotegi-efektuan gehien eragiten duen gasetako bat --karbono dioxidoak baino 296 aldiz gehiago--, eta, hain juxtu, simaurrak askatzen du munduan sortzen den oxido nitrosoaren % 7.
Ekosistema batzuk, gainera, bereziki kalteberak dira. Hezeguneak, mangladiak, koral-arrezifeak... altxorrak dira dibertsitatearen ikuspuntutik, eta han bizi dira galzorian dauden espezieetako batzuk. Esate baterako, Txinaren hegoaldeko itsasoko kostan daude ezagutzen diren koral-espezie ia guztiak eta mangle generoan sailkatuta dauden 51 espezietatik 45. Alabaina, abere-haztegietan sortzen diren hondakinak arriskuan jartzen ari dira ekosistema horiek.
FAOk ezinbestekotzat jotzen du neurriak hartzea ingurumena babesteko. Hori lortzeko, badaude zenbait politika eta teknologia eraginkor. Lurzorua eremutan banatzea eta hiriarekiko distantziaren araberako zergak ezarrita, adibidez, haztegiak nekazaritzako lurretatik gertu jartzea bultzatzen da. Hartara, erraztu egiten da hondakinak berrerabiltzea.
Zergak bezalaxe, laguntzak eta sariak baliagarriak dira jardunbide egokiak sustatzeko. Azpiegitura aproposak jartzea, biogasa sortzeko instalazioak jartzeko erraztasunak ematea, poluzioa kontrolatzeko teknologian inbertitzeko aukerak eskaintzea... horiek guztiak lagungarriak dira haztegiek ingurumenean sortzen duten eragina gutxitzeko.
Ukaezina da: ezer ez da debalde, eta halako neurriak hartzeko dirua behar da. Hain zuzen ere, ingurumeneko araudia ezartzeak sortzen dituen kostuak ekoizpen-kostuen % 4-7 dira. Nolanahi ere, hartzen diren neurrien arabera, aldatu egiten da kostua. Hortaz, merezi du lekuan lekuko arazoa sakon aztertzea, eta kasu bakoitzerako irtenbide egokia bilatzen saiatzea. Soluzio orokorrik ez dago, baina, neurri egokiak hartuz gero, asko egin daiteke. Ingurumenaren mesedetan.