Familia honetan biltzen diren 6 generoetako espezie guztiak zuhaiska edo zuhaitzak eta gainera, monoikoak eta erorkorrak dira. Aipaturiko generoen barruan, 170 espezie ezagutzen dira Ipar Hemisferioko zona epel eta hotzetan banatuak, baita Andeseko mendilerroetan ere. Penintsulari dagokionez, 4 genero aipatzen dira, 6 espezie eta 2 subespezie eta Euskal Herrian berriz, genero-kopuru berdina eta subespezie bat gutxiago.
Alnus generoaren barruan, penintsulan dauden 2 espezie ditugu gure artean. Nahiz Alnus cordata (haltza italiarra) naturalizatua izan, gaur egun zabalkuntza-prozesuan dago. Tarte honetan aztertzen ari garen haltza ( A. glutinosa ), 20 metrorainoko altuera lor dezakeen zuhaitz ertaina da, hasieran adaburu piramidala du eta piskanaka biribildu eta irregularra bihurtzen da eta enbor zuzena eta azala arre-iluna izaten ditu. Puja eta hosto gazteak liskatsuak izaten dira.
Hostoak, nahikoa handiak 4-10 cm, abobatuak, kamutsak, ertzean bitan zerratuak, txortendunak eta gainetik berde ilunak eta azpialdetik zertxobait zurbilagoak izaten dira. Lore arrak braktea bakoitzean hirunaka egoten dira eta lore emeak berriz, braktea bakoitzaren galtzarbean geminatuak izaten dira. Fruituak, aboideak, 2-5eko taldeetan, haizeak sakabanatzeko aproposak dira. Negu hasieratik maiatza bitartera loratzen da eta fruituak udazkenean heltzen dira.
Ibai eta erreka bazterretan, ilarak eratuz, zuhaitz arrunta da, baita ur-masa, urtegi eta hezetasun freatikoa duten mendi-hegaletan ere. Isurialde kantauriarrean ugaria da, mediterranio aldeko guneetan berriz, urriagoa.
Haltzaren sustraietan kolore arreko nodulu batzuk aurkitu ohi dira eta beraietan bakterio bat ( Actinomyces alni ). Bakterio hori, landarearekin sinbiosian bizi da, atmosferako nitrogenoa finkatuz. Horregatik, zuhaitz horrek duen garrantzi ekologikoa kontutan hartzekoa da. Nitrogenoa finkatzeko duen gaitasunagatik, hezetasuna dagoenean lurzoru oso pobreak koloniza ditzazke eta ur bazterrak eta ur-ezpondak ere bai.
Bere egurra oso erabilia da, batez ere uretan duen iraunkortasunagatik. Azalak tanino ugari dituenez, larruak ontzeko erabili izan ohi da, baita astrigente modura ere. Hostoen infusioa diuretikoa eta erreumaren kontrako erremedioa dela diote. Txaplata modura ere, forunkuluak sendatzeko, erabili da. Haltzak duen bigarren azala, suge hozkaden kontrako erremedioa dela diote.
Familia: betulazeoak |