GUNEka kudeaketa-sistema berritzailea

Andonegi Beristain, Garazi

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

GUNEka proiektuak enpresa aurreratuenen kudeaketa-sistema izan du eredutzat. Hura baliatuz, Lanbide Heziketako ikastetxeen kudeaketa aldatu nahi du. Egitasmoa, oraingoz, bost ikastetxetan jarri dute abian, baina, ongi ateratzen bada, guztietara zabaltzeko asmoa dute. Kike Intxaustirekin hitz egin dugu kudeaketa-sistema berriaz.

Zein da GUNEka proiektuaren helburua?

GUNEka proiektuaren helburua, batik bat, langileari ardura eta kudeaketa-aukera gehiago ematean datza, Lanbide Heziketako zentroetan dauden irakasleei bereziki.

Nolatan sortu da egitasmo hau?

Gizarteak beti behar izan du jakintza aurrerapen teknikoak garatzeko, baina, orain arte, teknologia bera izan da elementurik garrantzitsuena. Hemendik aurrera, berriz, ezagutza izango da baliabiderik erabakigarriena. Horregatik, gure kudeaketa-ereduak kontzeptu berri horien aurrean egokitu egin behar direla uste dugu, bai enpresetan eta baita eskoletan ere, eta hortxe ikusi genuen erronka.

Kike Intxausti kalitatearen arduraduna da Lanbide Heziketako Kalitaterako eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentzian.

Izan ere, gaur egun, lan-munduan, gizartean eta irakaskuntzan gauzak etengabe aldatzen ari dira, eta etorkizunean ere aldatuko dira. Aurrerantzean, irakasleoi ez zaigu eskatuko gure ezagupenak aldez aurretik finkaturiko sistemetan aplikatzea bakarrik, baizik eta egoera berrietara gure ezagutza sormen handiz moldatzeko gaitasuna izatea.

Eta hori, dagoeneko gertatzen ari da, Lanbide Heziketako ikastetxeetan bederen. Ezagupen jakin batzuk dituen irakaslea ez da jada nahikoa, bere jakintza eta ahalmenak erronka berrien aurrean erabiltzeko gai den irakaslea behar da, etengabe ikasten duena, dakiena besteei helarazten diena, erabakiak hartzen dituena, talde-lanean aritzen dena, eta abar. Hau da, funtsean, jakintzaren langilea behar dugu, jakintza hori sormenez erabiltzeko gai dena.

Ikuspegi horren ondorioz, gauza asko aldatzen dira?

Kontzeptu asko aldatzen dira. Esaterako, enpresa norena da? Makineriaren eta teknologiaren jabeena? Aldiz, orain esaten badugu jakintza dela garrantzitsuena, enpresa jakintzaren langileena izango ote da?

Bestalde, pertsona baten borondatearen kontra ezin da jakintza zabaldu. Beraz, pertsona batek bere ezagutza besteren eskura jartzea nahi baldin bada, egitura egokiak sortu behar dira eta irakasleari nahiz langileari erabakitzeko boterea eman behar zaio.

Eta ikastetxeei eta Lanbide Heziketari dagokienean, zer?

Esperientzia honetan guneka antolatu nahi da ikastetxea. Gune bakoitzak zein arlo landu behar duen erabaki behar dugu, gune horiei beren kudeaketa-modua erabakitzeko ahalmena eman behar diegu eta hortik aurrera autogestioa bultzatu nahi dugu. Hartara, beren helburuak finkatu beharko lituzkete, zein emaitza lortu nahi diren garbi izan, beren lanak kudeatzeko sistemak eskaini eta abar; baina prozesuaren jabe gune horretako langileak izan daitezela.

Horretarako egitura berriak sortu behar dira?

Bai, egitura horizontalagoak sortu eta egitura horietan baliabideak txertatu behar dira, informazioaren eta jakintzaren trukea eraginkorra izan dadin. Adibidez, guk hiru egitura nagusi sortu ditugu: ikasguneak, alorguneak eta gidaguneak. Bakoitzak bezero-mota bati zuzentzen dizkio bere zerbitzuak eta norbera arduratzen da ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen. Bestalde, hobekuntza gauzatzeko beste egitura batzuk sortu nahi ditugu, baita eskolaren norabideaz hausnartu eta erabakiak hartzeko ere. Azkenik, guztion ezagutza guztiongana iristeko beste saregune bat antolatu nahi dugu.

Gainera, nire ustez, egitura horren azpian dagoen teorizazioa da garrantzitsua: zer-nolako irakaslea behar dugu etorkizunean? Ezagutzarena. Ondorioz, zer-nolako kudeaketa-sistema sortu behar dugu irakasle horrek bere ezagutza hori sormenez erabil eta besterengana dezan?

Ez dakit nolako emaitzak lortuko ditugun, dakidana da ez dela egun gutxiko kontua izango, luze joko duela; baina bide horretan ikastetxeak hobetuko ditugula ere ziur nago.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila