Legamia horiek guztiak izugarri ugaritzen dira garagardoaren ekoizpenean eta, ondoren, garagardo horren heltze- eta biltegiratze-prozesuan, tankearen azpialdean pilatzen dira. Horiek garbitu eta lehortu ondoren, prest dago gehigarri dietetikoa kontsumorako. Garagardotik lortua bada ere, ez du alkoholik.
Garagar-legamian proteinak dira nagusi, horietatik % 33 kalitate biologiko altukoak, eta aminoazido esentzial guztiekin.
Bitaminei dagokienez, baditu B taldeko bitaminak, baita B12 bitaminaren kantitate txiki bat ere. Azken hori animalia-jatorriko produktuetan soilik topatzen da; hori dela eta, begetarianoentzat osagarri egokia da.
Kaltzioaren xurgapenean parte hartzen duen D bitamina ere badu. Beraz, osteoporosi-arazoak dituztenek esneari garagar-legamia apur bat gehituta, kaltzio gehiago xurgatuko lukete.
Gatz mineral gehienak ditu, gehixeago edo gutxixeago, baina nabarmentzekoak dira burdina, selenioa (antioxidatzailea eta minbiziaren aurkakoa) eta kromoa (diabeteareneta arterosklerosiaren aurkakoa).
Ez du ia koiperik, baina koipeen familiako azido alfa-lipoikoa du, antioxidatzaile indartsua. Azido alfa-lipoiko horren estraktuak gehigarri gisa erabiltzen dira hiesaren tratamentuan, antioxidatzailea, bizigarria eta sistema immunearen estimulatzailea delako.
Batez ere honako egoera hauetan komeni da hartzea:
Aldiz, ez lukete garagar-legamiarik hartu behar:
Garagar-legamiak eragozpen txiki bat du: garratza da. Hala ere, etxe komertzial batzuk saiatzen dira garraztasun hori kentzen.
Gehigarri gisa adituek gomendatzen duten kasuetan soilik erabiltzea komeniko litzateke. Kasu horietan, eguneko 1-3 goilarakada hartu behar dira.
Kromoa funtsezko elikagaia zela frogatu zuten Schwarz eta Mertzek 1959an, kromo gehiago hartuta arratoiek glukosa errazago onartzen zutela ikusi ondoren. Ikerketa horiek abiapuntutzat harturik, lan asko egin dira kromoak animalia eta gizakiengan betetzen dituen funtzioak azaltzeko, baina oraindik asko dago ikertzeko.
Kromoa bi modutara topatzen dugu naturan: kromo (III) inorganikoa formarik egonkorrena eta ugariena da; kromo (VI) organikoa, berriz, oxidatzaile indartsua da.
Giza gorputzean 0,4-6 mg kromo dugu, eta adinarekin kopuru hori gutxituz joaten da.
Kromoak funtzio garrantzitsu bat du: intsulinaren eragina indartzen du, eta, ondorioz, karbohidrato, lipido eta proteinen metabolismoan eragiten du.
Horregatik da bereiziki gomendagarria II motako diabetea dutenentzat. Zenbait ikerketak erakutsi dute gaixotasun hori dutenek bi hilabetean kromoa hartzen badute (600 mg eguneko), diabetearen eraginez gertatzen diren hipergluzemia, nekea eta pisu-galtzea arindu egiten direla pazienteen % 89an. Gainera, kromo-maila baxuak topatu izan dituzte gehigarririk hartzen ez duten diabetikoen ilean.
Ikertzaileak kromoaren ustezko beste funtzio bat ere ari dira ikertzen, kirolariengan izan dezakeen efektu anabolizatzailea, hain zuzen: gorputzean koipea ez den masa gehitzea eta koipea eta pisua gutxitzea alegia. Baina ikerketa horien guztien emaitzak ez datoz bat eta, beraz, oraingoz ezin daiteke gai honi buruz baieztapenik egin.
Haurrek egunero 10-120 mg kromo behar dituzte eta helduek, berriz, 50-200 mg. Behar horiek osatzeko, kromoa duten janariak hartzea komeni da, adibidez, garagar-legamia eta gibela. Arrainak, itsaskiek, oilaskoak, haragiak eta zereal integralek ere kromo-kantitate polita dute, baina azken horiek, fintzen badira, galdu egiten dute kromo gehiena. Esnekiek, frutak eta barazkiek, aldiz, kromo gutxi dute oro har.
Giza gorputzean, heste mehean (ieiunoan bereiziki) xurgatzen da kromoa. Barazkiek eta zerealek dituzten fitatoek modu esanguratsuan gutxitzen dute xurgapen hori eta oxalatoek, berriz, areagotu egiten dute. Xurgatu ondoren gibelean metatzen da gehienbat eta hepatozitoek glukosaren tolerantziarako faktorea sintetizatzeko erabiltzen dute. Azkenik, gernuaren bidez kanporatzen da.
Kromo-gabeziaren ezaugarriak honako hauek dira: glukosarekiko tolerantzia urria, hipergluzemia (glukosa- edo azukre-maila altua odolean), hiperkolesterolemia (kolesterol-maila altua odolean), hipertriglizeridemia (triglizerido-maila altua odolean), glukosuria (glukosa gernuan) eta nerbio-sistemaren asaldurak.
Kromo-gabezia ez da diabetearen kausa bakarra, baina faktoreetako bat izan daiteke. Ondorioz, gure kromo-beharrak asetzen ditugula ziurtatu behar dugu, lehen aipatutako janariak sartuz eta denetik janez.