Aspaldidanik esan eta entzun izan da giro itxietako airea berritu egin behar dela aire berriari sartzen utziz. Eraikuntza barneko poluzioak zenbait kasutan patologia sor dezake. Bi arrazoi medio sortuko lirateke osasun-arazoak: energia aurrezteko gero eta eraikuntza hermetikoagoak eta klimatizatuak egiten direlako eta gizarte garatuetako pertsona urbanoak bere denboraren % 80 baino gehiago giro itxi eta, gehiago edo gutxiago, poluituetan pasatzen duelako bai lanean baita aisialdian ere.
Horrelako giroetan sor daitezkeen gaixotasunak bi eratakoak dira:
Bigarren talde honetako egoeratan bakarrik erabiliko dut GES izendapena. Beheko taulan aipatzen ditut gehien agertzen diren sintomak eta bertan ikus daitekeenez sarrienak arnas aparatuan, larruazal eta mukosetan, sistema muskuloeskeletikoan eta arlo psikikoan ematen dira.
Sindromearen ezaugarri nagusienetakoa zera da, ez dagoela inolako diagnostiko espezifikorik sintomatologia agertzen den lekuan lesioaren sustrai anatomiko zehatzik aurki dezakeenik. Bestalde, erasandako pertsona laneko eraikuntzatik urruntzen denean, sintomak hobetu edo desagertu egiten dira. GES duela diagnostikatzeko, gainerako arrazoi posibleak baztertu egin behar dira; hau da, esklusioz egindako diagnostikoa izango da.
Ez da arazo hauen sorrera zein mekanismok eragiten duen ezagutzen eta beharbada faktore askoren eraginpean agertuko da. Aipatuenak honako hauek dira: mekanismo inmunologikoak, infekziosoak, faktore narritatzaileak eta toxiko-metabolikoak, mekanismo traumatiko-mekanikoak, postura txarrak, lan-giro deserosoa (argiari, soinuari, tenperaturari eta abarri dagokionez), esfortzu handiegiak, monotonia, ordutegia, lan-antolamendua, lankideen arteko harremanak, etab.
OMEren arabera, ondokoak lirateke eraikuntza gaixotuen ezaugarriak:
Eraikuntzetako barne-giroan dauden gai poluitzaileak ugariak izaten dira: kalefakzio eta kafetegietako gasak, tabakoaren kea, pinturak, plastikoak, barnizak, disolbagarriak, beira-zuntzak, garbikariak, intsektizidak, produktu kosmetikoak, fotokopiagailuak, bakteriak, birusak, onddoak, etab.
Estatu Batuetako NIOSH erakundeak ondoezaren sintomak azaltzen zituzten 356 eraikuntza aztertu zituen. Gehien detektatu zen arazoa bentilazio txarrarena izan zen (% 52) eta ondoren besteak: barne-poluzioa (% 17), kanpo-poluzioa (% 11), poluzio mikrobiologikoa (% 5), eraikuntzaren materialak (% 3) eta ezezagunak (% 12). Aurkikuntzetako bat eraikuntzen % 33an aire birziklatuari ez ziotela aire freskorik nahasten izan zen.
Eraikuntza gaixotuaren ikerketa nola egin behar den aipatuko dut ondoren:
Ondoren, eraginkortasuna neurtzeko beste ebaluazioak egingo dira, inkesta eta guzti. GESren azterketan medikuari sintomen diagnostiko diferentziala egitea dagokio baina egin beharreko ekintzen lehen kate maila besterik ez da eta beste profesionalei dagozkie gainerakoak egitea; hala nola, arkitektoei, higienistei, injineruei eta bentilazio- eta klimatizazio-lanetan espezializatuei.
Osasunaren ikuspuntutik ondorio larrien sortzaile ez baldin bada ere, kontutan hartzekoa da lan-absentismoan, errendimenduan eta laneko erosotasunean duen eragina. Hori guztia kontutan hartzen bada, eraikuntzetan diseinu hobeagoak egiteak suposatzen duen kostu gehigarria erabat konpentsatua geratzen da.