Gaur egun, oro har fruta-eskaintza oparoa dugu saltokietan. Ez da gehiegi nabaritzen urtaroen eragina. Edozein garaitan jatorri eta urtaro ezberdinetako fruta gehientsuenak saltokietan eskura ditzazkegu. Baina honek badu bere alde txarra: ez baita berdina, zapore, usain eta elikagaietan zuhaitzean bere garapen normala errespetatuz heldutasunera iritsi den fruta bildu berria edo heldu aurretik jaso eta hozkailuetan, hainbat eta hainbat tratamendu eraginda, mantendu duten fruta. Ondorioz, barietatean irabazten dena kalitatean galtzen da.
Frutek oro har antz handia dute beraien osagaiei dagokienez. Gehienbat ura (% 80-90) eta karbohidratoak dituzte. Karbohidratoak honela banatzen dira: erabilgarriak (glukosa eta fruktosa) % 10-16 eta zuntza % 4 (pektina eta hemizelulosa batez ere). Fruten gantz-kopurua txikia da (% 1 baino gutxiago), aguakatearena izan ezik, honek 100 g-ko 16 g koipe dituelako. Frutetan dauden koipeak fosfolipidoak dira eta koipe azidoak berriz, oleiko, linoleiko eta palmitikoa dira.
Hala ere, frutaren garrantzia gatz mineral eta bitaminetan datza. Frutak gehienbat potasioa eta sodioa dute eta bitaminei buruz, frutaren arabera bitaminak desberdinak direla esan daiteke. Adib.: platanoak B6 edo piridoxina bitamina dexente du eta melokotoi eta arbeletxekoak berriz, A bitamina.
Osagai hauez guztiez gain frutetan hainbat azido organiko eta flabonoide daude, gaixotasunetatik babestu eta janari funtzionala hornitzen digutelarik.
Zuntz, flabonoide eta bitamina asko frutaren azalean egoten dira; hori baita eguzki gehien jasotzen duen tokia, baina pestizidak ere bertan metatzen direnez, frutari azala kentzea komeni da, fruta ekologikoa ez bada behintzat. Azken hauek lasai har daitezke azal eta guzti.
Azkenik, hemen gure kezka kaleratu nahi genuke; izan ere, Euskal Herriko hainbat eskolatan jardun dugu haur-gazteen elikadura-ohiturak aztertzen eta tamalez frutak oso baztertuta daudela ikusi ditugu. Beraz, has gaitezen orain, gerorako utzi gabe, hiru fruta-ale ezberdin kontsumitzen eta ahal den neurrian urtaro bakoitza errespetatuz, horrela gure gorputzaren beharrak asetzeaz gain osasuna zainduko baitugu.