Fotografia agertu aurretik

Gaur egun nork ez du bere patrikan argazkiren bat, bedi bere maitearena, bere seme alabena edo gutxienez karnetekoa? Eta zer esan gure etxeetakoez? Nonahi dago fotoren bat, eserita nahiz mahai baten gainean. Argazkiak guztiz zabalduta daude eta horiek gabeko munduaz pentsatzea zaila egiten zaigu. Nola bizi ziren gure arbasoak fotografiarik gabe? Galdera honi erantzuteko ez dugu oso urrutira joan behar.

Ikus dezagun joan den mendean Dickens-ek bere “Pickwick Club-eko azkeneko paperetan” zer esaten digun. Era irrigarriz, orain dela ehun urte Ingalaterrako presondegietan gizakiaren irudia hatzemateko zer egiten zuten kontatzen digu. Ipuina presondegi batekoa da, bertara Pickwick eraman dute eta iritsitakoan bere irudia egin arte eserita egon behar duela esan diote.

  • Nire irudia egin arte?— galdetu zuen Pickwick jaunak.
  • Bai, zure irudia eta itxura, jauna presozain sendokote batek erantzun zion — Jakin ezazu gu oso iaioak garela irudiak hartzen. Itzultzeko denborarik ez duzularik, zure marrazkia egina izango da. Jauna, zeure etxean izango bazina bezala eser zaitez.

Gonbidapenari kaso eginez, Pickwick jauna eseri egin zen eta orduan, Samuel-ek (bere morroiak) “irudia hartzea” ziuraski hemen esangura berezian ulertuko zutela xuxurlatu zion belarrira.

  • Jauna, honek zera esan nahi du: presozainek zure irudiari arreta handiz begiratuko diotela zu bisitariengandik bereiztu ahal izateko.
Dagerrotipoa Daguerreren irudiarekin, 1846.

Horrela hasi zen saioa. Presozain lodi batek Pickwick jaunari gainetik begiratzen zion bitartean, beste lankide bat preso berri baten aurrean jarri zen eta bere begirada finkoa beregan iltzatu zuen. Hirugarren presozaina Pickwick jaunaren sudurraren puntan jarriz arreta handiz bere itxura ikertzen hasi zen.

  • Azkenik, bere irudia hartzea bukatu zuten eta Pickwick jaunari gartzelara sar zitekeela esan zioten.

Buruan gordetzen ziren “argazki” hauen zeregina, aspaldiko “seinale pertsonalek” betetzen zuten. Nork ez du ezagutzen Txomin Agirre idazle ondarrutarraren “Garoa”ko Joanes artzainaren itxura? Berak idatzi zigunez:

“Ura zan gizona, ura!”
Zazpi oin ta erdi bai luze, makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera zimel. Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean.
Sendoak zeuden oraindik artzai zarraren beso zaintsuak, txit azkarrak bere oñak, zindoak bere bularauspoak”.

Nahiz eta deskribapena zoragarria eta literaturaren ikuspegitik balio handikoa izan, Joanes nolakoa zen benetan jakin nahi izango bagenu gaur egun bere argazki xume batek hitz horiek baino argibide gehiago emango liguke. Dena dela, Txomin Agirrek ez omen zekien kamera erabiltzen eta gure literaturaren pasarte eder hori eman zigun zorionez.

Fotografia joan den mendearen erdi aldean asmatu zen. Hasieran dagerrotipo izeneko metodoaren bitartez egiten zen. Izen hau bere asmatzailearen gorasarre ipini zen, hots, euskal jatorriko Dagerre izenekoaren gorasarre, hain zuzen. Metodo honek irudiak xafla metalikoetan grabatzen zituen, baina oso deserosoa zen, irudi bat egiteko dozenaka minutu egon behar zen tresnaren aurrean geldirik, eta.

Hala ere, inongo margolaririk parte hartu gabe pertsona baten irudia lortu ahal izatea gauza berria eta harrigarria zen eta jendeari asko kostatu zitzaion ideia horretara ohitzea. 1845eko aldizkari errusiar batean honako pasadizoa kontatzen da:

Pertsona batzuek dagerrotipoak inoren laguntzarik gabe lan egiten duela ezin dute sinetsi. Gizon errespetagarri bat bere erretratua egitera joan zen. Argazkilariak eserrarazi egin zuen, beira doitu eta xafla jarri ondoren, bere ordulariari begiratu zion eta joan egin zen. Argazkilaria gelan zegoen bitartean jaun errespetagarria eserita eta mugitu gabe egon zen; baina hura atetik irten bezain laster, argazkia izan nahi zuenak ez zuen kontsideratu geldirik egon behar zuela: altxatu egin zen, sudurrautsa hartu zuen, dagerrotipoari (aparatuari) alde guztietatik begiratu zion, baita bere begia beirara hurbildu ere, eta burua higituz honakoa pentsatu zuen:

“Zer gauza bitxia! eta gelan ibiltzen hasi zen.

Argazkilaria itzuli zenean, atearen ondoan harrituta gelditu zen eta hots egin zion esanez:

  • Baina, zer ari zara egiten? Ez al dizut esan ba eserita eta geldirik egoteko?
  • Bai jauna, eta halaxe egon naiz. Zuk alde egin duzunean jaiki naiz.
  • Ba, orduan egon behar zenuen geldirik.
  • Zertarako egon geldirik ezer egin gabe?

Irakurleak gaur egun fotografiari buruzko ideia xehe hauetatik urruti gaudela pentsa dezake. Hala eta guztiz ere, oraindik gutako gehienak ez dira erabat argazkigintzara ohitu eta, bide batez, argazkiari behar bezala begiratzen dakitenak oso gutxi direla esan behar dugu. Askok argazkia hartu eta so egin baino ez dela egin behar erantzungo dute. Baina, ez da dirudien bezain erraza.

Argazkiei, hain zabalduta egonik ere, gure etxeetan dauzkagun beste mila gauzei bezala ez dakigu beren zuku osoa ateratzen. Argazkilari gehienek, eta zer esanik ez gainerakoek, ez diete argazkiei behar bezala begiratzen. Fotografiaren arteak mende bat baino gehiago badauka eta hala eta guztiz ere askok oraindik ez dute argazkiari begiratzen ikasi. Dena den, honek beste lantxo baterako gaia ematen dit eta oraingoz bertan utziko dut.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.