Euskal Herriko kostaldea

Lan honekin Euskal Herriko itsasbazterra ekologikoki aztertzearren prestatutako artikulu-sortari hasiera emango diogu. Bertan, orain arte gertatu ez den moduan, kostaldea ikuspegi orokorrez aztertzen saiatuko gara, gaur egungo errealitatea zein den hobeto ulertzeko. Landaredia Fauna Paduretako ornitofauna

M. Estonba

Lau izango dira azterketa honetan landuko ditugun ekosistemak: padura, dunak eta hondartzak, itsaslabarrak eta marearteko haitzak. Guztietarako ezaugarri orokorrak deskribatuko duen haserako sarreraren ondotik, gure kostaldean duten egoera eta arriskuak aipatzen ahaleginduko gara.

Euskal Herriko padurak

Euskal Herriko orografia maldatsua dela eta, gure kostaldea ibilbide txikiko ibaien itsasadarrez josita dago. Hauetan guztietan, Bizkaiko itsasoko eta ibaietako urek elkar besarkatzen duten tokian hain zuzen, gure latitudeetako ekosistemarik produktibo eta biodibertsoenetakoa agertu ohi da: itsas padura .

Itsasadarren molusku-aberastasunaren lekuko.
M. Estonba

Mendeetan zehar osasunaren kalterako ingurutzat onartu izan diren itsasoarekin erabat lotutako hezegune hauek, suntsitze-prozesu ugari ezagutu dute, batzuetan itsasbazterreko herriak zabaltzeko erabili izan direlako eta beste batzuetan instalazio industrial eta turistikoak eraikitzeko lehortu izan direlako.

Hala ere, azken urte hauetan ezagutu den ekologiaren garapen handiak, produktibitate ekologikoa eta biodibertsitatea benetako altxorrak direla frogatuta, alderdi hauekiko ikusmoldea guztiz aldatu du.

Ornogabeek ekosistema aberats hauen oinarri dira.
M. Estonba

Balio handi honen arrazoi nagusienetarikoak hauexek dira:

  • Itsasadarretan, ibaien ur-korrontea, itsasoaren ur-sarrera dela eta, geldiarazi egiten da. Honek, suspentsioan garraiaturiko partikula arinenen sedimentazioa eragiten du, hondar banku eta limo-hondartza emankorrak eratzen direlarik. Ibaiaren emariei esker, materia organikoen kontzentrazio handiak izaten dituzten limo hauetan, ekosistema hauetako hegazti- eta arrain-komunitate garrantzitsuen elikadura-iturri diren ornogabe-populazio joriak (moluskuak, krustazeoak, anelidoak,...) azaldu ohi dira.
  • "Saint Martin de Seignant" padur. Landetako ehiztarien diru eta lanari esker berreskuratu da hezegune garrantzitsu hau Aturriren eskuinalden.
    M. Estonba
    Bestalde, ibaiaren emarien mineral-aberastasunak, itsasadarretako ur-sakontasun txikiarekin batera, alderdi hauetako produktibitate fotosintetikoa oso handia izatea eragiten du, honen ondorioz, ekosistema hauen katea eta sare trofikoak oso konplexuak direlarik (honek biodibertsitatea areagotzen eragina du).
  • Europako hegaztien migraziorako, Euskal Herriak duen kokapen estrategikoak (Pirinio eta Bizkaiko itsasoak sortzen duten inbutuaren erdian) atseden eta elikadura-gune garrantzitsu bihurtzen ditu hezegune hauek.
  • Inguru hauek, elikagaietan aberats badira ere, itsas mareen ondoriozko ur eta gazitasunaren gora-beherak direla eta, baldintza gogorrak ezartzen dizkiote biziari, bertan agertzen diren espezieek, eboluzioan zehar, limo hauek kolonizatu ahal izateko moldaera fisiologiko eta morfologiko bitxien jabe egin behar izan dutelarik.
  • "Saint Martin de Seignant" padura. Landetako ehiztarien diru eta lanari esker berreskuratu da hezegune garrantzitsu hau Aturriren eskuinaldean.
    M. Estonba
    Azkenik, aipatzekoa da, azken urte hauetan ekosistema hauek, eta orokorrean hezegune guztiek, izan duten suntsipen sistematikoak, askoz ere balio eta garrantzi handiagoa ematen diela sarraski honetaz libratu direnei, hauek kontserbatzea eta ugaltzea gure gizartearen erronka nagusietarikoa delarik.

Paduren ezaugarri ekologiko garrantzitsuenak ezagutu ondoren, azter dezagun orain Euskal Herriko padurak zein egoeratan dauden.

Lapurdi

Aturri

Aturri da, zalantzarik gabe, Euskal Herriko ibairik luzeena eta ur-emari handiena duena. Jaiotzen denetik, Tourmalet inguruan, itsasoratu arte, 300 kilometro baino gehiago zeharkatzen ditu, guzti hauetatik, Euskal lurretatik azkeneko 30 kilometroetan baino igarotzen ez dela (Gaskoniako muga markatuz).

Bidaia luze honetan, Pirinioan jaiotako hainbat eta hainbat ibai eta erreka jasotzen ditu. Honen ondorioz, bere ibaiaren ur-emaria itsasoarena baino garrantzitsuagoa da. Honek, bertako paduran bizi daitezkeen animali eta landare-espezieak erabat baldintzatzen ditu, padura hau Euskal Herriko gainerakoekiko bereizturik.

Donibane-Lohizune. Turismoaren garapen ikaragarria oso kaltegarria izan da Urdazubiko padurarentzat.
M. Estonba

Dena den, garai batean Euskal Herriko padurarik handiena izango zen honetatik, arrasto txiki batzuk besterik ez dira geratzen, uholdeen aurkako borrokak; nekazaritzarako lurrak lortzeak eta Baiona-Angeluko portu eta hirien hedapenak, Aturri ibaiaren bokalea erabat kanalizatuta utzi baitute.

Nahikoa da XIX. mendeko Baiona inguruko planoak aztertzea, Baiona bera eta bere portuko instalazio guztiak, Aturri-Errobi ibaien paduren gainean eraikita daudela frogatzeko.

Hiru dira, lehorketa hauetatik libratu diren barrendegiak. Alde batetik, Baionatik aurrera, Aturri ibaiak ezkerrerantz deskribatzen duen meandroan, padura-arrasto eta limo metaketa garrantzitsuak daude ibaiaren eskuinaldean.

Sokoako padura. Kanalizazio basatia egin badiote ere, Untxin errekak oraindik mantentzun ditu padura-aztarna batzuk, hauek ere urbanizazioaren mehatxupean daudelarik.
M. Estonba

Bestalde, pixka bat atzerago, Aturrik, Lehuntze, Urketa eta Ahurtiren parean dituen irletan, padura-puska batzuk mantendu dira ibai-ertzeko baso ederren artean. Hauetako batean, Berex irlakoan hain zuzen ere, Euskal Herriko amiltxori arruntaren ( Nycticorax nycticorax ) koloniarik handiena ezezik, lertxuntxo txuriaren ( Egretta garzetta ) populazio habiagile oso handia ere, ikus daiteke.

Azkenik, ezin da aipatu gabe utzi, Saint Martin de Seignant herriaren ertzean (Aturriren eskuinal aldean), duela hiru bat urte, Landetako ehiztarien lanaren ondorioz, garai batetan nekazal ustiapenerako lehortutako padura-puska handi bat, berriz ureztatu zela, orduz geroztik, hegaztientzat hezegune hau, garrantzi handiko barrendegi bihurtu delarik.

Urhabia

Urhabia itsasadarra. Argazkiak adierazten duenez, erabat kanalizatuta dago.
M. Estonba

20 kilometro inguruko ibai txiki hau, izen bereko Bidarteko hondartzan itsasoratzen da, Getari eta Bidarteko itsaslabar maldatsuen artean irekitzen den itsasadar zoragarrian.

Dena den, azken urte hauetan Lapurdiko kostaldeak izan duen turismo-garapen basatia dela eta, bokale honek bere balio ekologiko garrantzitsuenak galdu egin ditu; ibaiaren kanalizazioaren ondorioz, bere padura guztiz suntsituta gelditu baita eta gainean aparkaleku bat eraiki ondoren bere dunek sekulako jipoia jasan baitute.

Urdazubi

Berex irla. Hemen dago Euskal Herriko amiltxori arruntaren ( Nycticorax nycticorax ) koloniarik handiena. (M. Estonba).

Gaur egun Donibane-Lohizune, Ziburu eta Sokoako herriek betetzen duten lurraldearen azterketa geomorfologiko txiki bat egitea nahikoa da, bertan orain dela urte gutxi arte Euskal Herriko hezegune ederrenetarikoa ikus zitekeela sinesteko.

Dena den, turismoaren garapen irrazionalak eta ustez uholdeen aurkako ekintzek, padura eder eta handi hau, iraganaldiaren lekuko isilen modura mantendu diren gune txiki eta mehatxatu batzuetara mugatu dute.

Hauetan garrantzitsuenak Otsondoko mendatearen inguruan jaiotzen den Urdazubi ibaiaren itsasadarrean daude. Itsasadar honen bukaera erabat kanalizatuta eta urbanizatuta badago ere, Azkaine eta Donibane-Lohizunen artean, landare halofitoez betetako limo-ertz naturalak ezezik, ezkerraldean, autopistaren ondoan, egun mareen eragina galdua duten hezegune eta zingira zoragarriak mantendu ditu.

Ziburuko padura. Autopistaren beste irteera batek mehatxatzen du Iparraldeko hezegune garrantzitsu hau.
M. Estonba

Hala ere, bi alderdi hauek mehatxupean bizi dira, uholdeen aurkako proiektu batek ibaiaren kanalizazioa proposatu duelako, eta autopistaren beste irteera bat eraikitzeko asmoak, hezegunea eta zingira (eta beraiekin batera, Iparraldeko hezegunerik garrantzitsuena) suntsi bailitzake.

Azkenik, aipatzekoa da badiaren ezkerraldean (Sokoan) itsasoratzen den Untxin errekan itsasadar hau erabat itxuragabetu eta kanalizatu duen urbanizazioaren atzean, padura aztarna batzuk mantendu direla. Azken aztarna hauek ere, mehatxupean bizi dira; hemendik lasterrera, beste urbanizazio batek azken arrasto hauen lekua beteko baitu, proiektu hau gelditzea lortzen ez badugu bederen.

Cochlenaria pyrenaica aestuaria. Fanerogamo halofito hau Txingudin baizik ez dago.
M. Estonba

Alderdi hauetako landarediari dagokionez, honek ibaiaren ur- eta ertz-landareriak finkatzeko dituen zailtasunak ez baditu ere, paduretan, bai itsas mareen ondoriozko ur eta gazitasunaren gora-beherak eta bai limoen trinkotasun handiaren ondoriozko substratuaren anorexia handiak ere, ekosistema hauetan agertzen diren landare espezieetan, moldaera ebolutibo bitxiak azaltzea eragiten dute.

Moldaera hauetan, osmosi-erregulazioarekin (organismo bizidun eta inguruaren arteko presio-desberdintasunekin) erlazionatuta daudenak bereziki aipatzea merezi du; landare-espezie hauek denbora-tarte oso laburretan gazitasunean gora-behera ikaragarriak jasaten baitituzte.

Kanpoko gazitasuna zelulen zitoplasmena baino handiagoa deneko kasuetan, ura galtzea eragozten duten gantz-ehunak edukitzea edo gatzak eskretatzeko ahalmena izatea lirateke aipagarrienak.

Limonium vulgare (Urdaibai). (M. Estonba).

Bestalde, arrunta izan ohi da, paduretako landareetan sustrai eta zurtoin hutsak aurkitzea, horrela limoetako baldintza anaerobioak gainditzen dituztelarik.

Dena den, faktore hauen eragina ez da berdina paduraren zabalera osoan, landaredia sakon aztertzeak erakusten duen moduan; gradiente ekologikoak sortzen baitira.

Tamarix gallica (Motondo-Orio). Zuhaiska autoktono hau erregresio handia jasaten ari da Ameriketatik ekarritako Baccharis holimifolia zuhaiskaren erruz. (M. Estonba).

Leku baxuenetan, hau da, urperatu gabe marea beheretan bakarrik gelditzen diren alderdietan, alga-itxurazko Zostera nolti fanerogamo -espeziea bereizgarri duen Zosteretum noltii asoziazioa agertu ohi da. Zoritxarrez, landare honen poluzioarekiko sentikortasun handia dela eta, Txingudin gutxi batzuk aurkitu badira ere, ia desagertuta dago gure itsasadarretan; kontutan hartzeko populazio bakarra Urdaibain agertzen baita.

Zertxobait gorago, urperatuta ordu gutxiago egoten diren limo-hondartzetan, zurtoin luze eta tenteak dituzten Spartina generoko gramineoak ditugu. Genero honetako hiru espezie desberdin aurki ditzakegu gure paduretan, hirurak Spartinetum maritimae asoziazioa osatzen dutelarik: bertakoa den Spartina maritima , modu nabariz aurrekoa baztertzen ari den Amerikatik ekarritako Spartina alterniflora eta bien arteko hibridazioaren ondorioz agertu den Spartina towsendii .

Inguru hauetan, baina oraindik pixka bat gorago, ugari dira Salicornia ramosisima, Aster tripolium, Spergularia mendia ,... espezietako aleak ere, denak Salicornetum ramosisimae asoziazioak barne hartzen dituelarik.

Egunero itsasoaren urak bi aldiz estaltzeak, bizi-baldintza gogorrak ezartzen dizkie paduretako landareei.
M. Estonba

Azkenik, ezponda eta paduraren zati gorenetan, marea gora bizietan bakarrik urperatuak gelditzen direnetan, bizitzeko baldintzak leuntzearekin batera, Puccinellia maritimae, Arthrocnemetum fruticosi eta Limonio-Juncetum maritimi asoziazioetako jasankortasun txikiko espezie ugari agertzen da, hala nola Juncus maritimus, Scirpus maritimus, Halimione portulacoides, Puccinellia maritima, Inula crithmoides, Triglochim maritimun edo hegaztientzat hain garrantzitsua den lezka ( Phragmites australis ).

Aipagarria da, azken urte hauetan, Amerikatik iritsitako Baccharis halimifolia zuhaiska ere, inguru hauetako zabalera handiak kolonizatzen ari delarik (bertako landaredia desplazatuz, eta bere hazkunde azkarra dela eta, eutrofizazio-arazoak sortuz).

Txirri kurlinka ( Calidris ferruginea ). Limikoloak paduretako hegazti tipikoak dira. (G. Gorospe).

Lehen aipatu dugunez, padurek oso produktibitate fotosintetiko altua dute. Honen ondorioz, ekosistema hauetako katea eta sare trofikoak oso konplexuak izan ohi dira, aberastasun honen lekukorik deigarrienak hegaztiak direlarik.

Baina, ezin dugu ahaztu, hegazti-joritasun honen oinarria, limo eta uretan bizi diren ornogabe (anelidoak, krustazeoak, moluskuak,...) eta arrainak direla; hauek baitira hegaztien dieta osatzen dutenak.

Mokozabalak ( Platalea leucorodia ). Galtzeko arriskuan dagoen hegazti-espezie honetakoak ikusi ohi dira gure paduretan migrazio-garaietan. (M. Estonba).

Dena den, hegaztiez hitz egiterakoan, kontutan hartu behar dugu Euskal Herriak Europako hegaztientzat duen kokapen estrategikoak gure padurei balio handiagoa ematen diela. Euskal Herria, Europako hegaztien migrazio-ardatz garrantzitsuenean kokatuta dagoenez, itsas hezegune hauetako hegazti habiagileen populazioei, migrazio-garaietan, padurak babes eta elikadura-iturri gisa erabiltzen dituen espezie mordoa gehitu behar diegu; Iberiar penintsula zeharkatu behar duten hegaztientzat iraganezineko oztopoa bihurtzen baitira Pirinioak, zailtasun hau gainditzearren muturretara jotzen dutelarik (Euskal Herrira eta Kataluniara hain zuzen ere).

Kuliska gorria ( Limosa lapponica ). Limikoloek moko luzeei esker, limoetan bizi diren ornogabeak harrapa ditzakete. (G. Gorospe).

Guzti honi, ekaitz-egunetan, kostalde eta itsasadarretara hurbiltzen diren itsas hegazti migratzaileak eta negutiarrak gehitzen badizkiogu, ulertzekoa da gure itsasbazterreko hainbat hezegune nazioarteko garrantzizko ingurutzat onartuak izatea (Urdaibai, Txingudi, Zumaia,...).

Ondoko koadroan agertzen dira Euskal Herriko paduretan ikusi ohi diren hegazti-espezie garrantzitsuenak.

Lezkadiak

Zankaluzeak ( Himantopus himantopus ). (G. Gorospe).

HABIAGILEAK
Lezkariak eta benarrizak ( Acrocephalus sp. eta Locustella sp. )
Uroiloak ( Gallinula chloropus )
Uroilandak ( Rallus aquaticus )
Errekatxindorrak ( Cettia cetti )
Ihi-txoriak ( Cisticola juncielis )

MIGRATZAILEAK
Txonta arruntak ( Fringila coelebs )
Zingira-berdantzak ( Emberiza schoeniclus )
Papaurdinak ( Luscinia svecica )
Dilindariak ( Remiz pendulinus )
Uroilandak ( Rallus sp. eta Porzana sp. )
Araba zozoak ( Sturnus sp. )
Txori-zezen arrunta ( Botaurus stellaris )
Amiltxori txikia ( Ixobrychus minutus )
Enarak ( Hirundo rustica )

Ibai-padurarainoko inguruak

HABIAGILEAK
Errekatxindorrak ( Cettia cetti )
Martin arrantzalea ( Alcedo atthis )

MIGRATZAILEAK
Zingira-berdantzak ( Emberiza schoeniclus )
Txantxangorriak ( Erithacus rubecula )
Usapalak ( Streptopelia turtur )
Galeperrak ( Coturnix coturnix )
Hegaberak ( Vanellus vanellus )
Kuliska txikiak ( Tringa hypoleucos )
Amiltxori arruntak ( Nycticorax nycticorax )
Buztanikarak ( Motacilla sp. )

Limo-hondartzak eta hareatzak

MIGRATZAILEAK
Limikoloak
Txirriak ( Calidris sp. eta Pluvialis sp. )
Txirritxoak ( Charadrius sp. )
Bernagorriak eta kuliskak ( Tringa sp. eta Limosa sp. )
Kurlintak ( Numenius sp. )
Mokozabalak ( Platalea leucorodia )
Itsas mikak ( Haemantopus ostralegus )
Abozetak ( Recurvirrostra avosetta )
Zankaluzeak ( Himantopus himantopus )

Udazkenean erraza da gure zeruan hegazti talde handiak ikustea.
G. Gorospe

Anatidoak
Antzarak ( Anser sp. )
Ahateak eta zertzetak ( Anas sp. )
Murgilariak ( Aythya sp. )

Ardeidoak
Lertxunak ( Ardea cinerea )
Lertxuntxoak ( Egretta garzetta )

Barruko uretan

MIGRATZAILEAK
Aliotak ( Gavia sp. )
Murgilak eta txilinportak ( Podiceps sp. )
Eiderrak ( Somateria mollisima )
Zerrak ( Mergus sp. )
Ubarroiak ( Phalacrocorax sp. )
Paitak ( Tadorna sp. )

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.