Ibaiertzetako basoak eta ibar-basoak aldizkako uholdeek eta horiek ertz eta lurmenetan utzitako ekarpenek sortutako baso-ekosistema hezeak dira. Horien ezaugarri nagusia lurzoru heze eta sakonak dira.
Ibaiertzetako basoak galeria-baso, ibai-baso edo ibar-baso izenez ezagunak diren ingurune alubialak dira eta mendiko latsetan ez ezik, erreka eta ibaien ertzetan sortzen dira. Hala ere, ibaiaren tamainaren eta ezaugarri biogeografikoen eta geomorfologikoen arabera, ibaiertzetako basoen hedadura eta landare-osaketa aldatu egiten dira batetik bestera. Euskal Herriaren kasuan, ingurune alubialik konplexuenak eta aberatsenak Aturri ibaian eta isurialde mediterraneoko lautadako ibaietan, hau da Ebro, Baia, Zadorra, Ega, Arga eta Aragoi ibaietan, eta horien hainbat ibaiadarretan daude. Horietan guztietan erliebearen leuntasuna dela eta, meandro zabalak eratzen dira, eta horietan ibar-baso izenez ezagunak diren ekosistema heze eta joriak garatzen dira.
Ibaien dinamikaren ondorioz sortutako baso-hezegune hauek biodibertsitatearen benetako gordelekuak izateaz gain, arrazoi ugarirengatik, oso garrantzitsuak dira inguru horien oreka ekologikorako:
Ibar-basoak zuzenean daude lotuta ibai-dinamikaren ondorioz sortzen diren meandroekin. Ibaiek meandroen kanpoaldeko ertzak hondeatzen dituzte eta barrualdeko ertzean, berriz, hareazko eta legarrezko hondartzak eratzen dituzte. Landarediak alubioi hauek kolonizatzen dituenean ibar-basoak sortzen dira.
Ibar-basoetako bizi-aberastasun handia bertako egitura geomorfologiko ugariaren ondorio dela esan daiteke. Egitura geomorfologiko horien artean aipagarrienak hurrengo hauek lirateke:
Hareazko edo legarrezko alubioi-metaketak. Point-bar izenez ere ezagunak diren metaketa hauek meandroaren ertz ganbilean eratzen dira.
Bigarren mailako ubideak. Sarrera meandroaren goialdean duten ubide txiki hauek ibar-basoa zeharkatzen dute eta soilik uholde-garaietan eramaten dute ura.
Ama-ubideak. Ubide nagusitik hurbil agertu ohi diren sakonune estu eta luzeak dira. Normalean urte osoan zehar ur-geruza bat izaten duten egitura horiek bigarren mailako ubideen sarbidea metaketa alubialez ixtean edo ubide nagusian ur-masa bat isolatzen duen alubioi-metaketa bat gertatzean eratzen dira. Sarritan, ama-ubideek ibar-basoaren behealdean bat egiten dute ubide nagusiarekin eta bertan ama-ubidearen ur geldien eta ibaiaren ur-lasterraren arteko elkartrukea gertatzen da. Ama-ubideak dinamismo biologiko handiko inguruneak dira.
Ibai-bazterrak. malkartsuak edo hondartza-itxurakoak izan daitezke.
Higadura-malkarrak. Ur-lasterrak lautada alubialaren ertzean Kuaternarioko ibai-lurmenetan eta igeltsuzko geruzetan sortzen duen higaduraren ondoriozko egiturak dira.
Harri-azaleratzeak. Ibaiak Kuaternarioko metaketa alubial osoa higatzen duenean, sarritan geruza kare-tuparritsuak azaleratzen dira. Azaleratze horiek agertzen diren tokietan uraren abiadura azkartu egiten da eta ur biziko inguruak eratzen dira.
Ibaiertzetan garatzen den landarediari dagokionez, ibaiaren dinamika dela eta jasan behar duen etengabeko gazteagotzearen ondorioz, nagusiki espezie kolonizatzaileez osatutako galeria-basoez osatuta dago. Galeria-baso horiek, ur-lasterretik kanpora, landaredi-gerrikoetan egituratuak daude. Egituraketa hori geruza freatikoaren maila, uholdeen eragina, substratuaren granulometria eta konposizioa bezalako faktoreen menpe dago, gizakiaren eragina ere ahaztu gabe. Euskal Herriaren kasuan, faktore biogeografikoa ere hartu behar da kontuan, eskualde eurosiberiarraren eta mediterraneoaren arteko muga gure lurraldearen erditik igarotzeak muga horretatik iparraldera eta hegoaldera galeria-baso desberdinak garatzea eragiten baitu.
Oro har, galeria-basoek hiru landaredi-gerriko izan ohi dituzte:
Ur-lasterretik at gelditzen diren ur geldietako landaredia.
Uholdeek sarritan urez estaltzen dituzten harri-koskorreko eta legarrezko hondartzetan garatzen den landaredia.
Urpean oso gutxitan gelditzen den ertzetako landaredia.
Hiru landaredi-gerriko nagusi horiek izatea galeria-baso guztien ezaugarria bada ere, lehen aipatutako faktore biogeografikoa dela eta, horietako bakoitzean landarediaren osaketa desberdina da eskualde eurosiberiarreko eta mediterraneoko ibaietan.
Klima ozeaniko hezeaz baldintzaturiko eskualde eurosiberiarreko ibaiertzetan haltza da zuhaitzik ugariena, eta horregatik, beste zuhaitz-espezie batzuk badauden arren, baso horiek haltzadi izenez ezagutzen dira.
Hala ere, lehen aipatu dugun bezala, azterketa sakonagoak galeria-baso horietan landare-komunitate desberdinak bereiztea ahalbidetzen du. Ibai motz eta malkartsu horien meandroetan eratzen diren legarrezko eta harri-koskorrezko hondartza estuetan zenbait sahats eta zume-espeziez osatutako landaredi-gerrikoa eratzen da. Sahasti izenez ezagutzen diren komunitate horietan bizi diren landare-espezieak baldintza oso gogorrei egin behar diete aurre, aldizkako uholdeez gain, uhaldien indarrak eragin mekaniko urratzailea eta legarren eta harri-koskorren gainean meta daitekeen lur apurraren higadura eragiten baititu. Muturreko baldintza horietan bizitzera moldatu diren espezieen artean zume gorria dugu ugariena, baina berarekin batera sahats ilun edo zume zuriren bat ikusi ohi da.
Atzerago, soilik urtaroko uholde handietan urpean gelditzen diren ibaiertzetan, eratzen da lehen aipatutako haltzadia. Haltzadia lurzoru heze eta zohikaztuetan sortzen den baso ospel eta umela da. Bere izenak ongi adierazten duen moduan baso horietan nagusi den zuhaitza haltza izan arren, beste hainbat zuhaitz eta zuhaixkaren, bizilekua ere bada, hala nola, lizarra, hurritza, zumalakarra edo sahats iluna. Haltzadietako oihanpea ere oso aberatsa da, bertan bizi diren espezieen artean, Phyllitis scolopendrum eta Osmunda regalis iratzeak eta Myosotis lamottiana, Hypericum androsaemum, Arum italicum, Saxifraga hirsuta, Carex remota, Carex pendula, Festuca gigantea edo Kantauriko kostaldearen ekialdean endemikoa den Soldanella villosa belarrak aipa daitezke.
Dena dela, eskualde mediterraneora hurbiltzen garen heinean, haltzadietako landaredi-osaketa ere aldatu egiten da eta lehen aipatutakoez gain, astigar arrunta, makal beltza, zumar hostotxikia, ipar eta hegoaldeko elorri zuriak edo intsusa beltza agertzen dira. Oihanpeko belar-osaketa ere aldatzen da.
Azkenik, haranak zabaltzen diren guneetan, haltzadien atzean, ibarretako lurzoru sakon, heze eta emankorretan lizardi izenez ezagutzen den landaredi-gerrikoa eratu ohi da. Ia uholdeen eragin zuzenik jasaten ez duten baso polifito horiek lizarrez gain, astigar zuri eta arrunta, ezki hostozabal, zumar hostozabal eta haritz kandudunez osatuta daude. Lurzoruaren emankortasuna dela eta, zuhaixka, sasi eta belar ugari dago baso horietan, eta horregatik lizardietako oihanpea itxia eta trinkoa da. Zuhaixka eta sasien artean elorri zuria eta beltza, urritza, laharra, masusta eta arkakaratsa dira aipagarrienak. Oihanpean, ordea, Polystichum setiferum iratzea eta Arum italicum, Veronica montana, Glechoma hederacea edo Hypericum androsaemum belarrak dira ugarienak.
Dena dela, lehenago aipatu dugun moduan, ibaiertzetako landaredi-osaketarik konplexuenak eta aberatsenak Euskal Herriko eskualde mediterraneoan zehar iragaiten diren lautadako ibai zabalen bazterretan izaten dira. Uda elkor eta beroak dituen eskualde horretan, ibaiek egun arte iraunarazi dituzten galeria-basoak edo ibar-basoak paisaia lehorrez inguratutako benetako uharte hezeak dira, eta bertako biodibertsitatea eta biomasa handiak dira inguruko lurretakoarekin alderatuta.
Landarediari dagokionez, ongi gordetako ibar-basoetan lau landaredi-gerriko bereiz daitezke. Lehenengoa, uholdeetan aldizka urpean gelditzen diren harri-koskorrezko, hareazko edo lohizko hondartzetan eratzen da, eta batez ere hainbat sahats- eta zume-espeziez osatuta dagoenez, sahasti izenez ezagutzen da. Uholdeen ondorioz, bizi-baldintza gogorrak jasan behar dituzten sahasti mediterraneo horietan zume hauskorra, zume gorria, zume hostoestua eta Salix triandra ditugu espezie nagusiak.
Sahastien atzean, soilik uholde handietan urpean gelditzen diren guneetan, zurzuria eta makal beltza espezieak nagusi diren makaldiak ikus daitezke. Makaldiak baso itxi eta hezeak dira eta horien barruan, aipatutako zuhaitzez gain, Salix neotricha bezalako sahats handiak, lizar hostotxikia, zumar hostotxikia edo haltza beltza ere ugariak dira. Oihanpean, Rubia tinctorum, Brachypodium sylvaticum, Agrostis stolonifera, Humulus lupulus… belar-espezieak eta geruza arantzatsu eta itxia osatzen duten Rubus ulmifolius laharra, elorri beltza, iparraldeko elorri zuria, arkakaratsak… bezalako zuhaixka eta sasiak dira aipagarrienak.
Sarritan, makaldien barruan ur geldi eta azaleko putzuak agertzen dira (ama-ubideak, badinak…). Horietan, nagusiki, Phragmites australis, Typha angustifolia, Typha dominguensis, Typha latifolia eta Scirpus lacustris heliofito-espezieez osatutako lezkadi trinkoak eratzen dira.
Makaldien atzean, uholdeetan oso gutxitan urperatu arren, lurzoru-hezetasun handiari eusten dioten ibar zabaletan, zuhaitz-espezie nagusia zumar hostotxikia izateagatik zumardi izenez ezagutzen diren basoak daude. Bertan, zumarrekin batera, lizar hosto txikiak, elorri beltzak, iparraldeko elorri zuriak eta hainbat lahar eta arkakarats bizi dira. Era berean, aipatzekoak dira basamahatsondoaren presentzia eta landare-espezie igokarien ugaritasuna. Belarren artean, ordea, Arum italicum, Brachypodium sylvaticum, Ranunculus sylvaticum, Ranunculus ficaria eta Iris foetidisima dira espezierik naroenak.
Azkenik, uretatik urrutien gelditzen den aldean, nagusiki hainbat milazka-espezieez osatuta egoteagatik milazkadi izenez ezagutzen den baso-mota dago. Landaredi-gerriko horrek ez du ibarretan ohikoak diren ur-gorabeherak pairatzen eta, horregatik, bertan garatzen den landarediak gainerako gerrikoetakoak baino mendekotasun txikiagoa du urarekiko. Gainera, halako gazitasun-maila bat onar dezake, maila freatikoa jaitsi eta lurzorua lehortzen denean uretan disolbaturiko gatzak kontzentratu egiten baitira. Ezaugarri horiek (aldi baterako hidromorfia, halako gazitasun-maila bat eta izaera itogarria) dituzten lurzoruetan nagusiki milazka frantsesa zuhaixka bizi da, baina erraza da, milazka afrikarra eta gazitasun handiagoa dagoen lekuetan milazka kanariarra ere ikustea. Elymus repens, Phragmites australis edo Glyzyrrhiza glabra espezieak ere ohikoak dira milazkadi horietan.