Lautadako ibaien inguruetan sortutako hezeguneak aipatutako ibaien erdi- eta behe-ibilguen hainbat tokitan (urak mantso mugitu eta ubideak meandroetan oso zabalak diren aldeetan) eta sedimentu alubialez betetako lautadetan daude batez ere.
Hezegune horiek substratu iragazgaitzen gainean pilatutako Kuaternarioko material iragazkorretan dute jatorria, izan ere, gutxi finkatutako material horiek porositate handia dute eta, horregatik, ur-kantitate handiak metatzeko ahalmena dute. Metafora bat erabiliz, ingurune horiek belaki erraldoiak direla esan daiteke. Baldintza horietan, alderdi horiek, urte osoan zehar, hezetasun freatiko handia izan ohi dute eta, horren ondorioz, zohikaztegi, larre heze, ihitza eta maila freatikoa azaleratzen den alderdi beheratuetan, putzu eta urmael txikiak agertzen dira.
Lautadako ibaien ezaugarri diren maila freatiko altuaren eta lurraren topografia lauaren ondorioz, hezegune horien inguruan landaredi-gerriko desberdinak garatzen dira. Alderdi beheratuetan, maila freatikoa azaleratzearen ondorioz, sakontasun urriko putzuak agertu ohi dira. Hauetan ur gezako landare urtarren komunitate joriak bizi dira. Komunitate horiek osatzen dituzten espezieen artean hurrengo hauek dira aipagarrienak: ur-dilistak bezalako landare flotatzaileak, urpean bizi diren Najas generoko landare baskularrak edo Chara generoko algak, organo batzuk urpean eta beste batzuk ur gainean dituzten urrebotoiak, nenufareak eta ur-galburuak, edo hondotik hurbil dilindatuta bizi diren Myriophyllum eta Utricularia generoetako landareak.
Putzuen inguruan, ordea, geruza freatikoaren maila altua dela eta, normalean lurzoru istiltsuak edo lokaztuak daude. Bertan, Carex generoko heliofitoak dira nagusi, eta horiekin batera, Athaea officinalis, Lysimachia vulgaris, Ranunculus repens ... moduko landareak ere ikus daitezke. Azkenik, alderdi goratuenetan, maila freatikoa lurrazaletik hurbil egon arren, uraren presentzia begien bistakoa ez den lekuetan, Juncus eta Scirpus generoetako ihiak nagusi izateagatik, ihitza izenez ezaguna den landare-komunitatea garatzen da. Aturri ibaiaren inguruko hezeguneetan ere badaude deskribatu dugun motako zohikaztegiak.
Faunaren ikuspegitik, azpimarratzekoa da ingurune hauek anfibioen ugalketarako duten garrantzia, batez ere lurraldearen hegoaldean, bertan, udako agorraldia dela eta, anfibioek leku gutxi izaten baitute arrautzak errun eta zapaburuak aurrera ateratzeko.
Ibaiekin erlazionatutako hezegune horietan ugaltzen diren anfibioen artean aipatzekoak dira, besteak beste, apo ezproiduna, apo pintatu iberiarra, apo pikarta, apo lasterkaria, txantxikua eta uhandre marmolairea.
Udako agorraldian, hezegune horien ertz lehorrak ere oso egokiak dira hainbat narrastirentzat, hala nola, suge gorbatadunarentzat edo eskailera-sugearentzat, bertan ehizatzeko eta gorputza berotzeko baldintza ezin hobeak baitituzte.
Hegaztiei dagokienez, hezegune berezi horien inguruan landazabaleko espezieak eta urertzetakoak nahasten direnez, dibertsitatea nahiko handia da. Zentzu horretan, azpimarratzekoa, Euskal Herrian nahiko urriak diren hainbat espeziek habia egiten duela leku horietan, hala nola, murgilari arrunta, amiltxori txikia, uroiloa, kopetazuri arrunta, ihi-txoria eta larre-buztanikara.