Dibertsoak ezezik, euri-oihan tropikalak munduko ekosistemarik emankorrenak dira. Lurzorua txiroa izan arren, zuhaitzen mikorriza garatuei esker berreskuratzen dira elikagaiak. Ura nahi adina, tenperatura bero eta egonkorra, landareen fotosintesia aise gertatzen da. Euri-oihan tropikaletako landareek 4 kg materia organiko ekoitz dezakete urtean metro karratuko, hots, gure basoetako ekoizpen primarioa bider hiru. Dena den, Amazonia ez da inondik ere munduko birika: euri-oihan gehienetan landareek ekoizten duten oxigeno guztia bertako kontsumitzaileek eta deskonposatzaileek erabiltzen dute.
Izan ere, deskonposaketa oso azkar gertatzen da, bero hezean bakterio eta onddoen metabolismoa azkartzen baita. Beraz, kasu gehienetan ekoizpena eta deskonposaketa orekatuta daude eta materia organikoaren kopurua ez da emendatzen denboran zehar. Lurzoruak humus gutxi izan ohi du eta baso epeletan baino askoz enbor ustel eta orbel gutxiago aurkitzen da.
Bai kalean eta bai inguru zientifikotan euri-oihan tropikalak oso egonkorrak direla eta bertan aldaketa txikiak izaten direla sarritan entzun dugu. Eta hori egia izatekotan, egiaren erdia besterik ez da. Euri-oihan tropikaletan urtaroak ez daude oihan epeletan bezain definituta eta zuhaitz gehienek urte osoan zehar mantentzen dituzte hostoak. Hala ere, landare gehienek fenologia markatua agertzen dute eta, tenperatura-aldaketa handirik ezean, hezetasunaren- edo tenperaturaren gora-behera txikiek loratzea edota fruituen erorketa bultzatzen dute. Horrela, oihanetako bizidunek ere bazka ugariko eta bazka eskasiako urtaroak pairatzen dituzte, beste edozein lekutakoek bezala. Era berean, euri-oihanetako populazioak denboran zehar egonkorrak zirela uste zen arren, gaur egun ikusi ahal izan denez, aldaketa bortitzak jasan ditzakete. Izurriteak ez dira eskualde epeletako esklusiba.
Garai batean, oihanen emankortasuna ikusirik, oso azkar errekupera zitezkeela uste zen eta beraz, ustiaketarako hagitz aproposak ziruditen. Uste horiek funtsa gutxi zutela badakigu gaur egun: lurzoru tropikal arruntenak latosolak dira, elikagaietan txiroak eta oihana ezabatzean lurzoruek oso azkar pairatzen dute kaltea. Itzalik ezean, eguzki bortitzak lurzorua egosi egiten du, kostra gogorra eratuz. Hortik aurrera euri-ura ezingo da lurzoruan filtratu eta eskorrentiak higadura handia sortuko du, paisaia idorretako badland-en antzera. Gure latitudeetako oihanak ez bezala, euri-oihan tropikalak oso sentikorrak dira eta behin galduz gero, nekez errekuperatuko dira.
Denboraren poderioz eta arrazoi desberdinak direla medio, oihanean soilguneak sortzen dira. Zuhaitz erraldoi bat zahartu eta hil egin dela, tximistak hiruzpalau zuhaitz kiskali dituela, edo tropikoetan hain ohizkoak diren zikloiek hektarea batzuk txikitu dituztela, edozein oihan heldutan soilguneak zabaltzen dira. Eta horien dinamika ezagutzea ezinbestekoa da oihanaren funtzionamendua ulertu ahal izateko.
Oihaneko zuhaitzak bi talde nagusitan sailka ditzakegu: aitzindariak eta klimazikoak. Zuhaitz aitzindarien haziak eguzki gogorretan hozitu eta landare gazteak ziztu bizian hazten dira, baina ezin dira itzaletan bizi; oso gaztetik hasten dira loratzen eta haizeak urrutira barreiatuko dituen hazi-kopuru handiak ekoizten dituzte; egur beratza dute eta hosto handiak, animalien aurkako babes gutxikoak; hazkuntza oso azkarrekoak diren arren (Hegoamerikako baltsa 5 metro haz daiteke urtero), laster zahartu eta hil egiten dira.
Zuhaitz klimazikoak, berriz, hazkuntza geldokoak eta heldutasun berantiarrekoak dira; hazi gutxiago ekoizten dituzte, eta ez dute barreiatzeko gaitasun handiegirik; dena den, hazi horiek oihanpeko itzaletan hozitzeko gai dira eta landareskek urte askotan iraun dezakete, zuhaitz nagusietako bat noiz eroriko; espezie klimazikoek gaztetan itzala jasan dezakete eta handitzean oihan gaineko eguzki gogorretan bizitzeko gai dira; hazkuntza geldoko erraldoi horiek biziraupen luzeagoa dute, baina nekez egiten dituzte 200 urte baino gehiago; oihan epeletako zuhaitzak askoz gehiago bizi daitezke.
Bi taldeon ezaugarri ekologiko desberdinetan oinarritzen da oihanaren funtzionamendua. Soilgune txiki bat zabaltzen denean, argi gutxi iristen da oihanpera eta zuhaitz aitzindariak ezin hozitu, zuhaitz klimazikoren bat hurbil baldin badago, haren landareska batek beteko du. Soilgunea handiagoa bada, ordea, argiztapena gogorregia da landareska klimazikoentzako eta zuhaitz aitzindariak nagusitzen dira. Horiek dentsitate altutan haz daitezke, geruza bakarreko oihana eratuz; baina beren haziak ezin izaten dira gurasoen itzalpean hozi, eta klimazikoak inguruan daudenean ordezkapena emango da.
Beraz, soilgune bat sortzen denean, lurzoruan dauden hazi eta landareskek, inguruan duen oihan motak, soilgunearen neurriak, iristen den argiztapenak eta lurzoruaren ezaugarri zehatzek; horiek guztiek baldintzatzen dute bertan haziko diren zuhaitzak. Horrela, edozein oihan ikustean (eta oihan epelak ez dira horretan oso desberdinak), orban desberdinak identifika ditzakegu: adin desberdineko soilguneak edota egoera klimazikorantz daraman bidean urrats desberdinetan daudenak. Horrek oihanaren dibertsitatea areagotu egiten du.
Gizakia aspalditik bizi izan da euri-oihan tropikaletan eta modu desberdinez ustiatu izan ditu. Etnia batzuk biltzaile eta ehiztari hutsak ziren eta, harrapari guztien gisara, bizi-eremu zabaletan zehar aritzen ziren, dentsitate baxutan. Beste batzuk ordea, nekazaritza itinerantea burutzen zuten: suaz soilgune txiki bat ireki oihanean, bertan bizpahiru urtez uztak bildu, lurra txirotu aurretik aprobetxagarriak ziren zuhaitzak landatu eta beste leku batera jo. Sistema horren bidez beraz, oihana mosaiko aldakor bat balitz bezala mantendu da: eremu txiki bat nekazaritzarako, oihan sekundarioa (aurreko urtetan erabilitako eremuak) fruitu bilketarako eta oihan primario edo klimazikoa ehiza eta sendabideak lortzeko.
Nekazaritza itinerantea garai batean oso hedatuta egon zen: zenbait adituren ustez, gaur egun primariotzat ditugun Amazoniako gune gehienak, oihan sekundarioak lirateke (inoiz moztutakoak). Agidanez, europarrak Amerikara iritsi zirenean milioika indio bizi zen bertako euri-oihanetan, eta gehienak nekazariak ziren. Gizaki modernoak oihana ustiatzeak egin zitzakeenak baino kalte handiagoak ekarri zizkien ordea: haientzako hilgarriak ziren hainbat eritasun. Hegoamerikako biztanleriaren erdia, eta oihanetako %90a baino gehiago, galarazi omen zuten gripeak, sifiliak, tifusak eta mendebaldekoek eramandako beste zenbait gaitzek. Eremu ezkutuenetan bizi ziren biltzaile-ehiztariak soilik salbatu ziren eta horiek ere arriskuan bizi dira gaur egun.
Nekazaritza itinerantearen garrantziaz autore guztiak erabat ados ez egon arren, zenbaitetan ustiapen-sistema egokia aurkitu zutena esatean bat datoz ia guztiak, sistema hori oihanaren berezko dinamikaren antzekoa baitzen. Kolonizatzaile europarrek ordea, oreka hori erabat aldatu zuten. Ustiapen guztiz irrazionala bultzatu zen, epe laburrera ahalik eta diru gehiena irabazi nahiean. Euri-oihanetako zuhaitz erraldoi asko (kaoba, esaterako) zura onekoak dira eta sekulako dirutza balio dute. Horien bila, oihana inongo prebisiorik gabe txikitu egin zuten.
Gure oihanetan hiruzpalau espezie nagusi daudenez, espezie horiek oso ugariak dira eta basoa hazten utziz gero, azkar kolonizatuko dute edozein soilgune. Euri-oihan tropikaletako dibertsitate itzelean aldiz, espezie gehienak arrarotzat jo ditzakegu eta egoera horren aurrean kolonizaziorako eskasian geratzen dira. Soilgune handiak egitean, lurra bizpahiru espezie aitzindarik estaltzen dute. Egur txarra dute eta beren fruituak animalientzako kaskarrak dira. Oihan dibertso eta aberatsa neurriz kanpo ustiatzean, oihan sekundario pobre eta baliogabeak ordezkatzen du. Baldintza horietan, eta hasierako deforestazioaren ondorioz, oihan primario guztia desagertu bada, milaka urte behar litezke deforestazioaren aztarnak ezabatzeko.
Gaur egun badugu arrisku horren berri eta zenbait lekutan (Australia, Malaysia) ustiapen-sistema egokiagoak garatu dira. Horiek bakantze selektibotan oinarritzen dira, inoiz soilgune handirik sortu gabe eta beti zainduz espezie interesgarri guztietako zuhaitzak salba daitezen. Jakina da jarrera horrek salmenta-arazoak sortzen dituela, baina euri-oihan tropikala modu jasangarrian ustiatzeko bide bakarra da.
Horrez gain, europarrek ezagutzen zituzten baldintzak guztiz bestelakoak direla eta eskualde epeletan ongi funtzionatzen zuten nekazal-sistemak katastrofikoak suertatu direla kontutan hartu behar dugu. Latitude epeletako lurrak materia organiko eta elikagai asko ditu eta Europatik bertara joandako nekazariak mendetan metatutako aberastasun horretaz baliatu dira. Uzta zehatz bat lortzeko behar diren elikagaiak gehituz, lurrak urte askotan eman dezake.
Eskualde tropikaletan berriz, urte pare batean lurra txirotu ezezik, eguzki gogorrak kiskali eta euri bortitzak eraman ere egin dezakete; bertan askoz hobeto moldatzen dira platanoa, mangoa eta antzeko uzta zuhaizkarak, itzala eta babesa eskaintzen baitiote lurrari. Hala ere, herrialde tropikal askotan garatutzat jotzen diren herrialdeen ereduak kopiatzen segitzen dute. Brasilen esaterako, sekulako deforestazioa ari da gertatzen, hamar urtez besterik manten ez daitezkeen larreak eratzeko. Horretan ere, Estatu Batuetako Far Westa eredu; eta gainera, Mundu Bankuaren aholkuak iritsi zaizkie txikizioak eragiten segitzeko. Herrialdeotan ustiapen-sistema propioak garatzen ez diren bitartean, ingurunea eta ekonomia kaltetzea besterik ez dute lortuko.
Alde handiz, euri-oihan tropikala munduan azkarren desagertzen ari den bioma da eta kasu askotan, oso probetxu gutxi ateraz. Amazoniako kasua da ezagunena, baina beste leku askotan (Asiako ekialdea, Madagaskar, Ertamerika) euri-oihan gehienak jadanik desagertu dira. Kalte gehienak gainera, itzulezinak dira; zenbaitetan oihana berreskuratu badaiteke ere, suntsitutako espezie guztiak (eta asko izan dira) betirako joan dira.
Herrialde tropikal gehienen pobreziak eta nazioarteko ekonomiarekiko kontrasteak oztopatu egiten du ekosistema aberats baina hauskor horien iraupena. Alabaina, badira itxaropen izpiak. Mundu osoan, jendea oihanon garrantziaz jabetzen ari da, eta eskualde tropikal askotan diru gehiago lor dezakete oihanak babestuz egurretarako ustiatuz baino; ustiapen-teknikak gero eta egokiagoak dira eta batez ere, gero eta etekin anitzagoak ateratzen ari gara euri-oihanetatik. Geroak esanen digu.