Ospitaleetan tratatzen diren erreduren % 60 inguru etxean gertatzen dira. Horregatik esaten da etxea arrisku handiko lekua dela. Lehenik eta behin, etxean denbora asko egiten dute umeek eta adineko pertsonek, eta horiexek dira, hain zuzen ere, erredurak jasateko arriskurik gehien duten bi adin-taldeak. Bestalde, etxean arriskutsuak gerta daitezkeen jarduera (sukaldeko lanak, ur beroko bainuak, gai korrosiboekin egindako garbiketak, etab.) nahiz tresna ugari egon ohi dira (etxetresna elektrikoak, bero-sorgailuak, elektrizitate-iturriak, etab.).
Zalantzarik gabe, umeak, adineko pertsonak eta ausartegi (edo, bestela esanda, zuhurtziarik gabe) jokatzen dutenak erretzen dira gehien etxe-giroan. Eta erretzen diren hamar urtetik beherako umeen % 80 beren etxean bertan erretzen dira. Etxe barruan, sukaldea eta bainugela dira arriskutsuenak.
Izan ere, etxeko txikienek denbora luzea ematen dute sukaldean, haiek zaintzen ari den pertsonak bere lanak egiten dituen bitartean. Horri umeak berezkoa duen jakin-mina gehitzen badiogu, erraz ulertuko dugu sukaldea egiazko arrisku-lekua dela.
Umeak, bere jakin-minak bultzatuta, sutan dagoen ontzian zer dagoen ‘miatzea’ erabaki dezake, eta, ondorioz, bertan egosten ari dena gainera eror dakioke. Beste batzuetan, ordea, likido beroa umearen gainera erortzea helduaren baldarkeriaren, zabarkeriaren edo deskuiduaren ondorioa izaten da. Likido beroek eragindako erredurak izaten dira usuenak haurtxo txikietan, eta, horien larritasuna neurtzeko, bi faktore hartu behar izaten dira kontuan: likidoaren tenperatura batetik eta gorputzaren zein ataletan erori den bestetik.
Bestalde, sukaldean etxetresna elektriko ugari pilatzen dira, eta horiek erredurak eragin diezazkiokete umeari. Mahai gainean utzitako plantxa beroak, piztua dagoen txigorgailuak edo labeak kontaktu edo ukipeneko erredurak eragin ditzakete, eskuetan batik bat. Baina, horrez gain, etxetresna elektrikoen kableak ongi ez badaude, horiek manipulatzeak erredura elektrikoak eragin diezazkioke umeari hatzetan (baita ahoan ere, umearen adinaren arabera). Kontuz sarera konektatuta dauden luzagarriekin ere horien mutur libreak umeen eskueran geratzen badira.
Azkenik, etxerik gehienetan oso normala da sukaldean garbiketako produktu ugari gordetzea, eta horietako batzuek azalarekin kontaktuan erredura kimikoak sortzen dituzte; zer esanik ez, erredurak are larriagoak izango dira produktu horiek irentsiz gero. Horrelakorik gertatuz gero, onena etiketan agertzen den institutu toxikologikoko telefonora deitzea da, eta han emandako oharrei jarraitzea.
Haurtxoa bainatzera goazela, ezinbestekoa da aldez aurretik uraren tenperatura neurtzea. Ura beroegia baldin badago, umeari erredura handiak eragiteko arriskua dago.
Bainugelan aparatu elektriko ugari egon ohi dira, eta, horien manipulazioaren ondorioz, umeak erredura elektrikoak izan ditzake. Arreta berezia eduki behar da alde batetik sarera konektatuta dauden kable edo luzagarriekin (horrelakoak ahora sartuz gero, erredura larriak izan ditzake umeak ahoan, ezpainetan edo mihian.
Hirugarren adineko pertsonen gaitasun fisikoak eta psikikoak nahiko motelduta egoten dira sarritan. Horrexegatik, umeentzako aipatutako arrisku asko adinduen kasuan ere kontuan hartzeko modukoak dira.
Beste egoera hauek ere sarritan gertatzen dira adinduekin: ez da batere bitxia adineko pertsona bat lo geratzea, bera bakarrik dagoela, bero-iturri batez hornitua dagoen mahai batean, eta deskuiduan sutontzi edo estufarekin mahaiko oihalak su hartzea.
Beste batzuetan, ordea, entxufatuta dagoen aparatu elektriko batekin ahazteagatik gertatzen dira erredura elektrikoak. Askotan gertatzen da, esaterako, mina arintzeko erabili ohi diren manta elektrikoekin erretzea. Horrelakoak erabiltzen dituen pertsonak sentikortasuna gutxitua baldin badauka (eta hori nahiko usua da adineko pertsonetan), beroak gorputz-atal hori erretzeko arriskua dago.
Zuhurtziarik ezagatik gertatzen dira, azken finean, bai umeen eta bai adinekoen erredura gehienak. Baina pertsona helduok ere egiten ditugu zuhurtziagabekeriak.
Zer egin erredura gertatu eta berehala?
Lehenik eta behin, agente erretzailearen eta gorputzaren arteko kontaktua eten egin behar da. Hori nola egin jakiteko, erredura beroak, elektrizitateak edo substantzia kimikoek eragiten duten hartuko dugu kontuan.
Erredura guztiak larritasun berekoak dira?
Etxean gertatzen diren erredura gehienek ez dute aparteko larritasunik, aurreneko unetik zer egin behar den jakinez gero. Baina erredura batzuekin beti joan behar da medikuarengana. Zeinekin?
Zalantza izanez gero, hobe erretako pertsona hurbilen dagoen larrialdi-zerbitzura eramatea, batez ere adineko pertsona edota haur txikia bada.