Esnekiekin amaitzeko, esneaz gain beste osagai batzuekin prestatzen diren postre goxoez mintzatuko gara.
Produktu batetik bestera esne eta gainontzeko osagaien kopurua oso aldakorra izan daiteke. Etxean esnearekin presta ditzakegun postreetan hau da, arroz-esne, flan eta natilletan esnea aberasten duten osagaiak erabiltzen dira. Arroz-esnean, esaterako, arroza eta azukrea gehitzen diogu eta karbohidratoetan aberasten dugu esnea. Flanaren kasuan, arrautza eta azukrea botatzen zaizkionez, balio handiko proteinetan eta koipeetan aberasten dugu, eta azkenik natilletan, arrautzaren gorringoa eta azukrea erabiltzen ditugunez, koipe gehiena duen esnez eginiko postrea dugu.
Hiru postre hauek egiteko ez dugu inolako gehigarririk erabili, baina postre hauek dendan erosten baditugu nutrizio-mailan konposaketa dexente aldatzen da. Ohizko osagaiez gain esnegaina, esnearen proteinak, almidoia, lodigarriak, kontserbagarriak, aromagarriak, etab. daramatzate. Adibidez, erosten dugun txokolatezko natilla batek honako hau guztia darama: esne osoa, azukrea, glukosa, esnegaina, esnearen proteinak, almidoia, kakaoa, E-407 eta E-410 lodigarriak, E-234 kontserbagarria, kakaoaren zaporea eta gatza. Merkatuan dauden esnez eginiko beste postreek ere antzeko osagaiak dituzte, bai txokolatezko kopak, moussak, izozkiak, petit suisak, krema katalanak, etab.ek.
Hauek ezin dezakete, inolaz ere, pertsona heldu batek egunean hartu behar lituzkeen hiru esnekietako bat ordezkatu ohitura bezala. Pertsona heldu batek noizbehinka baino ez ditzake har horrelakoak, adibidez izozkia igandero baina haur, gazte, kirolari eta gizentzeko dietan daudenek sarriago ere har ditzakete.
Elikadurari buruzko aholku eta gomendio ugari ematen bada ere, badirudi orokorrean beti-betiko elika-ohitura okerrak aldatu eta osasungarriak eskuratzeko zailtasun handiak daudela gure gizartean. Horren arrazoiak aztertzean bi jo dituzte garrantzizkotzat:
batetik, gizakiaren izaera kontserbadorea eta, bestetik, gaur egungo janarien erakargarritasuna. Izan ere, zenbait ikerketek diotenez, EEBBetan larunbat goizetan telebistako haur-programazioan eskaintzen diren iragarkietan,
informazioaren % 41 elikadura orekatuaren "antitesia" da.