Errimak eskanerrean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroan bertsolariekin egiten ari diren ikerketa film bat balitz, orain korapiloan leudeke. Filmaren hasiera ezaguna bada ere, bukaera oraindik ez dago idatzita; beraz, artikulu honek ez dio amaiera zapuztuko inori. Gainera, asmoa beste bat da: argumentuaren mamia azaltzea, hain justu.
errimak-eskanerrean
Arg. © Mike Flippo/123RF

Berez, ikerketa egiteko ideia egiazko film batetik sortu zen. Asier Altuna zinema-zuzendaria Bertsolari dokumentala filmatzen ari zela, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroaren berri izan zuen, eta bertsolarien garunen funtzionamendua iker zezaketela pentsatu zuen. Bertsolari filmaren protagonistari, Andoni Egaña bertsolariari, esan zion, eta hari ere interesgarria iruditu zitzaion. Hala, BCBLra joan ziren, eta, han, uste baino erantzun hobea jaso zuten. Izan ere, "ikertzaileek serio hartu zuten gure burutazioa", gogoratu du Egañak.

BCBL zentroaren ikuspuntutik, ordea, ez da harritzekoa "serio" hartu izana Altunaren eta Egañaren proposamena. Izan ere, hizkuntzaren ekoizpenean parte hartzen duten mekanismo neurokognitiboak argitzea da BCBLren helburu nagusietako bat, eta, alderdi horretatik, lehendik ere jakin-min handia zuten bertsolaritzarekiko. Horrenbestez, "irrikaz beteta" eutsi zioten ikerketa egiteko erronkari, Manuel Carreiras zentroko zuzendariak aitortu duenez.

Film bateko eszena deigarri edo bitxia izan behar zuena, beraz, zientzia-ikerketa bilakatu zen. Kepa Paz Alonso da ikerketaren burua, eta hark ere ez zuen inolako zalantzarik izan azterketa sakon bat egiteko aukera zela lehen bisita hura: "Ikerketa planifikatzea, probak diseinatzea eta erresonantzia magnetikoko makina prestatzea ez da erraza. Orduan, Bertsolari filmerako egin behar genuenez, zergatik ez aprobetxatu lan hura ikerketa zabal bat egiteko, parte-hartzaile gehiagorekin?". Bertsozale Elkarteak ere begi onez ikusi zuen egitasmoa, eta elkarrekin ekin zioten bideari.

Paz Alonsok azaldu du zein den helmuga: "Neurozientzia kognitiboaren barruan, ohikoak dira jarduera jakin batean trebezia-maila desberdinak dituzten taldeak alderatzea. Kasu honetan, bertsoak sortzen espezialistak diren pertsonak (bertsolariak), sorkuntza-mota horretan trebatzen ari direnak (bertso-eskoletako ikasleak), eta bertsotan egiten ez dutenak alderatuko ditugu, ikusteko zer berezitasun duten bertsolariek besteekiko".

Hala ere, argitu du ez diotela erantzungo bertsolaritzari buruzko galdera klasikoari, alegia, bertsolaria egin edo jaio egiten ote den: "Askok galdetu digute ea kontu hori aztertuko dugun, baina ez da hori gure asmoa, inondik inora ere. Dena dela, Andoni Egañak dio bertsolariak, beste edonork bezala, lehendabizi jaio egin behar duela, eta gero egiten dela. Nik, egia esan, ez daukat auzi horri buruzko daturik, baina bat nator harekin trebakuntzak, bertsotan aritzeak, zeresan handia duela bertsoak sortzeko ahalmenean, eta hori baieztatzeko edo ezeztatzeko behintzat balioko du ikerketak".

Ikertzaileak aipatu duenez, "litekeena da ikerketaren amaieran galdera berriak izatea", baina, hasiera batean, badituzte erantzun nahiko lituzketen galdera batzuk: "Adibidez, nabarmena da bertsolariek guk baino abilezia handiagoa dutela errima egiten duten hitzen zerrendak egiteko. Hori zergatik da, era berezian gordetzen dituztelako memorian, edo oso modu eraginkorrean ekartzen dituztelako gogora behar dituztenean? Horrelako galderei erantzun nahi diegu".

Kepa Paz Alonso. BCBL zentroaren ikertzailea, eta bertsolariekin egiten ari diren ikerketaren burua. Arg. Ana Galarraga/Elhuyar Fundazioa

Laneko memoria aztertzea ere interesatzen zaio: "Laneko memoria deitzen diogu informazioa on line gordetzeari eta, aldi berean, operazio konplexuak egiteko gai izateari. Bertsolariek ahalmen hori oso garatua dute, eta ikusi nahi dugu nola egiten duten hori, eta zer alde duten trebezia hori hain garatua edo hain entrenatua ez dutenekin alderatuta".

Ordenagailuan eta erresonantzia magnetikoan

Horiek horrela, hiru proba diseinatu ditu Paz Alonsok; "lehenengo biak denek egin beharko dituzte, eta azkenekoa, bertsolariek bakarrik, bertsoak sortzeko eskatzen baitiegu, eta hori, noski, haiek bakarrik egin dezakete".

Lehenengo proba ordenagailuan egin dute, eta, haren bidez, funtzio kognitibo nagusiak neurtu nahi dituzte: arrazoiketa, informazioa prozesatzeko abiadura, informazio garrantzitsuan arreta jartzeko ahalmena eta arreta galarazten duena inhibitzekoa, memoria... Beste biak, berriz, erresonantzia magnetiko funtzionalaren bidez egin dituzte, ikusteko garuneko zer sare aktibatzen diren hizkuntza-ekoizpenaren alderdi desberdinetan.

Paz Alonsok azaldu du nolakoak diren erresonantzia magnetiko bidezko probak: "lehenengoan, zailtasun-maila desberdineko ariketa fonologikoak, semantikakoak eta errimazkoak egin behar dituzte. Argi dago bertsolariak besteak baino hobeak izango direla bukaera jakin bat duten hitzen zerrendak osatzen; baina ikusi nahi dugu horretarako erabiltzen duten estrategiak beste arlo batzuetan ere abantaila ematen ote dien, adibidez, lehen silaba berdina duten hitzen zerrendak egiteko, edo arlo semantiko bereko hitzak emateko".

Azkenik, erresonantzia magnetikoaren bidez egiten duten bigarren proban, boluntarioek bertsotan egin behar dute. Horretarako, gaia, doinua eta neurria ematen dizkiete, eta bertso-sorkuntzaren fase bakoitzean zer gertatzen den aztertzen dute: "bertsolariak gaia entzuten duen unean, bertsoa pentsatzen duenean, eta abesten ari den bitartean", zehaztu du Paz Alonsok.

Ikertzaileak onartu du ariketa mugatua dela plazetan edo txapelketan egiten dutenarekin alderatuta, baina, emaitza esanguratsuak lortzeko, ariketak zehatzak izan behar dute eta denek egin behar dituzte ariketa berberak. Hori dela eta, bi neurritan bakarrik aritu behar izan dute: kopletan eta zortziko txikian. Gaiak, berriz, 30 ziren, batzuk besteak baino errazagoak; doinuak ere zehaztuta zituzten, eta baita pentsatzeko eta abesteko zituzten denborak ere. "Probak ahalik eta estandarizatuenak izatea da asmoa, erresonantzia magnetiko bidez lortutako datuak alderagarriak izan daitezen".

Aitor Sarriegi izan da ikerketan parte hartu duen bertsolarietako bat. Arg. n, Kepa Paz Alonsorekin batera agertzen da, erresonantzia magnetiko bidezko proba egiteko prest. Arg.: Alaitz Ochoa de Erive/Elhuyar Fundazioa

Horrez gain, bertsoen kalitatea neurtzeko, transkribatu egin dituzte probetan botatako bertsoak, eta Bertsozale Elkarteko epaile-talde batek epaituko ditu. "Hori ere garrantzitsua da, ez bakarrik bertsoen kalitatea erresonantziak emandako irudiekin erlazionatzeko, baizik eta bertsolariak motibatzeko eta ahalik eta bertso onenak egitera akuilatzeko".

Bertsolariak, ikasleak eta besteak

Andoni Egañaz gain, beste 17 bertsolarik parte hartu dute ikerketan. Bertsozale Elkarteko Jon Agirresarobe arduratu da parte-hartzaileen koordinazioaz, eta, haren esanean, ez da hain erraza izan parte-hartzaileak aukeratzea: "Ez ez zutelako parte hartu nahi, baizik eta baldintza oso zehatzak bete behar zituztelako".

Adibidez, haien ama-hizkuntzak euskara izan behar zuen; "horrek kanpoan utzi zituen bertsolari gazte dezente", esan du koordinatzaileak. Horrez gain, ezin zuten ezkerrak izan, "nonbait, haien garunak ez du funtzionatzen eskuinak garenonak bezala".

Hala ere, plazaz plaza eta txapelketetan punta-puntan dabiltzan bertsolari-kopuru nahiko handia hautatzea lortu zuen, eta probak egitea proposatu zaien guztiek baiezkoa eman dute, tartean, Aitor Sarriegi Gipuzkoako txapeldunak: "Galdetu ziguten ea prest egongo ginatekeen akuri moduan-edo parte hartzeko, eta nik, egia esan, ez nuen bi aldiz pentsatu. Gainera, jakin-minez hartu nuen. Oso erakargarria iruditzen zait ikustea nola funtzionatzen duen neure buruak, berme zientifiko batekin".

Bertsolarien taldeak dagoeneko egin ditu probak, eta orain beste bi taldeek egitea falta da. Haietarako boluntario bila dabiltza orain. Agirresarobek dioenez, "hori ere ez da zeharo erraza, bertsolari bakoitzaren pareko norbait topatu behar baitut, bai bertso-eskoletako ikasleen artean, bai bertsotan jarduten ez diren euskaldun zaharren artean". Hau da, sexuan, adinean, hizkuntzaren ohiko erabileran, ingurune soziologikoan, adimen-mailan... denean izan behar dute haien pareko bertsolariaren berdinak, bertsotan egiteko trebezian izan ezik.

Bertsoak sortzean, fase bakoitzean garunaren zein eremu aktibatzen den ikusi daiteke erresonantzia magnetikoaren bidez. Arg. Alaitz Ochoa de Erive/Elhuyar Fundazioa

Lehen zertzeladak

Boluntario guztiek probak egin eta emaitzak alderatu arte, ezingo dituzte behin betiko ondorioak atera, baina, bitartean, zenbait gauza ikusi dituzte dagoeneko, ikertzaileek ez ezik, baita bertsolariek berek ere. Esate baterako, Egaña ohartu da hitzak errimaren arabera ordenatuta izatea lagungarria dela itxura batean errimarekin zerikusirik ez duten beste ariketa batzuk egiteko.

Paz Alonsok baieztatu du beste trebezia batzuekin ere gertatzen dela hori, zerbaitetan aditu izateko erabiltzen dituzten estrategietako batzuk beste zenbait arlotan ere baliagarriak direlako: "Adibidez, K letraz hasten diren hitzak emateko eskatuta, bertsolariek esandako hitzetako askok errima egiten zuten. Begi-bistakoa da, beraz, errima egiten duten hitzekin erabiltzen duten estrategia berbera baliatzen dutela ariketa fonologiko hori egiteko. Bertsotan egiten ez dugunok, ordea, ez dugu abantaila hori".

Lehen emaitzetan agertzea espero duten alderdi batzuk aurreratu ditu: "Besteak beste, ikusi nahi dugu ea garunaren aktibazioan diferentziak agertzen diren, bertsoaren izaeraren arabera. Esaterako, uste dugu bertsoaren freskura gune kortikalekin eta azpikortikalekin erlazionatuta egon daitekeela".

Beste zertzelada bat: "Nahiz eta oraindik oso goiz den ezer aurreratzeko, erresonantziak emandako irudietan ikusten ari gara batzuetan ikusmenarekin erlazionatutako guneak aktibatzen zaizkiela, baita ikusizko estimuluak jasotzen ari ez direnean ere, adibidez, bertsoa pentsatzean. Izan liteke bertsoaren nondik-norakoa ikusten ari direlako, edo errima egiten duten hitzak irudikatzen ari direlako. Hipotesiak dira oraindik".

Ikertzaileak esan duenez, hilabete batzuk beharko dituzte gainerako boluntarioek probak egin, emaitzak analizatu eta alderatu, eta behin betiko ondorioak ateratzeko. Baina, bitartean, bertsolarien nahia edo itxaropena zein den azaldu du Andoni Egañak: "Ahal duguna egin dugu, zintzo erantzun diegu probei, eta espero dugu norbaitentzat eta noizbait baliagarriak izango direla hortik atera litezkeen ondorioak".

Aitor Sarriegiren bertsoak
Aitor Sarriegik erresonantzia magnetiko bidezko proban botatako bertsoetako bi dira behekoak. Entzuteko, egin klik gaietan.
Zorte handirik ez det
izan lehen bizitzan,
beti ibili bainaiz
besteen gerizan,
pozik firmatu diot
izar baten gisan,
eta azkenekoa
ez dadila izan
Berdinak kontzertuan
eta estudioan,
halaxe izan gera
gure jarioan,
ta ikusirik taldea
norantza dihoan,
karrera egingo det
solitarioan
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila