Erregai solidoa, jaurtigailuaren leherketaren errudun?

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Challenger-a lehertu baino hamalau segundo lehenagotik, erregai solidozko kohete propultsatzaileetako bati gar bizi bat zerion. Aditu askoren ustetan, akats bat gertatu da erregai solidoa enpakatzeko unean.

Challenger jaurtigailuaren leherketaren imajin ikaragarriek sakonean hunkitu gintuzten. Espazioan ibiltzea azken hogeitamar urtetan errutina bihurtu bazaigu, betebehar arriskutsu baten aurrean gaudela gogorarazi digu trajedia honek.

Challenger-a lehertu baino hamalau segundo lehenagotik, erregai solidozko kohete propultsatzaileetako bati gar bizi bat zerion. Garra, kohete propultsatzailearen behekaldean hasi zen, jaurtigailua erregai-tangari lotuta dagoen puntutik gertu hain zuzen. Aditu askoren ustetan, akats bat gertatu da erregai solidoa enpakatzeko unean.

Jaurtigailuaren misio guztitan, bi kohete propultsatzaileetako bakoitzak 1,5 milioi kilogramoko bultzada ematen du, untzia orbitan jarri ahal izateko. Misio honetan, hogeitabostgarrenean alegia, propultsatzaileek eta Challenger beraren motoreek inoiz jarritako kargarik astunena ipini behar zuten espazioan.

Amerikarren ametsa lehertu egin da.

Misioa arrakastatsua izan balitz, propultsatzaileak bi minutu eta hamar segundoz martxan ibili ziratekeen. Orduan, misioaren komandanteak egotziko zituzkeen. Itsasora eroriko ziratekeen 150 Km/h abiaduraz. Inpaktuak muturreko estalkia eta nabigazio-sistemak hondatzen ditu baina fuselaiaren altzairu-segmentuek iraun egiten dute. Hauek berreskuratu eta berrerabili egiten dira.

Nahiz eta batzuren erituz erregai solidozko propultsatzaileak arazoak sortu, NASAk nahiago izan zituen erregai likidoak baino jaurtigailuen projektuaren hasiera beretsutik, 1972.etik alegia. Egin zitzaizkion kritiketako bat zera izan zen: erregai solidozko kohete-motoreak ezin direla itzali piztu ondoren (erregai likidokoekin posible da). Izan ere, erregai-solidozko propultsatzailea garatzea merkeagoa zen.

Irten aurretik irripartsu.

Propultsatzaileek 46 metro altu, 3 zabal eta 590.000 kilo pisatzen dute. Lau segmentu nagusiz osatuta dago. Challenger-en azken misio honetan segmentuetako bat berria zen; besteak zaharrak. Segmentuen buruan, "sudurra" dago non nabigazio-sistema eta ignitorea bait daude. Behekaldean kohetearen gasen ihesbidea dago.

Erregai solidoaren konposizioa hauxe da: % 16 aluminio-hautsa, %69,83 amonio tetraoxokloratoa (VIII), %0,17 burdina (III) oxidoa eta %14 ontze-agente bat. Nahaste hau, propultsatzailearen pisuaren %90 inguru da eta likido moduan isurtzen da segmentuen barnera. Bertan solidotu egiten da kautxo-itxurako solido bat emanez. Erregaiak eraztun moduan solifikatzen du segmentuen zentruan zilindro huts bat dagoelako. Sua zentruan pizten da eta kanporantz zabaltzen da. Buruan piztu ondoren, segituan zabaltzen da sua behealderantz.

Dauden ebidentzietan sustraiturik, Challenger-aren hondamendiaren jatorria erregaian dagoela pentsatzen da. Hamalau segundotan zehar ikusitako garrek ematen dute horretarako oinarria.

3000°C-tan zeuden gar horiek, kanpora irteteko altzairutiko fuselaia barneladetik babesten duen isolatzaile/inhibitzailezko geruza erre behar izan zuten. Normalean, material honetara ia erregai guztia erreta dagoenean iristen dira. Erregaian akatsik bazegoen, burbuila edo arrakalduraren bat esaterako, garrek garaia baino lehenago iritsi ziren isolatzaile/inhibitzailezko geruzaraino. Geruza hau ordea, ez dago diseinaturik denbora luzez tenperatura garaiak jasatzeko. Puntu ahul hau, bi segmentuen arteko junturatik gertu zegokeen ziur aski.

Hamalau segundotan zehar gar hauek erregai likidoaren tanga berotzen aritu ziren. Zuloren bat ireki zen eta barnean zegoen hidrogenoa garrekin harremanetan jarri. Eta denok badakigu zein jokabide duen hidrogenoak suaren aurrean... Gogora bestela, 1936.eko "Hinderburg" zepelinari jazotakoa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila