Errausketak ez du inolako garantiarik ematen

Azken urteotan nabarmendu bada ere, talde ekologistek errausketaren kontra daramaten borroka ez da gaur goizekoa. Urteak daramatzate horretan eta talde ekologistetako kideek garbi adierazi ohi dute hondakinak tratatzeko sistema horren aurka daudela. Jarrera hori arrazoitu dezaten eskatzeko orduan, arazoak ikuspegi askotatik azter daitekeela ohar gaitezke. Bobi Galdos Erreka Plataformako kidea dugu eta berarengana jo dugu errausketaren arazoari heltzeko asmoz.

Elhuyar: Erreka Plataforma lan eskerga egiten ari da etxeetako hondakinak deusezteko orduan errausketa bultza ez dadin. Zertan oinarritzen da jarrera hori?

Bobi Galdos: Neurri handi batean, gure jarrera kritikoa bada gaur egun pairatzen dugun egoera negargarriak eraginda dela esan daiteke. Euskal Herri osoan gertatzen ari den utzikeriaren ondorio zuzena baino ez da. Zabortegiak betetzen ari dira eta herri erakundeek arazo larria topatu berri dute. Zer egin zaborrarekin?

Jendeak kontrakoa uste badu ere, galdera hori nahikoa berria da gure artean. Izan ere, erabili ondoren zakarrontzira botatzen diren ontzien fenomenoa berri samarra da, urte gutxitan geureganatu dugulako betikoa dela iruditu arren. Berez zabortegien arazoa duela 50 urtetik hona azaldu da. Arazorik larriena Alemania eta EEBBetan sortu zen eta bertan burutu ziren lehen aldiz errausketa-saioak.

Elhuyar: Laburki esanda, zer da errausketa?

Bobi Galdos: Lau hitzetan esanda, etxeetan sortzen ditugun hondakinak erretzea da. Horrela esanda, ez dirudi ideia txarra denik, erretzerakoan hondakin-bolumena gutxiagotu egiten dela begi-bistakoa baita. Aldi berean, errausketa-prozesuak energia sorrarazten du eta gainera, errausketa-plantetako errautsak berrerabiliak izan zitezkeela zabaldu zen. Zalantzarik gabe, hirietako hondakin solidoen arazoari aurrea hartzeko sistemarik onena zirudien errausketak. Alabaina, laster ikusi zen hori ez zela horrela; errautsak erabiltzerik ez zegoen eta horien toxikotasunaren arazoa zabaldu egin zen.

Horrez landa, errausketa-plantak sortzen dituen emisioak poluitzaileak direla baieztatu da. Arazo hori kezkagarriagoa da bestalde, elementu poluitzaile horiek nola agertzen diren ez dakigulako, sorrera-mekanismoak ez ditugulako menperatzen. Frogatuta dago ordea, osasun-arazo askoren jatorria dela: abortuak, jaiotzetiko akatsak edota zenbait minbizi-mota. Esaterako, Alemaniako zenbait lekutan amek jaioberriei titia lau hilabetez baino gehiagoz ez emateko aholkua eman dute, errausketaren ondorioz sortzen diren elementu toxikoak ehun koipetsuetan pilatzen baitira.

Elhuyar: Definiturik al daude arestian aipatu dizkiguzun elementu toxikoak?

Bobi Galdos: Zehatz-mehatz poluzioa sortzen duten elementu guztiak zerrendatzea ez da batera erraza, emisioak era askotakoak baitira. Arruntenak CO 2 , sufre-oxidoak, azido klorhidrikoa, nitrogeno-oxidoak dira. Dena dela, arrisku-mailarik altuena hidrokarburoek dute. Horietarik %10 inguru baino ez dugu ezagutzen: gutxienez 75 furano-mota eta 135 dioxina daude, tartean bost mila era desberdinetan konbina daitezke eta askotan sailkatu gabeko produktuak ere sortzen dira.

Elhuyar: Lehenago ere errautsen arazoa oso larria dela esan duzu...

Bobi Galdos: Horrela da, nahiz eta orain arte horri buruz ezer gutxi esan izan den. Iparraldean duela gutxi polemika bizia piztu da horren inguruan. Askoren iritziz, errausteak izugarrizko “meritua” dauka, etxeetako hondakin arruntetatik elementu asko sorrarazten dituelako. Alabaina, ez da kontutan hartzen elementu horiek oso toxikoak izan daitezkeela. Errautsak tratatzeko orduan ez da orain arte mekanismo berezirik atondu, baina segurtasun-maila handiko biltegiak behar direla frogatuta dago.

Elhuyar: Zein da une honetan munduan zehar nagusitzen ari den egoera?

Bobi Galdos Erreka Plataformako kidea dugu eta berak dioenez, errausketa-planten aldeko jarrera gero eta txikiagoa da eta horretan talde ekologistek eragin handia izan dute.
J.R. Zabala

Bobi Galdos: Orokorrean errausketa-planten aldeko jarrera gero eta txikiagoa dela eta horretan talde ekologisten betekizuna handia izan dela esan daiteke. EEBBetan esaterako, 1985. urtetik hona 137 proiektu atzera bota dituzte, sortu asmo zenaren erdia baino gehiago. Adibide batzuk aipatzearren, Kaliforniarako egindako 35 proiekturik hiru baino ez dira martxan jarri eta New Jersey-n 22tik bost baino ez. Europako egoera errausketaren kontrakoa dela esan daiteke, Alemanian, Belgikan edota Holandan burutu diren protesta-ekintzen ondorioz oso prentsa txarra lortu baitute proiektu horiek.

Horrez gain, aipatzekoa da talde ekologisten ekimen berria, hots, 2000. urtera arteko atzerapena edo moratoria eratzea.

Elhuyar: Ezinezkoa al da errautsak eta poluzioa menderatzea?

Bobi Galdos: Gure artean oraingoz ez. Estatu-mailan ez dago horretarako teknologiarik ezta teknikorik ere kontrol hori aurrera eramateko. Bartzelonako plantan esaterako, teknikariak alemaniarrak dira eta horrek eguneroko kontrola izatea erabat galarazten du. Edonola ere, teknikaren edo poluzioaren kontrola ez da arazo bakarra.

Errausketa-planten muntaketa izugarri garestia da eta hala ere, ez dute hirietako hondakinen arazoa konpontzen. Horrez gain, errausketa-planten erabilerak baldintzatu egiten du birziklapena. Interes ekonomikoak tartean daude eta bi filosofion arteko oreka bilatzea zaila da. Herritarren osasuna ez da kontutan hartzen den irizpidea eta gainera, nork jar diezaioke prezioa minbiziari?

Elhuyar: Nola ikusten duzue Euskal Herriko egoera azken urteotako jokabidea dela medio?

Bobi Galdos: Oso kezkatuta gaude horrekin. Alde batetik, Iparraldean ematen ari den egoera daukagu. Baiona inguruan errauts toxikoak inolako kontrolik gabe pilatu dira eta egoera hori konpontzea zaila izango da. Bestetik, Hegoaldean ere Gipuzkoa eta Bizkaiko proiektuak oso aurreratuta daude jadanik. Bizkaikoa da larriena, era guztietako hiri hondakinak erretzeko planta jarri nahi dutelako martxan. Gure ustez hori astakeri galanta izango litzateke eta ez da gure iritzia soilik. Proiektua burutu behar zuen Alemaniako enpresak berak atzera egin du jadanik.

Elhuyar: Eta hori guztiaren aurrean, zein da talde ekologistek eskaintzen duten alternatiba?

Bobi Galdos: Betiko leloa esango du norbaitek eta horrela da. Hondakinak gutxiagotu egin behar dira, zabor gutxiago sortzera ohitu behar dugu gure gizartea. Horrez gain, berrerabilpena eta birziklapena bultzatu egin behar dira. Errausketa planteamendu horien kontra dagoen sistema da eta kontutan hartu behar dugu Europako Elkarteak hondakinak berrerabiltzearen aldeko joera sustatu nahi duela. Ezin dugu gehiengoak hartu duen bidearen kontra ibili.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila