Oro har, materialak egokiak baldin badira, eraikin iraunkorrak eta solidoak egiten dira horrela; baina eraikitzeko modu geldo xamarra da eta obrako zenbait lan egiteko eraikitakoa puskatzea eskatzen du (adibidez, pareta egin eta, ondoren, zulatu beharra hodiak eta jartzeko).
Horrelako obretan, tokian bertan egindako edo kamioietan ekarritako hormigoia erabiltzen da eraikinaren egitura eta zoruetako zein teilatuetako plakak egiteko. Barruko paretak adreiluzkoak izaten dira, eta kanpokoak berriz, adreilu edo hormigoizko blokeekin eginak. Ondoren, pareta horiek zarpeatu eta margotu egiten dira. Baina hori guztia xehetasun gehiagorekin azaldu dugu aurreko artikuluan.
Hemen beste bide bat hartuko dugu. Izan ere, kanpoko paretak, baldosekin edo zurezko, altzairuzko, burdinazko, beirazko edo hormigoizko plakekin estal daitezke. Eta horrek aurrez egindako osagaien mundura hurbiltzen gaitu, obra lehorrera, alegia. Kanpo-estalki horiez gain, aurrez egindako osagai edo egiturak ere erabil baitaitezke. Badira kamioietan garraiatutako habe, zutabe eta plaka handiekin egindako eraikinak.
Gure inguruan, gehien bat, pabiloi industrialak egiten dira modu horretan, baina etxebizitzak ere egin daitezke; bai familia bakarrekoak, duplexak, elkarri itsatsiak baita hainbat solairutakoak ere. Euskal Herrian, hormigoizko habe, zutabe eta pareta aurrefabrikatuekin egindako etxebizitza gehienak familia bakarreko etxeak dira. Teknika horrek azkarragoa eta obran azalera gutxiago behar izatearen abantailak ditu, besteak beste, baina askotan aurrez egindako hormigoizko osagaiak egiten dituzten enpresen neurrietara egokitu beharra izaten da.
Hainbat solairutako eraikinetan, zutabeak solairu batekoak izaten dira eta zulo zein koskak eginak izaten dituzte habeak txertatzeko; baita zutabeei pareta izango diren hormigoizko plakak eranstekoak ere. Askotan, itsasteko gune horietako tarteak obran bertan egindako hormigoiarekin estaltzen edo ixten dira bero-galera eta horrelakorik egon ez dadin.
Dena den, aurretik esan bezala, gehien bat pabiloi industrialak edo bestelako eraikuntzak (zubiak, esaterako) egiten dira teknika horrekin.
Bestalde, badago eraikuntza tradizionalean gero eta gehiago erabiltzen ari den material aurrefabrikatu bat: kartoi-igeltsua edo pladurra, alegia. Batez ere eraikinen barruko pareta eta sabaiak estaltzeko eta paretak egiteko erabiltzen da. Igeltsu-itxurako plakak dira, oinarrian kartoi-zuntzez eta igeltsuz eginak (badituzte osagai gehiago ere). Altzairuzko egitura batean txertatzen dira, edo, bestela, ohiko hormari itsasten. Horma bera egiteko erabiltzen denean, bi geruza jartzen dira, eta altzairuzko perfil edo egiturari lotuta eta bi geruzen artean hutsunea uzten da (hutsunean isolamendurako materiala sartzen da eraginkortasuna handiagotzeko). Dentsitate handia dutenez, oso egokiak dira zarataren eta hezetasunaren isolamendu ona lortzeko.
Europan nagusiki obra hezea edo eraikuntza tradizionala deritzona erabiltzen den arren (asko jota, aurrez egindako zenbait osagai dituen eraikitzeko modua erabiltzen da), mundu osora begiratzen badugu, zurezko egitura duten etxebizitzak dira gehien egiten direnak, sistema arrazionalizatu deritzonaz egindakoak, alegia. Eredu eta konplexutasun-maila ugari dago, baina, behar bada, ezagunenak AEBetako etxeak izango dira.
Hormigoizko oinarriaren gainean zurezko egitura egiten da eta, ondoren, egitura hori kanpotik eta barrutik plakekin estaltzen da. Plakak material askotakoak izan daitezke, baina ohikoena kanpotik zurezkoak eta barrutik zurezkoak edo igeltsuzkoak izatea da. Kanpoko eta barruko plaken artean isolatzaile termikoa, hidrofugoa eta ur-lurrunaren kontrakoa jartzen dira. Azken urteetan eraikuntza horien aldaera bat ere indarra hartzen ari da: altzairuzko egitura duena. Bata zein bestea kanpotik harrizko edo adreiluzko paretekin estal daitezke. Eraikin arinak eta azkar egitekoak dira eta zainduz gero nahiko urte irauten dute.