Entzumenaren akatsak eskolan

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Haur gor bezala entzuteko gaitasuna erabat edo hein batean behintzat galduta daukana hartzen dugu. Entzumen-akats hau sortzen duten arrazoiak bi talde nagusitan bana genitzake: hartuak eta sortzetikoak.

Haur gor bezala entzuteko gaitasuna erabat edo hein batean behintzat galduta daukana hartzen dugu.

Entzumen-akats hau sortzen duten arrazoiak bi talde nagusitan bana genitzake: hartuak eta sortzetikoak (edo jatorrizkoak).

  • ARRAZOI HARTUAK
    Nolabait esateko “kanpoko” arrazoi hauen artean meningitisa, elgorria, paperak, erditzea bitartean jasandako traumatismoak, botika ototoxikoak, etab. aipatuko ditugu.
  • SORTZETIKO ARRAZOIAK
    Nolabait esateko umea jaiotzez da gorra. Arrazoirik nagusiena, emakumezkoak haurdun zegoen bitartean jasandako errubeola da.
    Nahiz eta arazoa askoz ere konplexuagoa izan, funtsean bi gorreri mota bereizten ditugu: transmisioko gorreria eta pertzepzioko gorreria.

Transmisioko gorreria

Entzumen-arazoak dituen umeak hizketarako arazoak ere izango ditu.

Kasu honetan, belarri barruko hezurtxo-katea da huts egiten duena. Erdiko belarriaren funtzionamendu-huts horren erantzulea gaixotasun bat, trauma bat edo bestelako akatsen bat izan daiteke. Gorreri mota hau era mediko edo kirurgikoz trata daiteke, entzumena bere onera ekarriz.

Pertzepzioko gorreria

Honek barne-belarriari erasaten dio, eta kasu honetan arazoa latzagoa da; kirurgiaren bidez ez bait dago apenas ezer lortzerik. Gaur egungo teknika kirurgikoak ikerketa eta esperimentazio-mailan aurkitzen dira oraindik.

Gorreri mota honetan, kasu larri edo sakonak direnean, errehabilitaziora jo behar dugu, haurra bere bakardade eta inkomunikaziotik aterako duten protesien bidez lagundurik, baina entzule arrunt baten entzumen-mailarik haurrak ez duela sekula lortuko kontutan harturik.

Bestalde, kontutan eduki behar dugun beste gauza bat zera da: gorreriaren ondorio bezala mututasuna agertzen dela kasu askotan. Haurrak zaratak atera ditzake (builak, zotinak, negarrak, oihuak, etab.), ahots-aparatua egoera onean dagoelako, baina ez da hitzik esateko gauza, horretarako bereziki irakasten ez zaion artean.

Entzumenean gutxitua dagoen haurrak mintzaira bereganatzeko prozesuan atzerapen bat dauka; ezin bait du ez hitz egin eta ez araurik bereganatu. Ume normalak guzti hori imitazioz lortzen du besteei hitz egiten entzunez eta ikusiz, irakaspen sistematikoa hartu baino lehenagotik ere. Entzumen-gutxituarentzat, ordea, prozesu hau askoz ere zailagoa eta neketsuagoa da, eta baita askoz motelagoa ere; min-tzairaraino duen sarbidea ez bait da berezkoa edo naturala.

Horregatik ume gorrak mintzairaren jabetze, egituratze eta ahoskatzean atzerapena dakar eskolara sartzen denerako eta horregatik oso garaiz hasita entrenamendu intentsiboan jarri behar dugu, kanpoko estimuluak etengabeak, aberatsak (baina ongi neurtuak) diren bitartean.

Dena den, askotan, umea eskolara sartu aurretik ez da gorreria diagnostikatzen. Bestalde, gerta daiteke, umeak es-kola-garaian entzumen-galera jasatea. Kasu hauetan irakasleari dagokio belarriko arazoei zor zaizkien problema horiek diagnostikatzea edo behintzat susmatzea.

Normalean ume horiek ongi entzungo diote irakasleari, 1-2 metroko distantzia baino urrunago ez badaude. Baina, irakaslea urruntzen bada, edota buelta ematen badu, seguraski umeak ez dio entzungo. Klaseko beste muturretik hitz egiten bazaio, umeak atzerapenaz erantzun dezake “eh?” esanez, edota “ez dakit” erantzunez.

Umea gela barruan elkarrizketa jarraian parte hartzeko moduko leku batean ez badago, arreta galduko du, distraitu itxura du, edo bestela oso jarrera behartuan eseriko da hitz egiten ari den pertsonaren aurpegia ikusteko.

Medikuaren azterketa

Beharrezkoa da umearekin elkarrizketa bat edukitzea, aldi berean behaketa bat burutzen den bitartean.

Askotan, gurasoek edo maisu-maistrek ematen dituzten datuak ere oso interesgarriak izan daitezke.

Zein prozedura erabil ditzake medikuak azterketa honetan?

  • Ahots baxuan hitz egitea
  • Umeari bizkar emanez hitz egitea (buelta emanik)
  • Distantzia handi samarrera hitz egitea
  • Erloju baten tik-tak soinua, belarri batean eta bestean, txandaka entzun eraztea (baina beti distantzia berera)

Bi belarriak, bakoitza bere aldetik aztertu behar dira.

Azterketa honetan, diapasoia ere erabil daiteke. Bi gorreri motak ezberdintzeko diapasoia (bibratzen jarri ondoren), umeari belarrira hurbiltzen zaio.

  • Hezur bidezko transmisioa. Belarri ondoan jartzen da.
  • Aire bidezko transmisioa. Buru gainean jartzen da.

Irakaslearentzako gomendio praktikoak

Entzumen-akatsak dituen ume bat gelara sartu aurretik, ikaskideen artean giro ona sortu behar da.

Irakasle batek, bere gelan, entzumen txarreko bat daukanean, ikaslearen integrazioa ahalik eta onena izan dadin zenbait aholku emango ditugu.

  1. Entzumen-akatsak dituen ikaslea zuen gelan sartu aurretik (edo arazoa geroago agertzen bada, jakin ondoren) egoki da bere ikaskide izango direnen artean giro ona sortzea. Horretarako, lehenbizi zera azaldu behar da; haur gorra gainerako haurrak bezalakoa dela. Argitu egin behar zaie beste umeei entzuteko tresna baten premia duela, beste batzuk ikusteko betaurrekoak behar dituzten bezalaxe.
    Beren jarrerak gelako zeregin eta jolasetan gainerako haurrenganakoa bezalakoa izan behar duela oharterazi behar zaie, ume gutxituak parte har dezan, eta beste guztien artean edonor bezalakoa izan dadin.
  2. Entzumen-gutxitua egoera onean jarri behar duzu zeure gelan, ahalik eta informaziorik gehien jaso ahal dezan; bai irakaslearen aldetik eta baita beste ikaskideengandik ere.
  3. Haur gorrari astiro hitz egin behar zaio; aurrez aurre eta ahoskatze-keinu exageratuak egin gabe, ezpainetan irakur ahal dezan eta esaten zaiona uler dezan. Esaldi laburrak erabili, baina ongi egituratuak.
  4. Galderarik egiten badiozu, ongi ulertu duela ziur egon behar duzu, berriro esanez edo galdera zertxobait aldatuz. Kontutan eduki pertzepzio-gorrerian ahotsa ozenagotzeak ez diola laguntza berezirik emango; oinarrizko arazoa ez bait da soinuaren intentsitatea. Hitz egiozu gelako gainerako haurrengana zuzentzen zaren ahots-ozentasun berberaz.
  5. Idatzizko ohar eta argibideez balia zaitez ahal duzunean.
  6. Saia zaitez zure gelan integraturik dagoen haur gutxituaren hiztegia ugaltzen eta zuzpertzen. Hizkuntz arloan zailtasun bereziak izango dituzte haur horiek. Komunikazioak elkar-komunikazioa izan behar du (irakaslearengandik ikaslearengana, eta ikaslearengandik irakaslearengana).
  7. Gorrari beste haurrei adina egokiera eman hitz egiteko.
  8. Haur horien protesia egoera onean dagoela ziurtatu.
  9. Gogoan hartu, ume normalekin gertatzen den antzera (eta kasu hauetan are gehiago oraindik), ume gorrak katarro edo hotzaldi bat pasatu ondoren okerrago entzuten duela. Umea espezialistarengana bidali.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila