Enbrioiak, “krokodinosauruak” eta meteorito hiltzailea

Azkenaldi honetan paleontologia berri deigarrietan aberatsa izan da. Komunikabideetan entzundakoak entzunda, badirudi zientziaren arlo honetan aurrerapauso handiak eman direla eta aurrerapausoez gain, paleontologiaren zenbait misterio argitu direla ematen du. Hainbat komunikabidetan plazaratutakoaren arabera "Dinosauruak hil zituen meteoritoa aurkitu da azkenean". Baina, baieztatu al da hori?

Baina gauza bat da zientzian aurrera egitea eta beste bat aurreratze hori Hollywoodeko estiloan egitea (sexu eta biolentziaz oparo hornituta).Baina sentsazionalismoa alde batera utzita hobe genuke zertan aurreratu den eta zertan ez xumeki azaltzea.

Hainbat komunikabidetan plazaratutakoaren arabera "Dinosauruak hil zituen meteoritoa aurkitu da azkenean". Baina, baieztatu al da hori?
K. Nuñez-Betelu

Aurkikuntzak Kretazeoko arroketan egin dira, lehenengoa Nigerian, bigarrena Hego Amerikan eta hirugarrena Ozeano Barean. Hiruen arteko haririk egon badago, hirurak garai geologiko berekoak baitira, baina, ene ustez, horraino soilik iristen da lotura.Aldiz, beste batzuk, zenbait kazetarik esaterako, lotura areago eraman nahi dute, ezen hainbat komunikabidetan plazaratutakoaren arabera "Dinosauruak hil zituen meteoritoa aurkitu da azkenean" eta "Erasotzailea identifikatu da.

Dinosauru teropodoak ezagunak ditugu hainbat filmetako izar direlako. Nork ez ditu ezagutzen, bada, Tyranosaurus rex edo Velociraptor haragijale basati eta beldurgarriak? Gainera, dinosaurologo askoren ustez, teropodo hauen adar batetik egungo hegaztiak garatu ziren. Baina hau ez ezik, teropodoen taldearen barnean itxura deigarriko zenbait azpitalde sortu ziren, teropodoena eboluzio aldetik inoiz egon den talderik arrakastatsuenetakoa izatera iritsi arte.

Teropodoen barnean garatutako azpitaldeetako bat espinosauruena izan zen. Egiptoko oasi batean aurkitutako materialean oinarriturik, Ernst paleontologoak espinosauruak deskribatu zituen lehenengo aldiz mende honen aurreneko partean. Fosilok Munichera eraman zituen, baina Bigarren Mundu Gerran galdu egin ziren hiria desegin zuen bonbardaketan. Ordura arte, espinosauruak "bi aldiz suntsitu" ziren: lehenengoz Kretazeo Berantiarrean, duela 95 milioi urte alegia, eta bigarrenez duela 53 urte. Salbatu zen material bakarra literatura zientifikoan gerra aurretik argitaratutakoa izan zen.

Baina, geroxeago azalduko dudan bezala, espinosauruak oso dinosauru ikusgarriak ziren eta hainbat paleontologok ekin zioten talde honetako fosil gehiago bilatzeari. Bilaketa zaila eta neketsua izan da, baina poliki-poliki lanok eman dituzte fruituak. Ondorioz, Ingalaterran, Brasilen eta Afrikan azken urteotan agertu dira dinosauru hauen fosil solte batzuk. Azkena Nigerren Paul Serenok eta lankideek egindakoa izan da, eta aurreko lerroan aipatutakoetan ez bezala oraingoan ia eskeleto osoa agertu da eta gainera genero eta espezie berri batena, hots, Suchomimus tenerensis delakoarena.

K. Nuñez-Betelu

Izenak itxura eta jatorria azaltzen ditu, hau da, Suchomimus, krokodiloen imitatzailea, eta tenerensis Tenere basamortukoa. Suchomimus hau oso itxura berezikoa bazen ere, lehenago aurkitutako espinosauruekin bazituen ezaugarri komunak. Guztira hamabi bat metro luze zen Suchomimus, batez ere atzeko bi hanken gainetan ibiltzen zen, aurreko "eskuetan" igitai-itxurako atzapar luzeak zituen –luzeena 33 zentimetrokoa!–, bizkarrean bela zabala zeraman eta krokodiloen antzeko mutur luze eta hortz konikoak zituen. Areago, buruaren anatomia berezi honek, batetik, eta barruan aurkitutako arrainen fosilek bestetik, arrainak jaten zituela adierazten dute. Froga modura, esaterako, hiru metroko zelakanto baten fosila aurkitu izan da espinosauru baten barnean.

Baina arrainak ez ezik, Iguanodon dinosauru gazte baten eskeletoa ere aurkitu da espinosauru baten barnean. Beraz, dinosauru hauek bai arrainak, bai lehorreko animaliak zituzten beren dietan. Hala ere, Suchomimus honek ez zuen uretan denbora askorik ematen, arrainak harrapatzeko muturra besterik ez baitzuen prestatuta. Garai hartako Afrikako ibaiak krokodilo erraldoiz beteta bide zeuden. Seguruenik Suchomimus delakoa uretan arrantzara besterik ez zen sartuko. Arrantzale bai, baina ez igerilari!

Bestalde, Suchomimus-ek Europako beste espinosauruekin du antz handiagoa, Afrika edo Brasilgoekin baino. Garai hartan Lurrean bi kontinente nagusi besterik ez zeuden, Laurasia iparraldean eta erdi zatitutako Gondwana hegoaldean. Bi kontinente hauen artean Tetis itsasoa zegoen.

K. Nuñez-Betelu

Baina Suchomimus-ek Europakoengandik, hots, Laurasiakoengandik eboluzionatu zuela dirudi. Honek espinosauruak, era batera edo bestera, Tetis itsasoa zeharkatzeko gai izan zirela esan nahi du.

Hau beste izaki-talde batzuetarako ere lehenago proposatu da, mekanismoa oso argi ez badago ere. Niri, dena den, honakoa bururatzen zait: egun desagerturik dagoen Zimeria kontinente luze eta estua izan zitekeela Laurasia eta Gondwanaren arteko noizean behingo zubia. Zimeria, duela urte gutxi aurkitu da Alpe eta Himalaia mendietan lurperatuta. Badirudi Afrikak iparralderantz mugituta Europarekin talka egin zuela Zimeria bien artean harrapatuz. Zimeria tolestu, zimurtu eta Europaren parte bihurtu zen.

Hala ere, Zimeriako arrokak oso eraldatuta daude eta galdu egin dituzte fosil gehienak. Horregatik inoiz kontinente estu eta luze hau Laurasia eta Gondwanaren arteko benetako zubi izan zen jakitea zaila da. Denborak eta ikerketa gehiagok emango digute erantzuna. Lehen aipatu legez, espinosauruak, ezagutzen ez ditugun arrazoiak medio, suntsitu egin ziren Kretazeo Berantiarraren hasieran, beste dinosauru askok aurrera segitzen zuten bitartean. Iraun zuten dinosauruetako batzuk Argentinan bizi ziren eta seguruenik arrautzak, egungo pinguino eta beste hegazti askoren antzera, toki batean batera erruten zituzten. Duela 80 bat milioi urte uholde handi batek dinosauru-talde baten milaka arrautza urperatu zituen gaur egun Patagoniaren iparraldea den leku batean.

Arrautza hauek fosilizatu egin ziren urak ekarritako lokatzen azpian eta duela hilabete batzuk paleontologoek idoro berri dituzte3. Arrautzak esferikoak dira, 15 zentimetroko diametroa dute eta garatxoak dituzte kanpoko aldean. Munduko beste toki batzuetan aurkitu izan dira lehenago horrelako arrautza fosilak, baina beti hutsik eta ezin izan da zein dinosauru-motak erruten zituen jakin. Argentinakoen 50 batek enbrioiak dituzte barruan fosilizatuta.

Patagonian aurkitutako enbirioien hezurrak.
Nature

Enbrioien anatomia ikusita arrautzok dinosauru sauropodoek,
titanosauruek hain zuzen, errun zituztela jakin da. Areago, lehenago dinosauru sauropodoen arrautza fosilak Txinan eta Ipar Amerikan, Laurasian alegia, aurkitu izan dira, baina ez Gondwanan. Argentinakook dira Gondwanako lehenengoak.

Argentinako enbrioiak garatu samarrak zeuden, ia jaiotzeko prest, eta larruak ezkataz egindako antolamendu apaingarria zuen. Munduko beste lekuetan lehenago aurkitutako beste dinosauru gutxiren enbrioiek hezurrak besterik ez zituzten; aitzitik, Argentinan lehenengo aldiz dinosauru batzuen enbrioien larrua fosilizatuta aurkitu da. Baina larrua eta hezurrak ez ezik, hortzak ere agertu dira. Enbrioi hauek, esan bezala, dinosauru sauropodo batzuenak ziren, eta sauropodoak belarjaleak ziren. Sauropodoei, egungo belarjaleei bezala, denbora pasatu ahala higatu egiten zitzaizkien haginen koroak, eta leun-leunak geratzen ziren. Ba, Argentinako enbrioien hortzek koroetan higadura dute. Arrautza barruan enbrioiek beheko eta goiko barailetako haginak elkarren kontra igurtzitzen zituztela erakusten du horrek. Marruskadura horrek enbrioiek jaio aurretik masailetako muskuluak indartzeko ariketa egiten zutela frogatzen omen du.

Duela 80 bat milioi urte Argentinan uholde batek dinosauru-talde baten milaka arrautza hondatu bazituen ere, dinosauruak ez ziren inola ere suntsitu eta bizirik iraun zuten beste 15 bat milioi urtetan. Suntsitu ez, baina Kretazeoaren amaierarako urritu egin ziren animaliok. Azkenik, duela 65 milioi urte dinosauruak eta beste izaki asko, bai lehorrekoak eta bai uretakoak, iraungi egin ziren. Suntsitu ez zirenetan hainbat narrasti daude, krokodiloak eta dortokak, adibidez, hegaztiak eta ugaztunak. Hegaztiengan izan zuten, agian, dinosauruek jarraipena.

Patagonian aurkitutako larru fosilizatua.
Nature

Baina zerk eragin zuen suntsipen erraldoi hura? Galdera hau XIX mendean plazaratu zen eta hamarkadatan saiatu dira erantzuten paleontologoak.Astiro-astiro kaleratu dira suntsipena eragin zezaketen arrazoiak, hala nola klimaren aldaketa azkarra, sumendi-erupzio itzelak, hondatze genetikoa, disfuntzio demografikoak eta izurriteak, besteak beste.Hala ere, proposatutako hipotesiek ez dituzte inoiz paleontologo guztiak komentzitu eta hainbatek segitu dute suntsipena azaldu nahian.

Duela 30 bat urte, Kaliforniako Walter Alvarez geologoak ekin zion Kretazeoaren amaiera Italian ikertzeari. Ordurako geologoek Kretazeoaren amaierako arroken gainean buztin-geruza mehe bat ezagutzen zuten. Buztin-geruza hau Munduko leku askotan, Euskal Herriko toki askotan barne, agertzen da eta oso baliagarria da Kretazeoaren amaierari erraz antzemateko. Walter Alvarezek, jatorri ezezaguneko geruza hori eratzeko beharko zen denbora kalkulatu nahi zuen eta horretarako bere aita Luisengana, Fisikako Nobel saridunarengana, jo zuen. Bion artean metodo bat proposatu zuten: buztinaren iridioaren kontzentrazioa neurtzea. Iridioa oso urria da Lurreko azaleko arroketan, baina ugaria meteoritoetan. Meteoritoak, batez ere txikiak (hots, milimetroaren ingurukoak), etengabe ari dira gure atmosferara sartzen eta lurrera erortzen. Ondorioz, meteoritoek ekarritako iridioa abiadura konstantez pilatzen ari da jalkinetan.

Walterrek eta Luisek iridioaren pilatze-abiadura zein den jakinda arroka-gorputz bat eratzeko behar den denbora neurtzea posible litzatekeela pentsatu zuten, iridioaren arrokako kontzentrazioa eta denbora formula matematiko sinple batek lotzen baititu. Teknikoki oso zaila zenez (iridio-nanogramoak besterik ez baitira egoten), Frank Asaro fisikariaren laguntzaz ekin zioten iridioaren kontzentrazioa neurtzeari eta, bide batez, Kretazeoaren amaierako buztina eratzeko denbora kalkulatzeari. Harrigarria bazen ere, Kretazeoaren amaierako buztina, azpiko eta gaineko arrokak ez bezala, iridioan arras aberatsa zen.

Betaccione arroila Gubbion (Italia). Dinosauruen suntsipenaren arrazoiaren lehen arrastoak hemen topatu ziren. (IXI).

Horrek buztina oso denbora luzean pilatu zela esan nahi al zuen? Milioika urtetan agian? Buztinaren azpiko eta gaineko arroketako fosilek ezetz esaten zuten, buztina denbora laburrean pilatu zela! Nola azaldu, ordea, iridioaren kontzentrazio handia?

Bururatu zitzaien azalpen bakarra meteorito erraldoiaren talkarena izan zen. Lehenago aipatu legez, meteoritoak dira aberats iridiotan eta iridioaren kontzentrazio handia meteorito handi bat erortzearen bidez azaltzea pentsatu zuten. Beren hitzetan, gutxienez 10 kilometro zituen meteorito batek talka egin zuen Lurrarekin Kretazeoaren amaieran eta iridioz aberastu zituen munduko jalkinak. Talka hau erraldoia izanik (gutxienez Hiroshimako bonbaren indarrekoa baino 50 milioi aldiz handiagoa litzateke), izugarrizko aldaketa bortitzak eragin zitzakeen, hala nola kilometro bat altuko tsunamiak, oso lurrikara bortitzak, kontinente-mailako suteak, negu nuklearra, hilabetetako iluntasuna, berotegi-efektu sakona, itsasoen azidifikazioa, eta abar.

Ondorioz, izaki asko eta asko hil egingo ziratekeen. Alvarez aita-semeen eta Asaroren ustez horrek azalduko lituzke Kretazeoaren amaierako suntsipenak. Beste azalpenik ez zegoen. Gainera, Alvarez aita Hiroshiman bonba jaurti zuen abioian zihoan begirale zientifikoa izan omen zen (iturri batzuen arabera1, jaurtiki aurretik bonbaren espoleta aktibatu zuena) eta ondo ikusia zeukan horrelako gertakaria nolakoa izan zitekeen.

Baina non zegoen horrelako talkak eratuko lukeen kraterra? Luis Alvarez kraterra non egon zitekeen jakin gabe zendu zen. Urte batzuk geroago Kretazeoaren amaierako ehun kilometro baino gehiagoko krater bat, Chicxulub kraterra alegia, aurkitu zen Yukatan penintsularen azpian lurperatuta! Kraterra bai, baina non zegoen kraterra eratu zuen meteoritoa?

Kretazeo eta tertziarioaren muga adieratzten duen buztinezko geruza.
IXI

Meteoritoa asteroidea ala kometa zen? Bai bata eta bai bestearen aldeko argudioak kaleratu dira azken urteotan eta batzuen ustez frogatuko lukete inpaktatzailea kometa izan zela.Baina, hara non, Ozeano Bareko Kretazeoaren amaierako buztinetan 2,5 mm-ko meteoritoa idoro berri den4. Meteorito txiki hau kimikoki aldatu samarra dago, baina, hala ere, karbonodun kondrita izan zela frogatzen omen du bere konposizio mineralogikoak. Aurkikuntza Chicxulubetik 9.000 kilometrora egin da eta, lanaren egilearen ustez, Kretazeoaren amaieran egungo Yukatan penintsularen inguruko itsas plataforma asteroide batek, eta ez kometa batek, jo zuela frogatzen du.

Dena den, lehenago idatzi dudanez, meteoritoak etengabe erortzen dira Lurrera. Zenbat eta txikiago, hainbat eta maizago. Beraz posible da, Kretazeoaren amaieran Yukatanen erori zenaz aparte beste meteorito txikiago batzuk erortzea eta, ondorioz, aurkitutakoa handiaren zati bat ez izatea. Bestalde, aurkikuntza egin den tokian Kretazeoaren amaierako buztinak ez du geruza fina eratzen. Orduan itsas hondalean bizi ziren izakiek nahastu zituzten bertako jalkinak eta iridioa 30 zentimetroko geruza batean dago barreiaturik, eta ez geruza fin batean. Kalkuluen arabera, 30 zentimetro hauek 500.000 urtekoak izan daitezke, eta, beraz, aurkitutako meteoritoa eta Yukatangoa agian ez dira garaikideak.

IXI

Ozeano Bareko meteoritoa Chicxulub kraterra eratu zuen meteoritoaren zati bat izan ala ez, ez du frogatzen meteoritoak dinosauruak eta beste izakiak suntsitu zituenik. Zientzialari gehienok onartzen dugu Kretazeoaren amaieran meteorito erraldoi batek ala gehiagok Lurrarekin talka egin zuela. Baina gauza bat da talka eta beste bat suntsipenak talkaren ondorio izatea. Azken batez, Kretazeoaren amaierarako hainbat izaki-talde maldan behera zetozen. Agian meteoritoaren talka ontzia gainezkatu zuen azken tanta izan zen. Areago, beste talka handi askoren kraterrak ezagutzen ditugu, baina gehienetan ez dira suntsipenekin lotzen. Seguruenik suntsipenen eragileak bat baino gehiago izan ziren eta hauek ezagutzeko oraindik bide luzea dute geologoen ikerketek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila