Joaquinek erretiroa hartu zuenean, gela eta behatokia itxita geratu ziren, baina, denborarekin, berriz ireki dituzte. Durangoko Izarra Astronomia Elkartekoak hasi ziren behatokia erabiltzen, eta Esteban Esteban irakaslea ikasgelaren arduradun bihurtu zen. Estebanek berak modulu didaktiko asko gehitu dizkio bildumari, batzuk hainbat lekutatik bilduta eta beste batzuk berak eginda. Gaur egun, ikasgelako bisiten gidaria da.
Kanpotik ikusita ikusgarriena behatokia da, teilatu batean zilindro bat eta goian kupula bat ikustea ez baita ohikoa Durangoren tamainako herrietan. Herriaren hegoaldean dago, garai batean herriaren muturra zen tokian --orain, etxe asko eraiki direnez, Durango barruan dago--.
Kupulak zortzi hazbeteko teleskopioa du, hogei zentimetro baino handiagoa. Bere garaian nahiko teleskopio ona zen, Schmidt-Casse grain modelokoa. "Teleskopio profesionalekin alderatuta ez da batere ona, noski --dio Estebanek--, baina Saturnoren eraztunak, eta Jupiterren ilargiak eta hodeiak arazorik gabe ikusten dira. Ikusgarriena Ilargiaren gainazala ikustea da, kraterrak eta abar. Artizarraren faseak eta batzuetan kometak eta beste kontu batzuk ere ikusi ditugu, besteak beste Holmes kometa. Orain ez da hain ondo ikusten, baina duela hilabete batzuk ikuskizun ederra izan zen". Estebanentzat kometak bereziak dira. Batzuk periodikoak dira, eta haren ustez ez dira oso interesgarriak; baina beste batzuk bat-batean agertzen dira, eta behaketaren ikuspuntutik oso politak dira, edozein gautan ager daitezkeelako.
Estebanek argi dauka Durango ez dela tokirik egokiena astronomian aritzeko, baina hiri handi batetik baino behaketa hobeak egin daitezke. Barrez dio leku aproposena Gorbeiako gailurra edo horrelakoren bat izango litzatekeela, baina ezinezkoa dela han behatoki bat izatea. Beraz, soluzio onena bilatu behar da.
Hala ere, Estebanek bisitariei nabarmentzen die Durangokoa behatoki didaktiko hobea dela munduko behatoki ospetsuenak baino, ikuspuntu batetik, behintzat. "Kanarietako behatokietan bost edo sei aldiz egon naiz, bai La Palmakoan, eta bai Tenerifekoan. Astronomo batentzat oso leku garrantzitsuak dira. Haietan astronomiako ikerketa eta ikasketa sakonak egiten dira. Baina profesionala ez den bisitari bati, agian, frustrazio-puntu geratzen zaio, hango teleskopio batetik ezin baita zuzenean ezer ikusi. Teleskopioek okular izeneko tresna bat dute, begiz handik ikusteko, baina badira urteak teleskopio handietan ez direla okularrak jartzen. Zuzenean ordenagailura edo bideoetara joaten dira jasotako irudiak. Eta ikertzaileak eta bisitariak pantaila baten bitartez ikusten dute irudia. Ikertzailearentzat hori abantaila handia da, datuak eta irudiak gordetzen baititu, baina bisitariarentzat ikusteko modu horrek ez du zirrararik. Ikuspuntu horretatik, instalazioa bera interesgarriagoa da teleskopiotik ikusten dena baino. Zerua eta astroak begiz ikusteko, askoz hobea da teleskopio txiki bat".
Modulu didaktiko asko daude gela horretan, 30 baino gehiago, eta maketa asko: planetario txiki bat duen kupula bat (aterki handi bat, egia esan), planeten maketak, eskalan marraztutako orbitak eta abar. Batez ere ikasleei zuzendutako materiala da, eta, nahiz eta toki txikia izan, ehun metro karratu baino gutxiago, asko dago ikusi eta ikasteko.
"Ez dut uste zientzia-museoetan astronomiari buruzko hainbeste modulu egongo direnik. Denetarik dago; batzuk oso sinpleak eta errazak dira ulertzeko, eta beste batzuk oso sakonak dira. Normalean, ikasleek ezin dute dena ikusi bisita bakar batean. Ez dena, ezta erdia ere. Bueltatu egin behar izaten dute".
Han dauden materialak hainbat lekutatik ekarri dituzte. Planetarioa Durangoko Udalak ordaindu zuen, bai eta beste modulu batzuk ere. Gainera, Durangoko Izarra astronomia Elkarteak teleskopio batzuk ditu han, Estebanek berak beste batzuk, eta Julen Sarasola irakasleak egindako teleskopio errefraktore handi bat ere badute erakusgai. Bestalde, Txorierriko Institututik ekarri dituzte modulu batzuk, eta beste batzuk Sestaoko Angela Figuera Institututik. Estebanek hogei urtez egin zuen lan han, eta astronomia irakatsi zuen. "Hogei urtean gauza asko egin daitezke. Egindako gauza batzuk ekarri ditut, eta beste batzuk ezin ziren ekarri. Adibidez, hango patioan hormigoizko zortzi eguzki-erloju daude, eta erloju begetal bat, heskaiz egindakoa, baina ezinezkoa da halakorik ekartzea".
Ikasgelako hiru maketak sariak jaso dituzte Estatu mailako lehiaketetan. Lehenengoa eguzki-erlojuen modulua da. Munduan bakarra dela ezin da inoiz ziurtatu, baina Estebanek ez du ezagutzen horrelako modulu bat eskaintzen duen beste zentrorik. Eguzki-erloju digital bat dago, zuntz optikoen bitartez esfera normal batean ordua marrazten duen beste bat, orratzak dituen eguzki-erloju bat eta beste hainbat. Asko material sinplez egindakoak dira, paperezkoak edo egurrezkoak.
Bigarren eta hirugarren modulu saridunak Estebanen gustukoenak dira: Eguzkiaren ibilbidea eta, batez ere, sortzen dituen itzalak erakusten dituzten bi modulu. Bata bonbilladun kupula bat da; kommutagailu batzuen bitartez simulatu nahi diren ordua eta data aukeratzen dira, eta Eguzkiaren kokapena adierazten duen bonbilla bat pizten da. Teknikoki sinplea da, baina eraginkorra. Ikasleek ikusten dute, esate baterako, neguan Eguzkiaren ibilbidea oso txikia eta baxua dela, eta udan alderantzizkoa. Eta oso ondo erakusten du nola funtzionatzen duten eguzki-erlojuek, eta zergatik ez duten makila bertikala.
Beste modulu asko dago, gehienak astronomiarekin zerikusia dutenak, eta beste hainbat astronautikarekin edo astronomoen tresneriarekin zerikusia dutenak. Ilargiaren mapamundi bat dago, planeta askotako pisua neurtzen duten balantzak (etxean komunean ditugunen antzekoak) eta abar.
Bitxikeria bat: Lurrak ez du satelite bakarra (Ilargia), baizik eta bi. Bigarrena, Cruithne 3753 asteroidea, oso txikia da, eta Ilargia baino askoz urrutiago dago. Durangoko Astronomia Ikasgelan, satelite horren orbita eta posizioa azaltzen dituen modulu txiki bat egin du Estebanek.
Moduluen bilduma, gainera, handitzen ari da. Estebanek etengabe prestatzen ditu modulu berriak. "Gustatzen zait beti zerbait berria egitea. Ideiak ez dira falta... batzuk ondo ateratzen dira, beste batzuk ez". Nolanahi ere, ikasgelaren eskaintza hazten ari da pixkanaka. Astronomia gustukoa duen edozeinentzat, alde didaktikotik behintzat, Durangokoa bisita interesgarria izan daiteke.