Disolbatzaile organikoen ordezkapena industrian

Disolbatzaileak industrian erruz erabiltzen diren substantziak dira koipe, olio edo zikinkeriak kentzeko nahiz beste substantzia batzuk diluitzeko. Hamaika produkturen osagai dira, hala nola, pintura, berniz, lekeda, itsasgarri, desugertzaile, tinta, laka, intsektizida, herbizida eta garbigarrienak. Disolbatzaile organikoak oso lurrinkorrak izateagatik erraz lurrintzen dira; espazio itxietako airean kontzentrazio handitan meta daitezke eta osasun kalte handiak eragin. Gizakiak inhalazioz edo larruazalean zehar zurgatuz beregana ditzake. Disolbatzaile guztiek arrisku bera ez duten arren potentzialki arriskutsutzat hartu beharko lirateke guztiak.

Toluenoa, xilenoak edo zetonak dira gehien erabiltzen diren disolbatzaile organikoak, baina guztien artean klorodunak –perkloroetilenoa, 1,1,1-trikloroetanoa, triklorometanoa, metileno kloruroa, kloroformoa eta hexaklorobentzenoa, besteak beste,– dira toxiko eta arriskutsuenak.

Disolbatzaile organikoek giza osasunari eragiten dizkioten kalteen artean hauek dira aipagarrienak: efektu akutu gisa, begi, larruazal eta arnasbideen narritadura, buruko mina, goragalea eta nekea, eta epe luzerako ondorio gisa, minbizia, ugalkortasun-arazoak, efektu neurotoxikoak eta giltzurrun zein gibelean kalteak. Batzuek efektu lokalak sortzen dituzte eta besteek sistemikoak, hots, erasoa zuzenean jaso ez duten beste organoen funtzionamenduari eragiten diote. Inhalazioa da esposizio-biderik arriskutsuena birikak edozein substantzia gorputz osoan barreiatzeko oso abilak baitira. Larruazalean zehar zurgatzen diren zenbait substantziek ez dute efektu ikuskorrik sortzen gorputz-azaleko organo horretan; beste batzuek, berriz, erredura bortitzak eragiten dituzte.

Gizakiak sorturiko substantziak izanik, ingurugiroa ere hondatzen dute, naturak ezin baititu ez asimilatu ez eta eliminatu. Bestalde, zelulen mintzekiko duten antzagatik izaki bizietan, gantz-ehunetan bereziki, metatzeko joera dute, izaki urtar zein lehortarrei kalteak eraginez. Azkenik substantzia hauetako batzuek, CFC, karbono tetrakloruroa eta 1,1,1-trikloroetanoaren gisako disolbatzaile klorodunek batik bat, ozono-geruza suntsitzen dute.

Gauzak horrela, hainbat ekimen bultzatu dira disolbatzaile arriskutsuak baztertzeko edo, gutxienez, beren erabilera murrizteko.

SUBSPRINT proiektua

Inprimatzeko offset makinek produktu organiko lurrinkorren Europako emisio guztien %1 igortzen dute airera. Horrekin kezkaturik, Europako enpresa eta instituzio-multzo batek inprimaketa-prozesuetarako disolbatzaile garbiak garatzeko proiektu bati ekin dio. SUBSPRINT hitza Substitution of organic solvents in the printing industry izenaren laburpena da eta petroliotik eratorritako disolbatzaile organikoak disolbatzaile eta garbigarri begetalekin ordezkatzea esan nahi du. Proiektuaren xedea offset makinetarako garbigarri begetal lurrinkorrak industriei ezagutaraztea da.

SPRINT izeneko Europako egitarauaren baitan txertatutako Subsprint proiektuak industria grafikoaren ingurugiro- eta osasun-baldintzak hobetzea du helburu.

Emisio poluitzaileak murriztuz, inprimategietako lanak betidanik sorrarazi dituen osasun-arazo larriak neurri handian txikituko dira. Beraz, SPRINT izeneko Europako egitarauaren baitan txertatutako Subsprint proiektuak industria grafikoaren ingurugiro- eta osasun-baldintzak hobetzea du helburu. Esandakoa zifretara itzultzen bada, substantzia toxiko hauekin lanean diharduten langileen kopuru osoa 120.000koa da gutxi gora-behera eta 18.000ra jaitsi nahi da.

Danimarka izan zen esperientzia hau martxan ipini zuen lehena, 1989an hain zuzen ere, inprimatzeko makinen garbiketarako soia, koltza edo kokoa bezalako landareen olioen esterra erabiltzea bultzatuz. Hortik Europako beste herrialde batzuetara zabalduz joan zen, SUBSPRINT proiektuari 1992an ekin zitzaiolarik. Gaur 12 estatuetako erakunde desberdinak –sindikatu, ikerketa-zentro, unibertsitate eta industria grafikoak, besteak beste– ari dira proiektua burutzeari begira elkarlanean. Espainiari dagokionez, SERMASA (Sociedad de la Energía y el Medio Ambiente) eta Comisiones Obreras langile-sindikatua dira proiektu honetan parte hartzen ari diren erakundeak.

Landare-jatorriko produktu garbitzaileak, osasun aldetik abantailak ekartzeaz gain, garbigarri oso onak direla, kostuak txikitzen dituztela eta, gainera, energia- eta bilketa-kostuak ere murrizten dituztela frogatu da. Haustrup enpresa daniarrak, esaterako, bost urtetan urteko bentzeno-kontsumoa ikaragarri murriztea lortu du (40.000 kilotik 2.000 kilora) eta kerosenoa erabiltzeari utzi egin dio (urtean 2.000 litro erabiltzen zituen).

VOFA Pro ikerketa-proiektua

Vegetable Oils and their fatty Acid Esters as Substitutes for Organic Solvents in Industrial Processes izenburu ingelesaren laburpena da. 1995ean abiatu zen ikerketa-proiektu hau, Europako Batzordearen AIR (Agro-Industrial Research Program) programaren dirulaguntzarekin. Esan bezala, ikerketa du proiektu honek helburu: olio begetalak eta beren gantz-azidoen esterrak sailkatzea eta eremu askotan aplikatu ahal izateko moldatzea dira xede nagusiak. Gantz-azidoen esterrak aplikazio askotan eraginkorrak direla frogatuta dago eta horregatik inprimategien industriaz kanpoko alor industrialetan erabiltzeko aukerak handiak direla ikusi da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila