Debekatutako landare sakratua

Koka-hostoa mendetan zehar erabili izan da Andeetako herrietan, elikagai zein sendagai bezala. Baina ketxua eta aimara herrietan izan duen arrakastak eta berauen kulturan hain errotuta egoteak galdu dute, hain zuzen, koka-hostoa. Kolonizatzaileen garaitik mesprezatu dute eta egungo eliteek ere landare honen erabilera herritar txiro eta ezjakinen ohitura lotsagarritzat daukate. Bolivian edo Perun, gizarteko talde eta maila gorenetan inork ez du jendaurrean onartuko hostoa mastekatzeko ohitura duenik eta, izatekotan, ezkutuan arituko da. Horrexegatik, behe-mailakoen kontua delako, espainiarrek menperatutakoen kultura tradizionalaren zati garrantzitsua delako, izan da hain motela kokak dituen ezaugarri deigarrien jatorria eta izan ditzakeen aplikazioen ikerketa.

Esandakoa argi erakusten duen datu bat emango dut: koka-hostoaren erabilera galarazteko lehenengo saioak 1950ean hasi ziren, Nazio Batuen batzorde berezi baten eskutik. Garai hartan, bere deribatua den kokaina ia ez zegoen merkatu ilegaletan; ordukoa baita anfetaminaren boom-a, honen efektua gogorragoa eta prezioa merkeagoa zirela eta. Beraz, osasun-arrazoiak baino gehiago, aurreiritzi etniko eta kulturalak direla medio, ia geldirik egon da luzaroan kokaren inguruko ikerketa. Are gehiago, landare honek duen nazioarteko jazarpenaren ondorioz, askoz diru gehiago inbertitzen da landareak hondatzen berauen onurak aztertzen baino.

Izan ere, Anthony Henman antropologo britainiarrak salatzen duen legez, Estatu Batuetako Nekazaritza Sailaren aurrekontuetan beti egoten da “koka landarearen eritasun espezifikoak sustatzeko” diru-atal bat. Landarea desagertarazteko ahaleginetan, esaterako, herbizida bereziak eta malumbia tximeleta parasitoak erabili dira. Eta 1991. urtean Alto Huallaga eskualdean Fusarium Oxysporum onddoak eragindako izurritea Estatu Batuetako laborategiren batean propio sortutako barietate berri baten errua izan zela ematen du. Izurrite honek, ironia badirudi ere, koka ordezkatzeko sartu ziren zitriko eta aguakateak ere hondatu zituen, nekazariei arazo larriak sortarazi zizkielarik. Inken landare sakratua, beraz, madarikazio bihurtu da indigenentzat.

Oihaneko laborategi klandestinoa.

Iparraldeko herrialde aberatsek eta, bereziki, Estatu Batuek bultzatutako kokaren aurkako ekimena benetako gerra da. Intsektuak eta onddoak ezezik, helikopteroak eta tankeak ere erabiltzen dira borroka latz honetan. Peru eta Boliviako gobernuek polizi talde bereziak dauzkate landareak deusezteko, EEBBetatik datorren laguntza ekonomikoa kokaren aurkako gudan erakutsitako adorearen araberakoa da eta. Ondorioz, azken hamarkadetan hildako asko eragin du gatazka honek. Eta ez pentsa aspaldiko kontuak direnik: udaberri honetan bertan Boliviako armadak burututako operazio berezi batean, hildako, zauritu eta atxilotu ugari izan da. Zentzugabekeria horren aurka, dena dela, zenbait ahots altxatu da. Boliviako presidente-ohi den Paz Zamorak ere eskatu zuen kokaren aplikazio onuragarrien gaineko ikerketa bultzatzea, baina alferrik. Banzer presidente hautatu berriak, bere ministroen artean Paz Zamora bera daukan arren, kokaren erabateko deuseztearen aldeko apustua egin du, berriro ere. Ikerketarik ez, beraz.

Baina deuseztearen aldeko jarrera hauek ez dira benetakoak. Leku zehatz batzuetako landareak erretzen dira, besterik ez. Izan ere, ustelkeria zabaldurik dago kokainaren inguruan eta gobernuek ez daukate hain etekin ona ematen duen produktu hau guztiz galarazteko asmorik. Hala ere, legeztapenaren aurka egongo dira beti, ilegalitateak prezioak handiagotu eta oposizioa zanpatzeko aitzakia ematen dielako. Egoera hau salatzera ausartzen direnen aurka ere gogor hasi dira: duela gutxi, Kolonbiako talde paramilitarrek CINEP (Centro de Investigación y Educación Popular) erakundeko hiru pertsona hil zituzten. Une honetan hildakoek esku artean zerabilten gai nagusia legeztatzearen inguruko eztabaida zen. Neroni ere gonbidatuta nengoen gaiaren inguruko mintegi bat prestatzen ari ziren. Legeztatzearen aldeko izateagatik hil zituzten, eztabaida bultzatzea gobernuen babesa duten kartel ezagunen interesen aurkakoa delako.

Bitartean, Nazio Batuen batzorde zientifiko batek jazarpen irrazional horretarako aitzakia ematen eta benetako ikerketa zientifikoa oztopatzen segitzen du. Batzuk, Andetako nekazariei alternatiba bat eskaini nahian, koka-hostoa jatorrizko herrialdeetatik kanpo saldu ahal izateko ahalegintzen diren bitartean, beste batzuk, bata zuridun batzuk hain zuzen, landarearen ezaugarri onuragarriak hobeto ezagutzeko saio guztiak oztopatzen ari dira. Galdera hau da: non daude beste arlo batzuetan ikertzeko askatasun sakratua aldarrikatzen duten jakintsuak? Hain aplikazio argia ez duten beste gai polemiko batzuetan ezagutza zientifikoak berez duen berezko balioaren defendatzaileak non sartu dira? Zientziaren nondik norakoa interes handiek baldintzatuta egoten da. Hori are eta argiago dago droga ilegalen kasuan. Oihana hondatu, nekazariak sarraskitu, mafia ustelak aberastu eta kontsumitzaileak pozoitzen ari den gerra zikin honi ez diezaiogun arma zientifiko gehiago eman.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila