Dama-taulak

Mahai-joko asko dago eta ezagunetarikoen artean xakea eta damak ditugu. Bi joko hauek gauza bat bakarrik dute amankomuna: jokorako taula. 8x8 laukitxoko taula da hain zuzen ere eta bertan laukitxo zuriak eta beltzak txandaka banatzen dira. Hala ere, bi joko hauen arauak zeharo desberdinak dira. Hemen dama-jokoa bakarrik aipatuko dugu.

Dama-jokoaren ezaugarri batzuk aztertuko ditugu lehenbizi eta gero zenbait joko aurkeztuko dizugu.

Dama-jokoan bi jokalarik hartzen dute parte, bi kolore desberdineko (zuria eta beltza) 12na fitxarekin. Dama-taula lehenengo errenkadako eskuineko izkinan laukitxo zuria utziz (xake-jokoan bezala) kokatzen da. (Lehenengo errenkada, jokalari, bategandik hurbilen dagoen errenkadari esaten diogu. Artikulu honen irudietan behekoa, hau da, irakurlearengandik gertuena). Bi jokalarien fitxak laukitxo beltzetan kokatzen dira lehenengo hiru errenkadetan. Fitxak laukitxo bat aurrerantz, diagonalki mugi daitezke. Honek fitxa guztiak (bi jokalarienak) laukitxo beltzetan bakarrik mugitzen direla esan nahi du. Hortaz, laukitxo zuriak libre geratzen dira, bertan beste dama-partida bat joka daitekeelarik. Hau da, dama-taula berean lau jokalarik aldi berean har dezakete parte bi partidatan; bata laukitxo zurietan eta bestea laukitxo beltzetan.

1. irudia.

Partida bikoitz hau seguraski korapilotsua suertatuko litzatekeenez, beste bide batetik jo genezake. Laukitxo beltzak bakarrik erabiltzen badira, zertarako nahi ditugu zuriak? Ken ditzagun beraz laukitxo zuriak. Horretarako laukitxo beltzen gainean beste laukitxo handiagoak irudikatuko ditugu (1. irudia). Horrela lortutako taulan (hortzdunean), jolasteko laukitxo beltzak bakarrik behar dituzten jokoak gara daitezke, beren arauak egoera berriari moldatuz gero.

Transformazio honen bidez, dama-taularen diagonalak errenkada edo zutabe bihurtu dira eta errenkadak eta zutabeak, aldiz, diagonal. Orain, fitxa zuriak, esate baterako, 1etik 12raino zenbakitutako laukitxoetan kokatuko lirateke. Beltzak, ordea, 21etik 32rainokoetan. Eta taula berri honetan fitxak bai errenkadaz eta bai zutabez mugitu beharko lirateke aurrerantz. Saia zaitez taula berri honetan (hortzdunean) jolasten (baina dama-taula arrunta ken ezazu azpitik).

Dama-taulan joko asko eta asko gara daiteke. Guk hona “Xama” edo “Daxe” eta “dama txinarrak” izenekoak ekarriko dizkizugu.

2. irudia.

“Xama” edo “Dake” dei diezaiokegun jokoa, Solomon W. Golomb-ek asmatu zuen eta xake-eta dama-jokoak nahasten dira bertan. Dametan bezala, 32 laukitxo beltzetan jokatzen da (hortaz joko hau ere buru daiteke taula hortzdunean). Jokalari bakoitzak 12 pieza kokatu behar ditu lehenengo hiru errenkadetan. Piezen kokapena 2. irudian ikus daiteke. Zortzi peoiak (P) dama-jokoan bezala mugitu behar dira. Gauza bera gertatzen da bi damekin (D). Alfila (A) aldiz, xake-jokoan bezala mugitu behar da. Xakeko zaldiarekin (Z) arazo bat sortzen da. Izan ere xakean zaldia mugitzen denean bere laukitxoaren kolorea aldatu egiten bait da (hau da, laukitxo beltzean badago, mugitutakoan derrigorrez laukitxo zurian izango dugu), baina arestian esan dugunez laukitxo beltzetan bakarrik jokatu behar dugu.

3. irudia.

Arazo honi ekiditeko Golombek zaldiru pieza asmatu zuen. Pieza honek, mugitzen dugunean, L bat osatuko du, baina 2x1 erako L osatu beharrean 3x1 erakoa. Horrela beti laukitxo beltzaten ibiliko da (3. irudia). Zaldiru hau, behar denean, beste piezen gainetik pasa daiteke xake-jokoan bezalaxe. Aurkakoaren piezak harrapatzeko peoiek eta damek dama-jokoan bezala ekingo diote piezen gainetik pasatuz. Alfilak eta zaldiruak, aldiz, xake-jokoan bezala; hau da, harrapatutako piezaren lekua betez.

Damek eta peoiek jan egin behar dute derrigorrez, (peoiek damek bezala jan behar dute, eta ez xakean bezala), alfilak eta zaldiruak jaten dutenean gainetik saltatzeko aukerarik ez duten bitartean. Jateko aukera bat baino gehiago badago, edozein posibilitate aukera daiteke; hala dama edo peoiena nola alfil edo zaldiruarena. Jateko aukera azken bi hauek bakarrik daukatenean, jatea ez da beharrezkoa izango. Azken lerrora ailegatzen diren peoiak beste edozein piezaz truka daitezke, hots dama, alfil edo zaldiruaz. Jokalariek txandaka mugituko dituzte piezak. Jokoaren helburua aurkakoaren damak jatea edo harrapatzea da. Damarik gabe geratzen den lehenengoak galduko du. Horregatik, peoia trukatu behar denean ondo aukeratu behar da pieza berria. Damek defentsarako balio duten bitartean, alfilak eta zaldiruak erasotzeko balioko dute.

4. irudia.

Beste jokoa “dama txinarrak” izenekoa dugu. Honetan jokalari bakoitzak zortzi fitxa ditu. Hauek lehenengo errenkadan (nahiz laukitxo zurietan zein beltzetan) kokatu behar dituzte. Jokoaren helburua zortzi fitxak aurkakoaren lehenengo errenkadan kokatzea da. Fitxen mugimendua 4. irudian ikusten den bezala buru daiteke, hau da, laukitxo bat inguratzen duten zortzi laukitxoetatik atzeranzko hiru laukitxoetara ez eta beste bostetara eraman daiteke fitxa, baina laukitxo bat bakarrik norabide bakoitzean, (hots, horizontalki, diagonalki edo aurrerantz). A fitxa baten ondoan (edozein norabidetan) beste edozein B fitxa (kolore berekoa edo bestelakoa) baldin badago, A fitxa B fitxaren gainetik pasa daiteke, bi laukitxo aurreratuz, baina ez du B fitxa jaten (Ikus 4. irudia). Nolabait esateko B fitxa honek A fitxari lagundu egiten dio gehiago aurreratzen. Saltoa bikoitza, hirukoitza, eta “abarkoitza” izan daiteke (dametan bezala), baina salto bakoitzean fitxa baten gainetik bakarrik pasa daiteke.

5. irudia.

Azkenik, hemen ikusten duzun taula zirkularra aurkeztuko dizugu. Dama-taula besterik ez da. Jokalari baten fitxak, zentru inguruan kokatzen dira. Bestearenak, ordea, kanpoko mugaren aldean. Erraz ikus daitekeenez, taula honetan ez dago ertzik eta denak dira diagonal nagusiak. Inoiz ez naiz ni honelakoetan jolastu. Nonbaiten irakurri nuen zerbait xake-taula zirkularrari buruz eta berehala etorri zitzaidan dama-taula zirkularraren ideia burura. Pentsatu bezain laster egin nuen hemen ikusten duzun hau. Gero, arauei buruz zer egin nezakeen pentsatzen hasi nintzen eta hasteko dama-jokoaren arauekin jolastu behar zela erabaki nuen. Gero, agian, arauren bat aldatu behar bada zerbait asmatuko dugu. Oraingoz ordea, saia gaitezen taula zirkular honetan dametan jolasten.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila