1820an gertatu zen intoxikazio hura. Alemaniaren hego-ekialdeko herri batean, ehunka pertsona intoxikatu ziren saltxitxak janda. Urte batzuk geroago, Belgikan, ikertzaileek lortu zuten frogatzea lotura zegoela intoxikatuen paralisi neuromuskularraren eta jan zuten urdaiazpikoan zeuden esporen artean. Esporak bakterio batenak ziren, Clostridium botulinum bakterioarenak.
Clostridium botulinum bakterio-talde bat da. Zortzi barietate bereizten dira (A, B, C1, C2, D, E, F eta G), eta denak anaerobioak dira, esfera-itxura dute, eta esporak sortzen dituzte. Edozein lekutan egon daitezke, eta erraz aurkitzen dira fruten eta barazkien azalean, itsaskietan, eta lurrean zein itsasoko jalkinetan.
Esporak suntsitzea ez da erraza; esate baterako, bost ordu iraun dezakete 100 °C-an; 120 °C-an, berriz, nahikoak dira bost minutu esporak suntsitzeko. Inguruaren kondizioak egokiak direnean, esporak erne eta bakterio toxina-sortzaileak hazten dira. Kondizio horien artean daude oxigeno gutxi egotea eta ingurua ez izatea oso azidoa. Bestetik, bakterioa hazteko tenperatura egokiena 25-37 °C bitartekoa bada ere, mota batzuk 4 °C-an ere hazten dira.
Kondizio horiek ohikoak dira janari-kontserba batzuetan. Kontserbak ondo eginda badaude, ez dago inolako arriskurik; aldiz, kontserbazio-tratamendua desegokia izan bada, litekeena da Clostridium botulinum haztea. A eta B barietateek elikagaiak degradatzen dituzten entzimak ekoizten dituzte; ondorioz, kutsatutako janariak itxura eta usain txarra izaten ditu. Beste barietateek, ordea, ez dute itxura, usaina edo zaporea aldatzen, eta, beraz, ezaugarri horiek aztertuta ezin da jakin janaria kutsatuta ote dagoen.
Zortzi barietateetatik, A, B, E (eta gutxi batzuetan F eta G) barietateek egiten diete kalte pertsonei. Zehazki, horien toxinak sortzen du gaitza. Nabarmentzekoa da toxinaren indarra: bakterio-toxina eraginkorrena da, eta, seguru asko, gizakiak ezagutzen duen pozoi indartsuena. Laborategiko sagua hiltzeko dosi hilgarria 0,0003 mikrogramo/kilogramo da. Kurarearena, berriz, 500 da. Kalkuluen arabera, aerosolez hedatutako gramo bat toxinak 1,5 milioi pertsona hiltzeko gaitasuna du.
Toxina polipeptido bat da, eta ez du usainik ez zaporerik. Espora ez bezala, erraz desnaturalizatzen da beroaren bidez (80 °C-an), eta baita ur kloratuan ere. Aldiz, gai da urdaileko azidotasuna eta entzima gastrikoak jasateko.
Toxina hainbat bidetatik sar daiteke organismora. Kutsatutako janarien bidezkoa da bat. Horrez gain, gertatu daiteke zauri bat infektatzea eta zaurian bertan bakterioak toxina sortzea. Eta, ohikoa ez bada ere, inhalazioz ere sar daitezke esporak biriketara. Bidea bat ala bestea izan, toxina odol-zirkulazioan sartzen da, eta nerbio-bukaerak muskuluarekin elkartzen diren lekura iristen da. Hor eragiten du. Ondorioa: paralisia.
Gaur egun, ordea, arraroa da horretara iristea. Intoxikazio gutxi gertatzen dira; kasu gehienak Georgian, Errusian eta AEBn izaten dira, gehienbat etxean egindako janariengatik eta infektatutako zauriengatik. Azken intoxikazio handia 2006ko martxoan gertatu zen, Thailandian: 163 pertsona intoxikatu ziren etxean ontziratutako banbu-kimuen erruz. Zorionez, tratamendu egokia eman eta arnasa hartzeko aparatuak jarri zizkieten; horri esker, ez zen inor hil. Oro har, botulismoaren heriotza-tasa asko jaitsi da.
Gaitza tratatzen ez ezik, ikertzaileek toxina erabiltzen ere ikasi dute, eta orain nahi duten muskuluak paralizatzeko baliatzen dute. Hain zuzen ere, erabiltzen duten A barietateko Clostridum botulinum -aren toxina purifikatuari deitzen zaio botox.
Botoxa neurologian hasi ziren erabiltzen duela hogei bat urte. Espasmoak tratatzeko erabiltzen zuten, muskuluen neurriz kanpoko uzkurdurak eragozteko. Gerora konturatu ziren tratamenduak pazientearen aurpegiera ere asko hobetzen zuela kasu batzuetan, eta pentsatu zuten hori interesgarria izan zitekeela kirurgia estetikoan.
Horrelakoak sarritan gertatzen dira. Esate baterako, Propecia eta Rogaine produktuak burusoiltzearen aurka erabiltzen dira, baina, berez, bata prostatako tumore onberak tratatzeko garatu zen, eta bestea presio arterial altua kontrolatzeko.
Botoxaren kasuan, duela 5-6 urtetik erabiltzen da kirurgia estetikoan, aurpegia gaztetzeko tratamenduen osagarri gisa. Gipuzkoa Poliklinikako Pedro Cormenzana espezialistak azaltzen duenez, aurpegia gaztetzeko tratamenduetan, helburua aurpegia hobetzea da, alde batetik muskuluen biguntasuna zuzenduz, eta, bestetik, zimurrak ezabatuz.
Muskuluen biguntasuna kirurgia bidez zuzentzen da, adibidez, lifting batekin. Zimurrak leuntzeko, berriz, bete egin daitezke, eta beste aukera bat 'bisturi kimikoa' erabiltzea da, botoxa alegia.
Botoxak zimurrak ezabatzen ditu, baina gehiago ere egiten du: aurpegierari eragiten dio. Izan ere, begitartea erlaxatzen du. Eragin hori nabarmena da bekainen arteko zimur bertikaletan. Hain zuzen, bekainen muskuluak gehiegi uzkurtzeagatik, zimur sakonak sortzen zaizkie pertsona batzuei, eta, gainera, haserre-itxura izaten dute. Botoxaren bitartez muskulu horiek lasaituz gero, zimurrak desagertu egiten dira eta bekokia argitu.
Efektu hori lortzeko, ordea, ondo jakin behar da zer muskulutan injektatu botoxa. Bestela, nahi ez diren ondorioak eragin daitezkeela ohartarazten du Cormenzanak, hala nola muskuluren bat eroria gelditzea. Horrelako arazorik ez izateko, ezinbestekoa da botoxa injektatzen duen sendagileak anatomia funtzionala ongi ezagutzea.
Emaitzarik onenak aurpegiaren goiko herenean lortzen dira oraingoz. Beste leku batzuetan, nahi ez den efektua sortzeko arrisku handiagoa dago. Dena dela, aipatzekoa da nahi gabeko efektuak desagertu egiten direla denborarekin. Hain zuzen ere, botoxa injektatu eta gutxi gorabehera lau egunera hasten da hautematen eragina, eta bospasei hilabete irauten du.
Azkenik, begi-ertzeko zimurrak ezabatzeko erabiltzen da botoxa. Horretarako, begia inguratzen duen muskuluan injektatzen da, lau bat puntutan. Cormenzanak zehazten duenez, puntu horiek aukeratzean garrantzi handia du pazientearen adinak: "pertsona gazteetan, begiaren behealdean ere jar daiteke, baina helduagoetan ez da komeni, bestela beheko betazala eroria gelditzen da".
Puntuak ondo aukeratzea bezain garrantzitsua da dosi egokia erabiltzea eta ondo banatzea. Aplikazio horietarako, botoxa Vistabel izenarekin merkaturatzen da, eta salmenta kontrolatuta dago, ospitale-farmazietan bakarrik eskura baitaiteke.
Injektatzen den dosia sexuaren eta helburuaren araberakoa da. Normalean, gizonezkoetan emakumezkoetan baino dosi handiagoak behar izaten dira. Nolanahi ere, Cormenzanaren paziente gehienak emakumezkoak dira, "nahiz eta gero eta gizonezko gehiago animatzen ari diren azkenaldian, estetikako beste tratamenduetan gertatzen den bezala". Botoxaren erabilera hazi egingo dela uste du; gainera, haren esanean, probatu duten pertsonen % 90ek berriro egiten du.
Orain, probak egiten ari dira aurpegiko beste leku batzuetan, adibidez, sudurrean. Aurpegiaren beheko herenean, berriz, emaitzak ez dira hain errazak aurreikusteko. Hala ere, ezpain-ertzak altxatzeko erabil daiteke, eta baita lepoan ere, baina pertsona nahiko gazteetan.
Oso kontuz eman behar da botoxa leku horietan, oso zehatza izan behar da. Esaterako, barra-kodean, alegia, ezpain gaineko zimurrak leuntzeko, dosi oso txikiak erabili behar dira, lauzpabost puntutan banatuta.
Hala ere, zirujauek zehaztasun are handiagoz aritu behar dute beste kasu batzuetan, adibidez, asimetriak zuzentzean. Oro har, estetikaz haratagoko aplikazioetan, kasuan kasuko tratamendua egin behar da. Ez da ahaztu behar botoxa neurologian hasi zirela erabiltzen lehenik, eta orain ere oso baliagarria dela zenbait asaldura tratatzeko.
Mariano Sota Donostia Ospitaleko zirujau plastikoa da, eta, haren esanean, gero eta aplikazio gehiago aurkitzen ari dira ikertzaileak. Dena den, hemengo ospitaleetan toxina botulinikoa ez da asko erabiltzen praktikan; Sotari, esaterako, nahiz eta horretarako prestatuta egon, ez zaio inoiz egokitu Donostia Ospitalean toxina ematea. Kontuan hartu behar da tratamendua ez dela iraunkorra; eraginak hilabete batzuk bakarrik irauten du, eta gero berriro aplikatu behar da. Horregatik, beste irtenbide bat badago, hori erabiltzen da botoxaren ordez.
Alabaina, zenbaitetan botoxa izan daiteke irtenbide onena, adibidez, muskuluen nahi gabeko mugimenduek sortutako asaldura batzuk tratatzeko. Horietan ohikoena tortikolia da: lepoaren alde bateko muskuluei erasaten die, eta burua alde batera edo bestera okertuta geratzen da. Horren ondoren dator betazaletakoa: betazaletako bat nahi gabe itxi egiten da, eta gerta daiteke beti hala geratzea, baita bi begiak itxita gelditzea ere.
Halaber, baliagarria da estrabismoa zuzentzeko, dardarak gelditzeko, muskuluen tentsioak sortutako migraina arintzeko, eta guruinen neurriz kanpoko jariatzeak sortzen dituen arazoak eragozteko, hala nola listu gehiegi ekoiztea edo neurri gabe izerditzea.
Azkenaldian, beste kasu askotan probatzen ari dira: errefluxua gutxitzeko ultzeretan, zauriak ixtean orbainik ez geratzeko, obesitate morbidoan... Gainera, B barietateko Clostridium botulinum -aren toxina ere ari dira erabiltzen hainbat tratamendutan. Argi dago, bai, botoxa zimur-lisatzaile bat baino zerbait gehiago dela.