Botiken abezedarioa

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Botikak oso tresna garrantzitsuak dira gaixotasunak tratatzeko. Eta horiek modu arrazionalean erabiltzea ezinbestekoa da onurarik handiena lortzeko eta baita eskura dauzkagun baliabideak modurik hoberenean aprobetxatzeko ere.

Kontsumoko Institutu Nazionalak foileto bat argitaratu du “Medikamentuen Abezedarioa” izenburupean, eta liburuxka horrek duen interesagatik, ondoren euskaraz emango dugu. Kontuan hartu, irakurle, abezedarioak ez duela gure hizkuntzan espainierazkoak duen osotasunik izango. Ea, bada, horrelakoak noiz hasten diren euskaraz ere pentsatzen:

Ez egin AUTOMEDIKAZIO rik, errezeta medikoa eskatzen duten botikak zure kasa erabiliz.

BOTIKINAK etxean ez du gauza gehiegirik eduki behar: sendaketak egiteko materialak eta istripu txikiak edo osasun-arazo arinak (erredurak, kolpeak, zauriak, minen bat edo beste) medikuarengana joan gabe konpontzeko beharrezkoak diren botikak soilik.

Medikamentuak leku fresko eta lehorrean gorde behar dira (ez sukaldea ezta bainu-gela ere ez dira lekurik egokienak), beti ere umeen eskueratik urruti, eta aldian behin botikina berrikusi beharra dago, iraungiak edo hondatuta dauden botikak botatzeko.

Medikamentu berri bat ERABILI aurretik hainbat informazio eman behar dizkiozu zure mediku edo botikarioari: alergiarik ba ote duzun, beste botikaren bat hartzen ari ote zaren, baita zuk zeure kasa erosi eta hartzen dituzunak ere, gaixotasunen bat edo osasun-arazoren bat ote duzun eta, azkenik, emakumea bazara, haurdun ote zauden edo horren susmorik ba ote duzun.

Medikamentuen ekintza mesedegarriarekin batera hainbat molestia, gutxi-asko gogaikarriak ere agertzen dira batzuetan. Horiei ERAGIN SEKUNDARIOAK edo bigarren mailako efektuak esaten zaie. Tratamentu bati ekin aurretik zer-nolako eragin sekundarioak ager daitezkeen jakin behar da, zenbat iraungo duten, zer egin behar den agertzen badira eta nola prebeni daitezkeen. Edozein kasutan ere, ustekabeko erreakziorik jasaten baduzu, berorien berri eman behar diozu medikuari edo botikarioari.

Medikamentu bera FORMA FARMAZEUTIKO desberdinetan ager daiteke: larruazalean, kanpoan, aplikatzekoak direnak (pomadak, kremak, etab.) edota ahoz ematekoak (pastilak, jarabeak, kapsulak, etab.), ipurdi-bidezkoak (supositorioak) edota baita injekzio bidezkoak ere. Forma farmazeutiko bakoitzak bere jarraipideak, dosifikazio, etab. diferenteak dauzka, ezagutu behar direnak.

Botikak hobeto identifikatzen dira beren izendapen GENERIKO aren bidez, edota printzipio aktiboaren bidez (horrela agertzen dira liburuetan eta aldizkari zientifikoetan). Marka edo izen komertziala laborategi bakoitzak “bere” botikari ematen dion izena da. Horregatik, izendapen generiko berarentzat hainbat marka komertzial egon daitezke, baina, gogoan hartu, medikamentua berdina izango da.

Orduaren laburdura. Garrantzi handikoa da pazienteak bere botiken HARTUALDIAK (edo ORDUTEGIA) errespetatzea, ahalik eta mesederik handiena lortzeko eta arazoak ebitatzeko. Txandarik ez ahazteko, edo akatsik gerta ez dadin, hori guztia grafikoen laguntzaz programa daiteke, eguneko zein ordutan (otorduekin edo ohetik jaikitzerakoan, adibidez) hartu behar diren adieraziz, eta baita txanden arteko denbora ere markatuz.

Botikek INTERRELAZIOAK edo ELKAR-ERAGINAK eduki ditzakete beste batzuekin eta baita janariekin edo alkoholarekin ere, beren eraginkortasuna gehituz edo gutxituz, eta agian baita eragin kaltegarriak eta ez-desiratuak ere sortaraziz.

Horregatik, edozein botika erabiltzen hasi aurretik lehendik hartzen ari zaren medikamentuen berri eman behar zaio botikarioari edo medikuari, errezetarik gabekoak edota “huskerientzako” hartzen direnak ere ahaztu gabe.

Bestetik, tratamentuen IRAUPENA errespetatu beharreko puntua da. Ez zaio botika hartzeari utzi behar gaixoa zertxobait hobexeago sentitzen hasi delako, ez bada medikuak hori agindu duelako; tratamentua behar bezala ez osatzeak zure gaitza erabat sendatzea eragotzi dezakeelako, antibiotikoekin gertatzen den bezala. Baina tratamentua epea baino gehiago luzatzea ere ez da komeni, medikuari galdetu gabe.

Botikak ez dira JOLAS bat. Umeek oso gustukoak dituzte, beren kolore eta forma erakargarriengatik eta haurretan istripuak gertatzea nahikoa usua da horrexegatik. Azaldu iezaiezu zure seme-alabei zertarako diren medikamentuak eta horiek errespetatzen irakatsi.

Medikamentuak hartzea KONTU eta ARRETA handiz egin beharrekoa da, baina arreta berezia eduki behar da haurdunaldian, edoskitzaroan, haur edo adineko pertsonetan, diabetean, hipertentsioan edota gaixoak edozein alergia jasaten badu edota gibeleko edo giltzurruneko gutxietasunen bat baldin badauka.

Ez erabili zure medikamentuak beste pertsonekin; ez pentsatu beste pertsona batek (nahiz eta sintoma beretsuak eduki) tratamendu bera jarraitu behar duenik, medikuak bakarrik baloratu dezake-eta tratamendu baten komenientzia.

Botika bat ez da beti soluzioa izaten. Sarritan komeni da NEURRI NATURALA goetara jotzea: atsedenaldia, ur asko edatea, jan-neurri egokiagoa egitea, erretzeari uztea, ingurugiroko arriskuak ebitatzea, ariketa fisikoa egitea, etab. Ez harritu, beraz, zeure medikuak ezer ez badizu errezetatzen.

Oso garrantzitsua da argi edukitzea ea zure botikak otorduen garaian (edota otorduak bukatu eta berehala) hartu behar dituzun, edota, aitzitik, urdaila hutsik dagoela (otorduak baino ordubete lehenago edo bukatu eta handik bizpahiru ordura). Zeren eta OTORDUEK interferentziak eduki baititzakete medikamentu batzuen zurgapenean eta, beraz, honen eraginkortasuna gutxitu. Bestalde, zenbait kasutan beharrezkoa gerta daiteke botikak janariekin edo jan ondoren hartzea, urdaileko molestiak ebitatzeko.

ERREZETA MEDIKOA gauza pertsonala da, une jakin batean pertsona batentzat medikazio jakin bat agintzen duen inprimakia hain zuzen ere. Ez erabili zure medikamentuak beste pertsonekin; beraz, ez pentsatu beste pertsona batek (nahiz eta sintoma beretsuak eduki) tratamentu bera jarraitu behar duenik, medikuak bakarrik baloratu dezake-eta tratamentu baten komenientzia.

Ezagutu itzazu medikamentuen etiketatuan agertzen diren SINBOLOAK ETA SIGLAK :

  • Errezeta medikoa beharrezkoa da: O
  • Estupefazienteen errezeta bereziarekin soilik: l
  • Hozkailuan gorde beharrekoa: *
  • Espezialitate farmazeutiko publizitarioa: EFP
  • Ospitalean erabiltzekoa den espezialitatea: H
  • Ospitale-diagnostikoa duen espezialitatea DH
  • Kontrol mediko berezia duen espezialitatea: ECM
  • Iraupen luzeko tratamentua: TLD
Ez erabili zure medikamentuak beste pertsonekin; ez pentsatu beste pertsona batek (nahiz eta sintoma beretsuak eduki) tratamendu bera jarraitu behar duenik, medikuak bakarrik baloratu dezake-eta tratamendu baten komenientzia.

Zenbait medikamenturekin gorputza ohitu egiten da horien eraginetara. Fenomeno horri TOLERANTZIA (edo jasankortasuna) esaten zaio, eta horren eraginez medikamentua etengabe erabiltzera eta lehen lortzen ziren efektu berdinak lortzeko dosia gehituz joatera “ohitu” egingo da pazientea (libragarriekin gertatu ohi den bezala). Dena den, tolerantzi sintomak nabarituz gero, emaiozu horren berri medikuari eta horrek beste alternatibaren bat eskainiko dizu. Medikamentu batekiko dependentzia edo menpekotasuna ere gerta daiteke, aurrekoa bezala usadio arriskutsua, sustraitik konpondu beharrekoa.

Hementxe bukatu da abezedarioa, beste hainbat kasutan bezala nahikoa herren edo hankamotz geratu zaiguna: letra batzuk falta ziren, beste batzuetan, ordea, aholku bat baino gehiago pilatuz. Baina, beno, helburu didaktikoekin egindako saio guztiek bezala, baditu bere abantailak ere, eta horiei heltzea hobea da, eduki ditzakeen akats edo hutsuneen inguruan behin eta berriz marmarrean aritzea baino.

Kontuan hartzeko aholkuak

  • Medikamentu berriena ez da beti egokiena edo hoberena. Gainera, sarritan botika berriekin erabilera-esperientzia murritzagoa eduki ohi denez, ez dira horien eragin sekundarioak erabat ezagutzen eta arrisku gehiago eduki ditzakete.
  • Medikuak agindutako dosiren bat edo gehiago ahaztu egiten bazaizkizu, ez saiatu ahaztutakoak “konpentsatzen”, guztiak batera hartuz edo horrelako beste aldrebeskeriaren bat eginez. Hobe da egoera horretan egin beharrekoari buruz aholkua eskatzea, zein botika den kontu, soluzioa ere diferentea izan baitaiteke.
  • Ez baloratu botiken ontasuna prezioaren arabera. Medikamenturik garestienak ez baitu zertan egokiena izan ere, une oro. Horrek zera adierazten du normalean, bere teknologia konplexuagoa dela, edota bere ikerketa-kostua altuagoa, baina faktore horiek ez daude zuzenean eraginkortasunarekin lotuta. Botikak, ez ahaztu, ez dira kontsumoko gaiak edo artikuluak.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila