Bizkaia aldeko txinparta elektrikoak

Bizkaia aldean energia elektrikoa ekoizteko hainbat proiektu daude: ziklo konbinatuko zentral elektrikoak, birgasifikazio-instalazioa, IGCC... Azkenaldian sarri entzun ditugun hitz berri potoloak. Politikariek baietz, herritarrek ezetz... Baina zer da, benetan, gure lurretan eraiki nahi dutena?

1992an, EAEko gobernuak Euskadiko 3E-2000 Energia Estrategia plangintza definitu zuen 1991-2000 denboraldirako. Ondoren, 90eko hamarkadan, energiaren inguruan izandako aldaketak kontuan hartuta, estrategia hori berrikusi eta, zenbait aldaketa egiteaz gain, 2005era luzatzea erabaki zuen. Jarritako helburua ez da makala.

1995ean, EAEn gastatutako elektrizitatearen % 20 bertan ekoitzitakoa izan zen. Bigarren plangintzan egiten den proposamena, berriz, 2005ean urte horretan gastatutakoaren % 82 ekoiztea da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 415.000 milioi pezetako (16.600 milioi libera) inbertsioa egin beharko dela aurreikusten du. Inbertsioaren zatirik handiena, 166.000 milioi pezetatik (6.640 milioi libera) gora, energia elektrikoaren ekoizpenera bideratuko da.

Helburu horretara iristeko, Eusko Jaurlaritza hainbat ekimen pribaturen parte-hartzea babestu eta bultzatzen ari da. Horien artean, Bizkaia aldean eraiki nahi dituzten instalazioak daude: ziklo konbinatuko zentral elektrikoak Boroan (Zornotza) eta Santurtzin, birgasifikazio-instalazioa Zierbenan, gasifikazio integratuko ziklo konbinatua (IGCC) Abanton eta hondakindegiko gasak balorizatzeko zentrala Artikan (Bilbo). EAEko gobernuko energia-sailburuordea den Javier Aranbururen esanean, proiektu horiei esker euskal enpresek oso prezio lehiakorrean saldu ahalko dute energia. Gainera, birgasifikatutako gasa kanpoan saltzeko asmoa ere badagoela esan du.

Herritarrak ez daude konforme

Energia elektrikoa sortzeko plangintza horiek guztiak aurrera badoaz ere, herritarrek aurkako jarrera erakutsi dute. Bai kalean bai hainbat erakunderen bulegoetan egindako adierazpenetan, talde ekologistek eta horretarako berariaz eratutako taldeek instalazioen aurka daudela aldarrikatu dute behin eta berriro. Beharbada, talde horien artean gehien saiatu direnak Abra Kolektiboa eta Zornotza Bizirik taldea izan dira.

Abra Kolektiboa iaz sortu zen. Bere helburua Bilbo Handian, Abra badiaren inguruan, martxan dauden proiektuei aurre egitea da. Orain arte egindako ekitaldi eta adierazpen publikoetan, kolektibo horrek proiektuen inguruko hainbat puntu kritikatu ditu. Hasteko, zentral termikoek ingurugiroan eragingo dituzten kalteak aipatzen dituzte. Erretze-prozesuan isurtzen diren gasak, poluitzaileak izateaz gain, klimaren aldaketa eragin, lurra berotzen lagundu eta ozono-geruza zulatzen dutela salatu dute. Horretaz gain, ingurugiroaren gainean egindako azterketetan zentral guztien eragin sinergikoa ez dela kontuan hartu ere salatu dute.

Bestalde, erregaitzat erabiliko den metanoa lehergarria eta poluitzailea dela eta gas horren garraioak inbertsio handia eskatzen duela adierazi dute. Bukatzeko, Bizkaian eraiki nahi dituzten zentralen proiektu guztiak aurrera eramanez gero EAEn kontsumituko dena baino 2,5 bider elektrizitate gehiago ekoitziko dela eta, beraz, zati handi bat saldu egin beharko dela azpimarratu dute. Abra kolektiboaren aldarrikapen nagusia populazioari energia aurrezteko neurriak eskatzea da. Era berean, energia-iturri garbiagoak bultzatu behar direla deritzote, baina ez era masiboan, haize-energiarekin egiten ari diren moduan.

Zornotzan egin nahi duten zentral termikoaren aurka borrokatzeko, ostera, Zornotza Bizirik taldea sortu zen 2000. urtearen amaieran. Hasieran alde agertu bazen ere, denbora aurrera joan ahala udala ere proiektuaren aurka agertu da. Horretarako aurkezturiko argudioen artean, lurren sailkapenari dagokiona da nagusi. Boroako lurrak duen sailkapenaren arabera, baimendutako garaiera 10 metrokoa da eta arrazoi teknikoengatik bakarrik luza daiteke. Proiektua kudeatzen duen Bizkaia Energia erakundearen ustez, berriz, zentralean eraiki beharreko 50 metroko tximinia arrazoi teknikoa da eta, beraz, ez du zertan lege-arazorik sortu. Hala ere, udalak dio ez dela tximinia bakarrik, proiektuaren arabera, eraikinaren parte gehienek 10 metro baino gehiagoko garaiera dutela. Eusko Jaurlaritzako industria-sailburua den J. J. Imazek ere behin eta berriro esan du eraikitzeko baldintzak bete ezean Irlandako ESB enpresak beste lekuren bat bilatu beharko duela zentrala eraikitzeko.

Herritarrek, bitartean, hainbat manifestazio jendetsu egin dituzte eta, kaleko aldarrikapenez gain, Zornotza Bizirik taldea erakunderik erakunde eta bulegorik bulego ere ibili da. Izan ere, taldeko kideak horrelako zentral batek sor dezakeen poluzioaren beldur dira eta zentralaren proiektuaren inguruko zenbait alegazio aurkeztu dituzte. Horri guztiari erantzun eta proiektua defendatzeko, ESB enpresako arduradunek prentsa-ohar bat kaleratu zuten egunkarietan. Bertan, Zornotza Bizirik taldeak proiektuaren inguruan esandako hainbat gauza gezurtatzen dituzte, eta alegazioak aztertu eta baloratu ostean erabakitako aldaketen berri ematen dute.

Ziklo konbinatuko zentrala.

Aldaketa horien artean, hozte-sistemarena da, beharbada, aipagarriena. Alegazioak aztertu ondoren, uraren ordez aire bidezko hozte-sistema erabiltzea erabaki dute. Hartara, ez da ur-murrizketarik egongo eta zentralak ez du lainorik sortuko. Bestalde, NOx gutxi isurtzen duten erregailuak erabiliko dituztela diote. Karbono dioxidoari dagokionez, Boroako zentralak zentral termiko konbentzionalek atmosferara isurtzen dutenaren erdia isuriko omen du. Zornotzarrak zentralaren eraikinak inguruko paisaian izango duen eraginagatik ere kezkatuta daude, besteak beste, 50 metroko garaiera eta 7 metro baino gehiagoko diametroa duten bi dorre izango baititu. Horri aurre egiteko, proiektuaren arduradunek diote paisaian ahalik eta kalte gutxien egiten saiatuko direla.

Aipaturiko prentsa-ohar hori otsaila-bukaeran kaleratu zuten. Ondoren, martxoaren 27an, ESBko arduradunek prentsaurreko bat eman zuten. Han egindako adierazpenetan, hurrengo hilabeteetan zentralak ekarriko dituen onurak azaltzeko kanpaina egingo dutela adierazi zuten. Prentsaurrekoan esandakoaren arabera, energia elektrikoaren eskaria % 3 eta 3,5 artean gehituko da eta Zornotzako zentralean EAEn kontsumituko denaren % 40 ekoiztea espero dute. Nolanahi ere, proiektuaren inguruko informazio guztia aztertu eta eztabaidatu ondoren ESBk Zornotzako herritarren erabakia errespetatuko duela esan du.

Egun berean, Lehendakaritza diputatua den Jose Luis Bilbaok zentralaren aldeko adierazpenak egin zituen Bizkaiko Batzar Nagusietan. Bere esanean, Boroako zentrala beharrezkoa, egokia eta ona da. Hala ere, Zornotzako udalaren azken erabakiaren aurka Bizkaiko Foru Aldundiak ez duela ezer egingo esan zuen.

Horrekin guztiarekin lotuta, gogoratu behar da martxoan Zornotzako zentralaren alde egiten duten txosten bi argitaratu zirela. Alde batetik, Espainiako Gobernuko Ingurugiro Ministerioak (MIMAM) bideragarritzat jo du Boroako proiektua. Onartutako ingurugiro-inpaktuaren adierazpenaren arabera, ESB enpresak hainbat baldintza bete beharko ditu, bai obrak hasi aurretik bai eraikuntza-fasean.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz Labein laborategiak egindako txostena dago. Bertan, Bizkaian eraiki nahi diren lau zentraletatik, Zornotzakoa dela nitrogeno-oxido gutxien isuriko duena esaten da. Txostenaren arabera, zentraleko bi tximinietako bakoitzak segundoko 29 gramo nitrogeno-oxido isuriko ditu; Petronorko tximiniek, aldiz, segundoko 63 gramo. Ingurugiroari dagokionez, erregai gisa gas naturala darabilten ziklo konbinatuko zentral elektrikoek zentral termiko konbentzionalen aurrean dituzten abantailak nabarmentzen dira txostenean.

Hozteko dorrea.

Lehenengoek atmosferara isurtzen duten karbono dioxidoa harrikatza darabilten zentral termikoek isurtzen dutena baino 2,8 bider txikiagoa da eta fuel-olioa darabilten zentralek isurtzen dutena baino 2,2 txikiagoa. Bestalde, azterketak gezurtatu egin du zentralak eraikiko diren herrietan nitrogeno-oxidoen kontzentrazioa besteetan baino handiagoa izango denik, eta bizitegi-guneen garaieraren araberakoa izango dela dio. Bukatzeko, Boroan zentrala eraikiz gero Durangoko urteko batez besteko nitrogeno-oxidoen kontzentrazioa ia ez dela aldatuko aipatzen da; bai, ordea, Santurtzin, Artikan edo Abra inguruan kokatu nahi diren zentralak eraikita.

Txostena kaleratu bezain laster, Zornotza Bizirik taldeko kideek karbono dioxidoa aipatu ere egiten ez dela salatu zuten. Era berean, txostena egiteko erabilitako datuen iturria zalantzan ipini zuten eta Labeinek ikerketa propioa egin duen ala enpresak emandako datuak erabili dituen galdetu zuen. Nolanahi ere, zentralaren aurkako ekintzak egiten jarraituko dutela esan zuten.

Zierbenako birgasifikazio-instalazioa

Bilboko superportuan, Zierbenako esparruan, gas natural likidotua birgasifikatzeko instalazioa eta, horri lotuta, ziklo konbinatuko zentral elektrikoa eraiki nahi dute. Proiektu hori aurrera eramateko, Bizkaiko Badia izeneko sozietatea sortu zen. Sozietateak bi adar ditu: Bizkaiko Badia Gasa eta Bizkaiko Badia Elektrizitatea. Sozietateko bazkideak BP-Amoco multinazionala, Energiaren Euskal Erakundea, Repsol YPF eta Iberdrola dira, eta guztiek partaidetza-maila bera dute. Proiektuaren arabera, obrek iazko azaroan hasi behar zuten eta 2003. urte-bukaerarako amaitu.

Gas likidotu gehiena BP-Amocok Trinidad eta Tobago uharteetan dituen gas-hobietatik eta Nigeriatik ekarriko da, eta gainerakoa Norvegiatik eta Venezuelatik. Gasa garraiatzeko erabiliko diren hiru metano-itsasontzietatik bi Sestaoko La Naval enpresan egingo dira eta hirugarrena Cadizko Puerto Realeko ontziolak egingo du. Itsasontziek 138.000 m3-ko bolumena izango dute. Gasa biltegiratzeko, 150.000 m3-ko tanga bat edo 110.000 m3-ko bi tanga eraikiko dira. Gasa birgasifikazio-instalaziotik sare orokorrera eramateko, 5,5 kilometroko gasbidea eraikiko da. Zentral elektrikoan sortutako energia elektrikoa sarera eramateko, 14,5 kilometroko goi-tentsioko linea ipiniko da, 400 kV-ekoa. Gainera, hiru transmisio-azpiestazio eraikiko dira Santurtzin, Zierbenan eta Abanton.

Metano-itsasontzia.

Instalazio bien artean, 230.000 m2-ko azalera erabiliko da. Guztira, 77.000 milioi pezeta (3.080 milioi libera) inguru gastatuko dira. Birgasifikazio-instalazioaren aurrekontua 34.000 milioi pezetakoa (1.360 milioi libera) da eta zentral elektrikoarena 43.000 milioi pezetakoa (1.720 milioi libera). Kontratuetan adierazten denaren arabera, instalazioetan erabiliko den horniduraren zati handi batek EAEn egindakoa izan behar du. Eraikuntza-lanetan 2.000 pertsona inguru arituko dira; instalazioak martxan jartzen direnean, berriz, 100 lanpostu inguru izango dira.

Birgasifikazio-instalazioa 36 hilabeteko epean eraiki behar da. Lehenengo fasean, urtean 2.700 milioi metro kubiko gas likidotu inportatu eta birgasifikatzea da asmoa, hori baita instalazioa errentagarria izan dadin kalkulatuta dagoen gutxieneko gas-kantitatea. Hala ere, bigarren fasean urtean 6.000 milioi metro kubikora hel daiteke. Azpikontratazioen ia % 100 goi-mailako euskal enpresen artean egingo da.

Ziklo konbinatuko zentral elektrikoa 27 hilabeteko epean eraiki behar da. 800 MW-eko potentzia instalatua izango du. % 35 EAEko enpresek hornituko dute eta % 20 Espainiako gainerako autonomia-erkidegoetako fabrikatzaileek; hortik aurrerakoa Europako Batasunean azpikontratatuko da.

Santurtziko zentral termikoa

Santurtziko zentral termikoari unitate berria erantsi nahi diote. Hartara, lehendik duen 936 MW-eko potentziari beste 400 MW gehituko zaizkio. Unitate berrian gas naturala eta gasolioa erabiliko dira erregai gisa. Proiektu honek 25.000 milioi pezetako (1.000 milioi libera) aurrekontua du.

Abantoko IGCC instalazioa

Petronor findegiaren ondoan IGCC instalazioa eraiki nahi dute. Horretarako, 130.000 metro karratu inguru beharko direla aurreikusten da. Instalazioak 946 MW-eko potentzia instalatua izango badu ere, 824 MW izango dira sarera aterako direnak eta gainerakoa instalazioaren barne-funtzionamendurako erabiliko da. Erregai gisa, fuel-olioaren produkzioan sortzen diren hondakinak erabiliko dira. Gutxi gorabehera, urtean 1,5 tona inguru lehengai kontsumitu eta 15.000 tona hidrogeno ekoitziko dira. Horretaz gain, sufre solidoa eta ore metalikoa ere lortuko dira eta industria kimikoari eta metalurgikoari salduko zaizkio, hurrenez hurren. Instalazioaren eraginkortasun garbia % 43 baino handiagoa izatea espero da. Eraikuntza-lanetan 2.500 langile inguru arituko dira. Instalazioa martxan jartzen denean, berriz, 120 lanpostu inguru sortuko dira zuzenean eta beste 500 bat zeharka.

Proiektuaren kostua 161.000 milioi pezetakoa da (6.440 libera). Dirutza horri aurre egiteko, Petronorrek Europako beste herrialde batzuetan lortu diren antzeko laguntza publikoak jasotzea espero du. Hala ere, prest dago diru-laguntza barik ere aurrera egiteko. Izan ere, arduradunen esanean, eraiki nahi duten instalazioaren helburua estrategikoa da. Alde batetik, produktu finduen merkatuan gertatzen ari diren aldaketetara egokitzeko beharrezkoa dela uste dute. Beste alde batetik, enpresaren etorkizuna ziurtatzeko ezinbestekoa dela deritzote.

Boroako ziklo konbinatuko zentral elektrikoa

Irlandako ESB enpresak (Electricity Supply Board of Ireland) Zornotzako Boroa auzoan ziklo konbinatuko zentral termikoa eraikitzeko asmoa du eta, horretarako, Bizkaia Energia sozietate pribatua eratu dute. ESB Irlandan energia elektrikoa banatzeaz arduratzen den enpresa publikoa da. Eraikiz gero, zentralak 800 MW-eko potentzia instalatua izango luke. Bi galdara, bi sorgailu eta bi lurrun-turbina izango ditu eta urtean 1.000 milioi metro kubiko gas kontsumituko ditu. Zentrala eraikitzeko 60.000 m2 erabiliko dira.

Energia elektrikoa sarera eramateko, goi-tentsioko lineak ipiniko dituzte.

Proiektuaren kostua 65.000 milioi pezetakoa (2.600 milioi libera) da eta 2004. urterako amaituta egotea espero da. Instalazioaren osagai eta azpiegiturak eta lan zibila EAEko konpainiek egitea aurreikusten du Bizkaia Energia enpresak. Hala ere, turbinak kanpoko enpresa batek egin beharko ditu, mundu osoan gas-turbinak ekoizten dituzten bost enpresa baino ez daudelako. Baina fabrikatzailea edozein delarik ere, ezinbestekoa izango da ISO 9000 kalitate-ziurtagiria izatea. Aipatzekoa da turbinen kostua zentralerako aurreikusitako inbertsio osoaren % 50 ingurukoa dela, hau da, 32.500 milioi pezeta (1.300 milioi libera). Eraikuntzak irauten duen bitartean, aldi bateko 500 lanpostu inguru sortuko ditu. Martxan hasten denean, aldiz, 50 lanpostu kualifikatu izango dira.

Artikako errauskailua

Bilboko Artika auzoan hondakin solidoak errauts bihurtu eta energia elektrikoa ekoizteko instalazioa eraiki nahi dute. Proiektu horrek 25.000 milioi pezetako (1.000 milioi libera) aurrekontua du eta, dagoenekoz, oso aurreratua dago. Izan ere, iazko urte bukaeran jarduera-baimena eskuratu zuen eta, bestalde, ingurugiroaren gaineko eraginaren azterketak ere oniritzia jaso du. Lanak hasten diren unetik 26 hilabeteko epean zentrala martxan egotea espero dute. Proiektua aurrera eramateko, Zabalgarbi enpresa mistoa sortu zen. Bertako bazkide dira Frantziako Vivendi enpresa, Bizkaiko Diputazioa, Sener, EEE, BBK, Babcock & Wilcox, Ezkerraldeko Udalerrien mankomunitatea eta Madrilgo Gobernuaren menpeko Energia Aurrezpen eta Dibertsifikatze Institutuak.

Horiek dira, beraz, gure lurretan eraiki nahi dituzten instalazioak. Hurrengo hilabeteetan, proiektuak atzera bota dituzten edo eraikitzen hasiko diren jakingo dugu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila