Europan aztarnategi oso gutxitan daude horrenbeste hezur. Hori dela eta, San Juan ante Portam Latinam-en aurkitutako arrastoak benetako altxorra dira ikertzaileentzat. Ehunka hezur azaldu ziren: garezurrak, ornoak, aldakak, tibiak…
Hezur-kopurua hain handia izanik, oso zaila zen gorpu bakoitzari zein hezur zegozkion bereiztea. Hezurrak banan-banan marraztu behar izan zituzten ikertzaileek, eta arreta handiz behatu. Horrela konturatu ziren gorpuak ez zeudela luze etzanda. Guztiz tolestuta zeuden, besoekin hankei heldu eta bildu-bilduta, eta, ikertzaileen ustez, seguruenik hilobiraino errazago garraiatzeko lotuko zituzten jarrera horretan.
Hezurren artean adin guztietako pertsonak zeuden: jaioberriak, gazteak eta zaharrak. Orduko populazioen eredu ezin hobea, beraz.
Aztarnategi bitxiaAztarnategia berezia da beste arrazoi batzuengatik ere: hezurretan indarkeria-aztarnak aurkitu dituzte eta horrelako aztarnategi zaharretan oso gutxitan aurkitu dira biolentzia-arrastoak. Europan oso kasu gutxi daude, banaka batzuk besterik ez. Izatez, duela gutxi arte inork gutxik onartzen zuen garai hartarako gizakiek indarkeria erabiltzen zutenik gizakien kontra. Heriotzen errudunak goseteak eta gaixotasunak ziren. Edo, beharbada, biolentzia ere bai?
Aztarnategi honetan, 12 gezi-punta aurkitu dira hezurretan sartuta. Barruan gezi-punta bat duen besondo bat da kasurik nabarmenetakoa. Antza, geziak gizonezko bat zauritu zuen. Gezi-punta barruan geratu eta hezurrak inguratu eta harrapatu egin zuen. Gizonak ez zuen gehiago mugituko beso hura segur aski.
Hezurretan barneratutakoez gain beste gezi-punta asko hezurren ondo-ondoan topatu dituzte. J. Ignacio Vegas aztarnategiko zuzendariaren ustez, gezi horiek organoetan edo gorputzeko zati bigunetan sartu zirela esan nahi du horrek. Gorpuak degradatzean, punta horiek hezurren aldamenean geratu ziren, eta horregatik aurkitu dira hainbeste aztarnategian. Baina eraso bortitz bat jasan ondoren hil ote ziren hirurehun pertsona haiek? Horixe da ikertzaileek argitu nahi izan dutena.
Aldaketa NeolitoanNeolitoa oso garai garrantzitsua izan zela gizakion historian: ehizan eta fruitu-bilketan oinarritutako bizimodutik produkzio-ekonomiara aldatu zen gizartea, hau da, abeltzaintza eta nekazaritzara. Eta aldaketa horrek berebiziko garrantzia izan zuen gizakientzat. Neolitoan, gizakiak ondarearen, propietatearen zentzua hartu zuen, jabegoarena.
Lourdes Herrasti Aranzadiko ikertzailearen esanean, baliteke jabegoaren zentzuak taldeen arteko liskarrak eragitea. Biolentzia hor hasi zela diote batzuek, baina ikertzaileak ez daude ziur. Izan ere, ehorzketaren azterketek luze joko dute oraindik.
Aranzadin eta Euskal Herriko Unibertsitatean 20 urte eman dituzte hezur horiek guztiak aztertzen. Geneak sekuentziatu eta San Juaneko arrastoen ezaugarri genetikoak aztertu ahal izan dituzte.
Horretarako, antzinako hezur eta hortzetatik DNA atera dute. DNA hori baliatuz, kromosoma sexualen analisia egin dute lehenik, eskeletoen sexua zein den jakiteko. Orain arte, morfologian eta tamainan oinarrituta egiten ziren azterketa horiek. Garezurraren, pelbisaren morfologiaren eta hezur luzeen tamainaren arabera emakumezkoak edo gizonezkoak ziren jakiten zen.
Penintsulako minbizi-kasurik zaharrenaGainera, oro har, horrelako gorpu zaharretan oso zaila da gaixotasunen arrastoak aurkitzea, gaixotasunen % 10ek bakarrik uzten duelako arrastoren bat hezurretan. Baina, kasu honetan zorteko izan dira ikertzaileak. Azterketa horietan penintsulako minbizi-kasurik zaharrena aurkitu dute.
Auskalo, beraz, zenbat gauza berri aterako diren Biasteriko arroka haren azpian aurkitutako hezurretatik. Dudarik gabe, informazio-iturri garrantzitsua dira garai hartako giza taldeak ezagutzeko, hau da, Neolito garaian gertatu ziren aldaketa sozial horiek guztiak hobeto ulertzeko.
Hezurrak eta hortzak dira aztarnategietako piezarik ohikoenak. Hain zuzen ere, horietatik eskuratzen da gehienetan antzinako DNA. Baina, pieza horiek ondo kontserbatuta egon arren, DNA kate luzeak lortzea oso zaila da. Izan ere, pertsona bat hiltzen den momentutik, haren gorputzean zenbait erreakzio kimiko hasten dira, eta erreakzio horien ondorioz gorputzeko ehun guztiak degradatzen hasten dira. Baina degradazio horretan badaude elementu batzuk, adibidez DNA, neurri bateraino kontserbatu egiten direnak.
Askotan, DNA katearen pusketak besterik ez dira lortzen, eta zati txiki horiekin atera behar izaten dituzte ondorioak ikertzaileek. Gainera, oso garrantzitsua da antzinako DNA gaur egungo DNAz ez kutsatzea, ez nahastea. Horregatik, esterilitatea ziurtatzen duten ganbera berezietan lan egiten dute beti ikertzaileek.