Biodibertsitatearena, eta 2 Apolo eta Kasandra, mito bi benetako historia batean

Altonaga, Kepa

EHUko biologia irakaslea

Herri baten ondarea hiru eratakoa izan ohi da: materiala, kulturala eta biologikoa. Lehenengo biak ondo samar ulertzen ditugu, gure eguneroko bizitzaren oinarri baitira. Ostera, hirugarrena ez da behar bezala balioztatzen: berau errakuntza estrategiko barkatuezinekoa da, etorkizun hurbilean gero eta damu gehiago ekarriko diguna. Biodibertsitatea, izatez, aberastasun materialaren iturri potentzial oparoa da, gehienetan ustiatu gabekoa. Alabaina, munduko ondare biologikoa larriune ikaragarria nozitzen ari da: hurrengo 50 urteotan ez da munduan lekurik geratuko animalia eta landare gehienentzat. Alabaina, planeta honetako bizidunen eraniztasuna esploratu barik dago; biodibertsitate horren ikerketa, egungo zientziak dituen erronka handienetariko bat da, eta, aldi berean, baita gizateria osoaren beharrizan premiazkoenetarikoa ere.

Kasandraren profezia ala zientziaren predikzioa?

Hegazti eta ugaztunen kasuan espezie bakoitzaren edota populazio bakoitzaren egoera hainbat adituk (profesional nahiz amateur) hurbiletik segitzen badute ere, gainontzeko espezieei buruzko informazioa oso nekez lortzen da, batez ere zenbait ornogabe-talderi buruzkoa. Horrela izanik, sarritan askoz errazago suertatzen zaigu ugaztun exotiko eta arraroen gaineko argibideak lortzea, hurbileko ornogabe arrunten ingurukoa baino. Esate baterako, aise aurki daitezke ekidnaren bizimodu eta banaketaren gora-beherak, munduko beste aldean bizi arren, eta zail samar izango da bertoko ornogabeenak topatzea. (J.R. Aihartza).

Azken urteotan komunitate zientifikoan barrena eta bai berorretatik kanpo ere, biodibertsitate hitza azkarrago barreiatu da seguraski, zientziaren historia osoan zehar beste edozein terminok egin duena baino. Izan ere, ez zen agertu Oxford English Dictionary-ren 1989ko argitarapenean, baina 1992rako mundu guztiaren ahotan zegoen, hala zientzilari famaturenean, Ed Wilson adibidez, nola politikarirenean, George Bush, bat aipatzearren. Ezin dugu ahaztu, gainera, Rio de Janeiroko gailurrak hitzaren zabalkundearen alde emandako bultzada galanta.

Komunitate zientifikoaren barruan biodibertsitate terminoa halako nahastura bihurtu da, sistematika deskriptibo eta ekologia aplikatuaren arteko nahastura, batez ere kontserbazio biologikoaren inguruko arazorantz zuzendurikoa. Jeneralean, hitz hori bizidunen kopurua eta aniztasuna adierazteko erabiltzen da, hau da, espezieen kopurua aipatzeko. Esangurak esangura, debate politiko-enbiromentalaren lelo nagusi bilakatu da biodibertsitatearena.

Biodibertsitatearen azterketetan ekologiak duen zeregina oso ezaguna da denontzat, eta izan ere, kontserbaziorako programa ia guztien arrakasta, babestu beharreko espeziei buruzko datu ekologiko xehatuenetan oinarritzen da. Biodibertsitatearen azterketetan, aitzitik, ez da horren ezaguna eta hortaz ez da horren preziatua ere sistematikaren egitekoa, gure kasuan sistematika zoologikoaren betebeharra.

Eta hau ulergarria da neurri batean, zeren, biodibertsitatearen aferari dagokionez populazioaren interes nagusia guztiz praktikoa baita, alegia: zelan jokatu behar dugu, ahalik eta eraniztasun naturalaren parterik handiena preserbatzeko? Alabaina, eraniztasun naturalaren zatirik handi eta mardulena modu efektibo batez iraunarazteko, kontura gaitezen, lehenengo eta behin eraniztasun hori ulertu egin behar dugula, eta biziaren eraniztasuna ulertzea, hau da, duen zabalera, banaketa eta historia konprenitzea, hori, hori sistematikariaren zeregina da.

Tigrea populazio oso txikitan banatuta (eta beraz arriskutan) bizi da Sumatratik Siberiako hegoekialderaino; Indian ere agertzen da. Panda edo balearen antzera animalia karismatikoa denez, esfortzu handiak burutu dira haren etorkizuna ziurtatzeko: tigrea zaintzeko ezarri diren erreserbetan, bide batez, ekosistema bera eta beste hainbat espezie babestuko dira. Hori dela eta, “guardasol” modukoa dela esaten da, guardasol espezie deritzo, bere aterpean horren ezagun ez diren bestelako asko gobernatzen baitira. (A. Elosegi).

Hala ere, esploratu barik dago gure planetako biziaren eraniztasuna. Izatez, zehaztasun handiagoz neurtu ditugu Uranoko eremu magnetikoak, gure Lurreko bizidunen eraniztasuna baino. Areago oraindik: bizidunen eraniztasuna esploratu gabe egoteaz gainera, mehatxatuta ere badago: adituek diotenez, honezkero abiatua da gure planetako biziaren historiako seigarren suntsipena, seigarren iraungipen nagusia.

Garbaltzen ari garen oihan tropikalak dira suntsipen-arriskupean espezie gehien dituzten tokiak. Izan ere, kalkulu batzuen arabera gure planetako espezie guztien erdia baino dezente gehiago bizi dira oihan tropikaletan, bertako azalera lur emergitu osoaren % 6,3 soilik bada ere. Ekologiaren ondorio gotorrenetariko batek erakutsi duenez, habitat konkretu baten azaleraren murrizketa esanguratsu batek, espezie-kopuruaren murrizketa drastikoa eragingo du gainontzeko habitatean.

“Espezieak/ /azalera erlazio” motako eredu matematiko sinpleak erabiliz, grosso modo kalkulatu ahal da habitataren galerak espezieen eraniztasunean eragingo duen inpaktuaren norainokoa. Biodibertsitate tropikalaren arrisku-maila estimatzeko oraintsu buruturiko zenbait saiok, ondokoa nabarmendu dute: urtean 180.000 km 2 -ko galera tasaz desagertuz doan oihanean, espezie tropikalen gutxienez % 5etik % 10era hilda egongo dira hurrengo 30 urteotan, edota populazio hain txikerretara murriztuko dira, ezen berez bideragarriak ez baitira izango.

Biodibertsitatearen galerarako lehendabiziko kausa zuzena oihan tropikalen errausketa bada ere, aferaren sustraiak, zer esanik ez, askoz sakonagoak dira. Batetik, munduko biztanleriaren hazkunde azeleratu eta desberdina. Bestalde, baliagaien eskaria gero eta handiagoa, bereziki herri aberatsenetan. Berau, izatez, energia-gastuaren gehikuntza da, beti dakarren isurketa poluitzaileen eta negutegi-gasen gorakadarekin. Azken batean, badakizue, klima globalaren aldaketa bihurtzen ari da. Hirugarrenez, gutxien garaturiko herrien pobrezia lazgarria aipatu behar da, zeinak, habitat naturalaren eta biodibertsitatearen deuseztapen zuzen eta ez-zuzena baitakar.

Banaketari buruzko ikerketak, hau da, espezieen katalogazioa eta kartografiaketa, munta handikoak dira landare- eta animali espezieen kontserbaziorako, zeren datu horiexek argituko baitituzte, kasuan kasu, espezieen ugaritasuna nahiz bulneragarritasuna, irudiko Helicodonta obvoluta marraskiloarenean bezala. Orain arte bigarren plano batean utzi badira ere, mota horretako ikerketen garrantzia nabarmenduz doa, justu baina, biodibertsitatearen galera azkartu ahala. Ezin dugu ahaztu ornogabeen pisua prozesu ekologiko guztietan: ornogabeak dira katea trofikoetako osagai nagusiak; halaber, ornogabeak ezinbesteko dira elikagaien zikloetan edota lurzoruaren egitura eta emankortasunaren mantenuan, edo polinizazio prozesuan.
L. Dantart

Arestian zerrendatutako arazo “estrukturaletatik” (nolabait izendatzearren) edozein txarragotara barik onerantz aldatzea, ezinezkoa da antza denez, eta izan ere, arazo horietariko batzuk duten momentum -a, esate baterako populazio-hazkundearen momentum -a, halakoxea da, non, baldintzarik onenetan ere, hobatzera barik okerragora egingo baitu. 1992an, munduko populazioa 90 milioi lagun baino gehiago hazi zen: inoiz erregistraturiko emendio handiena.

Hau da, soilik esfortzu maximoa eginez espero dezakegu, 1990ean 5.300 milioikoa izan den munduko biztanleria 2050. urtean 10.000 milioira mugatzea. Denbora-tarte horretan produkzio ekonomikoa laukoiztu egingo da. Eta, populazio- eta produkzio-emendio horiek gaur eguneko teknologien aldaketa drastikorik gabe eskuratzen baldin badira, esan gabe doa, sistema naturalen gainean eragingo den presioak hutsaren hurrengo utziko du egungo ustiaketa neurribakoa. Erantsi guzti honi negutegi-gasen gehikuntzak ekar lezakeen klima-aldaketa bortitzaren ondoriozko kataklismo potentziala, eta 2050. urterako aurrikuspena erabat beldurgarri bilakatuko zaigu.

Ez dugu hemen kontatuko Kasandraren istorio osoa, Apolorekin gertatu zitzaiona eta; bai aipatuko dugu, ostera, profeziaren dohaina zeukala, eta berori erabiliz Troia hiri desiratuaren hondamendia aldarrikatu zuela. Orduan inortxok ez zion sinestu, baina denok entzun ditugu inoiz Troiako Zaldiarena eta handik ibilitako heroi guzti haien joan etorriak. Zer esanik ez, aitzinate klasikoko mitologia alde batera utzi eta zientziaren eremura pasatuz gero, profezia barik predikzioa-edo itxuratu dugu aurreko pasarteetan.

Eta predikzioa izatekotan, benetan ertuna. Edozelan ere, badugu, bai, honen inguruan egin beharreko aitorpena: biziaren geroa ezin da aldez aurretik iragarri, ezin zaio metodo esperimental-prediktiboa aplikatu, ez da-eta naturaren lege aldagaitz eta itsuetatik zuzenean eratortzen. Hau da, biodibertsitatearen etorkizuna, gainontzeko fenomeno historikoen antzera, kontingentziaren menpekoa da, eta ezin da ezagutu gertatu baino lehen. Ezagutu ez, baina, antzeman bai. Jakina. Eta, aditu askoren ustez, hamarkada honek markatuko du inflexio-puntua kontserbazioaren arazoan: ingurunearen egonkortasunerantz ala, ostera, galerarantz. Nolanahi, honezkero igaro dugun hamarkada-erdiak ez digu zantzu optimistarik utzi.

Marraskilo saskilak eta zientziaren aurrekontuak

Irudiko barea ( Vaginula seychellensis ) arraro samar begitanduko zaigu, ez baita bertokoa: Seychelles irletakoa da soilik, itsas kokondoaren lore arrez elikatzen delarik; hango endemismoa da, beraz. Dakigunez, irletako espezieak oso delikatuak ohi dira, zeren, banakera murritza edukitzean, edozein gora behera akabosea izan baitaiteke espeziearentzat, beste inon ez dago eta. Alabaina, “irlatan” bizitzea uste duguna baino arruntagoa da espezieen kasuan: izatez, kontinenteetako espezieak ere azalera banatuetan aurkitzen dira, tarteko lurraldeak hainbat arrazoi direla-eta hutsik egoten direlarik (berau hobeto ulertzeko, ikusi apolo tximeletaren banakera-mapa). Fenomeno horri intsularitate deritzo, eta oso munta handikoa da espeziazio-prozesurako. (J.R. Aihartza).

Dena den, eta biodibertsitate mehatxatuaren gaineko edozein eztabaidatan protagonista nagusiak oihan tropikalak izanda ere, arriskua mundu-mailakoa da, hau da, espezie, ekosistema eta aniztasun genetikoarentzako lanjerra edonon dago momentu honetan. Gure Herrirantz hurbilduz gero, Espainiako Ornodunen Liburu Gorriak 635 espezie zerrendatu ditu, eurotatik 263 espezie arriskuren baten menpean daudelarik. Alegia, ornodun-fauna iberiarraren % 42 dago arriskutan: erdia, ia-ia.

Edozelan ere, biodibertsitatearen zatirik potoloena animalia ornogabeei dagokie, hain justu “mundu-herria mugiarazten duten kreatura txiker horiei”; alabaina, oso nekez hartzen dira kontutan kontserbaziorako programatan, duten gehiengo ikaragarria dutela ere. Izatez, administrazioko kudeatzaileen artean aurkitzeke dago, ingurunearen monitoreorako erramintatzat ornogabeek duten garrantzi funtzionala. Ez dago esan beharrik, horrelako negligentziak inplikazio mikatzak, koantifikatzeko zailak eduki ditzakeela: behintzat horixe iradokitzen dute ornogabeen ugaritasun eta nagusitasun erabatekoek.

Biodibertsitatearen kontserbazioaren arazo nagusiei buruzko eztabaidak problematikaren ulerketa maila globalean derrigortzen duen unean, aldi berean ere oso munta handikoa da kontsideratzea, ikerlan praktikoen proportzio handi bat maila lokalean burutu behar dela. Eta batzuetan, gainera, ikerketarako bare eta marraskiloenak bezain talde zoologiko saskeldoak arakatuz. Izan ere, biodibertsitatea galdu nahiz kontserbatu, hori, maila lokalean egiten da, eta egingo.

Ikus dezagun. Luzaro ez dela, “European Invertebrate Survey” deritzon proiektuak lur molusku europarren kartografiaketa hasi du. Dagoeneko buruturik daude Britainia Haundiko eta Mendebaldeko Alemaniako atlasak, eta beste zenbaitzu bidean datoz. Kartografiak asko errazten du espezie mehatxatuen determinazioa; esate baterako, atlas britainiarrak erakutsi duenez, Britainia Haundiko 190 espezieetatik 25en bat arriskupean daude, eta areago, mende honetan zehar espezie bi desagertu egin dira lurralde horietatik, kontinentean mantentzen badira ere. Behin eta espezieen banaketa orokorrak zirriborratu eta gero, eskala txikiagoko azterketak behar izaten dira, batetik, espezie urrienen egoera ezagutzeko modu xehatuan, eta bestetik, bizi direneko habitat murritz eta sarritan bulneragarriak identifikatzeko.

Tamaina txikiko ornogabe lurtar sedentarioen kasuan, hektarea gutxiko lurraldetan manten daitezke babestu beharreko espezieen populazio guztiz bideragarriak; izatez, batzuetan nahikoa izan daiteke hektarea bat edo gehienez zenbait hamarreko. Edozelan ere, ornogabeentzako erreserben perimetroak hutsaren hurrengoak dira ornodun handien populazio ugaltzaileak babesteko behar direnekin konparatuta. Alde horretatik beraz, helburu guztiz errealista litzateke gure ondare naturalaren parte horren babesa; horretarako, jakina, espezie guztien kartografiaketa zehatza beharko genuke, lekunerik bulneragarriak detektatzeko.
A. Puente

Esate baterako, Helicodonta obvoluta marraskiloaren kasua ekarriko dugu hona. Marraskilo-espezie hau nahikoa zabalduta dago erdialdeko Europan zehar, lurzoru kalkareotako baso ilunetan agertzen delarik; usteltzen ari diren enbor zaharretan eta goroldioetan bizi da. Marraskilo hau oso estekaturik dago bere bizileku diren basoekin eta berauen baldintza onekin, eta, hainbat ikertzailek aipatu dutenez, espeziearen banaketa murriztuz joan da jatorrizko basoak desagertu ahala. Esandakoaren ondorio bezala, marraskilo honen banaketak “intsularitatea” erakusten du, hau da, “irla” disjuntuetan zatikatuta dago, batez ere banaketa-arearen bazterretan.

Honi dagokionez oso nabarmena da Britainia Haundian gertatutakoa; bertan dago Helicodonta obvoluta ren iparraldeko muga, eta fosilek adierazi bezala sasoi postglazialean bertan banaketa pixka bat zabalagoa bazuen ere, marraskilo horrek azalera txikia okupatu du beti (Sussex eta Hampshire-n). Alabaina, azken ehun urteotan azalera hori 40 km-ko zirrinda malkartsu esturaino urritu da: soilik hor gorde da-eta jatorrizko basoa. Azalera ez ezik, marraskiloaren populazioak ere behera datoz: mende hasierako datuen arabera, marraskilo arrunt samarra zen, ordubetean 100en bat ale batu zitezkeelarik; gaur eguneko kopuruak askoz txikiagoak dira. Zorionez, eta baso-mozketak zenbait gunetan segitu arren, marraskiloa bizi deneko hainbat lekune Sussex Naturalists’ Trust elkarte naturzalearen zaintzapean daude, habitat nimiño hori kontserbatzeko urratsak aurrera doazelarik.

Baina, zer gertatzen ari da gure inguruotan? Helicodonta obvoluta marraskiloa Euskal Herriko hiru puntu elkarrengandik urrunetan aurkitu da, eta gainera maskor hutsak soilik: gogoz bilatu arren, ez da ale bizirik aurkitu egundo. Seguraski hiru puntu horiek gune erlikialak dira, behinolako banaketa zabalagoaren azken lekukoak; baina, Britainia Haundian ez bezala, gure artera ailegatu berria da kontserbazionismoaren kontzientzia, eta hortaz, ezin pentsatuzkoa da momentuz gune horien babesa.

Premia biziko kontua da, beraz, biodibertsitatearen azterketa, luzamendutan ibili barik burutu beharrekoa eta maila globalean zein lokalean: zeintzu espezie bizi diren eta zein egoeratan. Kontua, baina, ez dago gustatuko litzaigukeen modura. Hain justu, gizateriaren ongizaterako bizidun-mota guztien garrantzia argien dagoen unean, orduan da larriagoa espezie eta ekosistemen desagerpenaren azelerazioa, eta hori gizakiaren eskutik.

Egia da, dilema horrek biodibertsitate-azterketen susperketa ondorioztatu du, eta hori dela eta, hamarkada luzetan zehar hilda egon den sistematikazko ikerketak, dirudienez,agintarien arreta erakarri du ezari-ezarian. Ez da harritzekoa: Herri batek zelan eskura dezake inolako etekinik bere biodibertsitatetik, bere mugen barruan sikiera zeintzu espezie bizi diren jakin barik? Beraz, bada, oraingo honetan taxonomistek (hau da, espezieen azterketaz arduratzen diren ikerlariek) ezinbesteko zeregina beteko dute, biodibertsitatearen deskribapen, kontserbazio eta erabilpen eramangarriari buruzko ikerketen garapenean.

Apolo tximeletaren edertasunak, duen aire korronteen bidez planeatzeko modu nabarmenak eta bere aldakortasun geografikoak intsektu bildumarien aditasuna erakarri dute aspalditxotik, eta horrela, bildumariak espeziearentzako arrisku-faktore bihurtu dira. Alabaina, larriagoak dira beste zenbait faktore, hala nola, mendiko baso-birlandaketak (apoloaren berezko habitata eraldatzen baitute) eta euri azidoa (berau aipatu dute autore batzuek, pinpilinpausa honek mendebaldeko Europako ipar eta ekialdean jasan duen atzerakada azaltzeko). (L. Dantart).

Hala ere, begibistakoa denez, dirutza galanta beharko da biodibertsitatearen inbentarioa, kartografiaketa eta analisia burutzeko. Horrela izanik ere, gure planeta honen biodibertsitate osoa mapeatzeko beharrezko finantzazioaren magnitudea ez da handiagoa izango, adibidez, giza genomaren azterketarako dagoenekoz esleitutako finantzazioarena baino, edo partikula-azeleratzaile ahaltsuak eraikitzeko xahutzen dena baino, eta guzti hori esplorazio espazialaren aurrekontu astronomikoak aipatu barik. Adibide hauek hona ekarri baditugu, hori, biodibertsitatearen azterketarako finantzazioa utopikoa ez dela adierazteko izan da, eta bai azpimarratzeko ere gure ingurune naturalaren ezagumendua, gutxienez, gure genomaren deskodifikatzea edo atomoaren egitura argitzea bezain garrantzitsua dela.

Apolo tximeleta: zoologoak hemeretzigarren mendeko zientzilariak ote?

Orain arte, taxonomistak eta euron erakundeak ganorazko laguntzak eskuratzeko gai izan ez badira, hori, duten irudi dezimononikoaren kausaz izan da. Alegia, progreso- eta modernitate-irudiaren gabeziagatik; hain zuzen ere, fisikari eta biologo molekularren kontrara, berauek modu zeharo arrakastatsuan lortu baitute aurrerapen-itxura hori.

Dezimononikoa esan dugu, bai. Izan ere, badago irudi estereotipatu bat, lepidopteroen edo, oro har, intsektuen azterketan diharduten kristauen ingurukoa, alegia, bildumari nekagaitzarena. Estereotipo horren barruan, tximeleta-bildumaria edota entomologoa, normalean, pertsona edadetua da eta diruz polito dabilena, zereginbakoa nahiz erretiratua, eta bere adore guztiak ataza delikatu, artatsu eta zeharo tiragarri horretan xahutzen dituena. Horrelako gizabanakoek egun zein astebeteak igaro ditzakete bulego kabineteetan euren behaketa eta ikasketetan zeharo murgilduta, tximeleta nahiz kakalardoak orratzez tenkortzen, egiazko mundutik kanpora. Ez dago esan beharrik, irudi horren arabera noskitzat jotzen da entomologoaren ekarpena nulua dela, bai gizarte aurrerapenari dagokionez eta bai zientziarenari doakiola ere.

Aurreko lerrootan zirriborratu dugun irudi topiko hori, gehien bat, gai poliziakozko zenbait eleberrik barreiatu dute, eta nagusiki lurralde anglosaxoietatik abiatuta. Gure Herrian kontuak ez dira horrela gertatu, eta, estereotipoak estereotipo, ez da, ia, naturzaleen eraginik nabaritu oraintsu arte. Edozelan ere, hemen eta edonon irudi dezimononiko hori ezin da gehiago urrundu errealitatetik, eta izatez, entomologi azterketetan diharduten pertsonei esker, intsektuena da ornogabeen artean ondoen-edo ezagutzen den taldea, eta euron artean tximeletena konkretuki.

Apolo tximeletaren edertasunak, duen aire korronteen bidez planeatzeko modu nabarmenak eta bere aldakortasun geografikoak intsektu bildumarien aditasuna erakarri dute aspalditxotik, eta horrela, bildumariak espeziearentzako arrisku-faktore bihurtu dira. Alabaina, larriagoak dira beste zenbait faktore, hala nola, mendiko baso-birlandaketak (apoloaren berezko habitata eraldatzen baitute) eta euri azidoa (berau aipatu dute autore batzuek, pinpilinpausa honek mendebaldeko Europako ipar eta ekialdean jasan duen atzerakada azaltzeko). (L. Dantart).

Izan ere, tximeleta bat izan zen CITES (Convention on International Trade in Endangered Species of Wild Fauna and Flora) deritzon akordioan inkluditu zen lehen ornogabea. Izen zientifikoz Parnassius apollo (Linnaeus, 1758) badu ere, normalean “apolo tximeleta” esaten zaio. Berau espezie menditarra da, Europa osoko eta Asiako mendebaldeko mendikateetan barreiatuta dagoelarik; alabaina, ez dager irla britainiarretan eta suntsituta dago Alemania, Txekoslovakia eta Danimarkako hainbat gunetan.

Dauzkagun datuen interpretaziotik ondoriozta daitekeenez, apolo tximeleta aro glazialeko erliktoa da, hegoaldeko latitudeetan nahikoa altu bizi dena (esate baterako, Arabako mendietan 800 m-tik gora agertzen da eta Alpeetan 750etik gora) baina banakeraren iparraldeko eremuetan itsasoko mailan ere ikus daiteke. Horrela izanik, espeziearen populazio desberdinak gune menditsu banatuetan elkarretik bereiztuta daude, eta beraz, subespeziazio-fenomenoak arrunt samarrak izan dira tximeleta honen inguruan. Azken honen frogatzat esan dezakegu, ezen soilik Iberiar Penintsularako apolo tximeletaren 23 subespezie “on” kontsideratu direla. Berez, Penintsulako mendikatea isolatuak (800 m-tik beherako eremu zabalek aldenduta) benetako artxipelagoak dira, non, milaka urtetan zehar apolo tximeletaren kolonia desberdinak eboluzionatuz joan baitira, bestelako ezaugarriak garatu dituztelarik.

Apolo tximeletaren beldarrak soilik Sedum generoko landareez elika daitezke, espezieak urteko belaunaldi bakarra egiten duelarik. Habitataren aldetik, lekune arrokatsu eta xerikoak hobesten dituzte; nolanahi, aipaturiko landarearen agerpena ezinbestekoa da, eta hortaz, ingurunearen zenbait alterazio jasaten badituzte ere, ezin dute gainditu larba aldiko hazkurriaren ezabapena. Arabako mendietan uztailetik irailerarte ikus daiteke hegan apolo tximeleta heldua.

Gorago aipatu dugun marraskiloaren kasuan espeziearentzako arrisku nagusia basoen atzerakada galanta izan bada ere, apolo tximeletaren arerioa, antza, entomologoen arreta bera izan bide da. Izatez, bildumariek apolo tximeletaren ahalik eta subespezie gehien eduki gura dituzte kabineteko kutxatiletan, eta horrela izanik, subespezie arraro eta murritzak salneurri ikaragarrietaraino irits daitezke, eta barietate arruntagoak ohizko truke-gai dira.

Nahikoa da Azkueren hiztegi hirueleduna hartzea eta “sagar” sarreratik abiatzea, aspaldi batean Euskal Herrian zegoen sagarrondo barietatearen aberastasunaz konturatzeko, izan ere, 90etik gora izen dakartza hiztegiak. Ostera, gaur egun supermerkatura joan eta “golden” famatua besterik ez dugu ikusiko, ia. Oso modu manikeoan bada ere, adibide honek biodibertsitate genetikoaren galera erakusten digu: gutxi gora-behera Azkuek damaigun izen bakoitza sagarrondo-mota bat zen, hau da, informazio genetiko konkretu bat hainbat ezaugarri diferentzialez osotua; alabaina, eraniztasun genetiko guzti hori, alegia, sagarrondo desberdin guzti horien gene diferenteak, “golden” motaren uniformizaziora etorri dira. Pentsa dezagun antzeko zer edo zer gertatu dela mundu-mailan gari, arroza, zekale, artoa, kafea, patata eta abar luze-luze batekin, eta konturatu egingo gara gertatutako erosio genetikoaren garrantziaz.

Modu horretara, bildumariak apoloren arriskutzat jo dira Europako hainbat estatutan: Finlandia, Polonia, Alemania, Espainia eta Italia. Hala ere, habitat naturalaren murrizpena da apolo tximeletaren lanjer nagusia, eta ez horrenbeste bildumarien jorana: batzuetan euri azidoa dela (Norvegian), bestetzutan deforestazioa dela (Polonian, Bavarian, Suitzan zein Espainian), bestetan aldaketa klimatikoa (Finlandian) edo nekazaritzaren hedapena (Suedian). Hainbat kausa desberdin, baina azkenean ondorio berbera: Frantzian apolo tximeletaren subespezie bi suntsitu dira, bat mehatxatuta dago eta zazpi arriskupean; Mendebaldeko Alemanian apolo tximeleta erabat suntsituta dago dagoeneko, eta Polonian gainbehera doa abailan.

Lehenago aipatu dugu CITES akordioa; apolo tximeletari dagokionez, Austria, Txekoslovakia, Finlandia, Suitza, Mendebaldeko Alemania, Polonia eta Frantziak sinatu dute; osterantzean, Espainiak ez. Hala ere, legeak eta arau administratiboak gehienetan, habitat osoen perspektiba kontutan hartu barik, tximeleta banan-banakako babesari begira diseinatzen dira (izatez, bilketa soilaren aurkako debekuak izan ohi dira), eta, hortaz, ez dute eragin nabaririk. Adibidez, eta dagoeneko kontatu dugunez, hor dugu Poloniako kasua.

Orainokoan espezie jakin biren erregresio argia ikusi dugu, bai marraskiloaren kasuan, lehenago, eta bai apolo tximeletarenean, geroago. Alabaina, suntsipena bera, hots, espeziearen akabera, prozesu biologikoen arteko ilunena da, eta bai lokalena ere, eta, hortaz, behagaitza. Izatez, normalean ez dugu espezie konkretu baten azken alea ikusten, esaterako, ez dugu tximeleta-espezie baten akabuko alearen amaiera txori baten mokoan ikusiko. Entzun egingo dugu, bai, halako espeziea suntsitzear dagoela, edo seguraski dagoeneko desagertu egin dela; ezaguturiko azken lokalitatera joango gara behin eta berriro, bertan ea alerik aurkitzen dugun, eta urtetan zehar horrelakorik topatu ez dela ikusitakoan, azkenean suntsitutzat joko da etsipenez.

Horixe izan daiteke, tamalez, gure erreketako karramarroaren kasu ezaguna, edota ipurtargiarena: umetako hainbat jolas eta olgeta animalia horiekin lotuta dauzkagunok, oraingo gauei ilunegi deritzegu ipurtargi barik, eta errekastoei isilago karramarro ezean. Noiztik hona ez duzue erreka-karramarrorik eskuratu; zenbat denbora da ez duzuela ipurtargien neon berdexka atzeman gau epeletan. Kontu horietaz ere asko dago esateko, baina, bestelako istorioak dira, hurrengo batean garanduko ditugunak.

Kontserbazioa eta kultur aniztasuna

Handia izan da biodibertsitatearen galera, aintzakotzat hartu diren hiru mailatan: espezieen galera, ekosistemena eta geneena. Baina, atzerakada hori oso nabaria izan da kultur aniztasuna ere kontsideratuz gero. Izan ere, historia luzearen ondorioz gauzatutako giza mosaiko kultural naharoa, homogenotu egin da ia erabat azken urteotan, mendebaldeko eredura plegatu delarik. Esate baterako, Gabon-eko kostaldeko biztanle honek, musika-tresna izan ezik, ez du bere jai nagusietako janzkeran bertako inolako elementu autoktonorik gorde: ez da eredu berrira egokitu, baina izakera propioaren sustraiak ihartu egin zaizkio. Bere idiosinkrasia gesaldu egin da erabat.
B. Gomez

Esan beharrik ere ez dago kultur aniztasuna biodibertsitatearen sailkapenean sar litekeela, eta autore askok horrelaxe egin dute. Izan ere, kultura desberdinen hainbat ezaugarri (dela nomadismoa, dela kultiboen txandakaketa, etab) inguruneak planteaturiko presioen aurreko erantzun gisa interpreta daitezke, gene edo espezieen beste hainbat ezaugarri bezalaxe. Kulturaren eraniztasuna makina bat fenomenotan bereizten da: laborantza-modu desberdinetan, erlijio eta sinismenetan, hizkuntzen ugarian, gizarte-antolamenduan, kultiboen hautaketan, dietetan, artean, musikan...

Esan bezala, berezitasun hauek guztiak, neurri batean, ingurunearekiko erantzunak, hots, moldapenak, dirateke. Hau da, kulturen mosaikoa ingurune desberdinek mamitu dute, biodibertsitatea bera mamitu duten legez. Nolabait, ezaugarri guzti horiek gizakiaren plastikotasunaren froga dira, alegia, ingurune-aldaketei aurre egiteko, lurralde desberdinetara moldatzeko eta bizimodu erabat diferenteak garatzeko, mundu zabalean barreiatutako gizakiek eduki izan duten gaitasunaren seinale garbi dira.

Nolanahi, orain arte itxuratu dugun biodibertsitate-galeraren panoramika ezkor horretan kokatu behar dugu kultur aniztasuna. Adibide baterako: urrunago joan barik eta adituen arabera, 1900. urtetik aurrera urteko tribu bat “desagertu” da indio brasildarren artean. Halaber, eta hau ere adibide modura eta adituen ustez, munduko 6.000 hizkuntzetatik erdia (hiru mila, beraz) hiltzen ari da, ez baitzaie umeei irakasten. Ildo honetatik, hizkuntza bat “salbu” bide dago, baldin eta 2100. urteko horizontean hizkuntza hori hitz egingo duten umeak egongo direla kalkulatzen bada, baldin eta estatuak bultzatzen badu, edota baldin eta milioika lagunek egindakoa bada. Baldin asko gauza onerako.

Behiala, mende honen aurretiko urteetan, populazio-gune handiak mintzo ziren bretoieraz edo navajoz, baina gaur egunean hizkuntza biok desagertzear-edo daude. Bide beretik, beste zenbait aditu beldur dira gaeliko, jidish edo euskararen paraderoa ikusita. Eta, egungo joerek segitzekotan, 2100. urterako munduko hizkuntza guztien % 90-95 desagertuta egongo direla uste dute. Kasandrarena egiten ari ote dira?

Mapa honek Parnassius apollo (Linnaeus, 1758) tximeletaren banaketa adierazten du, Iberiar Penintsulari dagokionez. Mapari begiratuz nabarmena da, espeziea soilik altitude handiko lurraldetan topatu dela, 800 m-tik gora, eta, horrela izanik, apolo tximeletak okupaturiko lekuak artxipelago baten irlak bailiren agertzen zaizkigu mapan. Hau da, apolo tximeletaren banaketak intsularitate delakoa erakusten du: “irla” bakoitzeko populazioek independenteki eboluzionatuko dute elkarretik urrunduz, eta, espeziazio alopatrikorako lehen urratsa emanez, subespezie modura desberdinduta adierazi dira mapan. Beraz, maparen barruan “irla” bakoitzaren aldamenean doan izena denominazio subespezifikoari dagokio. (Iturria: “Mariposas de la Península Ibérica”, Gómez Bustillo 1974) (I. Quincoces).
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila