1996/06/01
108. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Beharrezko botikina
Etxeko botikinean denetatik gordetzen duen haietakoa baldin bazara irakurle, ondokoa irakurtzea komeni zaizu. Baita etxean botikinik ez baduzu ere. Hona hemen gogoan hartu beharreko aholku sinple batzuk.
Zer egin dezakegu etxekoren batek bat-batean molestia arinen bat baldin badu, eztarriko edo buruko mina, adibidez? Gauzarik normalena neurri sinple batzuk martxan jartzea da molestia horiek etxean tratatzeko, beti ere sintomak gertutik kontrolatzen saiatuz. Neurri sinple horiek hartu ondoren, eta 48 ordu barru berriro ere egoera baloratu ondoren, medikuarengana joan gaitezke inolako hobekuntzarik gertatu ez bada, edota sintoma berriren bat agertu baldin bada (sukarra, adibidez).
Bien bitartean, lehenengo laguntzetarako etxeko botikinak protagonismo handia hartu du,
aurreneko 48 ordu horietan batik bat. Baina beti kontuan edukiz etxeko botikina ez dela inola ere kale-bazterreko botika edo farmaziaren ordezkoa, ezta jadanik irekiak (eta erdi kontsumituak), eta agian baita iraungiak edo kadukatuta egon daitezkeen botika eta medikamentuen biltegi bat ere.
Botikina: non eta nola?
Edonork jakin beharko luke etxeko botikinak leku fresko eta lehor batean egon behar duela, eta horrexegatik bainugela ez dela batere toki egokia botikinarentzat, tenperaturan eta hezetasunean gerta daitezkeen aldaketak (eta horrelakoak sarritan egoten dira bainugelatan) sendagaien bizitza eta eraginkortasuna aldarazi baititzateke. Nolabaiteko altueran kokatua egon behar du, eta giltzaz itxita gainera, umeek barruan ibiltzeko modurik eduki ez dezaten.
Botikinaren edukia bezain garrantzitsua da bere mantenimendua; garai batean medikuak errezetatu bai, baina orain inork hartzen ez duen botikarik ez da gordeko. Etxean bi urte baino denbora gehiago daraman edozein tableta edo kapsula bota egingo da, eta baita gogortu, pitzatu edota barruko substantzia galdu egiten duen edozein pomada edo ukendu, nahiz eta iraungipen-datari begiratuz oraindik ere erabiltzeko modukoa izan.
Gasa eta benda esterilizatuak, esparatrapu erroiloa eta aposituak (tiritak), besteak beste, ezinbestekoak dira etxeko botikinean.
Etxeko botikina behar bezala hornitua geratuko da ondorengo gomendio hauek betetzen baldin badira:
- Termometroa, pintzak eta guraizeak, oinarrizko tresneria osatzeko. Termometroa, lehendik ere ongi dabilela egiaztatu beharra dago, fidagarria behar du izan beraz, eta erraz irakurtzeko modukoa. Modeloa edo marka edozein izan daiteke, normala nahiz txapal-txapalak direnak. Pintza eta guraizeei dagokienez, hobe da bereziak izatea, etxean beste ezertarako erabiltzen ez direnak eta umerik baldin badago, ertz edo punta kamutsekoak hobe.
- Algodoi hidrofiloa, zauriak garbitu eta desinfektatzeko. 200 gramo dituen paketea (marka da gutxienekoa) nahikoa da.
- Alkohola, 96°koa eta ur oxigenatua. Bakoitzetik 250 ml edo 250 zentimetro kubikoko ontziak (litro-laurdenekoak).
- Antiseptiko likidoren bat, merkromina nahiz iodo motakoa. Badira kolorea duten merkrominak (gorriak, normalean) eta baita kolorerik gabekoak ere. Ez dago desberdintasunik bien artean eragin antiseptikoari begira, diferentziak bestelakoak dira: garbitasuna, arropak zikintzeko beldurra, etab.
- Gasa eta benda esterilizatuak, hainbat neurritakoak, etxean hain usuak diren zauriak babestu eta bendatzeko. Normalean kaxa batean neurri bereko gasak etortzen direnez (hamar bider hamar zentimetrokoak, edo hogei bider hogeikoak), agian aurreneko aldiz botikina osatzera erabakitzen dugunean, hainbat kaxatako aleekin halako popurri edo nahasketa bat egin dezakegu, guztiak kaxa bakar batean gordez aurrerantzean.
- Esparatrapu-erroilo bat (edo gehiago). Gaur egun badira paperezko esparatrapua esaten zaienak, hipoalergikoak, transpirazioa irteten uzten dutenak eta kentzerakoan batere minik ematen ez dutenak. Izen komertzialak asko dira, eta neurriak ere bai, baina zabaleran esparatrapurik estandarrena 2,5 cm-koa da.
- Aposituak zauri eta urratuak estaltzeko (tiritak). Gaur egun marka batek baino gehiagok aukeran ematen dituzte, surtido zalaba, 3-4 tamainatakoak, elastikoak eta iragazkaitzak. Umeentzako, “bost xentimoko pupua, hogei xentimoko trapua”rekin sendatu beharrean, gaur egun Disney-k asmatutako pertsonaiekin egindako tiritak daude, eta zalantzarik ez, umeak askoz ere “hobeto” daudela horrelakoak jartzen badizkiegu, tirita normalak jarri ordez.
- Analgesiko eta antikatarralen bat, gripearen lehenengo sintomak agertu bezain pronto, sintoma horiek gozatzen edo arintzen saiatzeko. Aurkezpen eferbeszenteak (hau da pastila edo konprimitua ur-baso batean bota eta berehala urtzen da) edota sobretan saltzen direnak, laranja-zaporearekin, likido pixka batekin berehala disolbatzen direnak. Marka komertzialak ugariak dira oso, eta ez dago medikuaren errezetaren beharrik botikan erosteko.
- Eztarriko mina eta suminkortasuna arindu eta gozatzeko pastila deskongestionanteak, normalean antibiotikorik gabekoak.
- Enpatxuak, bihotzerreak eta indigestioak dituztenentzat antiazidoak ere edukitzea komeni da. Fruta-gatza (ENO) edota sodio bikarbonatoa, besterik gabe.
- Eta azkenik, ukendu edo linimenturen bat muskuluetako molestiak, bihurrituak eta horrelakoak daudenean erabiltzeko. Modu askotakoak izan daitezke: pomadak, gelatinak, spray-ak, aparrak, etab.
Eta oporretara goazenean zer?
Etxean gutxieneko botikina edukitzea ezinbestekoa bada ere, automedikazioa arriskutsua dela gogoratu behar duzu irakurle. Automedikazioak sintomak aldarazi eta gaixotasunaren diagnostikoa zaildu egin dezake eta.
Sarritan botikinak hornituak baino gehiago puztuegiak egon ohi dira, eta alferrikako gauza ugari egon ohi da horietan (tantakontagailuak, xiringak, pomada eta kolirioak, hori aurreko txandaren batean erabilitako antibiotiko edo jarabeak kontuan hartu gabe). Inoiz ez da horrelakorik erabili behar medikuak agindu ezean. Automedikazioa arriskutsua da, sintomak aldarazi eta gaixotasunaren diagnostikoa zaildu egin baitezake.
Horregatik, oporretara zoazenean botikina zerorrekin eraman nahi baldin baduzu, edukina nora zoazen eta han zenbat egun egon behar dituzun kontuan hartuz aldatu egingo da. Dena den, badira beti eraman beharreko gauzak: analgesikoak (mina kentzeko) eta antipiretikoak (sukarraren kontra); eguzkitarako krema; antihistaminikoak, ziztadak eta alergiak tratatzeko; kurak egiteko materiala (bendak, gasak, esparatrapua, etab.) eta baita beherakoen kontrakoak ere (baina umeei ez zaie horrelakorik inoiz emango medikuarekin kontsultatu gabe).
Eta hori guztia bere kaxatxoan sartuta duzularik irakurle, ongi pasa!
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.