Aurreko mendean, asko aldatu ziren gure herriko mendi-magalak. Hamarkada gutxi batzuetan, baso-soiltzeak biluztutako paisaiak pinuz betez ziren eta gaur egun garrantzi handia du basogintzak Euskal Autonomia Erkidegoko lehen sektorean. XX. mendearen erditik aurrera, lau aldiz handitu zen baso-eremua lurralde osoan, eta Pinus radiata kanpoko espeziearen monolaborantza izan zen horren arrazoi nagusietako bat. Zuhaitz horren sailetan ekoizten da urtero basogintza-sektorean jasotako zuraren % 80 baino gehiago.
Mendi-magalen itxura aldatzeaz gainera, basoa ustiatzeko metodoak ere aldatu egin ziren denborarekin. Lursail batzuetan, errentagarritasuna hobetzeko asmoz, zura lortzeko eta lurzorua garbitzeko eta prestatzeko hainbat teknika mekanizatu erabiltzen hasi ziren. Horrek handitu egin zuen basoen emankortasuna, baina kezka ere sortu zuen, metodo horiek oso kaltegarriak baitira kasu batzuetan.
Eskuzko mozketen eta hondarrak lurrean bertan uzten zituzten sistema tradizionalen ordez hartu ziren teknika berriek hondarrak deuseztatu eta jatorrizko lurzoruen ezaugarri fisikoak eta kimikoak eraldatzen dituzte. Gainera, toki aldapatsuetan makineria astuna erabiltzeak higaduraren eragina indartu dezake, eta lurzoruan dauden mantenugaiak urritu. Azkenerako, lurra agortzea ere ekar lezake horrek.
Arazo horretaz jabetuta, lurzorua babesteko edo ez hari kalterik ez egiteko baliabideak ugaritu egin dira eta, zenbait kasutan, teknika mekanizatuak ez dira erabili edo baztertu egin dira. Esaterako, EBko eta EAEko arautegiek ere bestelako metodoak bultzatzen dituzte, baina oraindik metodo mekanizatuak erabiltzen dira hainbat lursailetan.
Lurzoruaren egoera nolakoa den aztertzeko adierazle ona da mantenugai-edukia; basoaren hazkunderako faktore garrantzitsua da, baina basogintzaren eragina ikertzeko ere oso baliagarria da.
Ziklo naturalean, mantenugaiak ekosistemaren barruan birziklatzen dira. Landareek mantenugai horiek hartu egiten dituzte lurretik, eta zuhaitzetatik eroritako hostoek eta abarrek itzuli egiten dituzte lurrera. Zuhaitzak moztutakoan, ordea, biomasa atera egiten da basotik, eta, ondorioz, mantenugaiak atera egiten dira sistematik. Higadurak eta iragazteak ere ateratzen ditu mantenugaiak sistematik; gehitu, berriz, atmosferatik jalkita eta harrien higaduraren bitartez egiten dira, baina prozesu horiek oso motelak dira zikloan bertan gertatzen direnekin konparatuta.
Mantenugaien zikloari erreparatuta, ikusten da baso-ekosistemetan egiten diren interbentzioek eragina izan dezaketela etorkizunean mantenugaien egoeran. Horregatik, ikerketak egitea garrantzitsua da, interbentzioak zer aldaketa eragiten dituen jakiteko, eta etorkizuneko aldaketak iragartzeko.
Hain zuzen ere, pinuaren industriak duen garrantzia dela eta, landa-ikerketa ugari egin da espezie honen ustiapenaren inguruan. Horietako batzuetan, esplotazio-teknikek lurzoruan duten eragina aztertu dute. EHUko J.M. Edesok eta Santiago de Compostelako Unibertsitateko A. Merinok zuzendutako taldeak, esaterako, hainbat metodoren araberako hazkundea eta mantenugai-edukia konparatu ditu. Horretarako, zenbait lursailen egoeraren jarraipena egin dute pinuak bota eta landare berriak landatu ondorengo urteetan.
Konparaketa horietan, aldaketa handirik ez dute ikusi metodo konbentzionalekin landutako lurretan ez zuhaitzen hazkundean ezta mantenugaien edukian ere. Izan ere, metodo konbentzionaletan hondarrak lurrean bertan uzten dira, eta horien deskonposaketak orekatu egiten du mantenugaien balantzea. Humusa eta hondakinak kendu diren kasuetan, ordea, ikusi dute mozketa egin eta gero mantenugaiak gutxitu egin direla lurzoruaren gaineko geruzan, batzuetan % 50eraino.
Halaber, datuen arabera, lurzoruaren prestaketa mekanizatuaren ondoren ere gutxitzen dira gaineko geruzako mantenugaiak eta materia organikoa. Emankortasuna urritzeak zuhaitzen produktibitateari ere eragiten dio; lurreko lurrustela kentzen den lursailetan, hazkundea nabarmen urritzen dela ondorioztatu dute.
Hainbat kasutan ikusi dute ustiaketa mekanikoa egin eta hainbat urtera nabarmena zela oraindik materia organikoaren eta mantenugaien gutxitzea. Sail batzuetan hazkundea antzekoa edo hobea izan da prestaketa trinkoak egin eta lehenengo hiru-lau urteetan, seguruenik lehiarik ez zutelako landare berriek. Hamar urte pasatuta, ordea, produkzio txarragoa eta batzuetan garapen eskasagoa ikusi dute zenbait basotan.
Baliorik txikienak prozesu guztia mekanizatuta egin den kasuetan izan dira, hondakin guztiak eta humusa kendu direnean eta aldapan behera goldatu denean. Dirudienez, lurzoruaren geruzak nahasteak ere eragina izan dezake horretan, sakonago dauden geruzak ez baitira horren aberatsak materia organikotan eta mantenugai erabilgarritan. Kasu horietan, gainera, erosioa areagotu egin daiteke, kendu diren hondakinek eta humus-geruzak babestu egiten baitute lurra.
Bestalde, ordenagailu bidezko simulazioak ere egin daitezke mantenugaien balantzea aztertzeko. Lundeko Unibertsitateko LUMES Ingurumen Zientzien masterrerako egindako proiektu batean, iThink/STELLA 8.1 programaren bidez egin ditugu simulazioak. Programa horrek Euler metodoaren simulazio-algoritmoak erabiltzen ditu eredua osatzeko. Baso heldu zein gazteetako kondizioak eta basogintza-lanak hartu ditugu kontuan. Mantenugai-balantzea simulatzeko, masaren kontserbazioaren printzipioa hartu dugu oinarritzat, birziklatze-prozesu osoa ikusi eta gero.
Hainbat egoera probatu ditugu, lurzoruaren kondizioak, mantenugai-edukia, sarrerak, irteerak, birziklatze-bideak, produkzioa eta abar simulatuta, ehun urterainoko iragarpena egiteko. Modeloa kalibratzeko, gainera, aukera dago iraganeko egoerak simulatzeko.
Ikerketan hiru egoera-mota nagusi simulatu ditugu: batean, metodo tradizionalean, mekanizaziorik ez dago ia, eta mozketen hondakinak tokian bertan uzten dira; bigarrenean, mekanizazio-maila ertaina da eta materia organikoa eta hondakinak kendu egiten dira; hirugarrena trinkoagoa da, makineria astuna erabiltzen da ia lan guztietarako, materia organikoa kendu egiten da eta lurra goldatu egiten da prestatzeko.
Ereduaren iragarpenetan, landa-ikerketetan ikusitakoa berresten da: metodo mekanikoak erabiltzen diren kasuetan, sarritan balantze negatiboa lortzen da. Zenbat eta errotazio gehiago, gainera, orduan eta nabarmenagoa da eragin negatibo hori, eta mekanizazio-maila handitu ahala eragin negatiboa ere gero eta handiagoa da.
Outputa (ziklotik kanporatutakoa) handitu egiten da biomasa eta materia organikoa kentzen direnean eta lurra nahasten denean. Izan ere, mantenugaiak kanporatu egiten dira mozketan biomasa kentzen denean, baina hondarrak uzten direnean batzuk itzuli egiten dira sistemara, eta, hala, elementuen balantzea orekatu egiten da. Bestalde, hondakinen deskonposaketaren inputa gutxitu egiten da mozketen ondoren hondar guztiak kentzen direnean eta humus-geruza kentzen denean. Produkzioa gutxien dauden beharrezko elementuek mugatzen dute. Hori dela eta, hurrengo errotazioetan gutxitze bat ikusten da teknika kaltegarrienak erabiltzen direnean.
Hori guztia higaduraren eragina kontuan hartu gabe gertatzen diren iragarpenei begiratuta ondoriozta daiteke. Higadura gehituz gero, baina, eragin negatiboak areagotu egiten dira. Bestalde, prozesu fisikoak baino ez dira kontuan hartu. Simulazioan ez dira kontuan izan beste alderdi batzuk, hala nola, laborantza intentsiboaren eragina, botikena, klima-aldaketaren ondorioak...
Emaitzak ez dira egun batetik besterakoak, baina ezta epe luzekoak ere. Erabateko mekanizazioa erabili ondoren zuhaitz berriak landatu dituzten baso-jabeek agian ez dituzte ondorioak ikusiko, baina litekeena da hurrengo errotazioa jasotzen duten ondorengoek nabaritzea, produkzioan zein etekinean.
Artikulu hau ASSESSING THE SUSTAINABILITY OF FORESTRY IN THE BASQUE COUNTRY: Effects of Management Practices on Soil Conditions in Pinus radiata Plantations proiektuan oinarritua dago (Lundeko Unibertsitateko LUMES Ingurumen Zientzien masterra).