Noski, erleak ere jaio, bizi eta hil egiten dira eta hiltzearen arrazoia ez da armiarma edo txoriren batek jan duenarena bakarrik izaten. Ez dute gaixotasun gutxi izaten erleek, akaroek, amebek, bakterioek edo birusek sortuak. Erleek bezalaxe, beste intsektuek ere izango dituzte beren gaixotasunak, baina gure interes ekonomikoak ukitu arte (onerako edo txarrerako) ez dugu ahelgin handirik egingo zeintzuk diren jakiteko.
Barroasia gaixotasun berri bat da gure artean, orain heldu dena edo heltzear dagoena. Berria izateak beldurra sortzen du, ohituta ez gaudelako, eta aurrez ondo informatuak egotea gauza ona genuke, halako esaera hura egia gerta ez dadin: Ez dakiena itsua bezalakoa da.
Asiatik Europara, Frantziatik Catalunyara, Catalunyatik Espainiara eta Espainiatik Euskal Herrira. Hona egin duen bidea.
Barroasia sortzen duen akaroa ( Varroa jacobsoni Oud. ) Oudemanns-ek deskribatu zuen lehendabiziko aldiz 1904ean Java irlan bertako Apis cerana erlean aurkituta. Erle horrengan ez zen nonbait hain kaltegarria. Gero 1950.eko hamarkadan Errusian, Japonian eta Txinan gure espezieko Apis mellifica erle arrunta sartu zutenean honengana igaro zen eta horren bidez Europarako bidea hartu zuen.
Europan 1976an detektatu zen Rumania, Jugoslavia eta Alemania Federalean; 1980an Austrian; 1982an Italia eta Frantzian; 1983rako Frantziako Ekialde osoan hedatua zegoen eta laster Ipar-Catalunyaraino heldu zen. Hego-Catalunyara 1985eko abenduan sartu da, Gironara, eta 1986ko abuztuan foko garrantzizkoak agertzen dira Espainian: Toledo, Cuenca, Ciudad Real eta Albaceten; halaber, Valentziako Alacanten. Urrian Almeria, Jaen eta Granadan.
Hain denbora gutxian hain urrun dauden lekuetan agertzearen arrazoia, transhumantzian aurkitu behar da; alegia, gaixotasuna dagoen leku batean denboraldi batean erleak eduki, gaixotasuna harrapatu eta inolako kontrolik gabe beste leku batera eramatearekin sortu dela egoera hau.
Geroztik han eta hemen toki gehiagotan agertu dira erle kutsatuak eta beldurgarri den mapa hau ikus dezakegu gaur egun, nahiz eta Espainiako beste zenbait probintzia gehiago ere markatu beharra izan, ziur aski dagoeneko.
Arabaraino ailegatu da eta Nafarroako hegoaldean ere egotea normalena litzateke; Valentziako erlazainek erromero eta almendrondoetara urtero ekartzen bait dituzte hara.
Barroa akaro bat da, araknido bat; beraz, armiarmaren klasekoa. Zortzi hanka ditu eta 1.1 x 1.5 mm neurtzen du; marroi-gorriska da. Arrak emeak baino askoz txikiagoak dira eta zuri-horiskak dira.
Barroa erlauntz batera iristen denean, operkulatzeko bi egun falta zaizkion gelaska larbadun batera sartuko da eta operkulatzen dutenean barnean geratuko. Operkulatu eta 60 ordura errungo du bere lehendabiziko arrautza eta ondorengoak 30 orduz behin.
Lehen arrautzetik emea jaioko da, bigarrenetik arra eta ondorengoetatik emeak. Arra, behin kopulatu ondoren, hil egingo da.
Larba edo ninfaren gainean jaio diren akarokume hauek haren hemolinfa edo odola xurgatuz biziko da. Erlamando-habiak nahiago dituzte langileenak baino; erlamandoa handiagoa izanik jan gehiago aurki bait dezakete. Erregina-habian ez da akarorik aurkitzen, infestazioa oso handia ez bada.
Barroa ez da gelaskatik irtengo erle umeak operkulua urratu eta irten arte. Orduan, akaroa irtengo da eta beste erle baten gainera edo operkulatzeko dagoen beste gelaska bateko larba baten gainera joango da.
Behin gelaskatik irten ondoren erle helduei ere erasotzen die, beren goputzean itsatsi eta odola xurgatuz. Akaroaren kolorea eta erlearena oso antzekoak dira eta erlearen sabelaldearen azpikaldean kokatzen denean, lakaina edo segmentuen arteko mintz biguna zulatuz, erabat mimetizatua geratzen da eta zail gertatzen da begiratu batean ikustea.
Infestazioa handia denean, erle helduak oso urduri jartzen dira, bere gorputzetik barroak kendu nahiean. Egoera horretan lana uzten dute eta erlauntzeko dinamika, lana eta antolamendua apurtu egiten dira.
Gaixotasun honek jotako erle bati ez zaio begiratu batean inolako gauza nabarmenik sumatzen, gaixotasuna sartu eta beste bi urtean, baina erlauntz barnean indartzen aritzen da eta konturatzen garenerako berandu izan daiteke.
Bi urte horiek igaro ondoren honako sintoma hauek ager daitezke:
Beraz, batetik erleak ahulak daude eta berri gutxiago jaiotzen denez, galtzera dator erlea. Kontu izan behar da, gaixotasunak indar handia hartzen duenean erregina berari ere erasotzen diotela eta arrautzak egiten ere ez diotela bakean uzten.
Sintoma hauei begira egotea, ordea, beranduegi izan daiteke eta diagnostiko goiztiarra egitea da egokiena. Izan ere, erlauntz bateko %20 baino gehiago baldin kutsaturik badago, ez du inongo tratamendutan hasteak merezi eta hobea da sutan erretzea.
Diagnostiko on eta azkarra egiteko lau bide aipatuko ditugu:
Ez da gauza erraza barroaren kontrako borroka. Batetik, gelaska operkulatuetan babesten delako eta bestetik zenbait tratamenduren aurrean erlea bera galduko litzatekelako.
Barroa sartu den inongo naziotatik desagertzerik ez da oraindaino lortu, eta urteroko tratamendu baten bidez, indarrik har ez dezan lortzen dute eta horrela, berarekin batera bizitzen ohitu.
Eskualde batean barroa agertu denean tratamendua eskualde hartako denek egitea komeni da. Bestela, batek kentzen duena besteak zabalduko bait du.
Tratamendua ezti-sasoitik kanpo egin behar da; ahal dela umesabi edo umekaiorik ez den garaian. Akaroa gelaska operkulatuetan ugaltzen dela esan dugu gorago. Gela operkulatuan dagoela tratatzen badugu, guk sartutako produktuak ez dio kalterik egingo. Komeni da barroa guztiak gelaskaz kanpo egotea.
Badira erle-janari bidez akaroarengana iristeko modua egin nahi duten saiakera batzuk ere, alegia, akarizida jarabe batean nahasturik erleari eman eta doala honen odoleraino; Akaroak erleari odola xurgatzen dionean akarizida bereganatzen du akaroak, bertan behera hilez. Erlazainarentzat bide egokia litzateke hau, ke bidez erlea endredatu gabe eta keaztatzeak dituen nekerik gabe.
Barroa erle batetik bestera igarotzeko, gaixorik dagoenarekin kontaktuan egon behar du onik dagoenak, edo bestela erle gaixoa egon den toki berean egotean kutsatu. Barroak ez du hegan egiten eta oinez bakarrik igarotzen da alde batetik bestera.
Berez, 3-5 km/urteko hedapena lor dezake barroasiak, erle gaixoek edo erlakumeek eramanda. Bestela esaten bada ere, erlauntz bateko erle asko galtzen da eta deskuidaturik beste batean sartzen; Beren gorputzean akarorik balute, beste erlauntz berrian ugalduko litzateke.
Baina arrazoia berezko zabalkunde hau bakarrik balitz, lasai egon gintezkeen urte askotan; oraindik Alemaniara iritsi gabe egongo bait zatekeen, agian. Gizakiak zabaldu du, ordea, erleak handik hona eraman eta ekarriz. Transhumantzia da, hitz batean, hedapen bizkor honen arrazoia.
Oraindik barroa ez dugun eskualdetan sar ez dadin, aitzineurri batzuk hartu behar dira. Hona hemen batzuk:
Zentzu horretan gure Diputazioak hasi dira detekzio-kanpaina batzuk egiten, baina urrun gaude oraindik gure probintzietako benetako egoera ezagutzetik. Diru eta giza baliabide gehiago behar du kanpaina honek, euriak presa egiteko dugula harrapa ez gaitzan.